146. ALDIZKARIA - 2010eko abenduaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

DEIALDIA, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari nagusiak azaroaren 17an emandako 252/2010 Ebazpenaren bidez onetsia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Turismoko enpresa eta jardueretako teknikari izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzekoa.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak, azaroaren 17ko 252/2010 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Turismoko enpresa eta jardueretako teknikari izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zuen.

Hautapen prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia, hori garatu eta betearazteko Sarrera Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honen oinarriak.

OINARRIAK

1.-Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea oposizio bidez Turismoko enpresa eta jardueretako teknikari izateko lanpostu bat betetzea da. Lanpostua funtzionario araubidekoa da, B mailakoa. Plantilla organikoan 5380 zenbakia du, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Kultura Zuzendaritza Nagusiari atxikita dago eta Iruñean aritzekoa da.

1.2. Lanpostuaren ordainsariak hauek izanen dira: uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ordainsarien Behin-behineko Erregelamenduan B mailarentzat oro har ezarritakoak eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan kasu bakoitzerako ezartzen direnak.

1.3. Halaber, deialdi honen bidez sarrerako hautapen prozesuan lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hauek osatu nahi dira, 9. oinarrian xedatutakoarekin bat:

a) Sarrerako hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda, bat bera Foru Komunitateko Administrazioko departamentu eta erakunde autonomo guztientzat.

b) Aldi baterako kontratuak egiteko izangaien zerrenda, oposizioan bigarren ariketa gainditu arren ariketa guztiak gainditu ez dituztenekin osatua, Administrazio Erroan aldi baterako kontratatzeko.

2.-Baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea bukatzen denetik (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko baldintzak.

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteta izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Turismoko Enpresa eta Jardueretako teknikariaren titulua edo baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) B motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute ez dutela diziplina zehapenik edo zigor penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dienik.

2.2. Izendatua izateko proposatzen den izangaiak deialdiaren 7.2 atalean ezarritako epean eta moduan frogatu beharko ditu betebehar horiek.

3.-Eskabideak aurkeztea eta tasak ordaintzea.

3.1. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 40 euroko tasa ordaindu beharko da. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, baztertu eginen da izangaia.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonek, hala onartu bazaie.

b) Deialdia argitaratu aurretik hilabetez gutxienez lan eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonek. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskaini zaizkien lan egokiei uko egin ez izatea eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izatea, justifikatutako kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den diru-sarrerarik ez izatea hilabetero.

Lan eskatzailea dela frogatzeko, dagokion enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko du. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diela uko egin handik eskainitako lan egokiei, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

Interesdunaren aitorpenaren bidez frogatuko da ez duela hilabetero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik. Aitorpen eredua Nafarroako Gobernuko Informazio Bulegoan eskuratzen ahalko da edo, bestela, Interneten bidez, arestian emandako helbidean.

Sistema hauetako bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa hori:

-Telematika bidez, 3.2 oinarriko A.1. letran adierazitako moduan.

-Behar den bezala betetako ordainketa gutunaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko banku entitateetan ordaintzeko. Ordainketa gutunaren eredua Interneten dagoen deialdiaren aipuan dago, www.navarra.es helbidean, "Zerbitzuak", "Enplegu Publikoa" atalean.

-Banestoko (Banco Español de Crédito) 0030 8124 87 0870002271 kontuan eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez ordainduz; horrelakoetan, ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:

-Izangaiaren izen-deiturak.

-NANa/IFZ.

-Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.

-Kontzeptua: oposizioa.

-Deialdiaren xedeko lanpostua.

3.2. Eskaerak.

Eskabideak deialdi honen eranskineko ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eskabidearen eredua Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen den aldizkari ofizialetik abiatuta, bai atal honetatik abiatuta: "Zerbitzuak", "Enplegu Publikoa".

Deialdian parte hartzeko eskabideak hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

Aurkezteko, baliabide hauetako edozein erabil daiteke:

A) Bide telematikoa.

