141. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

440/2010 FORU AGINDUA, irailaren 28koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, 2010. urterako laguntza araubide bat ezartzen duena artzaintza estentsiboaren jarduerak eta hartz arrearen babesa bateragarri izan daitezen.

268/1996 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroan hartz arrea ugaltzeko plana onetsi zen. Planean berean ezarri zen onetsi eta 4 urtera berrikusiko zela. Epe hori 2000ko abuztuan bukatu zen.

Plana onetsi zenetik iragandako denboraren eta hartz arreak Pirinioetan duen presentziaren egungo baldintzen ondorioz, hala jokabideari nola hartzen duen eremuari dagokienez, planean ezarritako neurriak eta aplikazio eremua bera eguneratu behar dira.

Bestalde, Pirinioetan espezie hau kontserbatzea bi estaturen, Espainiako hiru autonomia erkidegoren eta Frantziako zenbait departamenturen ardura denez, hartz arrea ugaltzeko plan berria koordinaturik egin behar da. Horretarako pausoak eman badira ere, ez da posible oraindik plana behar adinako bermeaz definitzea.

Behin-behineko egoera horri aurre egiteko eta Nafarroan hartz arreak abeltzaintza estentsiboari egiten ahal dizkion enbarazuei kasu egiteko, urtero, 2000. urtetik aurrera, Ingurumeneko, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren foru aginduen bidez, Nafarroan hartz arrearen presentziaren ondoriozko kalte-ordainen araubide bat eta baremo bat ezarri ziren, abeltzaintzaren betiko jarduerak eta hartz arrearen babesa bateragarri izan zitezen.

Hartz arre batek bizirik dirauenez eta 2009. urtean aziendei kalte egiten jarraitu duenez, beharrezkotzat jo da aurreko urtekoaren antzeko konpentsazio araubide bati eustea 2010. urtean. Horren osagarri gisa, artz arrea ugaltzeko planean sartuta ez dauden eremuetan eragiten diren kalteentzako ordainen baremo bat ezarri da.

Foru agindu honetan ezarritako konpentsazioei aurre egiteko dirua 2010eko gastuen aurrekontuko "Kalte-ordainak, aseguruak eta laguntzak partikularrei eta sozietateei" izeneko 740002-74200-4809-456302 kontu-sailaren kargura ordainduko da.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroan hartz arrearen presentziaren ondoriozko konpentsazio araubide bat eta kalte-ordainen baremo bat onestea 2010. urterako.

2. Deialdia arautzen duten oinarriak onestea. Espedientean ageri dira eranskin gisa.

3. Foru agindu honetan aurreikusitako konpentsazioei aurre egiteko, 85.000,00 euroko gastua baimentzea (2654 erreserbatik), 2010eko gastuen aurrekontuko "Kalte-ordainak, aseguruak eta laguntzak partikularrei eta sozietateei" izeneko 740002-74200-4809-456302 kontu-sailaren kargura.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan. 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

5. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2010eko irailaren 28an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

ERANSKINA

Nafarroan abeltzaintzaren jarduerak eta hartz arrearen babesa bateragarri izateko laguntzen araubidea

Lehenengoa.-Xedea, helburua eta diruz laguntzen ahal diren jarduketak.

Foru agindu honen xedea laguntza araubide bat ezartzea da, Nafarroan artzaingo estentsiboa eta hartz arrearen babesa bateragarri izan daitezen 2010. urtean.

Helburua Nafarroan hartz arrearen atzerakadan eragina duten edo izan duten aurkako faktoreetan jardutea da, hartz arrearen eta horren natur habitaten biziraupena lortzeko.

Hauek dira diruz laguntzen ahal diren jarduketak: azienda hartz arrea ugaltzeko planean (268/1996 Foru Dekretua) ezartzen diren eremuen barruan egotea eta azienda hori zaintzea.

Bigarrena.-Onuradunak eta betebeharrak.

Araubide honetan ezarritako laguntza ekonomikoak jaso ahal izateko, artzaintza estentsiboko ustiategien titularrek eskaera egin beharko dute, eta baldintza hauek bete:

a) Gutxienez ere ardi aziendako 140 buru izatea. Horiek urtero bazkatu beharko dira modu estentsiboan hurrengo atalean zehaztutako hartz eremuaren barreneko lurzatietan. Gainera, foru agindu honen aurreko 3 urteetan eremu horretan artzaintza estentsiboko ustiategi bat (100 abelburutik gorakoa) izan duela frogatu beharko da.

