146. ALDIZKARIA - 2010eko abenduaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

EKONOMIA ETA OGASUN DEPARTAMENTUA. Nafarroako Zerga Ogasuna. Diru-bilketa Zerbitzua. Derrigorrezko Diru-bilketaren Atala. Iragarkia, ondasunak esleipen zuzenaren bidez besterentzeko.

Diru-bilketa Zerbitzuko zuzendariak 2009ko irailaren 7ean emandako enkanterako Erabakia eta Ebazpena.

Zorduna: "Industrias Abrasivas Ley, S.L.", IFK: B31101835.

Nafarroako Zerga Ogasuneko Derrigorrezko Diru-bilketaren Ataleko buruak iragarri du ondotik zehazten diren ondasunak zuzeneko esleipenaren bidez saltzeko eskaintzak aurkezteko epea hasi dela. Baldintza hauek arautuko dute ondasunen besterentzea:

1. Eskaintzak aurkezteko epea: 2010eko abenduaren 20ko 14:30 arte, Nafarroako Zerga Ogasuneko Derrigorrezko Diru-bilketaren Ataleko bulegoetan (Karlos III.aren etorbidea, 4. zk., 2. solairua, Orreaga etorbidetik sartuta). Eskaintzak 2010eko abenduaren 21ean irekiko dira, 09:00etan, leku berean.

2. Ez da gutxieneko kopururik finkatu eskaintzetarako. Eskaintzak gutun-azal itxian aurkeztuko dira, eta barnean datu hauek izanen dira:

-Eskaintza egiten duen pertsonaren edo entitatearen identitatea, behar denean jarduteko ahalordea frogatuz, IFZ/IFK, helbidea eta eskainitako zenbatekoa.

-Ez da berme gordailurik eskatzen.

3. Gutun-azal itxian aurkeztutako eskaintza bat baino gehiago berdinduta gelditzen badira diru-kopururik hoberenean, aurrena erregistratu denari emanen zaio lehentasuna esleipenean, deusetan galarazi gabe 5. atalean arautzen den eskaintzen hobekuntza.

4. Gutun-azalak ireki ondotik, bertan dauden eskaintza egileek 600,00 eurotan hobetzen ahalko dituzte eskaintzak. Enkantearen mahaiak esleitu gabe uzten ahalko ditu ondasunak, aurkeztutako eskaintzak gutxiegi direla uste badu.

5. Interesdunei ohartarazten zaie ondasuna besterentzeko prozesua, esleipena baino lehen eta edozein unetan, bertan behera geldituko dela baldin eta zorra, berandutze interesak eta prozedura kostuak ordaintzen badira.

6. Esleipen-hartzaileak beharturik daude esleipenaren ekitaldian bertan edo hurrengo bost eguneko epean ondasun higiezinak esleitzeko zenbatekoa pagatzera. Enkantean salduko diren ondasunek iragarki honen bukaeran ageri diren zama eta kargak dituzte beren gain, eta espedientean ere jasota dira, eta ez dira iraungiko, ez baita zilegi errematearen prezioa horretarako erabiltzea. Iragan den denbora kontuan hartuz, kargen zenbateko ziurtatuak aldaketak izaten ahal ditu.

7. Eskualdatzeak sortzen dituen gastu eta zerga guztiak, baita lehentasunezkoak ez diren kargak kitatzeko aginduak Jabetza Erregistroan inskribatzeak sortutakoak ere, esleipen-hartzaileen kontura izanen dira. Ondasunak ez dira entregatuko harik eta zerga horien ordainketa, salbuespena edo loturarik eza frogatu arte.

8. Nafarroako Zerga Ogasunak bere gain du errematea izan ez duten ondasunak Foru Komunitateari eslei dakizkion eskatzeko eskubidea, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketari buruzko Erregelamenduaren 147. artikuluak eta hurrengoek xedatzen dutenari jarraikiz.

9. Enkantean jarritako ondasunak erregistro publikoetan inskribatzen ahal direnean, lizitatzaileek espedientean jasotako jabetza tituluak nahikotzat eman beharko dituzte, ez baitute eskubiderik besterik eskatzeko.

10. Espedienteak ez du aipatzen besterendu beharreko ondasun higiezinak erregistroko titularrek ez beste inork okupatzen dituenik. Merkataritza sozietate zordunak adierazi zuen beste sozietate batek okupatzen zituela ondasun higiezinak. Okupazio hori justifikatzen duen titulua bi merkataritza sozietateei eskaturik, oraindik ez dute aurkeztu okupazio hori justifikatzen duen titulurik.

