141. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2010eko azaroaren 8an hartua, "Nafarroako G10X" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala ebazten duena. Gamesa Energía, S.A.U.k (GESA) sustatu du.

I.-Aurrekariak eta xedea.

Nafarroako Gobernuak 2010eko ekainaren 7an hartutako erabakiaren bidez, Nafarroako G10X proiektua, Gamesa Energía, S.A.U. (GESA) enpresak sustatua, udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratu zen, jendaurrean jarri zen eta eraginpeko lurretako udalei entzunaldia eman zitzaien, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioak bete zitezen. Erabaki hori 2010eko 73. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 16an.

Proiektuaren xedea da ondoko bederatzi parke eolikoak eta haiei lotutako instalazioak (azpiestazio elektrikoa, eta energia ateratzeko goi tentsioko aireko linea) Nafarroako Foru Komunitateko lau eremutan nola ezarriko diren deskribatzea.

EREMUA

PARKE EOLIKOEN

IZENAK

POTENTZIA (MW)

AEROSORGAILUEN

KOPURUA

ENERGIA ATERATZEKO

INSTALAZIO OSAGARRIEN IZENAK

GOI TENTSIOKO

LINEA ELEKTRIKOA

AZPIESTAZIO ELEKTRIKOA

Cortes

El VallE I+D

49,5-11

Cortes-Tutera

Cortes

Valdenavarro

13,5-3

Las Masadas

Las Masadas

31,5 - 7

Las Masadas - Erriberri

Las Masadas

Espinar

Espinar

31,5 - 7

Las Lombas - Erriberri

Las Lombas

El Raso

27,0 - 6

Las Lombas I

49,5 - 11

Las Lombas II

27,0 - 6

La Planilla

La Planilla

(I. fasea eta II. fasea)

36,0 - 8

La Planilla

La Planilla

Valdelaguardia

27,0-6

Valdelaguardia - Deikaztelu

Valdelaguardia

Jarduketek ondoko udal mugapeak ukituko dituzte: Andosilla, Arellano, Arroitz, Azagra, Buñuel, Caparroso, Cascante, Cortes, Deikaztelu, Fontellas, Elizagorria, Los Arcos, Martzilla, Mendabia, Murchante, Erriberri, Azkoien, Ribaforada, San Adrián, Santsol, Sesma eta Tutera. Proposatutako jarduketen nondik norakoak labur azaltzen dira Nafarroako Gobernuak 2010eko ekainaren 7an hartutako erabaki horretan, baita Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak irailaren 28an emandako 01498/2010 Ebazpenean ere.

II.-Aurkeztutako alegazioak.

Espedientea jendaurrean egon den bitartean hamar alegazio idazki aurkeztu dira. Haien eduki laburtua eta erantzuna ondoren azaltzen dira.

1.-Cascanteko alkate udalburua den aldetik Antonio Irujo Redrado jaunak aurkeztu duen alegazio idazkia.

Edukia:

Toki entitate horrek alegatzen du udalez gaindiko proiektu sektoriala ez dela tresna egokia lurzoruaren sailkapena aldatzeko, lurraldearen gaineko ukipenak seinalatu besterik ez duela egin behar eta ezin duela esku hartu, ezta aldaketarik egin ere, ukitutako udalerrietako udal planetako determinazioetan. Ezin du honelakorik adierazi: "Behin ezarrita Cortesko, Tuterako eta La Sernako TAEen arteko goi tentsioko linea, euskarriek hartzen duten lurzorua, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen arabera, azpiegituretarako gorde beharreko lurzoru urbanizaezina izanen da."

Bestalde, Nafarroako Gobernuaren erabakiak berak dioenaren harira, alegatzaileak eskatzen du Cortesko, Tuterako eta La Sernako TAEen arteko goi tentsioko aireko linearen trazadura berrikus dadila, kontuan hartuz Cascanteko udal mugapeko lur urbanizagarriek izanen omen dituzten ukipenak. Zehazki, ukitutako lurzoruaren sailkapena aldatzeari buruzko aipamenak kentzeko eskatzen du, eta argi ezar dadila zortasunaren eta AR7 eremua garatzearen arteko bateragarritasuna, trazadura espazio libreetan kokatuz, eta ez lur eraikigarrietan.

Erantzuna:

Aipatutako arau esparrua (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legea) kontuan hartuz, alegatzailearekin batera baieztatu behar da udalez gaindiko proiektu sektorial batek ez duela lurzorua sailkatzeko ahalmenik.

Hala ere, bidezkoa da arau horren artikulu batzuk gogora ekartzea:

-29. artikuluak ("Lurraldearen antolamenduko tresnen izaera eta lehentasuna") dio, beste gauza batzuen artean, tresna horiek lurraldearen gaineko edo plangintzarako lotzaileak diren determinazioak izanen dituztela. Lurraldearen gainean lotzaileak diren determinazioak ezar ditzakete, araubide juridikoaren berrespena edo aldaketa xedetzat dutenak, haien eraginpeko lurrei zuzenean eta berehala aplikatzeko. Lurraldearen antolamenduko determinazioak direnez, beren aurka jotzen duten toki planeamenduko aurreikuspenen gainean geldituko dira.

-44.1 artikuluak, berriz, hau ezartzen du: "Udalez gaindiko proiektu sektorialen xedea da arautzea garraio sistemako azpiegitura edo instalazioen, hidraulikoen, ingurumen kudeaketakoen, energia alorrekoen, telekomunikaziokoen eta antzeko gainerako guztien lurralde ezarpena, baldin eta beren eragina beraiek hartzen dituzten udalerriez gaindikoa bada, beren tamaina, garrantzia edo ezaugarri bereziak direla medio."

-94. artikuluak zehazten duenez, babestu beharreko lurzoru urbanizaezinaren kategorian sartuko dira, besteak beste, sektoreko legeriaren arabera babes araubide bereziren bat, eraldaketarekin bateraezina, duten lurrak, paisaia, natura, ingurumen edo nekazaritza aldetik dituzten balioak edo balio historiko, artistiko, zientifiko nahiz kulturalak babesteko; baita ere, lurraldearen antolamenduko tresnek prozesu urbanizatzailetik baztertu dituztenak lurralde garapeneko ereduaren ondorioz, paisaia, natura, ingurumen edo nekazaritza aldetik dituzten balioengatik edo haien balio historiko, artistiko, zientifiko nahiz kulturalengatik.

Manu horien arabera, lurraldea antolatzeko tresna edo UPSa onetsiz gero, bertan dauden jarduketak legeria sektorialari lotuta geldituko dira eta, beraz, jarduketak lurzoru urbanizaezinean egiten direnean, sailkapen horri eutsi arren, lurrak babestu beharreko kategoriara igaroko dira, kasuan kasuko azpikategoriarekin, erabaki honen III.3 idatz-zatian adierazten den moduan.

