146. ALDIZKARIA - 2010eko abenduaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2010eko azaroaren 8an hartua, "El Cerro de Valpertunan bizitegitarako jarduketa eta 18 zuloko golf zelaia eta Los Pinos sektorean bizitegitarako jarduketa" izeneko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioa onesten duena. El Cerro de Fontellas sektoreari dagokio eta AR-1 Cerro Valpertuna izeneko konpentsazio batzordeak sustatzen du.

I.-Aurrekariak eta xedea.

Nafarroako Gobernuak 2010eko martxoaren 15ean hartutako erabakiaren bidez hasi zen "El Cerro de Valpertunan bizitegitarako jarduketa eta 18 zuloko golf zelaia eta Los Pinos sektorean bizitegitarako jarduketa" izeneko udalez gaindiko plan sektoriala aldatzeko espedientea tramitatzen, AR-1 Cerro Valpertuna izeneko konpentsazio batzordeak sustaturik, El Cerro sektoreko antolamenduari eta urbanizazio faseei buruz, besteak beste (2010eko 39. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 29koa).

UPSko El Cerro sektoreari buruzkoa baino ez da aldaketaren espedientea eta funtsezko helburu hau du: alde batetik, antolamendua pixka bat aldatzea bizitegiaren ereduak egungo egoera ekonomikoari egokitzearren eta hotel baterako ekipamenduko lurzati pribatu handiagoa izatearren eta, bestetik, aipatu sektoreko urbanizazio faseak batetik bira handitzearren.

II.-Aurkeztutako alegazioak.

Espedientea jendaurrean egon den bitartean, Enrique eta Santiago Castel-Ruiz Calvo jaunek batera aurkeztu dute alegazio idazki bat. Hona ondotik haren edukia eta eman zaion erantzuna:

Edukia:

Lehena. Golf zelaiaren sistema orokor pribatuari emandako tratamendu juridikoko zuzenketak.

Alegatzaileek, UPSko aldaketa aprobetxatuta, "kirol sistema orokor pribatuko golf zelaia" delakoari, tratamentu judirikoari dagokionez, UPSn egin zaizkion determinazioak aldatzeko eskatzen dute, tratamenduak argitasun juridiko gutxi baitu UPSn; izan ere, determinazio horiek erabat deusezak dira eta deuseztasun hori izanen luke UPSak bere ondoriozko edozein aplikazio egintzatan, zeharka inpugnatuz gero.

Alegatzaileek, alegazioari ekiteko, determinazio hau transkribatu dute: "1. eremua: El Cerro: golf zelaia sektorean inskribatutako kirol sistema orokor pribatu gisa sartuko da. Sektoreari dagokio hura gauzatu eta eraikitzea Cerro Fontellas tenis elkarteari emateko, horrexek baitu hura ustiatzeko ardura".

Ondoren, alegatzaileek, titulartasun pribatuko ekipamendu bati jabari publikoko ekipamendu bati aplikatzen zaion araubide juridikoa ezin aplikatu zaiola azpimarratu ondoren -hura eskuratu eta gauzatzeari dagokionez bederen- aditzera ematen dute determinazioko hitzen arabera badirudiela golf zelaiak hartutako lurzoruak lagatzera eta baita, lurzorua gauzatzera ere behartuta daudela eremuko jabe guztiak, kirol elkarte pribatu bat onuradun bakarra izanik, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen (LAHFL) 100., 102. eta bat heldu diren artikuluak urratzen dituela.

Ildo horretan, alegatzaileek diotenez, UPSn ez zaio golf zelai pribatuari irabazizko aprobetxamendurik esleitu sektoreko eredu-aprobetxamendua kalkulatzeko orduan eta, horrenbestez, LAHFLren 102.1 artikulua urratu da. Izan ere, horren arabera, "zehaztutako banaketa eremu bakoitzeko eredu-aprobetxamendua zatiketa bat eginez aterako da. Zatikizuna izanen da planeamenduak eremu horretarako aukeratutako hirigintza antolamenduari dagozkion irabazizko guztirako aprobetxamendua, barne harturik ekipamenduetarako pribatua, behar bezala homogeneizaturik, metro koadro eraikigarrietan emana, eta zatitzailea, berriz, azalera osoa, lehendik dauden sistema orokorrei edo toki-sistemei atxikitako lurrak kenduta".