11. Iragarki honetan adierazten ez den guztian, egintza arautzen duten legezko edo erregelamenduzko xedapenek aginduko dute.

12. Hona hemen esleipen zuzenaren bidez besterendu nahi diren ondasunen ezaugarriak eta ondasunen gaineko lehentasunezko kargen ezaugarriak.

Lote bakarra:

1.-Erregistrokoa: 7451 zenbakidun finka, Zarrakaztelukoa. Orube eraikigarria, Sadabako errepidearen ondoan. Forma angeluzuzena dauka eta bere azalera, osotara, mila zortziehun eta hirurogeita zazpi metro eta dezimetro bat koadrokoa da. Orubeak ondoko muga hauek ditu: iparraldean, jatorrizko finkaren gainerakoa; hegoaldean, izenik gabeko kalea; ekialdean, Sadabako errepidea, eta mendebaldean, jatorrizko finkaren gainerakoa. 5. poligonoko 262. lurzatiaren parte da. Bertan, ondoko eraikin hauek daude, bederatziehun eta hogeita hamabost metro eta hirurogeita bi dezimetro koadroko azalera hartzen dutela:

-Lau metro altuerako pabilioia. Harlangaitz-hormak ditu eta estalkia zurezkoa eta isurialde bakarrekoa da. Bere azalera ehun eta hirurogeita zazpi metro eta hogeita hamar dezimetro koadrokoa da.

-Solairu bakarreko industria nabea. Bere azalera zazpiehun eta berrogeita hemezortzi metro eta hogeita hamabi dezimetro koadrokoa da.

Katastrokoa: 5. poligonoa, 263. lurzatia, 1. azpieremua, 1. eta 2. hiri unitateak. Bere azalera, osotara, 1.247,02 metro koadrokoa da. Solairu bakarreko industria-nabea dauka, 756 metro koadrokoa -industri erabilerakoa-, eta 51 metro koadroko aldagela eta jantokiak -industri erabilerakoak-.

Titulartasuna: "Industrias Abrasivas Ley, S.L." enpresaren izenean ageri da (IFK: B31101835), salerosketa titulu bidez eta jabari osoko partiketa izanik.

Lehentasunezko kargak: Nafarroako Aurrezki Kutxa eta Bahitetxearen aldeko hipoteka. 2010eko urriaren 26an, 59.448,41 eurokoa.

2.-Erregistrokoa: 7504 zenbakidun finka, Zarrakaztelukoa. Orube eraikigarria, Zarrakaztelun, Sadabako errepidearen ondoan. Forma angeluzuzena dauka eta bere azalera, osotara, mila berrehun eta berrogeita hamabost metro eta hirurogeita hemezortzi dezimetro koadrokoa da. Orubeak ondoko muga hauek ditu: iparraldean eta mendebaldean, jatorrizko finkaren gainerakoa; hegoaldean, Industrias Abrasivas Ley, S.L., eta ekialdean, Sadabako errepidea. 5. poligonoko 263. lurzatiaren parte da. Bertan, ondoko eraikin hauek daude:

-Zazpi metroko altuerako nabea -estalkia hasten den lekuan-. Hormigoizko egitura du eta zertxa aurrefabrikatuak. Adreilu mehez eta teilaz egindako estalkia dauka eta adreiluzko itxitura. Bere azalera zazpiehun eta hogeita hamalau metro eta berrogeita hemezortzi dezimetro koadrokoa da. Berrogeita bost metro eta hamasei dezimetro koadroko erantsia dauka.

Titulartasuna: "Industrias Abrasivas Ley, S.L." enpresaren izenean ageri da, salerosketa titulu bidez eta jabari osoko banaketa izanik.

Lehentasunezko kargak: Nafarroako Rural Kutxaren aldeko hipoteka. 2010eko urriaren 13an, 40.815,55 eurokoa.

3.-Erregistrokoa: 7505 zenbakidun finka, Zarrakaztelukoa. Orube eraikigarria, Zarrakaztelun, Sadabako errepidearen ondoan. "L" forma dauka eta bere azalera, osotara, mila hirurehun eta berrogeita bederatzi metro eta zortzi dezimetro koadrokoa da. Orubeak ondoko muga hauek ditu: iparraldean, jatorrizko finkaren gainerakoa; hegoaldean, Plamol S.A., eta Industrias Abrasivas Ley, S.L., eta ekialdean, Sadabako errepidea eta Plamol S.A.; mendebaldean, jatorrizko finkaren gainerakoa. 5. poligonoko 262. lurzatiaren parte da. Bertan, ondoko eraikin hauek daude:

-Solairu bakarreko bulegoak, aurretik etxebizitzak izandakoak. Horiek luzitutako adreiluz egindako jasoduretan daude eraikiak eta estalkia zurez eta teilaz egina dago. Azalera ehun eta sei metro eta berrogeita hemezortzi dezimetro koadrokoa da.

