Iragarkia
143. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 24a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
70/2010 FORU DEKRETUA, azaroaren 8koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituena.
ZIOEN AZALPENA
Espainiako Konstituzioaren 48. artikuluak botere publikoen esku uzten du gazteek garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean parte-hartze libre eta eragilea izateko baldintzak sustatzea. Bere aldetik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.18 artikuluak Foru Komunitateari gazteentzako politikaren arloko eskumen esklusiboak ematen dizkio.
Gizartea oso bizkor aldatzen da eta horrek behar, itxaropen eta eskaera berriak sortzen ditu herritar guztiengan, oro har. Hezkuntza, enplegua, etxebizitza eta emantzipazioa bereziki gazteei eragiten dieten aferetako batzuk dira. Horregatik, administrazio publikoek gazteen benetako premiak asetzeko eta norberaren autonomia, trebakuntza eta garapen osoa lortzeko politikak egin behar dituzte. Horregatik, gazteek gizarte aldakor honetan guztiz integratzea eta haien parte-hartze soziala, politikoa, ekonomikoa eta kulturala bermatzea bultzatu behar da.
Horiek horrela, komenigarritzat jo zen erakunde autonomo bat, Nafarroako Gazteriaren Institutua, sortzea, gazteriari buruzko gaiei modu espezifikoan ekiteko. Erakunde autonomo hori, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren menpekoa, eta baita haren estatutuak ere, irailaren 24ko 217/2007 Dekretuaren bidez onetsi ziren. Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen VIII. Tituluarekin bat, titulu horretan ezartzen baita erakunde publikoak Nafarroako Gobernuaren foru dekretuaren bidez sortuko direla.
217/2007 Foru Dekretua, irailaren 24koa, onetsi eta argitaratu zenetik iragandako denbora pasatu ahala, beste foru dekretu baten bidez estatutu berriak onesteko beharra agerian gelditu da, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren kudeaketa hobetzeko aldaketa batzuk egin eta egungo errealitateari egokitzeko.
Horiek horrela, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko azaroaren zortzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
1. artikulua. Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoaren Estatutuak onetsi dira eta horien testua foru dekretu honen eranskinean ageri da.
2. artikulua. Nafarroako Gazteriaren Institutuaren xede orokorra da hiritar gazteen eskubideak babestea eta, horretarako, gazteek garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean libreki eta eraginkortasunez parte hartzea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erakundeetan zeharka jardutea bultzatuko da. Hori guztia indarrean den araudiari jarraikiz.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Xedapen gehigarri bakarra.- Genero berdintasuna.
Zenbait pertsona, kargu edo lanposturi buruz ari denean foru dekretu honek genero gramatikal maskulinoko izenak erabiltzen dituen kasu guztietan (gaztelaniazko "consejero", "director", "presidente", "secretario" eta abar) ulertu behar da adierazpideen ekonomia hutsagatik jokatzen dela horrela, eta postu horiek orokorrean hartzen dituela hizpide, haiek bai emakumezkoek bai gizonezkoek betetzen dituztela ere, erabateko berdintasun-baldintzetan, ondorio juridikoen ikuspegitik.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Xedapen iragankor bakarra.-Atalak baino maila txikiagokoak diren unitate organikoen iraupena.
Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, orain arte Nafarroako Gazteriaren Institutuaren menpean atalak baino maila txikiagokoak dauden unitate organikoek berdin segituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete.
XEDAPEN INDARGABETZAILEAK
Xedapen indargabetzaile bakarra.-Indargabetutako arauak.
Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honi kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, bereziki, Nafarroako Gazteriaren Institutua eratzen duen eta bere estatutuak onesten dituen irailaren 24ko 217/2007 Foru Dekretua.
AZKEN XEDAPENAK
Azken xedapenetan lehena.-Arauak emateko gaitasuna.
Ahalmena ematen zaio Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken xedapenetan bigarrena.-Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2010eko azaroaren 8an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.
ERANSKINA
Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak
I. TITULUA
Izaera, atxikipena eta eskumenak
1. artikulua. Izaera.
Nafarroako Gazteriaren Institutua, administrazio izaerako erakunde autonomo bat da, nortasun juridiko propioa duena, bai eta jarduteko ahalmen osoa ere, xedeak bete ahal izateko.
2. artikulua. Atxikipena.
Nafarroako Gazteriaren Institutua, bere helburuak betetzeko, Nafarroako Gobernuko Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuak plangintza eta politika orokorrari dagokionez ematen dituen aginduen mendean eta hari atxikia dago. Bestalde, departamentu horren esku gelditzen dira institutua kontrolatu eta babesteko ahalmenak, estatutuetan, foru legerian eta administrazioari buruzko legerian esleitzen zaizkionak, hain zuzen ere.