Bestalde, alegazioak dioen bezalaxe, alegatutako erabakiak berak agintzen dio sustatzaileari linea elektrikoak lurzoru urbanizagarrian eragiten dituen ukipenak kontuan hartzeko. Ildo horretan, proiektuak bermatu beharko du lurzoru urbanizagarrian zehar jarriko den linea horren aireko zortasunak ez dituela ukituko eraikigarritzat definituta dauden lurzatiak.

2., 3. eta 4. alegazio idazkiak.-Larragako Udaleko alkate María Luisa Ibáñez García andreak aurkeztu ditu, udal hori ordezkatuz.

Hiru alegazio idazki aurkeztu ditu.

Lehenbiziko idazkia:

Lehenbiziko alegazioa.-Proiektuak ez du betetzen 2005-2010 urteetako Nafarroako Energia Plana, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak sustatua eta Nafarroako Gobernuak 2007ko maiatzaren 2an onetsia.

Energia Planak MW instalatuak gehitzeko helburua planteatzen du eta horretarako bidea ere ezartzen du: eginda dauden parke eolikoetako aerosorgailuen potentzia handitzea. Energia ekoizteko aparatu eta elementuen fabrikatzaileei bakarrik ematen die aukera parke esperimental berriak eraikitzeko.

Bigarren alegazioa.-Proiektua zuzenbidean erabat deuseza da, aurka egiten dielako Nafarroako Lurralde Estrategiari eta 2005-2010 urteetarako Nafarroako Energia Planaren helburuak eta proposamenak bere egin dituzten lurralde antolamenduko bost planei.

Energia plan hori epaileen ebazpenaren zain dago, Larragako Udalak Auzitegi Gorenean jarritako kasazio errekurtsoaren ondorioz. Errekurtso horrek salatu du enpresa-oligopolio bat kokatu dela Nafarroan, Foru Komunitatearen babespean, eta Nafarroak ez duela betetzen Kiotoko Protokoloa, ezta Europar Batasunean energia berriztagarriei buruz dagoen araudia ere, eta Plana egiterakoan udalak bazter utzi direla, epaileen erabakiak urratuz (guztien gainetik, Auzitegi Gorenaren 49/1998 epaia).

Nafarroako Gobernuak 2010eko ekainaren 7an hartutako erabakiak, Nafarroako G1OX proiektua udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratzen duenak, enpresa-oligopolio hori indartuko du eta, hurrengo alegazioan adieraziko den bezala, energiari eta ingurumenari buruz dauden arau guztien kontrako egoera iraunaraziko du.

Hirugarren alegazioa.-Iragartzen da salaketa jarriko dela Energia Politikaren eta Meatzeen Zuzendaritza Nagusian eta Europako Batzordearen Espainiako Bulegoan, lehia askea eragotzi delako, administrazio agiri bakarrean (UPS batean) bederatzi parke eoliko tramitatu direlako, Sektore Elektrikoari buruzko 1997ko Lege indardunaren arabera eskumenik ez duen administrazio batek bidegabeki baimendu ditzan, eta espedientea behar ez bezala tramitatu delako, araubide bereziko energia berriztagarrien primak bidegabeki jasotzeko. Azkenean espedientea 50 MW-etik beherako bederatzi parketan zatitu da primak kobratzeko, lege-iruzur nabarmena eginez.

Laugarren alegazioa.-Gamesa Energía, S.A.U.k aurkeztutako proiektuak aurreikusten du eremuetako batean El Valle I+D izeneko parke eolikoa instalatzea, 11 aerosorgailurekin eta 49,50 MW-eko potentziarekin. Parke esperimental deitzen diren horietakoa da. Urratu egiten du apirilaren 7ko 68/2003 Foru Dekretua, haize-energia argindar bihurtzeko instalazioak autokontsumorako edo saiakuntzarako ezarri eta erabiltzeko arauak ematen dituena, horrelako parkeak, dekretuaren arabera, gehienez ere 5 MW-eko potentzia instalatua eta bost aerosorgailu izan baititzakete.

Bosgarren alegazioa.-Prototipoa ote den ezbaian jartzen da, orain bi urte jada jarduera-lizentzia tramitatzen ari baitzen haren hegalak fabrikatuko dituen lantegia eraikitzeko. Era berean, parke esperimentala ote den ezbaian jartzen da, prentsaren arabera duela 3 urtetik dagoelako prestatuta prototipo edo makina hori instalatzeko.

Espedientea iruzur hutsa da eta lehia askearen kontrako laguntza publikoak lortzeko asmoz tramitatzen ari dira. Hori agerian jarriko da Europako Batzordearen aurrean.

Seigarren alegazioa.-Ezbaian jartzen da proposatutako parkeak onesteko asmoa, Deikazteluko azpiestazioa eta goi tentsioko lineak eraiki gabe daudela ezinezkoa izanen baita ekoitzitako energia ateratzea.

Alegatzaileak uste du Gamesari etorkizunerako eskubidea eman nahi zaiola Nafarroako monopolioari begira, berak bakarrik ustiatu ahal izan ditzan Nafarroako etorkizuneko parke eolikoak.

Nafarroako Gobernuak Tafallako eta Zangozako lotuneetan energia elektrikoa ateratzeko bi mahai eratu ditu. Auzitegietan epai irmoak dituzten eta parke eoliko publikoak tramitatzen ari diren udal batzuek mahai horietan parte hartzeko eskatu dute. Horietako bat Larragako Udala da. Zalantzarik gabe, bermatuta eduki behar du bere parke eolikotik energia atera ahal izatea, eta Gamesak ezin dio aurrea hartu udal honek sustatutako parkeari.

Zazpigarren alegazioa.-Merkatua askea da, eta ez da bidezkoa enpresei parke eolikoak baimentzea enpleguari eustearen truke, kasu honetan bezala.

Zortzigarren alegazioa.-Espedientearen sustatzaileak ez du jarri maiatzaren 25eko 661/2007 Errege Dekretuan aurreikusitako abala. Dekretu horrek energia elektrikoa araubide berezian ekoizteko jarduera arautzen du.

Sustatzaileak ez du eskubiderik energia elektrikoa araubide berezian ekoizteko, ez du betetzen 661/2007 Errege Dekretua. Beraz, Nafarroako Gobernuak jarraitzen du enpresa bati, Gamesari, eskubidea ematen sektore elektrikoaren arauen kontra jardun ahal izateko etorkizunean.

Halaber, sustatzaileak ez du jaso araubide bereziko instalazioetarako ordainketaren aurre-esleipenik. Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioko Energia Politikaren eta Meatzeen Zuzendaritza Nagusiak kudeatzen duen apirilaren 30eko 6/2009 Errege Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, baldintza hori bete behar du.

Nafarroako Gobernua merkatua nahasten eta etorkizuneko baimenak manipulatzen ari da. Horregatik ez zaio igorri Energia Politikaren eta Meatzeen Zuzendaritza Nagusiari bederatzi parke eolikoen proiektua, oraintxe Gamesaren proiektua ez litzatekeelako onartuko tramitatzeko, sektore elektrikoaren legeria eskuan.

