1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
65/2010 FORU DEKRETUA, urriaren 18koa, Pedro Ábrego Velasco sukaldari nafarrari "Frantzisko Xabierkoa" saria ematen diona.
Pedro Ábrego Velasco Lerinen jaio zen 1927ko abuztuaren 26an. Iruñean ikasi zuen, Pauldarren ikastetxean, eta 1942. urtean, 15 urte besterik ez zuela, lanean hasi zen Donostian zenbait zereginetan, baina ikasketak alde batera utzi gabe.
1952az geroztik Julia Almeida Zapirainekin ezkondua, Pedro Ábregok bere lanbide esparrua zabaldu nahi izan zuen eta, hala, Venezuelara joan zen. Caracasen lanean hasi zen herrialde hartako arte grafikoen enpresa garrantzitsuenetako batean. Zenbait kargu izan zituen enpresan, zuzendari komertziala izatera iritsi arte. Baina lanbidean zenbait urtez arrakasta izan ondotik, Espainiara itzultzea erabaki zuten senar-emazteek.
1965az geroztik, bizilekua Madrilen zuela jada, inmobiliarien sektorean aritu zen, baina azkenean bere grinaren bidetik abiatu zen, hau da, sukaldaritzari heldu zion. 1971n bere lehen jatetxea ireki zuen, "Mesón el Caserío". Hurrengo urtean "Mesón Txistu" ireki zuen Madrileko iparraldean, eta 1976an, berriz, "Asador Donostiarra" jatetxea, aurrekotik oso hurbil. Bietan sukaldaritza nafarra lantzen da, bere lurraldeko produktuen kalitatean eta sukaldaritza horren ohiko estiloan sinesten baitu.
Harrezkero, duela ia berrogei urte, ahaleginez, txeraz eta arretaz lan egin du eta halaxe jokatu du berarekin batera lan egiten dutenekin. Gaur egun, Pedro Ábregok 120 pertsonari ematen die lana sukaldaritzako bere negozioetan.
Pedro Ábrego, urtez urte, egunez egun eta mahaiez mahai, bere bezero-lagunei onena ematen saiatu da beti, eta haien laguntasunaz gozatzen ere jakin du.
Bere lanbide urteetan jaso dituen goresmen sari eta omenaldi askoren artean, Pedro Ábregok Laneko Zilarrezko Domina jaso zuen 2002. urtean, Donostiako Urrezko Danborra 2007an eta Ministroen Kontseiluak 2010eko maiatzean emandako Laneko Merezimenduaren Urrezko Domina. Azken sari horren xedea da lan, lanbide edo zerbitzu bat egitean "sozialki onuragarria eta adibide egokia" den jokabidearen merezimendua saritu eta nabarmentzea. Pedro Ábregok sari hori jaso zuen "jarraikitasunaren eta irmotasunaren adibide" delako eta "lanerako, jarraikitasunerako eta altruismorako gaitasuna" duelako.
Nafar on baten gisan, Pedro Ábregok ez du urte bakar batez ere huts egin Sanferminetan, festaren bihotzera etorri baita, Estafeta kaleko bere etxera. Napardi elkarte gastronomikoko kide ere bada, eta Nafarroako aipamen eta tituluen artean nabarmentzekoak dira honako hauek: Nafarroako Oliba Olioaren Kofradiako ohorezko kidea, Nafarroako Ardoaren Kofradiako ohorezko kidea, Orden del Volatín-eko ohorezko jauna eta Nafarroako Olibaren eta Arroizko Txigorkiaren Ordenaren Kontseilu Nagusiko jauna. Gainera, Amigos de la Pocha Navarra elkarte gastronomikoaren sortzailekidea da.
Pedro Ábregok, "Leringo markesa", bere hurbilekoek halaxe deitzen baitute txeraz, lan ona egin du urte askoan, eta xalotasuna, jarraikitasuna, irmotasuna, lanerako gaitasuna, sakrifizioa, leialtasuna, umorea eta gizatasuna erakutsi ditu. Hala, bere sorlekuaren, Nafarroaren, irudi ona zabaltzen nabarmen lagundu du. Nafarroari oso loturik egon da beti eta eskuzabaltasunez jokatu du askotan bere sorlekuari begira.
"Frantzisko Xabierkoa" sariaren helburua da esker ona azaltzea Foru Komunitatetik kanpora egiten duten lanaren bidez Nafarroa gizarte espainiarraren eta nazioartekoaren aurrerapenari, ongizateari eta hobekuntzari bultzada ematen dion komunitate gisa agertarazten duten pertsonei, entitateei eta erakundeei.
Horregatik guztiagatik, Foru Komunitatetik kanpo egiten duen lan nabarmena eskertzeko, zalantzarik gabe Nafarroaren irudi bikaina proiektatzen baitu, bidezkoa da Pedro Ábrego Velasco jaunari 2010eko "Frantzisko Xabierkoa" saria ematea.
Horiek horrela, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko urriaren 18ko bilkuran harturiko erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
Pedro Ábrego Velasco sukaldari nafarrari "Frantzisko Xabierkoa" saria ematea.
Iruñean, 2010eko urriaren 18an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.
Iragarkiaren kodea: F1017193