A.1. Internet bidez, deialdi honen fitxan dagoen "Inskripzioa eta ordainketa telematikoa" izeneko estekan sartuta, Nafarroako Atariaren "Zerbitzuak", "Enplegu Publikoa" atalean, www.navarra.es helbidean.

Aurkezteko eta ordaintzeko modu hau ezin izanen da erabili tasak ordaintzetik salbuesten duen frogagiria aurkeztu behar denean, ezta 3.3 oinarriko Bi eta Hiru zenbakietan aipatzen diren kasuetan ere.

A.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren web atarian eskura baitago.

B) Aurrez aurre.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2; 31002 Iruña) edo Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetako edozeinetan (zerrenda 2008ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 30ean) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazi diren bideetakoren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulegoan aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azalak irekita egon beharko du, postetxeko langileek data eta zigilua jar diezaizkioten ziurtatu eta Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrera (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) igorri aurretik.

3.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Bat.-Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideengatik tasa ordaindu izanaren frogagiria.

Bi.-Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, lehengoaz gainera, deialdi honen 2.1.2 oinarrian jasotzen diren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskabideari, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak badira.

Hiru.-Desgaitasunak dituzten pertsonentzako erreserba txandan onartuak izateko, baita 3.1 oinarriaren (tasak ordaintzearen salbuespena) a) atalaren eta 8. oinarriaren (lanpostuak aukeratzeko lehentasuna) ondorioetarako eta denborak eta baliabideak egokitzeko eskaria egiteko ere, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetariko baten jatorrizkoaren edo kopia konpultsatuaren bidez:

-Imsersok edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak luzatutako ziurtagiria.

-Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, erabateko ezintasun iraunkorra edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna duten izangaiek probak egiteko denboren eta baliabideen egokitzapenak eskatzeko, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta aparteko orri batean azaldu beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten. Egokitzapenak eskatzeko bada eredu bat interesdunen eskura www.navarra.es web orrian, "Zerbitzuak", "Enplegu Publikoa" atalean, deialdiaren aipuan.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendariak, erakunde autonomoko zuzendari kudeatzaileak emandako eskuordetzaz (103/2008 Ebazpena, ekainaren 26koa), ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendariak, erakunde autonomoaren zuzendari kudeatzaileak emandako eskuordetzaz (103/2008 Ebazpena, ekainaren 26koa), ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko, baldin eta beraiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen badira.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

-Mahaiburua: Carmen Oroz Iribarren andrea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Turismoko Marketinaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko batzordeburua: Amaya Alcelay Llano andrea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Turismoa Sustatzeko Euskarrien Bulegoko burua.

-Batzordekidea: Estefanía Munárriz Nuin andrea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Sustapenerako Baliabideen Ataleko burua.

Ordezko batzordekidea: Isabel Mauleón Goñi andrea, enpresa zientzietako diplomaduna, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Turismoko Marketinaren Zerbitzuari atxikia.

-Batzordekidea: Iñaki Martínez de Virgala Lusarreta jauna, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Sustapenerako Ekintzen Bulegoko burua.

Ordezko batzordekidea: Margarita Cueli Erice andrea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Turismoko Produktuen Garapenerako eta Kalitaterako Ataleko burua.

-Batzordekidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposaturik izendatua.

Ordezko mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposaturik izendatua.

-Mahaikide idazkaria: Noemí Ayala Martínez andrea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Turismoko Marketinaren Zerbitzuko turismoko jardueretako teknikaria.

Ordezko mahaikide idazkaria: M.ª Carmen Oña Rupérez andrea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuko turismoko jardueretako teknikaria.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretako batean badaude, eta organo dei egileari hala jakinaraziko diote.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren gainean sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.-Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2011ko apirilean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, arauz egin behar den moduan.

6.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

-Lehenengo ariketa: teorikoa. Gai zerrendako gaiei buruzko 100 galdera erantzun beharko dira idatziz. Galdera bakoitzak erantzun batzuk izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira.

-Bigarren ariketa: ariketa teoriko-praktikoa; epaimahaiak gai zerrendako lehenbiziko eta bigarren zatietako gaiei buruz ezarritako galderak edo kasuak idatziz ebatzi beharko dituzte izangaiek.