Bederatzigarrena.-Sustatzaileak aurkeztutako plan ekonomikoaren aurreikuspenak ez dira zuzenak. Izan ere, plan horrek aurreikusten du ekoitzitako energiaren ordainketa araubide berezikoa izanen dela, baina sustatzaileak ez du horretarako eskubiderik, aurreko alegazioetan adierazi den moduan.

Taula ekonomikoetan ere, harrigarriro, hasierako urteetako gastuak baino handiagoak dira ondorengoak (kredituaren printzipala amortizatzen hasi eta gerokoak).

Jendaurrean jarritako proiektuetan egiaztatu denez, enpresak, legea hautsi eta ekoizten duen energia araubide bereziko prezioan kobratu nahian, enpresa bat eratu du parke eoliko bakoitzeko.

Beraz, sustatzaileak proiektuari ekiteko duen ahalmen ekonomikoaren justifikazio gisa ez da zilegi Gamesaren urteroko kontu ikuskatuak baliatzea.

Berriro ere lege-iruzurra frogatuta dago: proiektu bakarra tramitatu da eta gero zatitu egin da primak eta prezio handiagoak kobratzeko.

Hamargarrena.-2010eko ekainaren 7ko erabakiak berak baieztatzen du gerta litekeela mugak izatea eskatutako garraio sare elektrikoarekiko konexioa teknikoki onargarria izateko, inguruan dauden murrizketak direla eta. Sektore elektrikoari buruzko legeriaren arabera, UPSa ezin da onartu ekoitziko den energia ateratzeko ahalmenik ez badago. Bi errege dekretuak kudeatzen dituen Energia Politikaren eta Meatzeen Zuzendaritza Nagusiarengandik ezkutuan jokatzen ari da, sustatzaileak ez baititu jarri dekretu horietan arautzen diren abalak.

Gamesa Energía, S.A.U.k sustatu duen Nafarroako G1OX proiektua deuseza izateko arrazoiak ugari dira eta ez da UPSa onetsi behar jendaurreko aldi honen ondoren.

Aurrean esandako guztiagatik, alegatzaileak eskatzen du:

a) Hirigintzaren ikuspuntutik ezezko txostena egin dadila UPSari buruz, aurka egiten dielako Nafarroako Lurralde Estrategiari eta 2005-2010 urteetarako Nafarroako Energia Planarekin bat egin duten lurralde antolamenduko bost planei.

b) UPSa onestearen aurka jo dadila.

c) Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioko Energia Politikaren eta Meatzeen Zuzendaritza Nagusira eta Europako Batzordearen Espainiako Bulegora bidal daitezela alegazio hauek eta, Nafarroako parke eolikoetarako baimenei dagokienez, UPSa, eskumen mugak gainditu direlako eta dokumentu bakarrean hainbat proiektu tramitatu direlako, primak araubide berezian kobratu nahian.

d) El Valle I+D izeneko parke esperimentala UPSaren barnean tramitatzearen aurka jo dadila.

e) Edo bestela, esplizituki aitor dadila Nafarroako udalek eskubide saihestezina dutela energia eolikoko parke eoliko publikoak eraikitzeko, Larragako San Marcoseko gainetan bertako udalak sustatu duena bezalakoak, eta erabat berma dadila haien eraikuntza.

Bigarren idazkia:

Larragako Udalak alegazio osagarri bat aurkeztu du, parke eoliko berriak onestea eten duen epaiak Nafarroako mapa eolikoan izanen duen eraginari buruz Foru Diputazioak José Andrés Burguete Torres parlamentariari erantzun diona ikusi eta gero Nafarroako Parlamentuaren Aldizkari Ofizialean (2010eko 79. zenbakia, uztailaren 28koa). Alegazioak dioenez, Gamesaren proiektuak bete-betean jotzen du Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak Parlamentuan adierazitakoaren kontra, eta erabat urratzen du Nafarroako Gobernuak ekainaren 7an hartutako erabakia, baita arau hauek xedatzen dutena ere:

-Maiatzaren 25eko 661/2007 Errege Dekretua. Bosgarren artikuluan dio instalaziorako baimena eskuratu behar dela aldez aurretik, ezinbesteko baldintza gisa, garraio edo banaketa sareak erabiltzeko eta haiekin konektatzeko eskubideak lortu ahal izateko.

-Apirilaren 30eko 6/2009 Errege Dekretu-legea, energia sektorean zenbait neurri hartu eta bonu soziala onesten duena. Laugarren artikuluak Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioan kokatutako mekanismo bat ezartzen du araubide bereziko instalazioetarako ordainketen aurre-esleipenak egiteko; araubide ekonomikorako eskubidea jaso ahal izateko baldintza gisa, ordainketaren aurre-esleipenen erregistroan inskribatu beharra dago, bertan ezarritako betekizunak bete eta gero.

Hirugarren idazkia:

Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak araubide bereziko instalazioen aurre-esleipenen erregistroan inskribaturiko instalazioen zerrenda argitaratu zuen 2010eko irailaren 9an. Zerrenda hori ikusirik, alegazio osagarriak egin dira, egiaztatu delako Gamesaren G10X proiektuak ez duela betetzen apirilaren 30eko 6/2009 Errege Dekretuaren 4. artikulua, Berrikuntzako kontseilariak Parlamentuan adierazi zuen bezalaxe.

Erantzuna:

Lehenbiziko alegazio idazkiari:

Lehenbiziko alegazioari.-Espediente honen tramitazioan izan duen esku-hartzean, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak ez du adierazi Energia Plana bete ez denik.

Bigarren alegazioari.-Udal alegatzaileak ez-betetze orokor eta ustezko bat besterik ez du aipatzen, ez-betetze hori zertan datzan zehaztu gabe. Nolanahi ere, Nafarroako Lurralde Estrategia 2005-2010 urteetarako Energia Plana baino lehenagokoa da eta, beraz, ezin ditu horren helburu eta proposamen guztiak bildu.

Lurralde antolamendurako planei dagokienez, Nafarroako Gobernua dagoeneko haiek aintzat hartzen ari da.

Hirugarren alegazioari.-Parke eolikoen ezarpena arautzen duen 125/1996 Foru Dekretuak 3.1.a) artikuluan dioenez, bi parke eoliko edo gehiago ezarri ahal izateko, aldez aurretik udalez gaindiko proiektu sektoriala tramitatu behar da.

Gaur egungo araudiak, beraz, G1OX proiektua udalez gaindiko proiektu sektorial gisa tramitatzera behartzen du, parke eoliko bat baino gehiago ezarri nahi direlako.

Gamesaren eskaeran sartu diren parke eolikoen potentzien batura 50 MW-etik gorakoa izateak ez du inola ere esan nahi G1OX proiektuko instalazio bakoitzerako baimenari buruz ebazteko eskumena Estatuko Administrazio Orokorrarena denik.

Hirugarren alegazioaren beste zatia, energia eolikoaren merkatuko lehia askerik eza aipatzen duena, funtsik gabekoa da.