Bestetik, alegatzen dute, espedienteko dokumentazioaren arabera, "hotelerako ekipamendu pribatu bat gehitu behar dela eta horren kalifikazioa ekipamendu gisa -eta ez hirugarren sektorekoa/aldi baterako ostatua, edo antzekoa- deuseza ere izanen litzatekeela, lehenago aipatu arrazoi berengatik".

Bigarrena. Urbanizazio obrak bi etapatan egitea onartuta, zuhurtasun neurri bat ezarri beharko litzatekeela diote, bigarren etapa egin arte aprobetxamendua jasotzen ez duten jabeek etapa hori egiten hasi arte ez luketela kosturik ordain du behar.

Erantzuna:

Lehenbizikoari:

UPSn "kirol sistema orokor pribatuko golf zelaia" delakoarentzat ezarritako tratamendu juridiko arauzkoari dagokionez, lehendabizi adierazi behar da ez dela inola ere ulertu behar golf zelai hori ekipamendu edo sistema orokor publikoen sare barrenean denik. Sare hori jabari eta erabilera publikoko azpiegitura, ekipamendu edo zerbitzuei buruzkoa da, eta horiek direla-eta, lurzoru urbanizagarriko jabeak behartuta dira haiek gauzatzeko lurzorua dohainik lagatzera Administrazioari (LAHFLren 100 b artikulua), baina ez sistema horiek urbanizatzeko obrak ordaindu edo egitera (LAHFLren 100 f) artikulua). Hala ere, UPSn aurreikusi den "kirol sistema orokor pribatuko golf zelaia" ekipamendu pribatua da eta -LAHFLren 100. artikuluak sistema orokor publikoentzat ezarritako betebeharrekin ez bezala- "El Cerro lurzoru urbanizagarriaren sektoreko jabeen betebeharren artean dago ("El Cerro" 1. eremuari aplikatzen zaion hirigintza araubidearen 3. puntua) "golf zelaia, kirol sistema orokor pribatua eraikitzea", gero "hura ustiatzeaz arduratuko den Cerro Fontellas tenis elkarteari emateko", lurzorua barne dela, jakina; alegia, hartzailea entitate pribatu bat izanik eta ez Administrazioa.

Hori horrela, alabaina, alegatzaileekin bat diogu "kirol sistema orokor pribatuko golf zelaiari" UPSn ematen zaion tratamendu juridiko arauzkoak "argitasun juridiko gutxi" duela eta, bestetik, ez datorrela bat LAHFLren hainbat agindurekin, batez ere 100. artikuluarekin.

Bada, "kirol sistema orokor pribatuko golf zelaia" egin eta, gero, Cerro Fontellas tenis elkarteari ematea "El Cerro lurzoru urbanizagarriaren sektoreko jabeen betebeharretako bat" izatea (aplikatzen ahal zaion hirigintza araubideko beste testu batzuetan esaten denez, esanahi bertsuarekin, "hura gauzatzea eta eraikitzea sektoreari dagokiola"), jabe horiei LAHFLren 100. artikuluan ezartzen diren "lurzoru urbanizagarriko jabeen betebeharren artean" tokirik ez duen betebehar bat ezartzea da; beraz, artikulu horren arabera, bidezko da betebehar hori UPStik kentzea eta, bereziki, hirigintza araubidetik; alegia, El Cerro lurzoru urbanizagarriaren sektoreko jabeek ekipamendu pribatu baten eraikuntza (horrelakoa da golf zelaia) ordaindu beharra kentzea, baita beste edozein aipamen ere, betebehar horri lotua dagoena edo hura aipatzen duena.