-Hirugarren ariketa: teorikoa. Hiru gai garatu beharko dira idatziz, gai zerrendako hiru zatietako bakoitzeko bat. Gehienez ere 5 ordu izanen dira horretarako. Horretarako, epaimahaiak zozketaz aterako ditu aipatutako zati bakoitzeko bi gai, eta izangaiek horietako bat, nahi dutena, aukeratu eta garatu beharko dute.

-Laugarren ariketa: ingeleseko probak. Borondatezko ariketa da eta ez baztertzailea, eta aurreko hiru ariketak gainditzen dituzten izangaiek egiten ahalko dute. Idatzizko eta ahozko proba bana eginen dira, izangaien jakite maila zehazteko. Proba horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak prestatuko ditu eta haren emaitza loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu eman daitezke gehienez, honela banatuak:

-Lehenengo ariketa: gehienez ere 30 puntu.

-Bigarren ariketa: gehienez ere 30 puntu.

-Hirugarren ariketa: gehienez ere 30 puntu. Gai bakoitzak 10 puntuko balorazioa izanen du gehienez.

-Laugarren ariketa: gehienez ere 10 puntu.

6.4. Lehenengo, bigarren eta hirugarren ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean kalifikaziorik altuena lortzen duen izangaiaren puntuazioaren erdira gutxienez iristen ez diren izangaiak. Hori hala izanik ere, ariketa gainditutzat jotzeko, deialdiaren oinarrietan ariketarako ezarritako gehieneko puntuazioaren 1/3 atera beharko da gutxienez. Halaber, baztertuta geldituko dira hirugarren ariketako gairen batean 0 puntuko kalifikazioa jasotzen duten izangaiak.

6.5. Bigarren eta hirugarren ariketak plika sistemaren bidez eginen dira.

6.6. Ariketa bakoitza kalifikatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditzen duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioaren hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago. Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.navarra.es helbidean, Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

6.7. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat. Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.8. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua dutenentzat beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketak egiten diren tokietan. Gero, zerrenda hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio, hautaprobak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.navarra.es helbidean, Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

Gertatzen diren berdinketetan, lehenengo ariketan puntu gehien lortzen dituztenen alde joko da, eta, berdinketak badirau, hirugarren ariketan garatu beharreko gaietan lortutako puntuak hartuko dira aintzakotzat.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak inprimaki berariazko batzuk jaso eta honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuan:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiek:

a) Nortasun agiri nazionalaren bi fotokopia konpultsatu, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen agiri baliokideren batenak.

b) Deialdiaren 2.1.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, hala bada, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Atalak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragozten dion eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Proposatutako izangaiak desgaitasunen bat alegatu badu, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

Izangaiak nazionalitate espainiarra ez badu, agiri bat aurkeztu beharko du, bere Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dion diziplina zehapenik edo zigor penalik ez duela adierazteko.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

f) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren fotokopia konpultsatua.

7.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak diren izangaiek:

a) Deialdiaren 2.1.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, hala bada, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

Proposatutako izangaiak desgaitasuna alegatu badu, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

b) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren fotokopia konpultsatua.

7.3. Inork agiri horiek goian adierazitako epean ekartzen ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dute izendatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira, eskabidean gezurra esateagatik izan lezakeen erantzukizuna eskatzea baztertu gabe.

7.4. Aurreko atalean ezarritakoa gertatuz gero, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak probak gainditu dituztenen zerrendan, 7.1 atalean aipatutakoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du hutsunea, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.

7.5. Nahitaezko betebehar eta baldintzen frogagiriez gain, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak, bere eskudantziak erabiltzeko, beste edozein agiri eska diezaioke izangaiari, eta horrek deialdi honen 7.2 oinarrian ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

8.-Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, aurreko arauetan ezarritakoa betetzen duen izangaia Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko du, Turismoko enpresa eta jardueretako teknikarien lanetan aritzeko, eta dagokion lanpostu hutsa esleituko dio.