Laugarren alegazioari.-UPSa parke eolikoen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren babesean tramitatzen ari da.

Bosgarren alegazioari.-"El Valle l+D" parke eolikoari izen hori jarri zaio G1OX plataforma garatzeko parke eoliko esperimentala delako. Bertan, besteak beste, osagaiak fabrikatzeko prozesua balidatuko da, aerosorgailuaren portaera nagusiak monitorizatuko dira eta software bertsio berriak ezarriko dira, G1OXren UPSa tramitatzeko eskabidean adierazten den bezala.

Seigarren alegazioari.-G1OX proiektuaren tramitazio administratiboa ezin da hartu Gamesaren monopolio asmoen agerpen gisa.

Lehia eta merkatu libreen printzipioak Foru Komunitatean indarra du, dagokion araudiaren babesean. Hori bistakoa da, hortxe baitaude Nafarroan energia elektrikoaren sektorean lan egiten duten enpresak eta 2007ko urriaren 2ko epaiaz geroztik hainbat sustatzailek parke eoliko berriak ezartzeko aurkeztu dituzten espedienteak. Epai horrek deuseztzat jo zuen abenduaren 24ko 685/1996 Foru Dekretua, Nafarroan parke eoliko berriak onestea eten zuena. Gamesaren proiektua izan da sustatzaile batek osatu eta jendaurrean jarri den lehena.

Zazpigarren alegazioari.-Hori ez da, izatez, tramitatzen ari den proiektuari buruzko alegazioa.

Zortzigarren alegazioari.-Prozedura honetan ez dago aplikatzerik 661/2007 Dekretuko abalari buruzko aipamena. UPSa tramitatzeko fidantza bat jarri behar da, Nafarroan parke eolikoen ezarpena arautzen duen 125/1996 Foru Dekretuaren arabera. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan abal hori jarri da, UPSa behar bezala gauzatuko dela bermatzeko.

Bederatzigarren alegazioari.-Espedienteak modu objektiboan erantzuten dio 125/1996 Foru Dekretuan eskatutakoari.

Hamargarren alegazioari.-Sarean zehar energia ateratzeko ahalmena lortzeari buruz alegatzaileak esandakoa ez da aurretiazko baldintza, legeak eskatutakoa, UPSa tramitatu eta onesteko.

Bigarren eta hirugarren alegazio idazkiei:

Alegazioetan aipatzen den Parlamentuko eztabaidaren inguruan alegatzaileak esandakoak zerikusia du sektore elektrikoaren araudiari lotutako baimenak emateko prozedurekin, baina 125/1996 Foru Dekretuan prozedura horiek argi bereizten dira hirigintza eta ingurumen arloetako araudiari lotutako prozeduretatik, eta hauexek dira espediente honen tramitazioan bete beharrekoak.

5.-Elizagorriko Udalak aurkeztutako alegazio idazkia.

Edukia:

UPSak ukitutako toki entitate hori ez dator bat inola ere Nafarroako Gobernuaren erabakiarekin, honek, lurralde antolamenduko planez ari dela, adierazten duenean La Planillako parke eolikoko PLO1 aerosorgailua 5. Lurralde Antolamenduko Planean "ingurumen balioa dela-eta babes berezia duen lurzoru" gisa mugatutako toki batean kokatu dela eta hango babes araubidea ez dela bateragarria parke eolikoak ezartzearekin. Arrazoi hau ematen du: "5. Lurralde Antolamenduko Planeko gutxi gorabeherako mugaketa, hain zuzen ere 'interes bereziko landarediaren azpikategoria'rena, gaur gaurkoz ez da mugaketa zehatza, eta ez dator bat indarra duen planeamenduarekin, tramitatzen ari den planeamenduarekin eta ukitutako eremuarentzat Udalak aurreikusitako antolamendu-estrategiarekin".

Horregatik guztiagatik, aerosorgailu hori hasierako kokalekuan ezar dadila eskatzen du; edo bestela, sustatzaileari proposatu dakiola handik hurbil kokatzeko, herrilurretako laborantza lurretan. Horrela, jarduerak ekarriko dituen etekinak herritar guztientzat izanen dira.

Erantzuna:

Lurralde antolamenduko planetako babes bereziko eremuen mugaketa lurraldearen gaineko determinazio lotzailea da, baina eremu horien behin betiko mugaketa udal planeamenduetan ezarri behar da. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 29. artikuluak dioenez, determinazio horiek araubide juridikoa berretsi edo aldatu dezakete, haien eraginpeko lurrei zuzenean eta berehala aplikatzeko. Lurraldearen antolamenduko determinazioak direnez, beren aurka jotzen duten toki planeamenduko aurreikuspenen gainean geldituko dira.

Lurralde antolamenduko planak aplikatzeko eta alegazioan aipatutako aerosorgailua kokatzeko orduan, jakina, kontuan hartuko dira erabaki honen "III.2. Hirigintzari eta lurraldeari buruz kontuan hartu beharrekoak" ataleko "Erdialdeko eta Ebroko Ardatzeko lurralde antolamenduko planak (4. LAP eta 5. LAP)" puntuan dauden ohar guztiak.

6.-Fontellasko Udaleko alkate udalburu Andrés Agorreta Arriazu jaunak udal horren izenean aurkeztutako alegazio idazkia.

Edukia:

UPS honetan "Cortesko TAE - Tuterako TAE - La Sernako TAE" deitzen zaion 220 kV-eko linea elektrikoaren trazadurak Fontellasko Valpertunako muinoan etxebizitzak eta golf zelaia egiteko UPSaren eremua zeharkatzen du. Bertan biziko direnek eremu elektromagnetikoaren eraginik izan ez dezaten, auzi korapilatsuak saiheste aldera, eskatzen da Gamesak onar dezala 300 metroko tartea uztea linea horren trazaduratik etorkizuneko etxebizitzen mugetaraino. A-68 autobidetik hurbil dauden etxebizitzetan tarte hori 150 metrora murritz daiteke, beste linearen ondoan kokatu ahal izateko Red Eléctrica de Españaren 220 kV-eko linea, gaur egun eremua zeharkatzen duena eta lekuz aldatu behar dena.

Erantzuna:

Sustatzaileak alegazioan aipatzen den linearen trazaduraren plano berriak aurkeztu ditu eta horietan badago jasorik alegazio honen araberako aldaketa.

7.-Los Arcosko Udaleko alkate udalburu Jerónimo Gómez Ortigosa jaunak udal horren izenean aurkeztutako alegazio idazkia.

Edukia:

Nafarroako Gobernuak 2010eko ekainaren 7ko Erabakian ezarritakoaren kontra, udalerriko hirigintza araudi berriak onartu egiten du eskatutako jarduera ezartzea, eta udal mailan ez dago inolako murrizketarik; aitzitik, jarduera baimengarria da, batetik lurzoru urbanizaezinean ezarri behar den jarduera delako eta, bestetik, azpiegitura delako.