Abeltzaintza estentsiboaren kontzeptuak ustiategiko abere zamaren kalkuluan du oinarria, eta bi parametrorekin du zerikusia, ustiategiko animalia kopuruarekin, azienda larriko unitateekin (AzLU) alegia, eta bazkatokiaren azalerarekin, hau da, ustiategiak urte osoan azienda hazteko duen azalerarekin.

Abere zamaren kontuan baldintza zehatz eta benetakoak betetzen dituzten ekoizleak bereiztearren, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak azienda larriko 1,4 unitatetan jarri du muga, hektarea bakoitzeko, abeltzaintza estentsibo gisa kobratu ahal izateko.

b) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan izena emana izatea, ardi aziendako ekoizle gisa.

c) Azienda hartz eremuaren barruan edukitzea. Konpentsazio araubide hau aplikatzen den hartz eremuak honako muga hauek ditu:

Iparraldetik: Ernazko lepotik, Frantziako mugan, Zaraitzu ibarreko mugaraino (Beztulako lepoa).

Mendebaldetik: Frantziako mugatik, Zaraitzu ibarreko muga (Beztulako lepoa), Uztarroze eta Otsagi arteko mugari jarraituz, NA140 errepidera iritsi arte eta hartan gora Lazako mendateraino; hortik, hegoaldera doan pistan barrena, Zotrapeko leporaino. Puntu horretatik La Sierra gainetik ekialdera doan pistari jarraitzen dio Uztarrozek Erronkarirekin eta Izabarekin duen mugaraino, eta hortik Uztarroze errekaren ibilguraino. Handik, Uztarroze errekaren ibilgutik Ezka ibaiarekin bat egin arte eta horren ibilguari jarraituz La Tejería errekarekin topo egin arte, Erronkari herria baino beherago.

Hegoaldetik: La Tejería errekak Ezka ibaia aurkitzen duen tokitik, haren uretan gora 950 kotaraino, eta ekialdeko norabidean, Garde eta Erronkari arteko mugaraino Eriberri muinoan; hortik Gardalar errekaren ibilguraino egiten du behera (Gardeko hilerria). Handik, ubidean gora, Nafarroa eta Aragoi arteko mugaraino (Matamachos mendatea).

Ekialdetik: Nafarroaren eta Aragoiren arteko mugatik (Matamachos mendatetik), Frantziako mugaraino eta muga horri jarraituz Ernazko leporaino.

Laguntzaren diru-zenbatekoa ezartzeko, lau esparru bereizi dira hartz eremuaren barrenean:

1. eremua:

Hartz eremuaren barrenean diren Gardeko, Erronkariko eta Urzainkiko udal mugapeetako parte batzuk eta Izabako udal mugapea hartzen ditu, eremu horren iparraldeko mugaraino; hau da, Ezka ibaiaren abiaburutik, Belagua errekan gora eginen luke, Asolatzeraino. Handik Donexoroko muinoan gora 1.500eko kotaraino, eta kota horretatik atera gabe Txamantxoiaren iparraldeko hegitik Nafarroaren eta Aragoiren arteko mugaraino.

2. eremua:

Izabako udal mugapearen parte bat hartzen du, 1. eremuaren iparraldean, ekialdetik mendebalera egiten duen marra bateraino. Honela dago osatua: Belagua errekan gora Arrako errekarekin bat egin arte eta hortik zuzenean Lapatiako leporaino, eta handik behera Erroizuko errekan barna Mintxate erreka topatu arte; gero, erreka horri jarraitzen dio Uztarroze errekaraino eta horretan behera Ezka ibaiaren abiabururaino.

3. eremua:

Izabako udal mugapeko gainerako zatia, hartz eremu gisa mugatua, hartzen du, 2. eremuaren iparraldean.

4. eremua:

Hartz eremua den Uztarrozeko udal mugapea hartzen du eta Izabako udal mugapearen parte bat, Uztarrozeko udal mugapearen eta Erroizu eta Mintxate erreken artean dagoena.

Hirugarrena.-Laguntzaren zenbatekoa.

Bi laguntza emanen dira. Bata aziendak hartz eremuko esparru bakoitzean igarotako denboraren arabera emanen da, eta bestea, artaldea zaintzeagatik. Honelaxe:

-1. eremua:

-0,012 euro egunean, ardi aziendako buru bakoitzeko. Gehienez 210 egunez aziendarekin bertan gelditzen diren artzainei eta 90 egunez transhumantzia egiten duten artzainei.

-36,06 euro egunean, abeltzain bakoitzeko, azienda zaintzeagatik. Gehienez 210 egunez aziendarekin bertan gelditzen diren artzainei eta 90 egunez transhumantzia egiten duten artzainei.