8.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko dute izendatua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionarioen arloan indarra duten xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko da, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, izendatuak, Nafarroako administrazio publikoen edozein montepiotako eskubide pasiboen araubidekoa bada, bi aukera izanen ditu: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez arauturiko eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

8.3. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

8.4. Funtzionarioek bizilekua destinoko herrian ez izateak ez du alde batera uzten lantokira puntual iritsi beharra eta lanaldia eta lanpostuko eginkizunak zuzen bete beharra, eta, gainera, ez da inolako konpentsaziorik jasoko lantokirako joan-etorriengatik.

Behar bezala justifikatutako kasu batzuetan, administrazio publikoek zilegi izanen dute funtzionarioei destinoko herrian bizi daitezela eskatzea, lanpostuko eginkizunengatik eta eskatzen den dedikazioagatik bidezkoa denean.

8.5. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta izangai izendatuak hilabeteko epean jabetu beharko du lanpostuaz, izendapenaren jakinarazpenetik kontatzen hasita.

Aipatutako epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaren jabe egiten ez bada, Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala gertatzen bada, deialdiaren 7.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

8.6. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, data horretan beste administrazio publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 7.4 atalak agintzen duen moduan beteko da.

9.-Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

9.1. Kontuan harturik Nafarroako Administrazio Publikoan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikulua, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Agindua (Lanpostuak aldi baterako betetzeko kudeaketa arauak onetsi zituena) eta oinarri honexetan ezarritako prozedura, eta horiei jarraikiz, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda hauek prestatuko dira:

a) Sarrerako hautapen prozesua gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda, bat bera Foru Komunitateko Administrazioko departamentu eta erakunde autonomo guztientzat.

b) Hautapen prozesuko bigarren ariketa gainditu arren ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda, Administrazio Erroan aldi baterako kontratatuak izateko.

9.2. Probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda eta Administrazio Erroan aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuak espedientea igorri ondoren, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira probak gainditu arren lanposturik lortzen ez duten izangaien zerrenda eta bigarren ariketa gainditzen dutenena, une horretan indarrean diren kudeaketa arauekin bat, eta argitaratu eginen dira Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña) eta Nafarroako Gobernuaren web orrian: www.navarra.es.

Hauxe izanen da aldi baterako kontratazio zerrendetako izangaien ordena: oposizioa gainditu arren lanposturik lortzen ez dutenen kasuan, sarrerako hautapen prozesuan lortutako puntuaziorik handienaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioen batura. Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik 2. oinarrian ezarritako betebeharrak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den bezala frogatu beharko dituzte.

Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, Administrazio Erroan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b) artikulua eta hurrengoak; lanpostuak aldi baterako betetzeko arauak ematen dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Agindua (144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 2an); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Deia egiterakoan, kontuan hartuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. atalean ezarritakoa.

Kontratatzeko deitzen diren izangaiek bakarrik aurkeztu beharko dituzte 2.1. oinarrian tituluei buruz eskatzen zaiena betetzen dutela frogatzeko agiriak; hain zuzen ere kontratua formalizatzen den unean, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatutako kopiak aurkeztuz.

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituzten izangaiek, aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak galduko dituzte; betiere, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

Sarrera prozesuko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira beharkizunak eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

9.3. Sarrera prozesuko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira beharkizunak eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

9.4. Dokumentazioa aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak onetsiko dira eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean argitaratuko (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña).

9.5. Hauxe izanen da aldi baterako kontratazio zerrendetako izangaien ordena: oposizioa gainditu arren lanposturik lortzen ez dutenen kasuan, sarrerako hautapen prozesuan lortutako puntuaziorik handienaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioen batura. Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

10.-Errekurtsoak.

Epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

Iruñean, 2010eko azaroaren 17an.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Eguilaz Gogorza.

I. ERANSKINA

ESKABIDEA

Hautaprobetan onartua izateko eskabidea

-Deialdiaren datuak.

Lanpostua:

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen: zenbakia: ....................., eguna: .................

-Sartzeko txanda.