3. artikulua. Eskumenak eta eginkizunak.
1. Nafarroako Gazteriaren Institutuari eskumen hauek dagozkio:
a) Gazteriaren politikak planifikatu, sustatu eta ebaluatzea ikuspegi bikoitz batetik: ekintza espezifikoak garatzea eta gazteriaren arloan zeharkakotasun printzipioa aplikatzea.
b) Nafarroako Gobernuak gazteen arloan dituen eskumenak koordinatzea eta Gobernuak esleitzen ahal dizkionak ere.
c) Berariazko legeriak ondare, kontratu, aurrekontu, kontabilitate eta finantzen eta langileriaren kontrolaren arloan erakunde autonomoei esleitzen dizkienak.
2. Eskumenen garapenaren arloan, Nafarroako Gazteriaren Institutuak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Gazteriaren arloko zerbitzu eta programa espezifikoak bultzatu, kudeatu eta begiratzea.
b) Atxikirik dituen zentro eta instalazioak kudeatzea eta horietan egiten diren mantentze eta berritze lanak, inbertsioak eta ekipamenduak.
c) Laguntza eta dirulaguntzetarako programak zuzendu eta kudeatzea.
d) Estatutu hauetan xedaturikoarekin bat, Nafarroako Gazteriaren Institutuak bere dituen arloetan aholkatu eta informatzea.
e) Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuek nahiz bestelako administrazio publikoek gazteen arloan eskatzen dituzten txostenak eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren helburuak lortzen laguntzen duten jarduera guztiak egitea.
f) Esleitzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun, indarra duen legeriarekin bat.
II. TITULUA
Titulua
I. KAPITULUA
Zuzendaritza organoak
4. artikulua. Zuzendaritza organoak.
Honako hauek dira Nafarroako Gazteriaren Institutuaren zuzendaritza organoak:
a) Gobernu Kontseilua.
b) Kudeaketa Zuzendaritza.
c) Gazteriaren Zuzendariordetza.
II. KAPITULUA
Gobernu kontseilua
5. artikulua. Osaera.
1. Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Gobernu Kontseiluak kide hauek ditu:
a) Lehendakaria: Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria.
b) Lehendakariordea: Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea.
c) Mahaikidea: Nafarroako Gazteriaren Institutuko Gazteriaren zuzendariordea.
d) Mahaikidea: Departamentuko idazkari tekniko nagusia.
e) Mahaikide idazkaria: Nafarroako Gazteriaren Institutuko Idazkaritza Nagusiaren eta Azpiegituren Ataleko burua.
2. Departamentuak Gobernu Kontseiluan dituen kideen artetik zuzendaritza karguren bat hutsik geldituz gero, departamentuko titularrak haien ordezkoak izendatuko ditu, aldi baterako, behin betiko izendatu bitartean.
3. Gobernu Kontseiluak, bidezko baderitzo, baimena ematen ahalko die gazteriaren organo eta entitateen ordezkariei bilkuretan parte har dezaten. Hizpidea izanen dute, baina botorik ez.
6. artikulua. Ahalmenak.
Honako ahalmen hauek izanen ditu Gobernu Kontseiluak:
a) Gazteriaren Institutuaren ondarea administratzea.
b) Urtero, erakunde autonomoaren aurrekonturako aurreproiektuaren proposamenari buruzko txostenak egitea.
c) Erakundearen zuzendaritza eginkizunak kontrolatu eta gainbegiratzea.
d) Zentro eta instalazio berekiak erabiltzeko prezio eta tarifak onestea.
e) Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak presa dela-eta hartu behar izan dituen ebazpenen berri izatea.
f) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun, indarra duen legeriarekin bat.
7. artikulua. Gobernu Kontseiluko lehendakariaren ahalmenak.
1. Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Gobernu Kontseiluko lehendakariak ahalmen hauek izanen ditu:
a) Gobernu Kontseiluaren bilkuretarako deia egitea, eguneko gai zerrenda finkatzea, bilkuretako buru izatea eta horiek zuzentzea.
b) Gobernu Kontseiluaren erabakiak eta horren jardunaren arauak betearaztea.
2. Kargua hutsik dagoenean, edo lehendakaria kanpoan edo gaixo dagonean, edo ezin jardun duenean, haren ordez lehendakariordea arituko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 31.2 artikuluak ezarri bezala.
8. artikulua. Idazkaria.
1. Nafarroako Gazteriaren Institutuko Idazkaritza Nagusiaren eta Azpiegituren Ataleko burua Gobernu Kontseiluko idazkaria izanen da.
2. Idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Gobernu Kontseiluaren lanak prestatzea, lehendakariordearekin elkarlanean, eta haren erabakiak betearazteko izapideak egitea, lehendakariaren jarraibideei jarraikiz.
b) Osoko bilkuretako akta jasotzea, hartzen diren erabakien fede ematea eta eskatzen diren ziurtagiriak luzatzea, Gobernu Kontseiluaren liburu eta dokumentuak zaintzea eta deialdiez arduratzea.
c) Agintzen zaizkion gainerako eginkizunak betetzea.
9. artikulua. Funtzionamendua.
1. Gobernu Kontseilua nahitaez urtean behin bilduko da bilkura arruntean. Bilkura bereziak lehendakaritzak hala erabakirik eginen dira.
2. Gobernu Kontseiluaren jardunerako, organo kolegiatuei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak ezartzen duenari men eginen zaio.
10. artikulua. Aholkularitza.
Gobernu Kontseiluak edozein unetan eskatzen ahalko du zenbait pertsonaren aholkua, dituzten ezagupen, prestakuntza, entzute edo bestelako inguruabarrak direla medio haien esku-hartzea egokitzat jotzen baldin badu. Kasu horretan, dei berezia eginen zaie horretarako.
III. KAPITULUA
Kudeaketa Zuzendaritza
11. artikulua. Izendapena eta kargutik kentzea.
1. Nafarroako Gobernuak izendatu eta kenduko du kargutik zuzendari kudeatzailea, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariak proposaturik.
2. Gaixo egoteagatik edo bestelako gorabeherengatik Gazteriaren zuzendariordeak ordeztuko du zuzendari kudeatzailea.
12. artikulua. Eginkizunak.
Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak, besteak beste, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Erakundearen jardunean goreneko ardura bere gain hartzea.
b) Erakundearen ordezkaria izatea.
c) Gobernu Kontseiluaren eta lehendakariaren erabakiak bete eta betearaztea eta presako kasuetan, beharrezkoa bada, behar diren probidentzia eta ebazpenak ematea, eta hurrengo bilkuran Gobernu Batzordeari horren berri ematea.
d) Gazteriaren arloko zeharkako politika publikoak zuzendu, planifikatu eta ebaluatzea indarra duen araudiaren arabera.
e) Departamentuarteko Batzordea koordinatu eta zeharkako harremanak bultzatzea, gazteriaren arloko politikak garatzeko.
f) Gazteekin elkarrizketa iraunkorra eta egituratua izatea eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluarekiko harremanak koordinatzea.
g) Gazteriari buruzko gaien inguruko elkarrizketa eta lankidetza bultzatzea toki entitaeen, eragile ekonomiko eta sozialen, gazteriaren arloko profesionalen eta arlo honetan eskumenak dituzten bestelako erakundeen artean.
h) Nafarroako Gazteriaren Institutuaren jarduera eta organo guztiak zuzentzea.
i) Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola zuzentzea.
j) Gazteriaren Behatokia zuzentzea.
k) Erakundeari atxikiriko instalazio eta zentroek jarduteko irizpideak onestea.
l) Nafarroako Gobernuak edo departamentuko kontseilariak espedienteak ebaztea arrazoitzen duten proposamenei buruzko txostenak egitea.
II) Erakundearen jardunaren administrazio ebazpenak ematea eta administrazio ekintzak bete daitezen agintzea.
m) Erakunde autonomoen ordezkariei kontratazio administratiboaren arloan indarra duen araudiak kontratuak gauzatzeko ematen dizkien eskumenak.
n) Erakunde autonomoak jarduteko beharrezkoak diren gastu xeheak baimentzeko ahalmena, aurrekontuei, ekonomiari eta kontratuei buruzko araudiak zuzendari nagusiei esleitzen diena.
ñ) Ondare erantzukizuneko prozedurak eta auzibide zibila eta lan auzibidea baino lehenagoko erreklamazioak ebaztea, langileriaren arloko erreklamazioak izan ezik, eskumen hori Nafarroako Gazteriaren Institutuari baitagokio.
o) Edozein gastu ekonomiko baimendu eta xedatzea, pagatzeko obligazioak aitortzea eta erakundearen aurrekontuko aurreproiektuaren proposamena egitea, arlo horretan indarra duen araudian ezarritakoaren arabera.
p) Nafarroako Gazteriaren Institutuaren helburuak ezartzea eta urteroko memoria eta jarduteko programak prestatzea.
q) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko inbertsioak eta azpiegiturak baimentzea, bai eta instalazioak aterpetxeen sarean sartzea ere eta gazteentzako instalazioak gainbegiratzea.
r) Nafarroako Gazteriaren Institutuko atalburuak, bulegoburuak eta bestelako unitate administratiboetako buruak bitarte baterako izendatzea.
s) Nafarroako Gazteriaren Institutuko zentroetako zuzendariak, haren plantilla organikoan agertzen direnak, bitarte baterako izendatzea.
t) Langileriari buruzko arautegiak erakunde autonomoei arlo horretan ematen dizkien gainerako eskudantziak.
u) Departamentuko kontseilari titularrak karguari loturik esleituko dizkion eginkizun guztiak.
