151. ALDIZKARIA - 2010eko abenduaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1659/2010 EBAZPENA, azaroaren 4koa, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, Burlatako Udalaren agindua gauzatzen duen hitzarmena baimentzen duena. Lurzorua besterentzeko lehiaketa kudeatzea du xede, etxebizitza babestuak eraiki daitezen.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39.4 artikuluak dionez, kudeatzeko agindua beste administrazio publiko bateko organo edo erakunde batek Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren organo edo erakunde bati emateko, hitzarmen bat sinatu beharko da, aurrekontuetan horretarako behar beste kreditu dagoela egiaztatu ondoren.

Bestetik, 39. artikulu horren bosgarren idatz-zatian esaten da kudeatzeko agindua ematen duen baimenean aginduaren araubide juridikoa adieraziko dela eta zehazki aipatuko direla xedeko jarduerak, iraupena, agindutako kudeaketaren izaera eta hedadura eta, azkenik, eginkizunak bere gain hartzen dituen entitatearen edo organoaren eginbeharrak eta, kasua bada, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarenak. Hori guztia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da, eraginkorra izan dadin.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eman dizkidan eskudantziak erabiliz, eta ikusita espedientean jasotako gainerako dokumentuak eta txostenak,

EBATZI DUT:

1. Burlatako Udalaren agindua gauzatzen duen hitzarmena baimentzea. Lurzorua besterentzeko lehiaketa kudeatzea du xede, etxebizitza babestuak eraiki daitezen. Hitzarmen hori ebazpenean jaso da eranskin gisa.

2. Agindutako jarduketari buruz, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak bere egiten ditu honako esparru, laguntza eta baldintza hauek:

a) Lan tekniko hauek bere gain hartuko ditu:

-Lehiaketaren baldintza agiria prestatzea.

-Interesdunek lehiaketaren hainbat xehetasuni buruz egin ditzaketen kontsultei arreta eman eta ebaztea.

-Aurkezten diren eskaintzak jaso eta erregistratzea.

-Lurzoruaren gaineko lehiaketa ebaztera agertzea (aurkezten diren proiektuak aztertu eta puntuatzea, eta nori esleitu proposatzea).

-Lehiaketaren dokumentazio guztia legez behar den denboran bildu eta gordailutzea.

b) Txostena eginen du bere jabetzako lurzatiak besterentzeko lehiaketa publikoaren kudeaketari buruz eta, behar izanez gero, Burlatako Udalak eskatzen duen dokumentazioa aurkeztuko du.

3. Kudeatzeko agindua arautzen duen hitzarmenean xedatutakoak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean hartuko du indarra.

4. Ebazpen hau eta Burlatako Udalarekin egindako hitzarmena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Burlatako Udalari, Navarra de Suelo Residencial, S.A.ri (NASURSA) eta departamentu honetako Idazkaritza Tekniko Nagusiari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko azaroaren 4an.-Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusia, Jesús Javier Ascunce Elizaga.

BURLATAKO UDALAREN ETA LURRALDEAREN
ANTOLAMENDU ETA ETXEBIZITZA DEPARTAMENTUAREN
ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA, LURZORUA BESTERENTZEKO LEHIAKETA KUDEATUKO
DUEN AGINDUA GAUZATZEKO, NAFARROAN ETXEBIZITZA BABESTUAK ERAIKI DAITEZEN

Bildu dira:

Alde batetik, Jesús Javier Ascunce Elizaga jauna, Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusi gisa, irailaren 13ko 127/2007 Foru Dekretua dela-eta dokumentu hau sinatzeko baimendua.

Bestetik, José Muñoz Arias jauna, Burlatako Udaleko alkate gisa, Burlatako Udalak 2010eko urriaren 28ko Osoko Bilkuran hartutako erabakia dela-eta dokumentu hau sinatzeko baimendua.