Txanda irekia [ ]

Igoera txanda* [ ]

Desgaitasunen bat dutenentzako erreserba txanda* [ ]

-Datu pertsonalak.

Izen-deiturak:

NANa edo agiri baliokidea:

Jaioteguna:

Jaioterria: ( )

Nazionalitatea:

Helbidea:

Herria:

Probintzia:

Posta kodea:

Sakelako telefonoa:

2. telefonoa:

Posta elektronikoa:

-Aurkeztutako agiriak.

Desgaitasunaren frogagiria [ ]

Denboren eta/edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ditu, beste orri batean [ ]

Euskararen gaitasun agiria edo baliokidea* [ ]

-Honako hauen proba eskatzen du:

Euskara* [ ]

Ingelesa* [ ]

Frantsesa*. [ ]

Sinatzaileak ESKAERA egiten du eskabide honetan adierazitako prozesuan onartua izan dadin eta ADIERAZTEN DU, erantzukizuna berea izanik, bertan agertzen diren datu guztiak egiazkoak direla, deialdiaren oinarrian eskatutako betebehar guztiak betetzen dituela eta datu horiek guztiak agirien bidez frogatzeko konpromisoa hartzen duela.

(Sinadura)

.................(e)n, 20..(e)ko .............aren ..............(e)an.

NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN INSTITUTUKO ZUZENDARI KUDEATZAILEA. LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA

(*) Deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraikiz.

GAI ZERRENDA

I. zatia.

1. gaia.-Enpresaren ekonomia eta enpresari buruzko teoriak: enpresaren ekonomia zientzia gisa. Kontzeptua eta bilakaera. Helburua eta metodoa. Enpresari buruzko teoriak. Turismo enpresak eta enpresaren ekonomiarekin duten lotura.

2. gaia-Marketinaren izaera. Marketinaren bilakaera. Marketina, enpresaren filosofia eta jarduera den aldetik. Marketinaren definizioa AMAren arabera. Trukea marketinaren helburu. Marketinaren kritikak. Zerbitzu marketina: turismo marketina. Marketin globala. Marketin zientziaren metodologia.

3. gaia.-Marketina, enpresaren eginkizuna. Marketinaren azpieginkizunak enpresan. Marketineko estrategiak: Marketin mix. Marketineko ereduak. Marketin departamentuaren antolaketa. Harremanak enpresako beste departamentuekin.

4. gaia.-Merkatua eta haren ingurunea. Merkatuaren kontzeptua eta mugak. Merkatuaren sailkapena. Lehiakideak. Makroingurunea. Ingurunearen zuzendaritza.

5. gaia.-Kontsumitzailearen jokabidea. Kontsumitzailearen jokabidearen azterketa. Erosteko erabakiaren prozesua. Jokabidearen barne determinanteak. Jokabidearen kanpoko eragileak. Turismo produktuen kontsumitzailearen berezitasunak.

6. gaia.-Informazio sistema eta merkataritza arloko ikerketa. Merkataritzako ikerketaren kontzeptua eta edukia. Merkataritza ikerketaren faseak. Merkataritza ikerketaren diseinua. Informazioa jasotzea.

7. gaia.-Merkatuen segmentatzea. Segmentatzearen kontzeptua, helburuak eta neurriak. Segmentatzearen baliagarritasuna. Merkatuko segmentuen betebeharrak. Merkatuak segmentatzeko metodo eta teknikak.

8. gaia.-Produktua. Izaera. Mota. Ezaugarriak. Turismoko zerbitzu eta produktuen ezaugarri bereziak. Produktuaren abantaila konpetitiboak. Turismoko liburuska. Produktu baten bizi-zikloak. Produktu berrien plangintza. Turismo produktuak.

9. gaia.-Prezioa. Kontzeptua. Prezioa finkatzeko baldintzak. Finkatzeko metodoak. Prezioen estrategiak. Prezioen erregulazioa. Turismoko zerbitzuen prezioa.

10. gaia.-Banaketa. Kontzeptua. Bitartekariak. Kanalak hautatzea. Kanalkideen arteko harremanak. Diseinua. Turismoaren banaketa.