13. artikulua. Eskuordetzea.
Zuzendari kudeatzaileak dituen eskudantzietako batzuk Gazteriaren zuzendariordearen esku utz ditzake, indarra duen legerian ezarritakoaren arabera.
IV. KAPITULUA
Gazteriaren Zuzendariordetza
14. artikulua. Gazteriaren Zuzendariordetza.
Gazteriaren Zuzendariordetza zuzenean Nafarroako Gazteriaren Institutuko Kudeaketa Zuzendaritzaren mende egonen da, eta haren planifikazioaren, zuzendaritzaren eta koordinazioaren babespean arituko da.
15. artikulua. Izendapena.
Nafarroako Gobernuak Gazteriaren zuzendariordea foru dekretu bidez izendatu eta kenduko du kargutik, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariak proposaturik.
16. artikulua. Eginkizunak.
1. Gazteriaren Zuzendariordetzak eginkizun hauek izanen ditu, besteak beste:
a) Zuzendariordetza osatzen duten atalen jarduerak antolatu, banatu eta gainbegiratzea.
b) Gazteentzako programak, zerbitzuak eta jarduerak diseinatu, koordinatu eta antolatzea, Nafarroako Gazteriaren Institutuak gazteriaren arloan dituen eskumenen esparruan.
c) Gazteei informazioa, dokumentazioa eta aholkularitza ematea helburua duten ekintzak koordinatu eta hobetzea.
d) Hezkuntza ez-formalarekin zerikusia duten alderdi guztiak koordinatzea, astialdiko eskolen onarpen ofiziala eta hartutako prestakuntzaren aitorpena barne direla.
e) Gazteen sormen artistikoa eta artista gazteen profesionalizazioa bultzatzea.
f) Gazteek eta haien entitateek egiten dituzten jarduerak eta ekimenak sustatzea eta laguntzea.
g) Gazteen parte-hartzea, gazteen elkarteak eta boluntariotza ekintzen bidez sustatzea.
h) Gazteriaren arloko laguntza eta dirulaguntzak diseinatu eta kudeatzea.
i) Gazteriaren arloan sor daitezkeen batzorde edo lantaldeek hartzen dituzten erabaki eta programak koordinatzea eta, behar denean, kudeatzea.
j) Nafarroako Gazteriaren sarien banaketa koordinatu eta antolatzea.
k) Toki entitaeekin, eragile ekonomiko eta sozialekin eta bestelako erakundeekin ezartzen diren harremanak koordinatzea, baimendu ondoren haiekin batera ekintzak egiteko, lankidetza hitzarmenak sustatzeko.
l) Eduki propioak koordinatu eta kudeatzea informazio sistemetan eta informazio bideetan, bereziki web orrian.
m) Nafarroako Gazteriaren Institutuko errolden kudeaketa koordinatzea.
n) Diziplina espedienteak irekitzea, arau-hauste arinengatik.
ñ) Nafarroako Gazteriaren Institutuko Kudeaketa Zuzendaritzari eta gainerako unitateei haien eskumeneko arloetan aholkatzea eta laguntzea, eta deskribatu diren edo haien osagarriak diren eginkizunen antzekoak direnak eta Kudeaketa Zuzendaritzak esleitzen ahal dituen eginkizunak garatzea.
2. Erakunde autonomoak jarduteko beharrezkoak diren gastu xeheak baimentzeko ahalmena dagokio Gazteriaren zuzendariordeari, aurrekontu eta ekonomiari buruzko araudiak zerbitzuetako zuzendariei ematen badie eskumen hori.
V. KAPITULUA
Atalak
17. artikulua. Nafarroako Gazteriaren Institutuaren atalak.
1. Kudeaketa Zuzendaritzaren menpe egonen da Plangintzaren eta Gazteriaren Behatokiaren Atala.
2. Gazteriaren Zuzendariordetzaren menpe ondoko atal hauek egonen dira:
a) Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atala.
b) Idazkaritza Nagusiaren eta Azpiegituren Atala.
18. artikulua. Plangintzaren eta Gazteriaren Behatokiaren Atala.