Alde horretatik esan behar da aurkeztutako alegazioak UPSko araudia berriro irakurtzera behartu ondoren argi gelditu dela antzeko beste betebehar bat ere kendu behar dela, hau da, hirigintza araubide horretako "Erreserbako moduluak" izeneko 5. puntua, zeinak aparkalekuen gainean honako hau zehazten baitu: "Cerro kirol elkarteak aparkelua izanen du kirol barrutian, El Cerro sektorearen kargura eginen dena. Aldeen arteko hitzarmenaren barrenean. Aparkaleku hori ez da kontuan hartua lurzoru pribatuan dagoelako".

Lehen alegazio honetan planteatu diren puntuetako batean esaten da UPSn ez zaiola golf zelai pribatuari irabazizko aprobetxamendurik esleitu sektoreko eredu-aprobetxamendua kalkulatzeko orduan eta, horrela, LAHFLren 102.1 artikulua urratu dela, hau da, "zehaztutako banaketa eremu bakoitzeko eredu-aprobetxamendua zatiketa bat eginez aterako da. Zatikizuna izanen da planeamenduak eremu horretarako aukeratutako hirigintza antolamenduari dagozkion irabazizko guztirako aprobetxamendua, barne harturik ekipamenduetarako pribatua, behar bezala homogeneizaturik, metro koadro eraikigarrietan emana, eta zatitzailea, berriz, azalera osoa, lehendik dauden sistema orokorrei edo toki-sistemei atxikitako lurrak kenduta". Beraz, golf zelaia "ekipamendu pribatua" izanik -transkribatutako aginduan erabili den adierazpide beraren arabera- dagokion irabazizko aprobetxamendua, behar bezala homogeneizatua, esleitu behar zaio eta, horrenbestez, AR-1 El Cerroko eredu-aprobetxamendua berriro kalkulatu eta zuzendu behar da.

Ildo horretan, adierazi behar da, "Udalez gaindiko plan sektorialen edukia" izeneko LAHFLren 43. artikuluko 2. puntuak zehazten duenez, "udalez gaindiko plan sektorialaren garapenak ezarri beharko du higiezinen trafikoan sar daitekeen irabazteko aprobetxamenduaren %10eko lagapena egitea ukituriko udalei, urbanizazio kargarik eta bestelakorik gabe"; berriz kalkulatu ondoren ateratzen den eredu-aprobetxamenduak eragina izanen du determinazio horren ondorioetan.

Azkenik, espedientean esaten denean "hotelerako ekipamendu pribatu bat gehitu behar dela eta horren kalifikazioa ekipamendu gisa -eta ez hirugarren sektorekoa/aldi baterako ostatua, edo antzekoa- deuseza ere izanen litzatekeela, lehenago aipatu arrazoi berengatik", ez dago adostasunik alegatutakoarekin; izan ere, "ekipamendu" terminoa erabiltzea -hirigintzako legerian, oro har, erabilera edo instalazio publikoei lotutato terminoa, LAHFLren 102.1 artikuluan, alegatzaileek aipatzen duten horretan, izan ezik- kontu erreala baino semantikoagoa da, kontuan hartzen bada erabilera pribatu batzuk esleitu zaizkien lurzatiak direla, hirigintzako aprobetxamendu homogeneizatua ezarri dela haientzat eta aintzat hartzen direla sektoreko eredu-aprobetxamendua kalkulatu eta ateratzeko. Edozein modutan, komenigarria litzateke hizkuntza, araudiari dagokionean batez ere, esanahi juridikoei lotuagoa erabiltzea.

Beraz, aurrekoa ikusita, alegazioaren erantzunean adierazitako moduan hura, oro har, onetsirik, bidezko da eratuta den AR-1 El Cerroko konpentsazio batzordeari eskatzea hilabeteko epean aurkeztu dezala UPSa aldatzeko espedientea, lehen alegazio honen erantzunean adierazitako zuzenketa guztiak kontuan hartuta, behar bezala tramitatzeko; orobat, konpentsazio batzorde horri adieraztea, aipatu epea betetzen ez bada, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ahalmena duela ofizioz jarduteko, UPSa aldatzeko espediente hori tramitatzearren.