Erabakiak dioenez, proiektuko aerosorgailuetako batzuk Erdialdeko eta Ebroko Ardatzeko antolamendu planoetan mugatutako zenbait eremuk ukitzen dituzte; horien proiektu tramitagarriak babes bereziko eremu gisa jarri dira jendaurrean eta eremu horietarako ezarri den babes araubidea ez omen da bateragarria parke eolikoen ezarpenarekin.

Bada, horri dagokionez, esan behar da Nafarroako lurralde antolamenduko planak gaur egun lantzen ari diren tresnak direla eta Nafarroako Gobernuak oraindik ez dituela behin betiko onetsi. Beraz, ezin dira lotzaileak izan oraintxe tramitatzen ari den proiektuarentzat.

Erantzuna:

Eztabaidagarria da parke eolikoa azpiegitura hutsa ote den hirigintzako praktikan guztiek onartzen duten zentzuan, hau da, beste jarduera batzuen garapena ahalbidetzen duen instalazio osagarria ote den, eta ez jarduera ekonomiko bat, berez. Hala ere, aplikatu beharreko legezko xedapenetako batean ere ez dagoenez ezarrita zein den parke eolikoaren hirigintza-izaera, bidezkoa da Los Arcosko Udalak alegatutakoa aintzat hartzea.

Lurralde antolamenduko planen aplikazioa dela-eta, horiek onetsi gabe egoteak ez dio Nafarroako Gobernuari eragozten proiektuan eskuragarri dauden informazioa eta irizpideak aplikatzea espediente hau ebazteko, hain zuzen ere espediente hau ere lurraldea antolatzeko tresna baita.

8.-Cortesko Udalak aurkeztutako idazkia.

Edukia:

Udal arkitektoaren txostenaren kopia erantsi da. Txosten horretan ez da ezer zuzendu beharrik atzematen, eta ohartarazten da bai parke eolikoak bai energia ateratzeko lineak Cortesko herrilurretan kokatuko direla eta beharrezkoa izanen dutela erabileraren lagapena edo errentamendua.

Txosten horren edukiarekin bat, Udalak UPSaren aldeko txostena eman du.

Erantzuna:

Aztertzen ari garen proiektua udalez gaindiko proiektu deklaratzeak eta onesteak ez du sustatzailea salbuetsiko arlo guztietan behar diren baimenak organo eskudunei eskatu beharretik.

9.-Cascanteko AR-7 banaketa eremuko Plan Partzialeko (zerbitzu poligonoa) konpentsazio batzordearen izenean eta hura ordezkatuz Francisco Javier Malo Segura jaunak aurkeztu duen alegazio idazkia.

Edukia:

Cascanteko alkate udalburu Antonio Irujo Redrado jaunak aurkeztutako alegazio idazkian bezala, honetan ere eskatzen da Cortesko TAE -Tuterako TAE - La Sernako TAE linearen trazadura aldaraz dadila, eta ez dadila behin betiko onespenik eman harik eta Cascanteko S.1 AR-7 sektorearen gaineko edozein eragin kaltegarri ezabatu dela erabat egiaztatu arte.

Erantzuna:

Ikus Cascanteko Udalaren alegazio idazkiari emandako erantzuna.

10.-María Victoria Castillo Floristán andreak, Tuterako Udaleko Lurralde Antolamenduaren Arloko zinegotzi delegatuak, aurkeztutako alegazio idazkia.

Edukia:

Gamesaren UPSan aurreikusten den Cortesko TAE - Tuterako TAE - La Sernako TAE aireko lineak Tuterako udal mugapeko lurzoru urbanizaezina zeharkatzen du, jarduera ekonomikoetarako poligonoko 2. sektorea ukitzen duen tarte laburrean izan ezik. Tarte horrek ekipamenduetarako lurzati bat zeharkatzen du eta ukipen hori zuzendu beharra dago.

Linea horren eta Unibertsitate aurrean dagoen azpiestazioaren arteko lineak sektorizatu gabeko lur urbanizagarriak zeharkatuko ditu. Hau bezala azpiestazioan amaitzen diren linea elektriko guztien korapiloak inguru horren etorkizuneko garapena zailduko du. Arazo hau kontuan hartu behar litzateke, eta konponbide orokorra bilatu gaur egungo eta etorkizuneko linea guztientzat.

Erantzuna:

Sustatzaileak alegazioan aipatzen den linearen trazaduraren plano berriak aurkeztu ditu eta horietan badago jasorik alegazio honen araberako trazadura-aldaketa. Trazadura lekuz aldatu da ekipamendutarako lurzati horretatik ez igarotzeko, baina sustatzaileak bermatu beharko du linearen aireko zortasunak ez dituela ukituko industria jardueretarako eremu horretan urbanizagarritzat definitutako lurzatiak.

III.-Nafarroako Gobernuak 2010eko ekainaren 7an hartutako erabakian dauden oharrak.

Erabaki horrek, xedapen zatiko 2. puntuan, ondokoa ezarri zuen:

"2. Enpresa sustatzaileak, proiektu honen espedientea ebatzi aurretik, erabaki honen II. atalean (Proiektuaren edukia), IV.ean (Hirigintzari eta lurraldeari buruz kontuan hartu beharrekoak), VI.ean (Beste ohar batzuk) eta VII.ean (Eskatutako txostenak) aipatutako alderdiak erantsi beharko dizkio proiektuari."

Atal horiek aztertuko dira jarraian, sustatzaileak eman dizkien erantzunekin batera. Atal horietan dauden ohar azpimarragarrienak transkribatuko dira.

III.1. Proiektuaren edukia.

"Aurkeztutako proiektuko agirien edukia azterturik, esan daiteke nahiko ongi azaltzen duela proiektuaren xedea, baina, parke eolikoen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, edukia osatu egin behar da espedientea ebatzi aurretik, agiri edo zehaztapen hauek gehituz:

-Proposatutako parke eoliko bakoitzerako mugatu den eremuaren justifikazioa.

-Proposatutako parke eoliko bakoitzaren eremuan eraikuntzako erabilera eta jarduerak arautzeko ezarri diren hirigintzako determinazioen justifikazioa.

-Parke eolikoen eremuetako erabilera eta jarduera onartuei, baimengarriei eta debekatuei buruzko araudiaren proposamena, eta energia ateratzeko instalazio osagarrien zortasunak.

-Ingurumen ukipenak zuzentzeko neurrietarako aurreikuspen ekonomikoak. "

GESAk udalez gaindiko proiektu sektorialaren bi eranskin aurkeztu ditu, 2010eko abuztuaren 3an eta irailaren 15ean. Eranskin horietan jaso dira goian adierazitakoak, baita erabakiaren "VI.2. Lurren gaineko ukipenak" atalean parkeei buruzko araudiaren gainean dauden oharrak ere.

III.2. Hirigintzari eta lurraldeari buruz kontuan hartu beharrekoak.

-Erdialdeko eta Ebroko Ardatzeko lurralde antolamenduko planak (4. LAP eta 5. LAP).

