1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
323/2010 FORU AGINDUA, urriaren 20koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, 2010eko Nafarroako gizarte zerbitzuen kalitaterako III. saria ematen duena.
Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak otsailaren 5ean emandako 33/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako gizarte zerbitzuen kalitaterako sariaren hirugarren ediziorako deialdia egin eta oinarri arautzaileak onetsi ziren.
2010eko urtarrilaren 25eko txostenak proposatzen du "Nafarroako gizarte zerbitzuen kalitaterako III. saria" arautzen duen foru agindua onestea eta, horretaz gainera, ezartzen du Tomás eta Lydia Recari García Fundazioak zuzenean ordainduko dizkiela bi modalitateetako irabazleei sari bakoitzeko hiru mila euroak.
2010eko irailaren 21ean, Nafarroako gizarte zerbitzuen kalitaterako sariaren hirugarren edizioko epaia eman zuen epaimahaiak.
Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak eman duen aldeko txostena ikusirik.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Nafarroako gizarte zerbitzuen kalitaterako III. saria, gizarte zerbitzuen erabiltzaileei laguntzeko modalitatean, Ilundáin Haritz-Berri Fundazioari ematea, baztertuta gelditzeko arriskua duten pertsonei zuzendutako "Lan Sarreran" programagatik.
2. Nafarroako gizarte zerbitzuen kalitaterako III. saria, zentro eta/edo zerbitzuetako langileen enpleguaren kalitatearen modalitatean, Asociación Navarra Nuevo Futuro elkarteari ematea, "Herramienta de flexibilidad, conciliación y gestión del propio tiempo. Giro hacia el empoderamiento y la autogestión" izeneko jardunbide egokiarengatik.
3. Ordainketa Tomás eta Lydia Recari García Fundazioak eginen du zuzenean. Fundazio horrek Nafarroako Gobernuarekin batera finantzatzen du saria.
4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Ilundáin Haritz-Berri Fundazioari eta Nuevo Futuro Elkarteari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan. Aditzera ematen da foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta horren kontra bidezkoa dela gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
5. Foru agindu hau igortzea Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzura eta Koordinazio eta Kudeaketa Administratiboaren Ataleko Administrazio Aferetarako Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Tomás eta Lydia Recari García Fundazioari jakinaraztea, sari bakoitzeko hiru mila euroak ordaintzeko bi modalitateetako irabazleei.
Iruñean, 2010eko urriaren 20an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.
Iragarkiaren kodea: F1017634