Plangintzaren eta Gazteriaren Behatokiaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Atalaren jarduerak antolatu eta banatzea.
b) Gazteriari buruzko Foru Legearen garapena eta haren ondorengo arau-garapena koordinatzea.
c) Gazteriaren arloko politikak diseinatu, jarraitu eta ebaluatzea neurtzeko adierazleen bitartez.
d) Gazteriaren arloko berrikuntzak proposatu eta gazteen interes orokorrerako berrienak direnak bultzatzea.
e) Gazteriaren Behatokia sortu eta kudeatzea.
f) Nafarroako Gazteriaren Institutuak bere dituen arloetako datu estatistikoak landu eta mantentzea, Nafarroako Estatistika Institutuarekin eta bestelako erakundeekin koordinatuz.
g) Nafarroako Gazteriaren Institutuko erroldak sortu eta arautzea.
h) Gazteriarekin lotutako ikerlanak, azterlanak eta txostenak koordinatu eta egitea.
i) Nafarroako Gazteriaren Institutuaren eremuko argitalpen interesgarriak argitaratzea.
j) Nafarroako Gazteentzako Argibide Sarea eta Esan Gazteen telefonoa kudeatzea.
k) Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola, aitorpen ofiziala eta astialdiko eskolak kudeatzea.
l) Gazteekin lan egiten duten teknikarientzako etengabeko prestakuntza programak diseinatu, garatu eta sustatzea Gazteentzako Jardueren Eskolaren bitartez.
m) Gazteriaren arloko profil profesionalak arautzea profesionaltasunaren kualifikazioen arabera.
n) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zeharkako arloetan dituen eginkizunak bere gain hartzea, genero berdintasuna eta estatistika, besteak beste.
ñ) Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Modernizazioa eta Administrazio Elektronikoa bultzatzea, indarra duen araudiarekin bat.
o) Administrazio jardunbide egokien kodearen ezarpena bultzatu eta koordinatzea.
p) Nafarroako Gazteriaren Institutuko Kudeaketa Zuzendaritzari txostenak egin, aholkuak eta sostengua ematea, bere dituen eginkizunak egiten dituenean, eta ebazpen proposamenak egitea.
q) Antzeko eginkizunak edo horien osagarriak eta Nafarroako Gazteriaren Institutuko Kudeaketa Zuzendaritzak agintzen dizkionak.
19. artikulua. Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atala.
Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Atalaren jarduerak antolatu eta banatzea.
b) Gazteen arteko trukaketak eta udako jarduerak bultzatu eta antolatzea.
c) Atzerrian hizkuntzak ikasi eta praktikatzeko programak sustatu eta kudeatzea.
d) Gazteentzako programa europarrak sustatu eta kudeatzea, nazioarteko mugikortasuna eta kultur ikaskuntza bultzateko.
e) Gazteen kultur sormena bultzatu eta gazteei arte arloan parte hartzeko laguntza ematea, lehiaketen eta diru-laguntzetarako deialdien bitartez.
f) "Gazteak ekinean" programa europarra kudeatzea.
g) Gazte txartela -26 eta +26 urte eta bestelako nazioarteko txartelak kudeatzea.
h) Gazteen artean nazioarteko mugikortasuna, hizkuntzak ikastea eta gazte turismoa bultzatzeko programak garatzea, Europako eta Estatuko erakundeekin edo/eta beste autonomia erkidegoekin bat.
i) Gazteen balioak garatu eta haien autonomia hobetzeko zerbitzu eta programa espezifiko eta/edo zeharkakoak sustatzea.
j) Gazteek gizartean parte hartzea eta gazteen boluntariotza errazten duten programak garatzea.
k) Toki entitateak, gazteen elkarteak eta gazteen ordezkaritzako eskumenak dituzten bestelako entitateak aholkatzea.
l) Gazteentzat toki mailan egindako politika publikoak bultzatzeko laguntzak kudeatzea indarrean den araudiarekin bat.
m) Toki entitateetan eta gazteen elkarteetan inbertsioetarako eta ekipamenduetarako gazte arloko laguntzak eta diru-laguntzak kudeatzea.
n) Gazteen elkarte eta entitateentzako laguntzak eta diru-laguntzak kudeatzea.
ñ) Atalaren eskumenekoak diren erroldak eguneratzea.
o) Nafarroako Gazteriaren Institutuko Zuzendariordetzari txostenak egin, aholkuak eta sostengua ematea, bere eskumenen barruan egindako jardueretan, eta ebazpen proposamenak egitea.
p) Antzeko eginkizunak edo horien osagarriak eta Gazteriaren Zuzendariordetzak agintzen dizkionak.
20. artikulua. Idazkaritza Nagusiaren eta Azpiegituren Atala.