Erabakiak dio lurralde antolamenduko planetan mugatutako babes bereziko eremuetarako aurreikusi den araubidea ez dela bateragarria Valdelaguardia, La Planilla, El Raso eta Espinarko parke eolikoetako zenbait aerosorgailurekin.

Sustatzaileak ez du erantzun. Horrenbestez, Ingurumen ondorioen adierazpenak ekar ditzakeen determinazioez gainera, determinazio gisa jasoko da eremu horiek ukitutako aerosorgailuak kendu behar direla, alegia:

-Valdelaguardiako parke eolikoko GUA-5, GUA-6 eta GUA-3 aerosorgailuak.

-La Planillako parke eolikoko PL01 aerosorgailua.

-El Rasoko parke eolikoko RAS-01 eta RAS-02 aerosorgailuak.

-Espinarko parke eolikoko ESP-02, ESP-06 eta ESP-07 aerosorgailuak.

-El Valle I+D parke eolikoa, Valdenavarroko parke eolikoa eta Cortesko azpiestazio elektrikoa.

"Ezinbestekoa izanen da, beraz, aldeko txostena ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak, Ebroko Ur Konfederazioak eta, behar izanez gero, ureztatzeko azpiegiturak ukituko zaizkien ureztatzaile elkarteek. Horrez gain, azpiestaziorako proposaturiko kokalekua berraztertu beharko da, txosten horiek aintzat hartuta, eta kokaleku hori koordinatu beharko da "I+D El Boyal" izeneko azpiestazio elektrikoaren kokalekuarekin. GESA azpiestazio horren ingurumen ukipenetarako baimena tramitatzen ari da.

Bestalde, parkeko bideek Enagasen Bartzelona-Valentzia-EAE gasbidea ukituko dute."

2010eko abuztuaren 9an, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman du Nafarroako G10X proiektuak Nafarroako Foru Komunitateko Ureztatze Planeko eremuetan izan dezakeen eraginari buruz. Txosten horren eduki osoa beherago jaso da, "IV.4. Eskatutako txostenak" atalean. Zenbait determinazio ezartzen ditu, eta horietako batzuek El Valle I+D eta Valdenavarro parke eolikoei eragiten diete.

Ebroko Ur Konfederazioari, Enagasi eta beren ureztaketa-azpiegituretan ukipenak izan ditzaketen ureztatzaile elkarteei dagokienez, adierazi behar da ez dagoela haien txostenik espedientean. Hala ere, "IV.4. Eskatutako txostenak" atalean adierazten den bezala, egin nahi diren jarduketen izaera eta goian aipatutako erakunde horien eskumeneko azpiegituren gainean izanen duten eragina kontuan izanik, txosten horiek geroago egin daitezke, parke eolikoen exekuzio proiektuak tramitatzen direnean.

Esan behar da, azkenik, ez dela beste kokaleku bat proposatu "Cortes 20/220 kV" azpiestazio elektrikorako, hala egiteko eskatu bazen ere. Horrenbestez, bidezkoa da eskaera hori determinazio gisa jasotzea.

-Energia ateratzeko Cortesko TAE - Tuterako TAE - La Sernako TAE linea.

"Proiektaturiko trazaduraren zortasunek ondoko planeamendu hautetako lurzati eraikigarri batzuei eragiten diete:

-Tuteran eskualdeko jarduera ekonomikoetarako eremua ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Tuterako Udalak sustatua eta Nafarroako Gobernuak 2005eko maiatzaren 30ean hartutako erabakiaren bidez onetsia.

-Fontellasen "El Cerro de Valpertunan etxebizitzak eta 18 zuloko golf zelaia egiteko jarduketa eta Fontellasko Los Pinos sektorean etxebizitzak egiteko jarduketa" biltzen dituen Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Fontellasko Udalak, Tenis Club Cerro Fontellas elkarteak eta Construcciones Monrepos, S.A.k sustatua eta Nafarroako Gobernuak 2007ko apirilaren 16an hartutako erabakiaren bidez onetsia.

-Cascanteko lurzoru urbanizagarriko zerbitzuen poligonoko 7. banaketa eremuko 1. sektoreko plan partziala.

Beraz, trazadura berrikusi beharko da, lurzoru urbanizagarrien gaineko ukipen horiek kontuan hartuz."

Kontuan izanik goian aipatu diren ukipenak eta, halaber, Fontellasko, Cascanteko eta Tuterako udalek eta Cascanteko AR-7 banaketa eremuko Plan Partzialeko (zerbitzu poligonoa) konpentsazio batzordeak egin dituzten alegazioak, GESAk linea elektriko horretarako beste trazadura bat aurkeztu du, Tuterako eta Fontellasko UPSak zeharkatzen dituzten tarteetan aldaketak dituena. Trazadura berria ere lurzoru urbanizagarriko eremu horietatik igarotzen da, baina berdeguneetan zehar, Tuterako UPSan, eta golf zelaiaren hegoaldeko ertzetik, Fontellasko UPSan.

Nolanahi ere, espediente honen sustatzaileak bermatu beharko du Cortesko TAE - Tuterako TAE - La Sernako TAE goi tentsioko linearen aireko zortasunak, lurzoru urbanizagarrian, ez diela eraginen eraikigarritzat definitutako lurzatiei.

-Espinarko parke eolikoa.

"San Adriango Udal Plan Orokorraren arabera, aerosorgailuek eta haien ondoko maniobra-plataformek (ESP-06 eta ESP-07 aerosorgailuak izan ezik) hartuko dituzten lurrak natura aldetik ustiatzeko babestu beharreko lur urbanizaezinak dira, Nafarroako Foru Komunitateko Ureztatze Planean jasorik dauden ureztatze eremuak, hain zuzen ere. Parke eolikoen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren 6. artikuluaren arabera, kategoria horretako lurzoru urbanizaezina ez da kokaleku egokia. Lurzoru urbanizaezineko aipatu azpikategoria guztientzat Udal Plan Orokorrean ezarritako babes araubideetan, bestalde, baimengarritzat jotzen dira, bakar-bakarrik, lurzatian bertan nekazaritzarako erabiliko den autokontsumoko energia ekoizteko instalazio eolikoak eta eguzki instalazioak. Gainera, zuhaitzik gabeko ohian lurzoruan, debekaturik dago ibilgailu motordunak pistetatik kanpo ibiltzea, basogintzako lanetarako ez bada."

Horrenbestez, eta Ingurumen ondorioen adierazpenak ekar ditzakeen determinazioez gain, kendu egin behar dira ESP-01, ESP-02, ESP-03, ESP-04 eta ESP-05 aerosorgailuak.

-IV.6. El Raso eta Las Lombas I parke eolikoak.