-2. eremua:

-0,008 euro egunean, ardi aziendako buru bakoitzeko. Gehienez 210 egunez aziendarekin bertan gelditzen diren artzainei eta 90 egunez transhumantzia egiten duten artzainei.

-23,80 euro egunean, abeltzain bakoitzeko, azienda zaintzeagatik. Gehienez 210 egunez aziendarekin bertan gelditzen diren artzainei eta 90 egunez transhumantzia egiten duten artzainei.

-3. eta 4. eremuak:

-0,004 euro egunean, ardi aziendako buru bakoitzeko. Gehienez 210 egunez aziendarekin bertan gelditzen diren artzainei eta 90 egunez transhumantzia egiten duten artzainei.

-11,90 euro egunean, abeltzain bakoitzeko, azienda zaintzeagatik. Gehienez 210 egunez aziendarekin bertan gelditzen diren artzainei eta 90 egunez transhumantzia egiten duten artzainei.

Artzain batek azienda, denboran zehar, hartz eremuko esparru desberdinetan banatzen badu, esparru bakoitzean igarotako denboraren araberakoa izanen da laguntzaren zenbatekoa.

Ardi ustiategi bat baino gehiago artalde bakar batean larratzen direnean, artaldea zaintzeko laguntza artaldea zaindu duen abeltzainari emanen zaio. Horregatik, eskatzaileak eskaerari gehitu beharko dio ukitutako ustiategietako jabeen baterako zinpeko aitorpena. Horren bidez jakinaraziko da zein ustiategik edo nork zaindu duen artaldea, eta, hala badagokio, eremu bakoitzean igarotako egun kopurua.

Abeltzain batek azienda bi eremutan edo gehiagotan banatuta badu, eguneko zainketagatik emanen den zenbatekoa eremu horietako bakoitzean bazkatzen den abelburu kopuruaren araberakoa izanen da.

Ustiategi batek, ukitutako eremu bakoitzean eta konpentsazio moduan, gehienez hartzen ahal duen diru-kopurua ezarri da:

-1. eremua: 9.016,00 euro.

-2. eremua: 6.010,00 euro.

-3. eta 4. eremuak: 3.005,00 euro.

Laugarrena.-Eskaeren aurkezpena.

Foru aginduaren eranskineko lehenengo puntuan ezarritako laguntzetakoren bat jasotzeko, abeltzaintzako ustitategien titularrek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

-Eskabidea, ardi aziendako ustiategi estentsiboaren titularrak behar bezala bete eta sinatua, foru agindu honen hamargarren puntuan adierazitako ereduaren araberakoa.

-Pertsona fisikoak izanez gero, NANaren fotokopia, eta pertsona juridikoak izanez gero, IFKrena.

-Transferentzia bidez kobratzeko eskaera, eredu ofizialaren araberakoa.

-Aziendaren udal erroldan izena emana izatearen agiria.

-Erronkaribarko Batzar Nagusiaren ziurtagiria, eskatzaileak artaldea, hartz eremuaren barrenean, nora eraman ohi duen adieraziko duena. Zenbat abelburu diren eta esparru bakoitzean zenbat denboraz larratzen diren ere adierazi beharko da. Ziurtagiri horretan apirilaren 1etik azaroaren 30era bitarteko epeari dagokion informazioa emanen da.

-Ustiategiaren titularraren aitorpena, krokisa eta guzti, abeltzaintzako ustiategia eta erabilitako larreak kokatu ahal izateko.

-2467/98 eta 1323/90 (EEE) Erregelamenduetan ardi aziendako ekoizleentzat azaltzen den prima, egungo kanpainari dagokiona, eskatzeko agiriaren fotokopia.

-Larreen esleipenaren ziurtagiria, jabeak edo kudeatzaileak emana.

-Ardi aziendako ustiategiaren liburuaren fotokopia. Liburua laguntzaren eskaera aurkezten den egunean gaurkotuko da.

Eskaerak aurkezteko epea hamabost egunekoa izanen da, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Ustiategiaren titularrak aurkeztuko ditu laguntza eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan (González Tablas, 7, 31005, 31003 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen 38. artikuluaren bidez aldatu zen horretan, baimendutako beste edozein erregistrotan, eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari zuzenduko zaizkio.

Bosgarrena.-Balorazioa, laguntza emateko proposamena eta ordainketa.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Habitaten Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Eskaera harturik, lehenengo, bigarren eta laugarren oinarrietan ezarritako betebeharrak betetzen dituen egiaztatuko da. Oinarrietan eskaturiko dokumentazioa aurkeztu ezik, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar egun naturaleko epean zuzen dezala. Aditzera emanen zaio horrela egin ezik ulertuko dela bere eskaera bertan behera utzi duela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinaraziko zaio.

