146. ALDIZKARIA - 2010eko abenduaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

619/2010 EBAZPENA, urriaren 8koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Arasko udal mugapeko (GN-NA-Aras) 2. poligonoko 328. lurzatian telefonia mugikorreko estazio bat jartzeko. Sustatzailea Vodafone España, S.A.U. da.

2010eko ekainaren 16an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako proposamenari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera.

Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskinaren M) atalean sartua dago. Beraz, aldi berean, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Foru Dekretu horren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela, eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean.

Proiektuaren xedea da telefonia mugikorreko oinarrizko estazioa jartzea, UMTS telefonia mugikorreko espazioa 948-965 MHz frekuentzia bandan estaltzen duten irrati seinaleak lotu eta birbidaltzeko, Arasko udal mugapean, Arasko 2. poligonoko 328. lurzatian, herriko ur biltegiaren ondoan. Xede hori dela-eta, proiektuak aurreikusten du norabide bakarreko antena bat eta irrati lotura bat jartzea, 0,6 metroko diametroko antena parabolikoak eta 15 metroko altuera eta hormigoizko zimentazioa dituen saretazko dorreari lotuta, eta horiekin batera, estazioak funtzionatzeko beharrezko estalperik gabeko ekipamenduak jartzea, 3x3 metroko hormigoizko zolata batean. Aurrekoaz gain, ekipamenduak elektrizitatez hornitzeko, behe tentsioko aireko linea elektriko bat aurreikusi da, instalaziotik gertu eginen den euskarri berri bateraino, eta hortik lurpeko tarte bateraino. Antena eta zolata 2 metroko altuerako itxitura baten barrenean egonen dira, eta sarbidea izanen da ibilgailuek biltegira sartzeko dutena; bertara emanen du instalazioetan sartzeko ateak.

Proiektuaren xedea da telefonia mugikorreko oinarrizko estazioa jartzea, UMTS telefonia mugikorreko espazioa estaltzen duten irrati seinaleak lotu eta birbidaltzeko, Arasko 2. poligonoko 328. lurzatian, herriko ur biltegiaren ondoan. Xede hori dela-eta, proiektuak aurreikusten du norabide bakarreko antena bat eta irrati lotura bat jartzea, 0,6 metroko diametroko antena parabolikoa sortuz, 15 metroko altuerako saretazko dorre bati lotuta, eta estazioak funtzionatzeko beharrezko estalperik gabeko ekipamenduak ere jartzea.

Aurrekoaz gainera, ekipamenduak elektrizitatez hornitzeko, behe tentsioko aireko linea elektriko bat aurreikusi da, tokitik hurbil euskarri bat jarriz; puntu horretan lineak zangan lurperatuta jarraituko du. Ekipamenduak kanpoan egoteko eraikiko diren antena eta zolata itxitura baten barrenean jarriko dira, biltegiraino doan bidetik sartu ahal izateko.

Proiektuak Odietako Udalak haren alde emandako txostena du, Udalaren Hirigintza Planeamenduaren ikuspegitik. Lurraldearen Antolamendu Zerbitzuak proiektuaren aldeko txostena eman zuen, zenbait baldintzarekin, 2010eko irailaren 23an. Ingurumenari dagokionez, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak adierazi du proiektuak ez duela ukipen nabarmenik sortuko.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Arasko udal mugapeko (GN-NA-Aras) 2. poligonoko 328. lurzatian telefonia mugikorreko estazio bat jartzeko. Sustatzailea Vodafone España, S.A.U. da.

2. Baimena baldintza hauek betetzearen mende ematen da:

-Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

-Hornidura linea lur azpian eginen da, eta egun dagoen bidea erabiliko da.

-Antena lekuz aldatzeko ahaleginak eginen dira, hirigunetik urrundu eta, horrela, paisaian eragin txikiagoa izateko.

-Lanen hasieran landare lurra kenduko da (lurzoruaren azaleko geruza emankorra) eta hondeaketatik datozen gainerako materialetatik bereizirik pilatuko da. Lur hori zangaren gainaldea betetzeko eta ondoren erabilera lehengoratzeko erabiliko da.

-Soberako materialak hondakindegi baimendu batera eramanen dira. Halaber, zanga erauzketatik ateratako lurrik emankorrenarekin lehengoratu eta gero, ukitutako azalera ereinen da, baldin eta bidetik kanpo badago.

-Oro har, instalazioa paisaian integratuko da, eta ahaleginak eginen dira, betiere baldintza teknikoak betez, dorrea eta bertan jarritako ekipamenduak agerian ez geratzeko.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 6.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzura, sustatzaileari eta Arasko Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko urriaren 8an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1017172