11. gaia.-Sustapena/komunikazioa Sustapenaren kontzeptua eta helburuak. Sustapenerako tresnak. Komunikazioaren prozesua sustapenean. Sustapen mix-a. Sustapen ekintzen helburuak.

12. gaia.-Marketina interneten. Marketina datu baseekin. Zuzeneko marketina.

13. gaia.-Publizitatea. Kontzeptua. Xedeak. Ondorio ekonomiko eta sozialak. Publizitate sistema. Publizitateko mezua. Publizitatearen tresnak.

14. gaia.-Harreman publikoak. Salmenten sustapena.

15. gaia.-Marketin plana eta erabaki estrategikoak. Merkataritzako plangintza estrategikoaren kontzeptua. Merkataritzako estrategiaren formulazioa. Helburuen definizioa. Estrategia ekintzen garapena. Merkataritzako estrategiaren ebaluazioa.

16. gaia.-Nafarroako historia (I). Historiaurrea eta erromanizazioa Nafarroan.

17. gaia.-Nafarroako historia (II). Goi Erdi Aroa Nafarroan.

18. gaia.-Nafarroako historia (III). Behe Erdi Aroa Nafarroan.

19. gaia.-Nafarroako historia (IV). XVI. mendetik 1841 arte.

20. gaia.-Nafarroako historia (V). 1841etik gaur arte.

21. gaia.-Artea Nafarroan (I) Paleolitikotik Neolitikoa arte. Erromanikoa eta gotikoa. Arte adierazpen nagusiak.

22. gaia.-Artea Nafarroan (II) Errenazimentutik gaur egun arte. Artelan nagusiak.

23. gaia.-Done Jakue Bidea. Nafarroako Done Jakue Bidearen aipamen berezia.

24. gaia.-Pirinioak. Nafarroako Pirinioen aipamen berezia.

25. gaia.-Nafarroako museoak: Nafarroako Museoaren aipamen berezia.

26. gaia.-Nafarroako geografia: kokapen geografikoa. Erliebea eta landaretza. Klima. Hidrologia. Fauna.

27. gaia.-Natura Nafarroan: naturgune babestuak. Urbasa-Andiako, Errege Bardeako eta Bertizko Jaurerriko parke naturalak. Haranak, leizeak, basoak eta bide berdeak.

28. gaia.-Eskualde geografikoak Nafarroan: Mendialdea. Erdialdea. Erribera. Iruñerria.

II. zatia.

1. gaia.-Turismoaren hastapenak: Kontzeptuak eta definizioak. Turismoaren korronteak eta guneak. Turismoaren fenomenoa oporrez haratago. Turismoaren eragileak.

2. gaia.-Turismoaren jatorria eta bilakaera historikoa: sorreratik XIX. mendearen hasmenta arte. XIX. mendetik 1950 arte. 1950etik gaur arte.

3. gaia.-Turismo eskaintza: turismo produktu orokorrak. Turismo zerbitzu espezializatuak. Turismo paketeak. Hainbat zerbitzu.

4. gaia.-Turismo eskaria: eskaerari eragiten dioten faktoreak eta motibazioak. Portaera soziologikoak. Eskaria urtaroen arabera. Eskaeraren gaurko joerak.

5. gaia.-Turismoko eskaera eta kontsumoaren psikologia. Giza motibazioak. Bidaiaren eta turistaren motibazioa. OMT eta turismoko motibazioak eta premiak. Turismoko kontsumoaren psikosoziologiaren kontzeptua eta ezaugarriak. Moda turismo kontsumoan. Turismo jardueren kontzeptua eta motak kontsumitzailearen psikosoziologiari buruz.

6. gaia.-Merkataritzako abiazioa. Aireko garraioa.

7. gaia.-Trenbideko garraioa. Lurreko garraioa. Itsas eta ibai garraioa.

8. gaia.-Turismo bulegoaren kontzeptua: definizioa. Motak. Eginkizunak. Bulegoak eta haien ingurunea: erronkak eta joerak.