Idazkaritza Nagusiaren eta Azpiegituren Atalak egiinkizun hauek izanen ditu:
a) Nafarroako Gazteriaren Institutuko jarduera administratiboak planifikatzea, koordinatzea eta banatzea.
b) Erakundeko Erregistro Nagusia eta Artxibo Nagusia koordinatu eta kudeatzea.
c) Erakundearen beraren dokumentuak, hirugarrenengan ondorioak izanen dituztenak, konpultsatzea eta ebazpenak eta Nafarroako Gazteriaren Institutuan dauden dokumentu eta datuak ziurtatzea.
d) Nafarroako Gazteriaren Institutuko giza baliabideen eta barne araubidearen arloak koordinatu eta kudeatzea.
e) Erakundearen unitate organikoen multzoan eragina duten izaera orokorreko afera administratibo eta juridikoen kudeaketa koordinatzea.
f) Erakunde autonomoaren jarduera ekonomiko-administratiboa planifikatu eta kudeatzea eta aurrekontuaren kontrol orokorra egitea.
g) Jarduera ekonomikoen orotariko eta aurrekontuetako kontabilitatea planifikatu eta kudeatzea.
h) Gazteriaren Zuzendariordetza eta Nafarroako Gazteriaren Institutuko unitate organikoak aholkatu eta sostengatzea erakunde autonomoak egoki jarduteko behar diren jarduera guztien sustapenean.
i) Nafarroako Gazteriaren Institutuko Zuzendariordetzari txostenak egin, aholkuak eta sostengua ematea, bere eskumeneko eginkizunetan, eta ebazpen proposamenak egitea.
j) Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Gobernu Kontseiluan parte hartzea, kontseilukide-idazkari gisa.
k) Gazteriaren Zuzendariordetzaren sinadura ahalmena ordezkatzea kargu hori kanpoan edo eri denean.
l) Atalaren eskumenekoak diren erroldak eguneratzea.
m) Erakundearen egoitza nagusiko mantentze-lanak, haren jarduna eta bertako inbertsioak planifikatu eta kudeatzea.
n) Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxikita dauden gazte instalazio eta zentroak koordinatu eta kudeatzea.
ñ) Gazteentzako aterpetxeek Nafarroako Foru Komunitatean behar dituzten baimenak emateko proposamenak egitea, sektoreko araudiari jarraituz.
o) Gazteentzako Aterpetxeen Espainiako Sarearen (REAJ) Partzuergoan sarturik dauden Nafarroako gazte instalazioak gainbegiratzea.
p) Aterpekide txartela kudeatzea.
q) Lehenbiziko aldiz ezartzeko obrak, berritzekokoak edo konponketa handikoak eta ekipamenduak egiteko inbertsioak koordinatu, kontrolatu eta Gazteriaren Zuzendariordetzari proposatzea eta konponketa arrunten ondoriozko ondasun eta zerbitzuen ohiko gastua, Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxikiriko zentroetan.
r) Gazteentzako instalazioen planen proposamena igortzea Gazteriaren Zuzendariordetzari, horrek adostasuna eman ondoren haien onespena tramita dadin indarra duen araudiaren arabera, eta haiek garatzeko lanak koordinatzea.
s) Nafarroako Gazteriaren Institutuko gazteen instalazioetako segurtasun planak garatzeko lanak koordinatzea.
t) Nafarroako Foru Komunitatean gazteentzako aire zabaleko jarduerak arautu eta kontrolatzea, Nafarroako Gazteriaren Institutuari eman zaizkion eskumenen eremuan, eta gazteentzako jarduerei buruzko araudia garatu eta kudeatzea.
u) Antzeko eginkizunak edo horien osagarriak eta Gazteriaren Zuzendariordetzak esleitzen edo agintzen dizkionak.
21. artikulua. Bulegoak eta horiekin parekaturiko unitateak.
Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak sortu, aldatu edo kenduko ditu bulegoak edo bulegoekin parekaturiko bestelako unitate administratibo edo teknikoak, foru agindu baten bidez, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, aurretik funtzio publikoaren, antolamendu administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten departamentuek txostena emanda.
VI. KAPITULUA
Zentroak
22. artikulua. Zentroak.
Hona hemen Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxikitako zentroak:
a) "Fuerte del Príncipe" gazteen egoitza.
b) "Otadiko Santo Kristo" gazteentzako aterpetxea eta prestakuntzarako baliabide zentroa.
c) "Baztan" gazteentzako aterpetxea.
d) "Belbieretxea" gazteentzako aterpea.
e) Getadarko gazteentzako aterpea.
23. artikulua. Gazteentzako zentroen funtzionamendua.
1. Zentroak Idazkaritza Nagusiaren eta Azpiegituren Atalaren menpe egonen dira, haiekiko koordinazioaz zuzenean arduratuko den bulego baten bidez.