Bigarrenari:

Ez da UPS baten edukia, kudeaketa tresnena baizik, urbanizazio kostuen zenbatekoa eta haien ezarpena finkatzea.

III.-Nafarroako Gobernuak 2010eko martxoaren 10eko erabakian ezarritako determinazioak betetzeari buruz.

Nafarroako Gobernuak 2010eko martxoaren 15ean hartutako erabakiak, espediente honen tramitazioa hasi zuenak, determinazio hau ezarri zuen: "Sustatzaileak erabaki honen azalpen zatiaren III. eta IV. ataletan aipatzen diren inguruabarrak sartu, aldatu edo justifikatu beharko ditu planean, zehaztasun maila egokiarekin."

Ondoren, kontuan hartu edo zuzendu beharreko alderdiak zehazten dira, aipatu atalen eta sustatzaileak emandako erantzunen arabera:

-"Dena dela, LAHFLren (ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legea, Hirigintza eta Etxebizitzaren arloan Urgentziazko Neurriak Hartzekoa) 53. artikulu berriki aldatuan oinarrituta, bidezko da sektoreko guztirako eraikigarritasunaren %7tik beherako eraikigarritasuna ematea udalez gaindiko ekipamenduko lur erreserbari."

Ohar horri erantzunez, aipatu eremuetako bizitegirako eraikigarritasunaren baturaren %7 esleitu zaie udalez gaindiko ekipamenduko lurzatiei (D3.1, D3.2 eta D3.3 lurzatiak); izan ere, UPSa osatzen duten bi sektoreei (El Cerro sektorea eta Los Pinos sektorea) dagokie ekipamendu hau.

-"Orobat, aparkalekuen erreserba araututakotik oso hurbil dagoenez eta aparkatzeko tokiak bide publikoetan ezarritakoak handituz antolatu direnez, bidezkotzat jotzen da justifikatzea aparkalekuen sarbideetako arrapalek edo zaborrontziek edo izan litezkeen autobus geralekuek ez dutela erreserba hori gutxituko.

Sustatzaileak, ohar hori, urritu fisiko-sentsorialen ibilgailu arinendako tokien %6, etxebizitzetako sarbideak, zaborrontziak eta bi autobus geraleku kontuan hartuta, beste plano bat aurkeztu du 1.487 toki marraztuta agertzen dituena eremu publikoan. Ildo horretan, aparkatzeko lau toki txiki ezarri dira 7. eta 12. bideetan berdeguneen kaltetan; horrela, ekipamendu honetarako azalera 81.482 m²-tik 80.707 m²-ra gutxitu da, guztira; dena dela, azken zenbateko hori LAHLFk eskatzen duen estandarra aplikatzetik ateratzen dena baino handiagoa da.

-"Kirol sistema orokor pribatuko golf zelaiari buruzko dokumentu berriak 'langileen etxebizitza' eraikitzeko aukera gehitzen du. Hori dela eta, neurri gabeko interpretazioak saihestarren, irizpide bat hartzea komeni da etxebizitzen kopurua langileei ostatu emateko dauden beharren arabera mugatzeko."

Sustatzaileak, kontuan hartuta golf zelai osorako langileen kopurua 10 lagunekoa dela, gehienez bi etxebizitzatara mugatzen du "langileen etxebizitzen" kopurua.

-"Orobat, komenigarria da arauan argitzea zenbateraino diren berdinak 'bizitegiko erabilera komunitarioa' eta D4.1 eta D4.2 lurzatietako 'erabilera bateragarria', 'integratua edo ez' 'hotelekin edo beste erabilera bateragarriekin'. Alde horretatik eta modu orokorrean, arauak definizio bat eman beharko luke bertan zehaztutako erabilera guztientzat: 'bizitegiko komunitarioa', 'bateragarria', 'xehakatua', 'onartua'."

Hirigintzako araudi orokorreko 4.1 artikuluan definizioak erantsi dira kontzeptu horietarako.