9. gaia.-Turismoari buruzko informazioa: turismoari buruzko informazio ezaugarriak. Turismoari buruzko informazioa. Informazioaren kudeaketa. Helmugei buruzko informazio sistemen egitura.

10. gaia.-Helmuga bat jakinaraztea: helmuga bat ezagutaraztea. Informazioa komunikazioan. Informazioaren banaketa elektronikoa. Informazioa eta komunikazioa Interneten.

11. gaia.-Turismo bulegoaren erabilitzaileak: nork darabil turismo bulegoa? Bulegoaren erabiltzaileak ulertzea. Sektore publikoaren eta pribatuaren arteko harremanak. Bezeroaren psikologia: bezeroen behar eta nahiak. Gaur egungo bezeroen ezaugarriak. Bezero motak eta arreta bereizgarria: merkatuen zatiketa eta arreta bereizgarria.

12. gaia.-Kalitate sistemak zerbitzuen sektoreari aplikatuak: Oinarri orokorrak eta alderdi oinarrizkoak. Erabiltzaileen gogobetetze mailaren neurketa.

13. gaia.-Telefono bidezko arreta: komunikazioaren prozesua. Komunikazioaren oztopoak. Telefono bidezko arretaren oinarrizko kontuak. Telefono zenbakien zerrendak. Zerbitzuak emateko gizarte-gaitasunak: telefono bidezko arreta.

14. gaia.-Posta elektroniko eraginkorrak: hasi aitzin. Mezua idaztea: hartzailearen erantzuna, DASP araua, mezua ireki eta ixtea, puntuazioa, eranskinak. Badaezpadakoak: terminologia elektronikoa, sarrerako erretilua, kopiak eta berrikuspena.

15. gaia.-Bidaia-antolatzailearen kontzeptua. Agentzien eta bidaia-antolatzaileen integrazioa. Banaketa sistema informatizatuak (CRS). Banaketa sistema globalak (GDS).

16. gaia.-Bidaia agentzia bidaien antolatzaile edo eratzaile. Bidaia profesionalak.

17. gaia.-Hotelen kudeaketa tekniko-ekonomikoa (I). Hotel enpresaren ezaugarriak. Hotel enpresen motak. Hotel enpresaren helburuak.

18. gaia.-Hotelen kudeaketa tekniko-ekonomikoa (II). Enpresa eta haren barne antolaketa. Hotel enpresen antolaketa.

19. gaia.-Hotelen kudeaketa tekniko-ekonomikoa (III). Enpresaren kokalekuari buruzko oharrak. Hotel enpresaren kokalekua.

20. gaia.-Teknologia berriak turismoaren sektorean: turismoa jarduera ekonomiko gisa. Turismoa eta teknologia berriak. Turismo elektronikoa. Turismoaren eta haren sektorearen kontrako mehatxuak eta haien aldeko aukerak. Turismo enpresa motak Interneten. Kanal anitzeko estrategiak turismoaren arloko banaketak egiteko.

21. gaia.-Landa turismoa eta naturaren ingurukoa. Landa turismoa: esanahaia eta Espainiako turismoaren berrikuntzak. Landa garapena landa-turismoaren jatorrian. Europar Batasunaren zeregina, turismoaren garapenaren gakoa. Herrialdeetako administrazioen zeregina. Landa turismoaren bilakaera turismoari buruzko araudiei esker. Nafarroako erreferentziak.

22. gaia.-Turismo kulturala. Turismoa eta kultur ondarea. Done Jakue bidea. Gizateriaren ondare diren ondasunak. Turismoko bestelako kultur ibilbideak. Kultur parkeak. Industria ondarea. Ondare etnografikoa. Musika. Festak. Arkeologia. Nafarroako erreferentziak.

23. gaia.-Bilkurei lotutako turismoa. Feriak, workshop-ak, biltzarrak eta pizgarriak. Jardueraren azalpena eta jarduera horien bilakaera.

24. gaia.-Turismoko enpresen motak: garraio enpresak. Ostatuko enpresak. Banaketa enpresak: bidaia agentziak. Turismoko zerbitzuak Interneten merkaturatzea. Nafarroako turismo sektorea.