"El Rasoko parke eolikoko aerosorgailuetako batzuk (RAS-03, RAS-04, RAS-05 eta RAS-06) San Adriango udal mugapean ezarriko dira. Horiek, goian aipatutako Espinarko parke eolikokoa bezala, natura aldetik ustiatzeko duen balioagatik babestu beharreko lurzoru urbanizaezinean kokatuko dira, hain zuzen ere Nafarroako Foru Komunitateko Ureztatze Planean jasotako ureztatze eremuetan. Parke eolikoen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren 6. artikuluaren arabera, kategoria horretako lurzoru urbanizaezina ez da kokaleku egokia. Lurzoru urbanizaezineko azpikategoria guztientzat Udal Plan Orokorrean ezarritako babes araubideetan, bestalde, baimengarritzat jotzen dira, bakar-bakarrik, lurzatian bertan nekazaritzarako erabiliko den autokontsumoko energia ekoizteko instalazio eolikoak eta eguzki instalazioak. Gainera, zuhaitzik gabeko ohian lurzoruan, debekaturik dago ibilgailu motordunak pistetatik kanpo ibiltzea, basogintzako lanetarako ez bada.

Bestalde, El Rasoko parke eolikoko gainerako aerosorgailuak (RAS-01 eta RAS-02) ingurumen aldetik duen balioagatik gorde beharreko lurzoru urbanizaezinean daude, ohian lurzoruan hain zuzen ere, Azagrako Udal Plan Orokorraren arabera (Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak otsailaren 8an emandako 16/2010 Foru Aginduaren bidez behin betiko onetsia); eta Las Lombas I parke eolikoko aerosorgailuak, berriz, natura aldetik ustiatzeko gorde beharreko lurzoru urbanizaezinean daude, produktibitate handiko lurzoruan, hain zuzen. Lurzoru urbanizaezinaren azken kategoria hori ez da egokia parke eolikoa ezartzeko, parke eolikoen ezarpena arautzen duen 125/1996 Foru Dekretuan ezarrita dagoenez."

Horrenbestez, eta Ingurumen ondorioen adierazpenak ekar ditzakeen determinazioez gain, kendu egin behar dira RAS-03, RAS-04, RAS-05 eta RAS-06 aerosorgailuak.

-Las Lombas II parke eolikoa.

"Espinarko eta El Rasoko parke eolikoetan gertatzen den bezala, parke eoliko honetako LOII04, LOII05 eta LOII06 aerosorgailuetatik San Adriango udal mugapean kokatuko direnek natura aldetik ustiatzeko duen balioagatik babestu beharreko lurzoru urbanizaezina ukitzen dute, hain zuzen ere Nafarroako Foru Komunitateko Ureztatze Planean jasotako ureztate eremuak. Parke eolikoen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren 6. artikuluaren arabera, kategoria horretako lurzoru urbanizaezina ez da kokaleku egokia. Lurzoru urbanizaezineko azpikategoria guztientzat Udal Plan Orokorrean ezarritako babes araubideetan, halaber, baimengarritzat jotzen dira, bakar-bakarrik, lurzatian bertan nekazaritzarako erabiliko den autokontsumoko energia ekoizteko instalazio eolikoak eta eguzki instalazioak. Gainera, zuhaitzik gabeko ohian lurzoruan, debekaturik dago ibilgailu motordunak pistetatik kanpo ibiltzea, basogintzako lanetarako ez bada."

Horrenbestez, eta Ingurumen ondorioen adierazpenak ekar ditzakeen determinazioez gain, kendu egin behar dira LOII04, LOII05 eta LOII06 aerosorgailuak.

-Valdelaguardiako parke eolikoa.

"Los Arcosko udal mugapearen barnean, aerosorgailuek, azpiestazioak eta sarbideek, Udalaren Hirigintza Planaren arabera, kategoria hauetako lurzoru urbanizaezinean izanen dute eragina:

?Babestu beharreko lurzorua, azpiegituretarakoa. Azpikategoria: altxonbidea. 17. iraganbidea.

?Ingurumen aldetik duen balioagatik babestu beharrekoa. Azpikategoria: onura publikoko mendia.

?Ingurumen aldetik duen balioagatik babestu beharrekoa. Batasunaren intereseko lekua (Estellerriko Igeltsuak).

-Natura aldetik ustiatzeko duen balioagatik gorde beharrekoa. Lehorreko alorra.

-Ingurumen aldetik duen balioagatik gorde beharrekoa. Ingurumenarekin eta paisaiarekin lotutako eremua.

-Ingurumen aldetik duen balioagatik gorde beharrekoa. Oihan lurzorua, zuhaitzik gabea eta zuhaiztuna.

Tokiko hirigintzako araudiak ez du onartzen eskatutako jarduera mota ezartzea aipatutako azken bi azpikategorietako lurretan. Aerosorgailu guztiak, bi izan ezik, horrelako lurretan kokatu nahi dira. Udalerriko arau-esparrua aintzat hartuz gero, ez litzateke parke hau baimendu behar, nahiz eta legezko aukerak zabalagoak izan udal araudiak ematen dituenak baino."

Azken ohar horri dagokionez, Jerónimo Gómez Ortigosa jaunak Los Arcosko Udalaren izenean aurkeztutako alegazio idazkian adierazten den bezala jokatuko da.

-Energia ateratzeko Valdelaguardia-Deikaztelu linea.

"Lehen esan bezala, linea hau Red Eléctrica Españolak Deikaztelun izanen duen azpiestazioraino iritsiko da. Estatuko Administrazio Orokorra azpiegitura horren ingurumen eragina ebaluatzeko tramitea egiten ari da. Ondorioz, azpimarratzekoa da azpiestazio horretarako azkenean onesten den kokalekuaren mende egonen dela linea elektriko honen trazadura. Proiektu honetan ageri den kokalekua, gainera, ez dator bat Estatuko Administrazio Orokorra gaur egun tramitatzen ari denarekin. Linearako proposaturiko trazadura, beraz, Deikazteluko azpiestaziorako proposaturiko kokalekuarekin koordinatu behar da. Deikazteluko azpiestazioaren kokalekua ez bada baimentzen edo behin betiko onesten honako espediente honen tramitazioaldian, hizpide dugun energia ateratzeko linea elektrikoaren trazadura eta exekuzioa baldintzapean onets litezke agian, azpiestazioaren kokalekuaren mende. Deikazteluko azpiestaziorako onesten den kokalekua proiektu honetan aurreikusitakoa ez bada eta, ondorioz, funtsezko aldaketa egin beharra badago proposaturiko linea elektrikoaren trazaduran, proiektu honen aldaketa tramitatu beharko da."

-Ukipen bereziak.

"Aerosorgailuetatik, linea elektrikoen euskarrietatik eta azpiestazio elektrikoen inguruko itxitura edo hesietatik bide publikoen eta abelbideen kanpoko ertzeraino 3 metroko tartea, gutxienez, egonen da."

Bidezkoa da erabaki honen xedapen zatian determinazio hori jasotzea.

"Proposaturiko jarduketak Nafarroako Errepide Sarearekin eta ROI Sare Geodesikoarekin bateragarriak diren baloratzeko, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak proiektuari buruzko txostena egin behar du."

Hurrengo atalean, "IV.4. Eskatutako txostenak" izenburukoan, adierazten den bezala, espedientean ez dago halako txostenik eta geroago egin daiteke, parke eolikoen exekuzio proiektuak tramitatzen direnean.

