151. ALDIZKARIA - 2010eko abenduaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

674/2010 EBAZPENA, urriaren 29koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Fiteroko 6. poligonoko 2. eta 3. lurzatietan salgai handiak pilatzeko dagoen zelairako tentsio ertaineko linearen eta aire zabaleko transformazio zentroaren proiektua zenbait baldintzarekin baimentzen duena. Sustatzailea Fitero Logística Industrial S.L. da.

2010eko maiatzaren 21ean Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I atalean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Proiektatu den jarduketaren xedea da deribazio puntu bat lortzea 380/200 V-eko behe tentsioko linea baterako, 6. poligonoko 3. lurzatian dagoen pilaketa zelairako. Deribazio hori bertan dagoen 13,2 kV-eko Larrate-Fitero tentsio ertaineko lineatik hasita eginen da, hormigoizko 1406 zenbakidun euskarria beste batez ordeztuz 3. poligonoko 2. lurzatiaren barnean (sareta metalikozko dorre bat izanen da, deribaziorako baldintza egokiak izanen dituena), eta sareta metalikozko beste euskarri berri bat eraikiko da, linea bukaerako ezaugarriak izanen dituena, 6. poligonoko 3. lurzatian, non 100 kAV-eko aire zabaleko transformazio zentroa kokatuko den. Jarduketa horren emaitza gisa, tentsiorik gabeko 15 m-ko bao bat sortuko da.

Aire zabaleko transformazio zentroa, zutoin gainekoa, metalezko plataforma batean instalatuko da, 6 metroko altueran, inor ez igotzeko moduko oinarri babestua izanen duen euskarri batean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Fiteroko 6. poligonoko 2. eta 3. lurzatietan salgai handiak pilatzeko dagoen zelairako tentsio ertaineko linearen eta aire zabaleko transformazio zentroaren proiekturako. Sustatzailea Fitero Logística Industrial S.L. da.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean eman da:

-Hegaztiak babesteko baldintzak betetzeko eta linea berriarekin elektrokutatzeko arriskua murrizteko, elkarguneko euskarrian eta instalazioaren beste euskarrian loturazko kate horizontalek hiru isolagailu izan beharko dituzte eta 0,70 m-ko segurtasuneko tartea gutxienez. Neurri horretan ezin da kontuan hartu luzagailuaren luzera, halakorik jartzen bada apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretuan ezarritako 0,70 m-ko segurtasuneko tartea baino handiagoa utzi beharko baita.

-Linearen amaierako euskarrian eta eroaleak lurpeko linearekin duen konexioan elektrokuzio arriskua murrizteko, erabat isolatuko dira lineako eroaleak eta XS zirkuitu-etengailuak lotzeko zubiak, horien eta tximistorratz autobalbulen arteko lotuneak eta horien eta konexioko botilen artekoak. Isolamenduan erabiliko den materialak goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko egokia izan beharko du. Tximistorratz autobalbulak esekita jarriko dira edo, bestela, aurremoldeatutako BCAC ("Bushing connection animal cover") estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.

-Linea amaierako zutoinean inor ez igotzeko babesa jarriko dela ziurtatuko da, eta ordezten den hormigoizko zutoina eta zimenduak kendu eginen dira. Euskarri berriak jartzeko indusketa lurrak ordeztutako zutoinaren eremuko morfologia eta lurraren emankortasuna lehengoratzeko erabiliko dira, eta zutoin hori zabortegi baimendu batera eraman beharko da.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Fiteroko Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko urriaren 29an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1018030