-"Proposamenak, gutxieneko lurzati eraikigarria murriztea planteatzeaz gain, bide publikora ematen duen lurzatiaren gutxieneko luzera (gaur egun 12 m-koa) eta lurzatiko eraikinaren gehieneko okupazioa kendu gogo ditu. Ez dago justifikatuta; izan ere, gutxieneko lurzati eraikigarriari dagozkion luzera eta okupazioko parametroak proposatu behar lirateke."

Horren gainean, sustatzaileak dio eutsi egiten zaiela egungo UPSn onartzeko moduko gutxieneko lurzatiaren baldintzei, baina gutxieneko lurzati-aurpegia murrizten da 12tik 6 metrora jabekidetasunentzat, etxebizitza babesturako diren ilarako etxebizitzen lurzatiak banantzen laguntzearren.

Edozein modutan, "gutxieneko lurzati-aurpegiaren" zabalerak haren sakonerarekin biderkatuta "gutxieneko lurzati onargarriaren" adinako azalera edo gehiago eman behar du. "VPTrako jabekidetasun pribatu" izeneko lurzatien kasuan, proposatzen den gehieneko sakonera 25 metro baita eta gutxieneko lurzati onargarriaren azalera 200 m², gutxieneko zabalerak 8 metrokoa behar du izan. Bistan denez, sakonera txikiagoa egin ahala, lurzatiaren zabalera 8 metro baino handiagoa izanen da. Ildo berean, etxebizitza bakarreko lurzatien baldintzak egokitu eta aldatu behar dira.

-"Bestetik, 'blokeko etxebizitza kolektiboen' tipologian atikoak egiten ahal dira laugarren solairutik gora, solairu berritzat edo azalera eraikigarritzat jo gabe. Proposamen hori ez da onargarritzat jotzen eta, gainera, eragina du sektoreko hirigintzaren aprobetxamenduan."

Ohar hori kontuan hartuta, sustatzaileak kendu egin ditu atikoak laugarren solairutik gora etxebizitza kolektiboko blokeetan.

-"Halaber, espedienteak '3.13 Kontserbazio entitatea, jabeen elkartea eta segurtasun pribatua' izeneko atala eransten du; horren arabera, sektoreak itxitura bat du bere inguruan eta bada kontrol bat urbanizazioan sartzeko. LAHFLren aipatu 53. artikuluak honela dio: 'ekipamendu publikoen sare hau osatzen duten lurrek jabari eta erabilera publikokoak izan beharko dute, deusetan ukatu gabe partikularrekin finkatzen diren formula hitzartuak, haien mantentze-lan eta kontserbaziorako'. Ekipamendu horien erabilerari dagokionez, ez dago mugatuko duen formularik; hortaz, ezin da haiek ixteko planteatu, ekipamendu pribatuetakoak izan ezik, hala nola golf zelaia."

Horren gainean, sustatzaileak argitu egiten du antolamenduak alde batetik itxitura duela ingurune osoan golf zelaia eta tenis elkartea mugatzeko, ekipamendu pribatuak direlako, eta, bestetik, babes eta segurtasun arrazoiengatik, ZV1 izeneko parke publikoaren itxitura Lodosako ubidearen aldera, sarbidea eta erabilera publikoak oztopatu gabe; hori bai, ibilgailuak toki bakar batetik sartzen ahal dira eta ubidearen gaineko zubi berriaren gainetik oinezkoak.

Orobat, adierazten da sarbideko kontrolaren xedea ez dela eremu publikoetan sartzea galaraztea, ez baitira gauaz ere itxiko, erabiltzaileak identifikatzea baizik.

-"Bestetik, sektorearen urbanizazioaren bigarren fasean N-232 errepidearen gaineko oinezkoen pasabidea sartzea proposatzen da. Proposamen honi buruz, uste da pasabidea lehen fasean egin beharko litzatekeela, hau da etxebizitzen %60 inguru eraikitzen direnean."

Onartu egiten da irizpide hori, eta 150 etxebizitza eginak direnean eraikitzeko eskatzen da. Arrazoizkotzat jotzen da eskaera, eta egiteko modukoa dela.