Bi aldeek gaitasun juridiko eta jarduteko gaitasun nahikoa aitortzen diote elkarri, hitzarmen hau sinatzeko, eta

ADIERAZI DUTE:

Lehendabizikoa.-Burlatako Udala Erripagaineko UPS izeneko jarduketa eremuan diren H3.2, H3.3 eta H3.4 3 lurzatien jabea da. Aipatu lurzatiak prezio tasatuko etxebizitzak eraikitzeko dira.

Bigarrena.-Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, bere tresnak diren VINSA eta NASURSA sozietateen bidez, kudeatzen du lurzorua besterentzeko lehiaketa publiko baten deialdia, etxebizitza babestuak eraiki daitezen.

Hirugarrena.-Burlatako Udalak 2010eko ekainaren 23an egindako Osoko Bilkuran erabaki zuen Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari agintzea lehiaketa publikoaren kudeaketa administratiboa egin dezala dokumentu honen lehen klausulan aipatu lurzatiak besterentzeko.

Laugarrena.-Burlatako Udalak Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari kudeaketarako emandako aginduaren araubidea ezartzea du xede hitzarmen honek, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Adierazitakoari jarraituz, Burlatako Udalak eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak klausula hauek adostu dituzte:

Klausulak:

Lehendabizikoa.-Azalpen zatian aipatu diren lurzatiak, Burlatako Udalaren titulartasuna dutenak, salerosketa bitartez besterentzeko, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, NASURSA bere sozietatearen bidez, aipatu lehiaketaren deialdia arautuko duen baldintza agiria prestatuko du, eta haren kudeaketa administratiboaren kargu eginen da, oinarriak argitaratzen direnetik aurrera.

Hauek dira garatuko diren lan teknikoak:

-Lehiaketaren baldintza agiria prestatzea.

-Interesdunek lehiaketaren hainbat xehetasuni buruz egin ditzaketen kontsultei arreta eman eta ebaztea.

-Aurkezten diren eskaintzak jaso eta erregistratzea.

-Lurzoruaren gaineko lehiaketa ebaztera agertzea (aurkezten diren proiektuak aztertu eta puntuatzea, eta nori esleitu proposatzea).

-Lehiaketaren dokumentazio guztia legez behar den denboran bildu eta gordailutzea.

Bigarrena.-Lehiaketan esku hartzeko izendatzen den epaimahaiaren eskaintza balorazioa onartuko du Burlatako Udalak, eta lurzatien salmenta gauzatuko du, bakoitza bere esleipen hartzaileari, Erripagaineko bizitegi eremua (1. banaketa eremua) birzatitzeko proiektuko aldaketa, besterentzen diren H3.2, H3.3 eta H3.4 lurzatiei dagokiena, behin betiko onetsi ondoren.

Hirugarrena.-Epaimahaiak udal titulartasuneko lurzati bakoitzerako proposatzen den esleipen hartzailea zein den jakitera emanik, Burlatako Udala arduratuko da salmentarako behar diren kudeaketa guztiez; alabaina, bigarren klausulako azken aipamenean ezarritakoari jarraituz formalizatu eta inskribatuko da, aipatu birzatiketaren proiektuko aldaketak indarra hartzen duenean, eta haren kontura izanen dira besterentzearen ondorioz sor daitezkeen edozein eratako gastuak, Udalari egozten ahal zaizkion hutsegiteengatik izaten ahal diren erreklamazioak barne.

Laugarrena.-Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, bere tresnak dituen VINSA eta NASURSA sozietateen bitartez, txostena eginen du eta, behar izanez gero, Burlatako Udalak eskatzen duen dokumentazioa aurkeztuko du, bereak dituen lurzatiak besterentzeko lehiaketa publikoa kudeatzeari dagokionez.

Bosgarrena.-Hitzarmen hau sinatutakoan, aldeek beren gain hartutako eginkizunak modu egokian betetzeko behar den iraupena izanen du.

Eta ados daudela erakusteko, bi aldeek goian aipatutako tokian eta egunean sinatu dute hitzarmena.

Sinatua: José Muñoz Arias jauna.

Burlatako Udaleko alkatea.

Sinatua: Jesús Ascunce Elizaga jauna.

Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusia.

Iragarkiaren kodea: F1018194