2. Zentroetako arduradunei dagokie zentroko instalazioaren ekonomia, administrazioa, langileria, ekipamendua eta mantentze-lanak, bai eta dokumentuak eta artxiboa ere, kudeatzea. Halaber, zentroko kudeaketa arloetan aplikatzekoa den araudia betetzen dela begiratuko dute.
3. Egokitzat jotzen bada, zentroek zuzendari bat izan ahalko dute, betiere kargua berariazko lanpostu gisa agertzen bada Nafarroako Gazteriaren Institutuko plantilla organikoan.
VII. KAPITULUA
Kide anitzeko organoak
24. artikulua. Kide anitzeko organoak.
Hona hemen Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxikitako kide anitzeko organoak:
a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gazteriaren arloko Politika Koordinatzeko Departamentuarteko Batzordea.
b) Sortzeko arauekin bat, atxikitzen zaizkion gainerakoak.
25. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gazteriaren arloko Politika Koordinatzeko Departamentuarteko Batzordea.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gazteriaren arloko Politika Koordinatzeko Departamentuarteko Batzordea Nafarroako Gobernuak gazteriaren arloan egiten dituen politiketan departamentuek zeharka parte hartzeko organoa da.
26. artikulua. Departamentuarteko Batzordea osaera.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gazteriaren arloko Politika Koordinatzeko Departamentuarteko Batzordeak ondoko kide hauek izanen ditu:
a) Batzordeburua: Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria.
b) Batzordeburuordea: Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea.
c) Idazkaria: Gazteriaren zuzendariordea.
d) Batzordekideak: Gazteriari buruzko gaietan eskumenak dituzten erakunde publikoetako zuzendaritza nagusietako eta Kudeaketa Zuzendaritzako titularrak.
27. artikulua. Departamentuarteko Batzordearen eginkizunak.
Nafarroako Foru Administrazioaren Gazteriaren arloko Politika Koordinatzeko Departamentuarteko Batzordeak ondoko eginkizun hauek ditu:
a) Nafarroako gobernuko arlo guztiak sentsibilizatzea gazteentzako politikak bultzatzeko eta talde bakoitzaren ezaugarrien arabera bideratzeko beharrari buruz, hala nola haietan generoaren ikuspegi zeharkakoa sartzea modu eraginkor batez.
b) Gazteriari loturiko aferetan Nafarroako Goberbuak eskatzen dizkion gaiei buruzko iritzia ematea.
c) Nafarroako Gobernuak gazteriaren arloan izanen dituen jarduketa ildoak proposatzea.
d) Nafarroako Foru Administrazioaren departamentuen jarduerak koordinatzea gazteengan eragina duten gaiei dagokienez.
f) Esleitzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun, indarra duen legeriarekin bat.
28. artikulua. Departamentuarteko Batzordearen funtzionamendua.
1. Nafarroako Foru Administrazioaren Gazteriaren arloko Politika Koordinatzeko Departamentuarteko Batzordeak ondoko funtzionamendu organo hauek ditu:
a) Osoko Bilkura.
b) Berariazko batzordeak.
2. Batzordekideez gain, osoko bilkurara agertu ahalko dira eguneko zerrendako gaietan jakituria ezaguna duten pertsonak ere, batzordeburuak gonbidatuak. Hizpidea izanen dute, baina botorik ez.
3. Osoko Bilkurak erabaki dezake berariazko batzordeak eratzea, Osoko Bilkurak hari agindutako gaien gaineko azterlanak edo txostenak prestatzeko. Eratzeko akordioan haren osaera, eginkizunak eta funtzionamendua zehaztuko dira.
4. Batzordeburuak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Batzordearen ordezkaria izatea.
b) Batzordearen bileretarako deia egitea.
c) Kontseiluko bileren buru izatea, eztabaida zuzentzea eta ordena mantentzea.
d) Batzordeburu karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak.
5. Postua hutsik dagoenean, kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan, batzordeburuaren ordez batzordeburuordea arituko da.
6. Batzordeko idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Osoko Bilkurako bileren akta egitea.
b) Batzordearen administrazio jarduerak zuzentzea.
c) Berariazko batzordeen eginkizunak koordinatzea.
d) Batzordearen erabakiak betearaztea.
e) Batzordeko idazkariaren karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak.
7. Osoko Bilkurak bilera arrunta eginen du sei hilabetetik behin bederen, eta berezia Kontseiluburuak dei egiten duenean. Erabakiak botoen gehiengoaz hartuko dira. Berdinketarik badago, kontseiluburuak kalitateko botoa izanen du.
8. Aurreko ataletan aurrez ikusi ez den orotan, Batzordearen funtzionamendua arautuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean kide anitzeko organoentzako xedatutakoaren arabera.