-"Gainera, testua ulergarriagoa izan dadin eta dokumentua aiseago aplikatzearren, informazioko testuak edo proposamena justifikatzen dutenak 'araudia' eta 'hirigintzako araubidea' ataletatik bereiztea iradokitzen da, haien tokia memoria baita edo beste edozein dokumentu deskriptibo. Helburu beragatik komeni da urbanizazio faseei buruzko artikulu guztiak (3.4.2. Tipologiak, 1. faseko aparkalekuak, 3.10.2. Fasekako aprobetxamenduak...) taula bihurtzea, eta bertan fase bakoitzeko jarduketak aipatzea."

Sustatzaileak geroko uzten du iradokizun hori, testu bategina prestatu arte.

-"IV.-Ohar osagarria. Proposamen honekin batean, 2009ko azaroaren 3an, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Alorreko zuzendariaren idazki bat sartu zen Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, 'La Serna-Magallón 2 eta 3' izeneko zirkuitu bikoitzeko 400 kV-eko linea elektrikoaren aurreproiektua eta Ingurumenaren eraginaren azterlana erantsita zituela, aipatu Industria eta Energia Alorrera 'behar diren baldintzak, instalazio elektrikoarekiko adostasuna edo eragozpenak jasotzen dituztenak' igortzeko."

Aurkeztutako dokumentazioa azterturik, besteak beste, ohar hau egin zitaion:

-V-15 eta V-16 erpinen arteko trazadurak 18 zuloko golf zelaia zeharkatzen du, Cerro de Valpertunan egin gogo den bizitegiaren ondoan, Fontellasko udal mugapean. Bada, lineak golf zelai horretan ahalik eta ukipen gutxien izan ditzan, linearen trazadura aldatzea azter liteke ondoko eskeman adierazi den moduan.

Ohar hori osatzearren, komenigarria litzateke linea gehiago urruntzea sektoreko hegoaldean kokatutako familia bakarreko etxebizitzetatik (urbanizazioaren 2. fasean egin gogo dira), antolamenduaren muga (biribilgunea) 60 bat metro atzera eramanda. Atzera eramate horrek familia bakarreko 6 etxebizitza kentzea ekarriko luke, baina sektoreko beste toki batean jartzen ahal lirateke."

Sustatzaileak onartu egiten du ohar hori eta plano berriak aurkeztu ditu, non sektorearen hegoaldean kokatuta ziren familia bakarreko etxebizitzen lurzatiak 48 metro iparraldera mugituta marraztuta dauden eta, horrenbestez, aipatu linea elektrikoarentzat proposatutako trazaduratik urrunduta eta golf zelaiaren azalera handituta. Alde horretatik, eutsi egin zaio etxebizitzen kopuruari -hori bai, bizitegi pribatuko lurzatietako batzuen zabalera murriztuta eta, hortaz, haien guztirako azalera ere bai- eta ondoko goialdeko berdegunea okupatzen da; berdegune hori golf zelaiaren bigarren fasean konpentsatzen da.

IV.-Azkeneko oharra.

UPSa onetsi zuen Nafarroako Gobernuaren 2007ko apirilaren 16ko Erabakian, aitortu egiten zen "gaur egun ez dagoela azpiegitura egokirik Valpertunan eta Los Pinosen proposatutako jarduketek sor ditzaketen etxeko hondakin urak bildu eta tratatzeko modukorik". Arazo horren gainean, aipatu erabakiak -LAHFLren 100. artikuluaren legezko laguntzaz- egokitzat jotzen du NILSAren txosten batean ezarritako ondorioa: UPSko urbanizazioetako edo sektoreetako sustatzaileekin sinatu beharreko finantzabideari eta kudeaketari buruzko hitzarmena egitea.

Testuinguru horretan, NILSAk, espedientea jendaurrean egon den aldian, idazki bat igorri du, non aditzera ematen baitu sustatzaileekin hainbat elkarrizketa izan ondoren ezinezkoa izan dela UPSn aurreikusitako hitzarmena egitea eta, beraz, aginduak eman dituela "Hondakin uren eroanbidea Fontellasetik Tuterako Hondakin Uren Araztegira" izeneko proiektua esleituta duen enpresak berak egiteko, hiri hondakinen konponbideari dagokionez soilik, UPSkoak biltzeko beharrezko litzatekeena burutu gabe.