Nafarroan abeltzaintza eta hartz arrearen babesa bateragarri egiten dituen laguntza prima eskuratzeko, prima horretan sartzen den ardi kopurua zehaztuko da; hain zuzen, kontuan hartuta urte berean ardi aziendarako Europar Batasunaren primaren eskaerarengatik ordaintzen diren ardi aziendako buru guztiak. Horregatik, informazio hori Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari kontsultatuko zaio. Ildo horretan, primarako eskubidea izanik, hartz eremuan larratzen diren ardiengatik baino ez da laguntzarik emanen.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak espediente administratibo guztiak kontrolatuko ditu. Horregatik, ingurumenzainak ardi aziendako ustiategi bakoitzaren banakako fitxa bat aurkeztu beharko du. Fitxan, datu hauek agertuko dira:

-Ustiategiaren izena.

-IFZ edo IFK.

-Helbidea.

-Herria.

-Harremanetarako telefonoa.

-Ustiategiaren zenbakia.

-Azienda mota.

-Marka.

-Abelburu kopurua.

-Eremua.

-Artzaintzarako eremuak.

-Aziendaren mugimendua hartz eremuetan: noiz sartzen den azienda eremu bakoitzean eta noiz ateratzen den azienda eremu bakoitzetik, eta eremu bakoitzean sartzen den abelburu kopurua.

-Oharrak.

Esparru bakoitzean azienda egoteko denbora edo abelburuen kopurua aldatu nahi izanez gero, abeltzaintzako ustiategiaren titularrak aldez aurretik Otsagabiko barrutiko ingurumenzainei jakinarazi beharko dio (Tel.: 948 890518 eta 639724190). Ingurumenzainak aldaketak egiaztatu eta akta igorri beharko du.

Deialdiko diru-laguntzak norgehiagoka emanen dira. Eskaerek aurrekontuko muga gainditzen badute, onartutako eskaera guztien artean banatuko da aurrekontua, eta hasieran zehaztutako laguntzak proportzioan murriztuko dira.

Eskaera ebaluatu eta ingurumenzainak egindako fitxei jarraikiz betebeharrak betetzen direla egiaztatu eta gero, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak laguntza eman eta ordaintzeko ebazpen proposamena eginen du.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak diru-laguntzak eman eta ordaintzeari buruzko ebazpen arrazoitua emanen du eta, hala badagokio, gainerako eskaerak ezetsiko ditu.

Prozeduraren gainean ebazteko epea 2 hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Seigarrena.-Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu.

Zazpigarrena.-Laguntzen bateraezintasuna.

Laguntza hau bateraezina izanen da data horietan Bardean larratze iraunkorreko metodoak erabiltzeko laguntzak ezartzen dituen uztailaren 5eko 721/2004 Foru Agindutik eratorritako laguntzekin. Hortaz, eskatzaileak eta onuradunak jarduera berberarengatik eskatu eta jasotzen dituen laguntzen berri eman beharko du.

Zortzigarrena.-Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Foru agindu honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, diru-laguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42., eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

Bederatzigarrena.-Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauek arautzen duten deialdia Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen mende egonen da, bertan ezarri gabeko guztian.

Hamargarrena.-Eskabide eredua:

Erronkaribarko Batzar Nagusiaren bulegoetan hartzen ahal da, edo Habitaten Atalaren bulegoetan (González Tablas, 7, Iruña).

................................................................... jauna/andrea (izena eta 2 abizen)

Helbidea: ...................... Telefonoa:

IFZ: Ustiategiaren IFK:

Abeltzaintzako ustiategiaren zenbakia:

Foru agindu honetan 2010. urterako ezarritako laguntzak eskatzen ditu, abeltzaintzaren betiko jarduerak eta hartz arrearen babesa bateragarri izan daitezen.

Adierazten du Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuren batean ere ez dagoela, eta konpromisoa hartzen du hori egiaztatzeko eskatzen zaion bidezko dokumentazioa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari aurkezteko.

Foru agindu honetan azaldutako oinarri guztiekin bat egiten duela adierazten du, eta haren bosgarren oinarrian eskatutako dokumentazio guztia aurkezten.

.................(e)n, 2010eko .............aren ..............(e)an.

Ustiategiko titularraren sinadura

INGURUMENAREN ETA URAREN ZUZENDARI NAGUSIA.

Iragarkiaren kodea: F1018087