-Kartoia biltzeko industria nabea, solairu bakarrekoa. Bere azalera hirurehun eta laurogeita hiru metro eta berrogeita hiru dezimetro koadrokoa da.

Katastrokoa: 5. poligonoa, 323. lurzatia, 1. azpieremua, 1., 3. eta 4. hiri unitateak. Bere azalera, osotara, 709,28 metro koadrokoa da eta ondoko hauek ditu: 378 metro koadroko industria-nabea (industria erabilerakoa), 116 metro koadroko bulegoak (aurretik etxebizitzak izandakoak), lursaila (osotara 321,28 metro koadro administrazio-erabilerarako) eta eraikitako ataripea. 10 metro koadroko bulegoak ere baditu (erabilera osagarrirako).

Titulartasuna: "Industrias Abrasivas Ley, S.L." enpresaren izenean ageri da, salerosketa titulu bidez eta jabari osoko partiketa izanik.

Lehentasunezko kargak: bide-zorra, betiere finka nagusia Plamol, S.A. enpresaren jabetzakoa bada.

4.-Erregistrokoa: 8268 zenbakidun hiri finka, Zarrakaztelukoa. Orube edo lursail eraikigarria, Zarrakaztelun, Sadabako errepidearen ondoan. Forma geometriko irregularra dauka eta bere azalera, osotara, mila laurehun eta hirurogeita hemezortzi metro koadrokoa da. Mugak: iparraldean, Gariaren Zerbitzu Nazionala eta José Miguel Gurpegui; hegoaldean, Industrias Abrasivas Ley, S.L.ren finka; ekialdean, Sadabako errepidea, eta mendebaldean, jatorrizko finkaren gainerakoa. 5. poligonoko 262. lurzatiaren parte da. Bertan, ondoko eraikin hauek daude:

-Bi solairuko nabea, solairu bakoitza hiru metroko altuerakoa. Hormigoizko egitura dute eta adreiluzko itxitura, eta estalkia zurez eta teilaz egina dago. Berrehun eta laurogeita bost metro koadroko oinplanoa hartzen du.

-Gasolioa gordetzeko biltegia. Hormigoiez egina dago eta 120.000 litroko edukiera dauka. Bere azalera 35 metro koadrokoa da.

-Etxola bat, energia elektrikoaren transformadorearekin, hamar metro koadroko azalera duena.

-Estalpe bat, ehun eta laurogeita hamar metro koadroko azalera duena.

Katastrokoa: 5. poligonoa, 323. lurzatia, 2. azpieremua, 1. eta 2. hiri unitatea. Bere azalera, osotara, 1.900 metro koadrokoa da eta ondoko hauek ditu: biltegia, estalpea, transformadorea eta zorua (749 metro koadro) eta bi solairuko industria nabea (548 metro koadro), industria erabilerakoa.

Titulartasuna: "Industrias Abrasivas Ley, S.L." enpresaren izenean ageri da, salerosketa titulu bidez eta jabari osoko partiketa izanik.

Lehentasunezko kargak: Nafarroako Rural Kutxaren aldeko hipoteka. 2010eko urriaren 13an. Entitateak ondokoa jakinarazi zuen 7505 eta 8268 zenbakietako finkei buruz: 56.015,93 euro.

Enbargatu beharrekoaren idatzoharrak: 2006ko martxoaren 30eko eginbidea, Tuterako 1. Jabetza Erregistroan 2006ko ekainaren 26an idatzia, ondorengo idatzoharrekin:

-7451 finka: "C" letra, 10-05-19 egunean atzeratua, "E" letrarekin.

-7504 finka: "C" letra, 10-05-19 egunean atzeratua, "E" letrarekin.

-7505 finka: "C" letra, 10-05-19 egunean atzeratua, "E" letrarekin.

-8268 finka: "C" letra, 10-05-19 egunean atzeratua, "D" letrarekin.

Argibide gehiago nahi izanez gero, harremanetan jarri Derrigorrezko Diru-bilketaren Ataleko langileekin (telefono zk.: 848-427770, posta elektronikoa: mzudaire@cfnavarra.es).

Iruñean, 2010eko azaroaren 17an.-Derrigorrezko Diru-bilketaren Ataleko burua, Javier Ezpeleta Iraizoz.

Iragarkiaren kodea: F1018983