Horrenbestez, zein diren ere espediente honetan egin diren proposamenak, eta haren tramitazioa hasi zuen Nafarroako Gobernuaren 2010eko martxoaren 15eko erabakian jaso bezala, bidezko da errepikatzea UPS onetsi zuen Nafarroako Gobernuaren 2007ko apirilaren 16ko erabakian ezarritako baldintzak eta, bereziki, hondakin uren tratamenduari buruzkoa, honako hau baitio: "NILSA enpresa publikoaren 2006ko maiatzaren 25eko txostenean adierazitakoari jarraikiz, plan sektorial honen sustatzaileek finantzabideari eta kudeaketari buruzko hitzarmen bat sinatuko dute enpresa horrekin, txostenean jasotako moduan eta ezaugarriekin, Fontellasko hondakin uren tratamendua bermatze aldera."

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak ebaztea erabaki honetan azaldutako moduan.

2. "El Cerro de Valpertunan bizitegitarako jarduketa eta 18 zuloko golf zelaia eta Los Pinos sektorean bizitegitarako jarduketa" udalez gaindiko plan sektoriala aldatzeko espedientea onestea. AR-1 Cerro Valpertuna izeneko konpentsazio batzordeak sustatzen du El Cerro sektoreko antolamenduari eta urbanizazio faseei buruz, besteak beste.

3. AR-1 El Cerroko konpentsazio batzordeari eskatzea, hilabeteko epean, UPSa aldatzeko espedientea aurkeztu dezala, behar bezala tramitatzeko, hartan lehen alegazioaren erantzunean eta erabaki honen azalpen zatiaren III. atalean adierazitako zuzenketa guztiak eginda. Orobat, konpentsazio batzorde horri adieraztea, aipatu epea betetzen ez bada, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak baduela ahalmena ofizioz jardun eta UPSa aldatuko duen espediente hori tramitatzeko.

4. Sustatzaileak Nafarroako Gobernuaren 2007ko apirilaren 16ko erabakian ezarritako determinazio guztiak bete beharko ditu (erabaki horren bidez, Fontellasko "El Cerro de Valpertunan bizitegitarako jarduketa eta 18 zuloko golf zelaia eta Fontellasko Los Pinos sektorean bizitegitarako jarduketa" izeneko udalez gaindiko plan sektoriala onetsi zen, herri horretako Udalak, Cerro Fontellas tenis elkarteak eta "Construcciones Monrepos, S.A.k sustaturik), eta batez ere, hondakin uren tratamenduari buruzkoa, ondotik adierazi bezala: "NILSA enpresa publikoaren 2006ko maiatzaren 25eko txostenean adierazitakoari jarraikiz, plan sektorial honen sustatzaileek finantzabideari eta kudeaketari buruzko hitzarmen bat sinatuko dute enpresa horrekin, txostenean jasotako moduan eta ezaugarriekin, Fontellasko hondakin uren tratamendua bermatze aldera".

5. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 100 c) artikuluko determinazioekin bat, sustatzailea behartuta egonen da jarduketaz kanpoko sistema orokorrei lotzeko azpiegiturak ordaintzera eta, zein den kasua, haiek egitera ere.

6. Obretan eragina izan edo horiek baldintzatu ditzaketen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileek behar diren baimen guztiak eskuratu beharko dituzte.

7. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Herri Lanen Zuzendaritza Nagusira igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Erabaki hau Red Eléctrica de España, S.A.ri, NILSAri, Tuterako Udalaren Ur Batzordeari, Cerro Fontellas tenis elkarteari, Construcciones Monrepos, S.A.ri, Fontellasko eta Tuterako Udalei eta AR-1 Cerro Valpertuna izeneko konpentsazio batzordeari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabakiak bide administratiboa amaitzen duela eta bere kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2010eko azaroaren 8an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1018420