25. gaia.-Turismoaren lurralde plangintza: iraunkortasuna, plangintzarako irizpide gisa. Baliabideen inbentarioa eta ebaluazioa. Turismorako gaitasuna mugatzea. Zama-ahalmena neurtzea.

26. gaia.-Marka: kontzeptua eta xedea. Markaren balioa. Nafarroa: Marketin Turistikorako Plan Integrala eta marka turistikoa.

III. zatia.

1. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak. Botere Judiziala. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2. gaia.-Europar Batasuna. Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europako Batzordea. Kontseilua (ministroena). Justizia Auzitegia. Beste erakunde batzuk.

3. gaia.-Europar Batasuneko antolamendu juridikoaren iturriak: jatorrizko zuzenbidea eta zuzenbide eratorria.

4. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioaren lehen xedapen gehigarria. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

5. gaia.-Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Nafarroako Comptos Ganbera. Arartekoa.

6. gaia.-Nafarroako Gobernua. Eginkizunak. Osaera, izendapena, eratzea eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Laguntza organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentuaren desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria.

7. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritako printzipio orokorrak. Herritarrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko harremanetan dituzten eskubideak. Antolaketa: printzipio nagusiak eta egitura organikoa, kide anitzeko organoak eta administrazio organoen eskumenak.

8. gaia.-Administrazio publikoen araubide juridikoaren printzipio orokorrak. Administrazio publikoen organoak. Administrazio prozeduraren interesdunak.

9. gaia.-Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Egintza administratiboen betebeharrak. Egintzen eraginkortasuna. Deuseztasuna eta deusezgarritasuna.

10. gaia.-Prozedura administratiboen xedapen orokorrak: prozeduraren abiaraztea, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Bide administratiboko egintzen berrikuspena: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.

11. gaia.-Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea: aplikaziorako arau orokorrak eta eremua. Kontratistak. Administrazio publikoen kontratu guztietarako xedapenak. Esleipenaren aurreko jarduketak.

12. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua. Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Administrazio egoerak. Funtzionarioen eskubideak, betebeharrak eta bateraezintasunak. ordainsariak.

13. gaia.-11/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa ezartzeari buruzkoa.

14. gaia.-Abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legea, Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeari buruzkoa.

15. gaia.- Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa.

16. gaia.-Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legea. Zioen azalpena, I. Titulua, II. Titulua, III. Titulua, IV. Titulua.

17. gaia.-Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legea. V. Titulua, VI. Titulua, VII. Titulua. Xedapenak.

18. gaia.-Abenduaren 26ko 146/2005 Foru Dekretua. Horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ostalaritza establezimenduen antolaketari buruzko erregelamendua onetsi zen.

19. gaia.-Ekainaren 28ko 243/1999 Foru Dekretua, landa-etxeetan ostatatzea arautzen duena.

20. gaia.-Abenduaren 5eko 140/2005 Foru Dekretua. Horren bidez, Nafarroako Turismoko Aterpetxeen antolaketari buruzko erregelamendua onetsi zen.

21. gaia.-Martxoaren 30eko 24/2009 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko turismoko kanpalekuen antolamenduari buruzko erregelamendua onesten duena.

22. gaia.-1967ko urtarrilaren 17ko Agindua, turismorako apartamentuak, "bungalow-ak" eta antzeko ostatuen antolaketa onesten duena.

23. gaia.-Maiatzaren 4ko 141/1988 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Bidaia Agentzien Erregelamendua onesten duena.

24. gaia.-288/2004 Foru Dekretua, abuztuaren 23koa, turismo aktibo eta kulturaleko zerbitzuak ematen dituzten enpresen jarduerak arautzen dituen Erregelamendua onesten duena.

25. gaia.-Abuztuaren 25eko 502/2003 Foru Dekretua, Nafarroako Turismo Erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua arautzen duena.

26. gaia.-Uztailaren 6ko 21/1995 Legea, bidaia konbinatuak arautzeari buruzkoa.

Oharra: gai guztiak bat etorriko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legeriarekin.

Iragarkiaren kodea: F1019025