151. ALDIZKARIA - 2010eko abenduaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

666/2010 EBAZPENA, urriaren 25ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Zudairiko zentralaren eta Larriongo lotura zutoinaren artean 32 zuntz optikoko linea berria jartzeko proiekturako, Ameskoabarreneko eta Allineko udal mugapeetan. Sustatzailea Telefónica de España, S.A.U. da.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) atalean sartuta dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Foru Dekretu horren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela, eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektuaren xedea da Zudairiko zentralaren eta Larriongo lotura zutoinaren artean 32 zuntz optikoko linea jartzea, Ameskoabarreneko eta Allineko udal mugapeetan. Lineak 10.000 metroko luzera du; horietatik, 920 metroko linea zatia bertan dauden kanalizazio batzuetatik pasatuko da, 7.400 metroko zatia NA-178 errepidearen paretik doan zutoin lerro batetik, eta 1.710 metroko zatia zanga berri bateko bi tartetatik; lehena Artabiako abeltegiaren eta Amillaoko urbanizazio berriaren artean, eta bigarrena linearen bukaeran, Larrionen, 1.600 eta 110 metroko luzera hurrenez hurren.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Zudairiko zentralaren eta Larriongo lotura zutoinaren artean 32 zuntz optikoko linea berria jartzeko proiekturako, Ameskoabarreneko eta Allineko udal mugapeetan. Sustatzailea Telefónica de España, S.A.U. da.

2. Baimenak Ingurumen ukipenen azterlanean sartutako neurri zuzentzaileak hartzera behartzen du, baita baldintza hauek betetzera ere:

-Kablea zutoin lerrotik pasatzeko lanetan ez da bertako landaredia ukituko, linea jartzeko lanak eskuz eginen dira eta eremu horretan dauden bideak erabiliko dira materiala garraiatzeko.

-Obrak aldatzen dituen eremu guztiak behar bezala lehengoratu beharko dira. Landaredia duten eremuak berriz landatu beharko dira, Ingurumen ukipenen azterlanean adierazitakoari jarraituz.

-Obra amaitutakoan, ongi garbituko da eremua. Hondakindegi baimendu batera eramanen dira berriz erabili ezin diren hondar eta material guztiak. Birziklatzen ahal diren soberakinak hondakinak tratatzeko zentro batera eramanen dira.

-Proiektua gauzatzean uki daitezkeen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Obrak hasi baino lehen, ezinbestekoa izanen da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, haiek konpondu edo txikiagotuko direla bermatzeko, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ameskoabarreneko eta Allineko udalei eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko urriaren 25ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1017684