III. TITULUA
Ondarea, baliabideak, aurrekontuak eta kontrola
29. artikulua. Ondarea.
Gai horiek erregulatzen dituen araudiari jarraikiz, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren ondarearen osagaiak dira Nafarroako Ondarekoak diren ondasun eta eskubide guztiak, erakundeari bere helburuak betetzeko atxikitzen zaizkionak. Ondare horren ondasun direnez gero, dagozkien jatorrizko kalifikazio juridikoa mantenduko dute; hori guztia Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 75. artikuluarekin bat.
30. artikulua. Baliabide ekonomikoak.
Nafarroako Gazteriaren Institutuko baliabideak ondoko hauek izanen dira:
a) Hari loturiko ondasun eta eskubideen etekinak, errentak eta interesak.
b) Nafarroako Foru Komunitateak erakundeari bere gizarte prestazio eta zerbitzuetarako lotzen dizkion baliabideak.
c) Nafarroako aurrekontu orokorren kontura emandako transferentzia eta ekarpenak.
d) Bidezko diren xedapenen arabera jaso ditzakeen diru-sarrera arruntak nahiz bereziak.
e) Entitateek emandako borondatezko ekarpen edo diru-laguntzak.
f) Esleitzen ahal zaion beste edozein baliabide.
31. artikulua. Aurrekontua.
1. Nafarroako Gazteriaren Institutuko kudeaketa urteko aurrekontuen araubidearen menean izanen da, eta hori Nafarroako Parlamentuak onetsi beharko du.
2. Aurrekontuen egitura, sarrera eta gastuen sailkatzeari eta horien zehaztasun-mailari dagokienez, Nafarroako aurrekontu orokorretarako ezarritako arau eta erregelei egokituko zaie, aurrekontu orokor horien barnean baitira.
3. Nafarroako aurrekontu orokorretarako arau orokorrek aginduko dituzte aurrekontu hauen likidazio eta exekuzioa.
32. artikulua. Kontu-hartzailetza.
Nafarroako Gazteriaren Institutuko kudeaketa ekonomikoa -kontzeptu horretan eduki ekonomikoko eskubide eta betebeharrak sorrarazten dituzten egintzak, agiriak eta espedienteak sartzen dira-, Foru Komunitateko Administrazioak aginduta dituen era eta baldintza berberetan eramanen da, dela kontu-hartzailetza dela kontabilitatea.
33. artikulua. Kontabilitatea.
1. Nafarroako Gazteriaren Institutua kontabilitate publikorako araubidearen menean geldituko da, Foru Komunitatearen Administrazioak dituen era eta baldintza berberetan.
2. Kontuen ematea Nafarroako Kontu Orokorretarako aurrikusitakoaren arabera formalizatu, tramitatu eta ebatziko da.
IV. TITULUA
Langileak
34. artikulua. Langileak.
Nafarroako Gazteriaren Institutuko langileria honako hauek osatuko dute:
a) Nafarroako Gobernuak egindako izendapen libreko zuzendaritza karguetan aritzen direnak.
b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak eta lan-kontratudunak, Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxikiak edo atxikiko zaizkionak.
c) Estatuko Administraziotik edo beste administrazio batetik Nafarroako Foru Komunitatera transferitu eta Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxiki zazkion langileak.
d) Erakunde autonomo bereko lan-kontratudunak eta administrazio-kontratudunak.
V. TITULUA
Egintzen araubide juridikoa
35. artikulua. Orotariko araubide juridikoa.
1. Nafarroako Gazteriaren Institutuaren egintzen araubide juridikoa Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen VIII. tituluaren I. kapituluan erakunde autonomoentzat ezarritakoa izanen da.
2. Langileei, kontratazioei eta aurrekontuei buruzko egintza administratiboei dagokienez, Foru Komunitateko Administrazioaren araudi berariazkoari jarraituko zaio.
36. artikulua. Errekurtsoak.
Nafarroako Gazteriaren Institutuaren organoek emandako egintza eta ebazpenen kontra bidezko izanen da legez ezarritako errekurtso administratibo eta jurisdikzionalak paratzea.
37. artikulua. Laguntza juridikoa.
1. Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 551.3 artikuluari jarraikiz, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren ordezkaritza eta defentsa epaiketetan Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoan aritzen diren letratuei dagokie, ordezkatu eta defendatzeko elkargoko abokatua izendatzen den kasuetan salbu.
2. Halaber, Nafarroako Gobernuaren Aholkularitza Juridikoak lege aholku ematen ahalko dio Nafarroako Gazteriaren Institutuari. Hori guztia, urtarrilaren 5eko 4/1984 Foru Dekretuak ezarritakoari jarraikiz.
Iragarkiaren kodea: F1018423
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
