143. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 24a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

IRUÑEKO LEHEN AUZIALDIKO 4. EPAITEGIA

Ediktua. 1224/2010-D hipoteka-betearazpena

Mónica Pérez Orozcok, idazkari judizialak,

Aditzera ematen dut: organo judizial honetan hipoteka-betearazpeneko 1224/2010-D autoak bideratzen ari dira. Nafarroako Aurrezki Kutxa eta Bahitura Etxeak sustatu ditu, Miguel Leache Resano prokuradore jauna ordezkari duela, Fernando Echeverría Jiménez jaunaren eta M. Rosario Echeverría Jiménez andrearen aurka, diru kopuru hauek erreklamatzeko: 15.400,20 euroko printzipala, gehi interes eta kostuetarako kalkulatu diren 4.600,00 euro. Autoetan erabaki da ediktu honen atal nagusian azaltzen den ondasun higiezinaren enkante publikoa egitea, eta halaxe adierazten da ekitaldia organo honetako entzunaldi-aretoan 2011ko martxoaren 3ko eguerdiko hamabietan egin dadin, baldintza hauei jarraikiz:

Lehenbizikoa.-Posturak egiteko baldintzak. Enkantean parte hartzeko, lizitatzaileek beren nortasuna frogatu beharko dute. Enkantearen baldintzak ezagutzen dituztela aitortu beharko dute. Banesto bankuaren gordailu eta kontsignazioen 0030 8025 90 0000 0000 00 kontuan, oharretan 3161-0000-05-1224-10 erreferentzia jarriz, enkantean jartzen diren ondasunen balioaren %30 sartu izanaren gordekina aurkeztu beharko dute. Alderdi betearazleak enkantean parte har dezake, bakar-bakarrik, lizitatzailerik badago. Kasu horretan, ez du enkantean parte hartzeko dirurik jarri beharko. Postura egin eta errematea hirugarren bati lagatzeko ahalmena alderdi betearazleari dagokio, ez beste inori (PZLaren 647., 669.1 eta 666. artikuluak).

Bigarrena.-Idatzizko posturak. Idatzizko posturak enkantea iragartzen denetik hura hasi arte egin daitezke. Gutun-azal itxietan aurkeztuko dira, adierazitako baldintza berberetan. Gutun-azalak enkantearen hasieran irekiko dira. Gutun-azaletako posturak jendaurrean eginen dira, besteekin batera, eta ahoz egiten direnen ondorio berberak izanen dituzte (PZLaren 648. artikulua).

Hirugarrena.-Titulazioa eta zamak. Enkantean parte hartzeak berarekin dakar posturagileek autoetan agertzen den titulazioa askitzat hartzea edo, hala bada, titulaziorik ez dagoela onartzea. Era berean, auzi-jartzailearen kredituaren aurreko zamek eta kargek bere horretan segitzen dutela onartuko dute, halakorik bada, eta errematea beren alde esleituz gero, kredituen erantzukizunean subrogatuko direla.

Erregistroko ziurtagiriak eta, hala badagokio, ondasunen titulazioa epaitegiko idazkaritzan daude ikusgai (PZLaren 668. eta 669.2 artikuluak).

Laugarrena.-Ezinbesteko arrazoiengatik, epaitegiari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik edo, oker bat dela-kausa, enkantearen deialdia igande baterako edo jaiegun baterako egiteagatik, enkantea adierazitako egunean eta orduan egiterik ez badago, ulertuko da hurrengo egun baliodunean eginen dela, ordu berean, larunbatak kenduta.

Bosgarrena.-Jarduketak azterturik, ez da inolako errentamendurik ageri.

Seigarrena.-Betearazpenpekoak non diren ez jakiteagatik zitazioaren jakinarazpena egiterik ez balego ere, honako hau egiten da jakinarazteko balio izan dezan.

Enkantean jartzen diren ondasunak:

Etxebizitza bat, Atarrabiako Donapea kaleko 2an, eskaileratik igo eta hirugarren solairuko ezkerraldean, D motakoa; 78,78 metro karratuko azalera eraikia du, eta 63,92 metro karratuko azalera erabilgarria. Honela banatuta dago: sarrerako atondo eta banagunea; hiru logela; sukalde-jangela, balkoi batera ematen duena; eta bainugela, bainuontzi txikia, dutxa, komunontzia eta konketa dituena. Mugak: aurrean, eskailera-burua, eskailera-kaxa eta eskuinaldeko etxebizitza; eskuinean, Donapea kalea; ezkerrean, nabe baten eta beheko solairuaren gaina; eta hondoan, Ultzama kaleko 9ko eskuinaldeko etxebizitza.

Finka hori gaur egun honela dago seinalatuta: Atarrabiako Donapea kaleko 2 zenbakidun etxeko hirugarren solairuko ezkerraldeko etxebizitza.

Iruñeko 3. Jabetza Erregistroan inskribatuta dago: 2.516. liburukia, 137. orria, 747. finka. Balorazioa enkanterako: 31.102,37 euro.

Iruñean, 2010eko azaroaren 8an.-Idazkari judiziala, Mónica Pérez Orozco.

Iragarkiaren kodea: J1018447