143. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2010eko urriaren 13an hartua, Izizeko (Galoze) eskualdeko industrialdea ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzen duen espedientea onesten duena, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak sustaturik. Aldaketa, besteak beste, azpiegituretarako bide zorrak lurzati eraikigarrietatik kentzeari buruzkoa da.

Nafarroako Gobernuak 2010eko otsailaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez, Izizeko (Galoze) eskualdeko industrialdea, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak sustatua, ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioa hasi, jendaurrean jarri eta Udalari entzunaldia eman zitzaion, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioak izan zitezen. Erabaki hori 2010eko 28. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 3an.

Espediente horren helburu nagusia lurzati batzuk ukitzen dituzten azpiegituretako bide zorrak kentzea da, lurzati horien etorkizuneko barne antolamendua ez mugatzeko. Horrela, zorrek lurzoru publikoan osatzen dituzten korridoreen azalerak aldatuko dira. Era berean, proposamen horrek hainbat lurzatiren tamaina aldatzea, lurzati eraikigarrien azalera murriztea eta, horren ondorioz, industrialdeko eraikigarritasuna murriztea dakar. Halaber, espedienteak bide publikoetan aparkatzeko plazen kopurua gehitzea eta ekipamendutarako lurzatiari edo E motakoari buruzko araudia aldatzea proposatu du, itxiturak debekatzeko.

Espedientea jendaurrean egon den bitartean, Galozeko Udalak alegazio idazkia aurkeztu du eta, horren bidez, Nafarroako Gobernuari eskatu dio bide berria eraikitzeko "industrialdera sartzeko kurbatik; NA-178 errepidearekiko paralelo joan eta aldapa bat igaro ondoren, Uskartze-Izizeko errepidearekin lotuko litzateke". Bide horrek industrialdetik udal hondakindegira hondarrak garraiatzen dituzten ibilgailuak Izizeko herrigunea zeharkatzea eragotziko du (industrialdean instalaturiko enpresa gehienek eraikuntza sektorean egiten dute lan).

Alegazio hori ikusita, bidezkoa da adieraztea espedientean proposatzen diren aldaketek ez dutela ibilgailuak industrialdean sartzeko baldintzak edo beharrizanak aldatzera behartzen, hiri hondakinen kudeaketa eta jardueren baimena udalaren eskumenak diren kontuan hartu gabe eta indarra duen legediak esleitutako garrantzia izanda.

Horrez gain, espedientea abiarazi duen Erabakiak honakoa xedatu du: "2. Espedientea ebatzi baino lehen, espedientearen dokumentazioa eguneratu beharko da, Erabaki honen azalpen zatian adierazitakoaren arabera".

Determinazio horri erantzuteko, sustatzaileak dokumentazio berria, Nafarroako Gobernuaren 2006ko urtarrilaren 9ko Erabakian jasotako determinazioak biltzen dituena, bidali zuen 2010eko uztailaren 15ean, Jimeno Montes Hnos. Sozietateak sustaturiko "Izizeko industrialdeko B5 lurzatiaren xehetasun azterlana" izeneko agiriaren edukiarekin bat. Aipatu erabakian Izizeko (Galoze) eskualdeko industrialdea, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak sustatua, ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea onetsi zen. (12. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2006ko urtarrilaren 27koa).

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.

2. Izizeko (Galoze) eskualdeko industrialdea ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzen duen espedientea onestea, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak sustaturik. Aldaketa, besteak beste, azpiegituretarako bide zorrak lurzati eraikigarrietatik kentzeari buruzkoa da.

3. Plan hau egitearen ondorioz ukiturik gerta litezkeen edo obra baldintzatu lezaketen beste azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileek behar diren baimen guztiak eskuratu beharko ditu.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Erabaki hau Galozeko Udalari jakinaraztea. Aditzera ematen da, halaber, erabaki horrek bide administratiboa amaitzen duela eta haren kontra bidezko dela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu edo, kasua bada, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, Administrazio Publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2010eko urriaren 13an.-Nafarroako Gobernuko ordezko kontseilari idazkaria (Nafarroako Gobernuko lehendakariak irailaren 20an emandako 9/2010 Foru Dekretua), Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F1016929