1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
74/2010 FORU DEKRETUA, azaroaren 15ekoa, Iruñeko Orfeoiari Nafarroako Urrezko Domina ematen diona.
Iruñeko Orfeoia, 1865ean sortua, ehun eta hogeita hamar urtetik gora da, eta horietan ospe eta ezagutza ukaezinak eskuratu ditu estatuan eta estatutik kanpo musikaren panoraman abesbatza sinfonikoaren esparruan.
Iruñeko Orfeoia, irabazi-asmorik gabeko elkarte zibila, sortu zuten nafarrek ez zuten ahalik eta teknika eta giza kalikate handieneko abesbatza handi bat sendotzea bakarrik nahi. Bertan parte hartuko zutenen eta entzungo zutenen musika prestakuntza indartzea ere nahi zuten, musika berrikuntza bultzatzea eta, oro har, arte hau gizartean bizirik izatea, musika bere agerkari guztietan, abesbatzarako musika batez ere, landuz, garatuz eta zabalduz.
Hainbat motatako bazkideek osatzen dute Iruñeko Orfeoia, hala nola, ohorezko bazkideek, merezimenduko bazkideek, bazkide kantariek, bazkide kantarigaiek, bazkide babesleek eta musika eskolako ikasleek. Talde horretan laurehun lagun inguru daude gaur egun. Horien artean, gehien ikusten direnak ehundik gorako gizon eta emakume kantariak dira; horiek, deuseren truke, beren bizitzaren parte handi bat ematen dute hainbat musika lan ikasten eta haiek eskatzen dituzten probasaioetan, baita orfeoiak mundu osoan dituen emanaldi ugarietan ere. Hamahiru musikari ospetsuk zuzendu dute orain arte ahots talde hori. Guztiek, bakoitzak bere estiloan, beren jakinduria handia, taldea batu eta bultzatzeko gaitasuna eta ahalegin bizia eskaini dizkiote abesbatzari. Aipagarria da Remigio Múgica jauna, 57 urtez zuzendari izandakoa, 1891tik 1948 arte. Baina kantari eta zuzendariez gain, orfeoiaren ibilbidean une batean edo bestean bazkide izan diren nafar guztiak edo haren zuzendaritza batzordeak osatu dituztenak aipatu behar dira, kudeaketa eta ordezkaritza lanak egin dituztelako eta atsedenik gabe aritu direlako, bai Nafarroako eta Estatuko erakundeekin bai era guztietako entitate pribatuekin, baliabideak lortu eta taldeak aurrera segitu eta ongi funtzionatzeko modua izan zezan.
Iruñeko Orfeoiak bereziki zaintzen du haur eta gazteen musika prestakuntza; horiek ahozko musika sinfonikoan prestatzeaz gain, egunen batean orfeoian sartzeko urratsa eman baitezakete. Gaur egun haurren abesbatza bat (6 urtetik gorako haurrak), eskolania bat eta gazteen abesbatza bat daude, zein bere lan planarekin eta emanaldiekin, baina hirurek sakontzen dute abesbatza hezkuntzaren, talde lanaren eta agertokiarekin ohitzeko helburuetan, ahalik eta musika eta giza prestakuntza hoberena osatzeko.
Iruñeko Orfeoiak, Iruñearen eta Nafarroaren izena eramanez, ahozko errepertorio sinfonikorako konposizio garrantzitsuenak kantatu ditu bere ibilbidean, eta hori munduko orkestra hoberenen ondoan eta nazioarteko jaialdi ospetsuenetan egin du, betiere obra klasikoak eta oso berritzaileak tartekatuz. Bere kalitateari esker, badira hirurogei urte baino gehiago, Espainiako mugak gainditu eta herrialde askotan eskatzen den abesbatza bihurtu zela, hainbesteraino non zenbait urtetan gehiagotan izan baita beste herrialde batzuetako kontzertuetan Espainiakoetan baino. Kalitate horregatik eta nazioarteko proiekzio horregatik, eta 1892tik aurrera, orfeoiak goraipamen eta sari oso garrantzitsuak jaso ditu, Espainiako Gobernuak, Iruñeko hiriak eta Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuak emanak, besteak beste.
Nafarroako Urrezko Domina, irailaren 28ko 290/1998 Foru Dekretuaren bidez ezarria, Nafarroako Foru Komunitatearen sarietan garrantzitsuena da, eta Nafarroako Gobernuak, herritarren iritzia bere eginik, Nafarroako interesen defentsan, promozioan edo sustapenean nabarmentzen diren pertsona edo entitateei ematen die sari hori.
Horregatik, eta kontuan hartuta Iruñeko Orfeoiak bere ibilbidean zer nolako musika lana burutu duen, zer ahots kalitate duen eta zenbaterainoko ospea eskuratu duen munduan -horrek ere Iruñearen eta Nafarroaren izen ona zabaldu du-, Nafarroako Urrezko Domina Iruñeko Orfeoiari ematea proposatzen da, aurtengo Nafarroaren Egunaren ekitaldien barrenean entregatzeko.
Horiek horrela, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilariak batera proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko azaroaren 15eko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
Nafarroako Urrezko Domina Iruñeko Orfeoiari ematea.
Iruñean, 2010eko azaroaren 15ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.
Iragarkiaren kodea: F1018986