143. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

71/2010 FORU DEKRETUA, azaroaren 8koa, Agustín Otondo Dufurrena jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Nafarroako Gobernuak, apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez, "Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea" kondekorazioa sortu zuen, Foru Komunitatea ezagutarazten eta hari ospea ematen beren esparruetan nabarmendu diren pertsona eta entitateek egindako lana jendaurrean azpimarratu eta aitortze aldera. 104/1997 Foru Dekretuak kondekorazioari Karlos III.a Noblea izena jartzea gomendatzen zuen, Nafarroako erregeen artean nabarmendu zen erregea izan zelako, bere izaera bakezale eta adiskidetzaileagatik, kulturaren eta artearen alde egindako ekimenengatik eta Europako gainerako gorteekin bakea eta adiskidetasuna ezartzeagatik.

Bere merezimendu objektiboak ikusirik, eta erakundeen aintzatespenaren erakusgarri, egokia dirudi Agustín Otondo Dufurrena jaunari 2010. urteko Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea. Txileko Nafar Etxeko bazkide sortzaile eta lehenbiziko lehendakari izana, aktiboki parte hartu du Espainia Txilen ordezkatu duten zenbait entitatetan, eta Nafarroak Txilen duen presentziari buruzko ikerketa lanetan eta zabalkunde historikoko lanetan -genealogia eta heraldika- nabarmendu da.

Agustín Otondo Dufurrena Baztango Erratzun jaio zen 1934ko uztailaren 28an. 1949 lehenbiziko hilabeteetan Txilera emigratu zuen eta, han, okindegiaren sektoreko zenbait lanetan aritu zen lehen unetik. Gero, industriala izatera iritsi zen, eta bere anaia Franciscorekin batera, Bonmesón enpresako okindegiak, gozotegiak eta botilategiak ditu, Santiagon. Estadio Español de Las Condes S. A. inmobiliariako zuzendaria ere bada.

Ekintzarako eta zerbitzu publikorako bokazioak Santiago hiriburuko Las Condes aldeko Garapen Komunalaren Kontseiluko kontseilari (zinegotzi) izatera eraman du. Gainera, O'Higgins Probintziako Adiskidetze eta Arbitraje Batzordeko kide ere izan da, enpresaburuak ordezkatuz. Batzorde horrek lan akordioak bilatzen ditu beti sindikatuekin. Eta, orobat, Quillotako Departamentuko Okindegi Jabeen Sindikatuko bazkide sortzailea izan da, O'Higgins eta Colchagua probintzietako Okindegi Jabeen Sindikatuko buru, Okindegietako Industrialen Txileko Federazioko zuzendari, Saltoki Jabeen Gremioko Elkarteko zuzendari (Sideco Oriente), Alonso de Ercilla Kulturako Txiletar eta Euskal Instituko bazkide sortzaile, Euskal Jatorriko Profesionalen Elkarteko bazkide sortzaile eta zuzendari, Quillotako Espainiar Zentroko bazkide sortzaile, Txileko Espainiar Erakundeen Elkarteko idazkariorde eta zuzendari eta Txilen bizi diren espainiarren Kontseiluko zuzendari ordezko. Agustín Otondo Dufurrena erakunde hauetako bazkide ere bada: Las Condesko Kultur Institutua; Las Condesko Estadio Espainiarra; Santiagoko Elkarte Espainiarra; eta Ikerketa Genealogikoen Txileko Institutuko osoko kidea eta diruzaina eta Txileko Emigrazio Espainiarraren Artxibo Nagusiko zuzendaria.

Agustín Otondo, gaur egun Txileko Nafar Etxeko lehendakariordea baita, "Emigración a Chile del Valle de Baztán (Navarra) en el siglo XX" liburuaren egilea da, Patricio Legarraga Raddatz jaunarekin batera. Nafarroako Gobernuak argitaratu zuen, eta laburpen bat agertu zen Txileko Ikerketa Historikoen Aldizkarian. Beste liburu batzuk ere argitaratu ditu, batzuk Nafarroan eta beste batzuk Txilen, hala nola: Diccionario Histórico, Biográfico del Valle de Baztán (Navarra); Genealogía, Hidalguía y Blasones de la Familia Otondo, originaria del valle de Baztán (Navarra); Apellidos de Navarra y sus Blasones Familiares; eta Fichas de la Emigración a Chile de Navarra y Euskadi. Nafarroako Gobernuak "Navarra y la emigración a Chile: genealogía y armas" ikerketa argitaratuko du laster. Eta ikertzen jarraitzen du Txilen errotutako familien armei eta lerroei buruz, Blasonario de la Consanguinidad Ibérica eta Heraldario Español, Europeo y Americano lanetan argitaratzeko.

Nafarra izateaz harro dagoen pertsona horren ekintza horiek guztiek nabarmen lagundu dute nafarrek Txilen duten ordezkapena agertarazten, eta, halaber, historian zehar herrialde horretan izan diren nafarren ezagutza zehatza izaten. Horregatik guztiagatik, egokia da Nafarroako Gobernuak Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea Agustín Otondo Dufurrena jaunari.

Horiek horrela, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko azaroaren 8ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Agustín Otondo Dufurrena jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

Iruñean, 2010eko azaroaren 8an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko kontseilaria, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F1018421