143. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 24a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

EBROKO UR KONFEDERAZIOA

Ebroko Ur Konfederazioaren ebazpena, Ebroko urtegia erregulatzeko 2010eko kanona onestekoa

Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduaren 302. artikuluan (apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua, 1986ko 103. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, apirilaren 30ean) eta ur konfederazioen lehendakaritzen mendeko egitura organikoa zehazten duen uztailaren 28ko 984/1989 Errege Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ebroko Ur Konfederazioko Zuzendaritza Teknikoko 1. Ustiapen Zerbitzuak Ebroko urtegia erregulatzeko 2010eko kanonaren kalkulua eta azterlan teknikoa eta ekonomikoa egin zituen, eta azken horretan 1. Ustiapen Batzordeak parte hartu zuen (2010eko martxoaren 26ko bilkura).

Hori guztia ikusirik, ur konfederazio honetako Zuzendaritza Teknikoak, 2010eko apirilaren 8an, Ebroko urtegia erregulatzeko 2010eko kanonaren proposamena onetsi zuen, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduaren 302. artikuluan aurreikusitako ondorioak sortzeko eta proposamena jendaurrean jartzeko.

Horrenbestez, Zaragozako, Errioxako, Nafarroako, Burgosko eta Arabako aldizkari ofizialeTan 2010eko apirilaren 28an (Errioxa), maiatzaren 7an (Zaragoza eta Burgos), maiatzaren 19an (Nafarroa) eta maiatzaren 3an (Araba) iragarkiak argitaratuta, hamabost egunez jendaurrean jarri zen Ebroko urtegia erregulatzeko 2010eko kanonaren proposamena, honela banatuta:

A. Nekazaritzako erabiltzaileak.

1. Ebroko urtegia abiarazi ondoko kontzesioa duten hektareetan, Ebroko urtegiaren erregulazioari etekina ateratzen badiote, erregulazio kanon gisa 7,5638025 euro ordainduko dituzte hektareako.

2. Ebroko urtegia abiarazi aurreko kontzesioa duten hektareetan, berariazko sistema bati atxikita ez badaude, erregulazio kanon gisa 1,5127605 euro ordainduko dituzte hektareako.

3. Ebroko Ur Konfederazioak ustiatzen dituen ubideek, erregulazio kanon gisa, ureztapen tarifetan 1,5127605 euroko zenbatekoa sartuko dute hektareako, Ebroko urtegia abiarazi baino lehen ureztaturiko hektareetarako, eta 7,5638025 eurokoa, aldiz, ondoren ureztaturiko hektareetarako. Halaber, 0,0047274 euro ordainduko dira Ebroko urtegiaren ondorengo horniduretarako erabilitako metro kubiko bakoitzeko eta 0,0009455 euro, berriz, Ebroko urtegiaren aurreko horniduretarako erabilitako metro kubiko bakoitzeko.

B. Erabiltzaile hidroelektrikoak.

1. Ebroko urtegia abiarazi ondoko ur-jauziei instalazio bakoitzari dagokion kanona 0,0018910 eurokoa da, Ebroko urtegiak ibaiaren agorraldiko ohiko ur emariaren gainean hornitzen dituen emariek sortutako ekoizpenaren Kwh-ko, dagokien neguko kenketa kontuan hartuta.

2. Urtegia abiarazi aurreko Ebro ibaiko ur-jauzi guztiek, berriz, erregulazio kanon gisa 0,00094548 euro ordainduko dituzte sobera eskuratutako Kwh-ko.

C. Hornidurak.

Ebroko urtegia abiarazi ondoko kontzesioa duten hornidurek, berariazko sistema bati atxikita ez badaude, erregulazio kanon gisa 0,0047274 euro ordainduko dituzte sobera eskuratutako metro kubiko ur bakoitzeko.

Ebroko urtegia abiarazi aurreko kontzesioa duten hornidurek, berariazko sistema bati atxikita ez badaude, erregulazio kanon gisa 0,00094548 euro ordainduko dituzte sobera eskuratutako metro kubiko ur bakoitzeko.

D. Industriako erabiltzaileak.

Ebroko urtegiaren erregulazioari etekina ateratzen dioten industriako erabiltzaileek 0,4727377 euro ordainduko dituzte erregulazio kanon gisa, sobera eskuratutako 1.000 m³-ko.

Jendaurreko epean Iberdrola Renovables, S.A.k eta Iberdrola Generación S.A.U.k erreklamazioak aurkeztu zituzten. Zuzendaritza Teknikoak eta Arlo Juridikoak haien edukiaren berri eman dute eta horiek ez onartzea proposatu dute. Horrek guztiak Lehendakaritza honen 2010eko azaroaren 3ko Ebazpena ekarri du, Urari buruzko Legearen testu bateginaren 30.1.e) artikuluan eta Uraren Administrazio Publikoari eta Plangintza Hidrologikoari buruzko Erregelamenduaren (uztailaren 29ko 927/1988 Errege Dekretua) 33.2.i) artikuluan ematen zaion eginkizuna betez emandakoa. Horren arabera, honakoa xedatu da:

Iberdrola Renovables, S.A.k eta Iberdrola Generación S.A.U.k aurkezturiko erreklamazioak ez onartzea eta espediente honen xede den Ebroko urtegiaren 2010eko erregulazio kanona onestea.

Ebazpen hau Zaragozako, Errioxako, Nafarroako, Burgosko eta Arabako aldizkari ofizialetan argitaratuko da.

Ebazpen honen berri ematea interesdunei, bidezkoak diren errekurtsoak adierazita, eta Ebroko Ur Konfederazioko zerbitzuei.

Ebazpen hau ekonomiko-administratiboa denez, Zergei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorrak (2003ko 302. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abenduaren 18koa) 222., 223., 224., 229. eta 235. artikuluetan xedatutakoaren arabera, ebazpen honen aurka erreklamazioa jar daiteke hilabeteko epean Aragoiko Lurralde Auzitegi Ekonomiko Administratiboan, edo, nahi bada, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke epe berean, konfederazio honi zuzenduta. Bai erreklamazioa jartzeko idazkia bai errekurtsoarena aipatutako epe horretan aurkeztu behar dira Ebroko Ur Konfederazio honetan. Ohartarazten da aurka egiteko bi bideak ezin direla aldi berean erabili.

Zaragozan, 2010eko azaroaren 5ean.-Idazkari nagusia, María Teresa Santos Ruiz de Eguílaz.

Iragarkiaren kodea: E1019012