III.3. Beste ohar batzuk.

-Lurralde eremuen mugaketa.

Puntu honetan, dokumentuan bi lurralde eremu hauek bereiz daitezela eta bakoitza muga dadila eskatzen da: azterketa edo analisi eremua, eta ezarpen eremua. Sustatzaileak, aurkeztu dituen eranskin osagarrietan, eskatutakoa egin du.

"Bestalde, berriz aztertu behar da eremu bakoitzean (Cortes, Las Masadas, Espinar eta La Planilla) proiektatuko parkeen mugaketa, zona bakoitza kokagune bakartzat definituz eta mugatuz. Egokitzat jotzen bada, orain planteatutako parkeekin bat datozen faseetan burutu ahal izanen dira."

Sustatzaileak ez dio ohar horri erantzun. Beraz, bidezkoa da hura determinazio gisa jasotzea.

Puntu berean dagoen beste ohar hau ere, bidezkoa da determinazio gisa jasotzea: "Jakina, behin justifikaturik esparru horien mugaketa, azterketa eremuan eta ezarpen eremuan bat ez datozen lurrak baztertu eginen dira parke eolikoak ezartzeko."

-Lurren gaineko ukipenak.

Jerónimo Gómez Ortigosa jaunak Los Arcosko Udalaren izenean aurkeztu duen alegazio idazkiari erantzutean adierazi den moduan, proiektu honetan lurzoru urbanizaezinean zehar egin beharreko jarduketek, onesten badira, ukituko dituzten lurrak, babestu beharreko lurzoru urbanizaezintzat joko dira, eta jarduera berezietarako lurzoruaren kategoria izanen dute.

Bestalde, atal honetan eskatzen da proiektuari zerrenda hauek eransteko: aldi baterako edo behin betiko okupazioei dagozkien ukipenak, ezarriko diren zortasunak, eta proposaturiko jarduketek funtzionamenduan jarritakoan izanen duten babes araubidea. Gainera, parkeen araudiari erantsi beharreko determinazio batzuk zerrendatu ziren.

Aurkeztutako agiri osagarrietan, GESAk eskakizun horiek bete ditu.

-Behar adinako edukiera eta garraio sare elektrikoarekiko lotura izatea.

Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Energiaren, Meatzaritzaren, Telekomunikazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak ondokoa adierazi du 2010eko ekainaren 3an:

"Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren xedea da araubide juridikoa ezartzea energia elektrikoaren garraio, banaketa, merkaturatze eta hornidura jardueretarako eta arlo horietan aritzen diren subjektuen arteko harremanetarako.

Garraio eta banaketa sarean instalazio berrien konexioak egin ahal izateko baldintza da behar adinako edukiera izatea horniduraren segurtasuna eta kalitatea bermatzeko.

Sistemaren egonkortasuna bermatze aldera, sistemaren operadore eta garraio sarearen kudeatzaileak (Red Eléctrica de España, Sociedad Anónima) aztertu egin behar ditu garraio sarean konexioak egiteko eskaerak. Edukiera nahikoa ez bada edo fidagarritasun eta segurtasun irizpideak betetzen ez badira, sarearekiko konexioa baldintzatu behar du.

Bestalde, sistemaren operadoreak, Red Eléctrica de España, Sociedad Anónima enpresak, bere azterketetan, sare elektrikoaren garapenari buruzko irizpideak eszenatoki sinesgarrietan aplikatu ditu, aurreikus daitezkeen baldintzarik txarrenetan, eta betiere energia fluxu dinamikoak irudikatuz. Azterketa horiek kontuan izanik, zerbitzu hau lanean ari da sistemaren operadore eta banaketa sarearen kudeatzailearekin batera, energia ateratzeko edukiera ahalik gehien handitu ahal izateko Nafarroan, hainbat sustatzailek egindako proposamenei eta, bereziki, I+G+B arloko inbertsioei begira."

-Eskatutako txostenak.

Erabakiaren atal horrek ondokoa dio:

"2010eko maiatzaren 13an proiektu honi buruzko txostena eskatu zaie Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari eta Enpresa Zuzendaritza Nagusiari.

Sustatzaileak proiektua bidali die Ondare Historikoaren Zerbitzuari, ENAGASi, Compañía Logística de Hidrocarburos enpresari, Ebroko Ur Konfederazioari, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, eta, "abelbideen gaineko jarduketak" direla eta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

Bestalde, beharrezkotzat jotzen da txostena eskatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari.

Txosten horietan azaltzen diren ondorioak kontuan hartu beharko dira espediente honen ebazpenean."

Hona hemen jasotako txostenen edukiaren balorazioa eta azalpen laburra:

-Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren txostena: Gamesak baimena eskatu du departamentu honen eskumeneko zenbait errepidetan sarbideak eta lurpeko gurutzaguneak egokitzeko. Horri dagokionez, Zainketa Zerbitzuko zuzendariak 2010eko irailaren 20an txostena eman du, eta bertan adierazten da ez dela lanetarako baimenik emanen harik eta txosten horretan aipatzen diren datu osagarriak aurkeztu arte (besteak beste, "erreserbako gainzabalerak", sarbideak, seinale bertikalak eta obren exekuzioa direla eta).

-Enpresa Zuzendaritza Nagusiaren txostena: zuzendaritza horren txostenaren edukia aurreko puntuan jaso da.

-Compañía Logística de Hidrocarburos enpresaren txostena: 2010eko ekainaren 7an, enpresa horrek, Miranda de Ebro-Iruña-Zaragoza (MIPAZA) oliobidearen segurtasun eremuaren barnean Espinarko parke eolikoan egin nahi diren jarduketei buruz emandako txostenean, jakinarazi du ez duela proiektua burutzearen aurkako eragozpenik, betiere zenbait baldintza betetzen badira obrak egitean eta aipatu azpiegituraren zortasun eremuan erabileraren mugak gainditzen ez badira.

-Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren txostena: 2010eko abuztuaren 9an, zerbitzu horretako zuzendariak ondoko txostena eman du:

"Cortesko parke eolikoetako (El Valle I+D eta Valdenavarro) hamalau aerosorgailuak herrilurretan kokatu dira, Cortesko ohiko ureztaketako lurzatietan. Foru Komunitateko Administrazioak bertan presiozko sistema ezartzeko modernizazioa egin eta finantzatu du, 265/2007 Foru Aginduak onetsitako proiektuaren bitartez, eta duela gutxi utzi du Cortesko Udalaren esku, hori guztia Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeari jarraituz. Lege horrek 73.4 artikuluan dio toki entitate onuradunak hamabost urtean eutsi behar diola lurzatien tamainari.

Espinarko parke eolikoko 7 aerosorgailuak Monte de San Adriango ureztaketa lurretan daude, ureztalur bihurtutako eremuan. Foru Komunitateko Administrazioak egin eta finantzatu zuen eraldaketa eta 2005ean egin zen ureztatzeko deklarazioa. Eraldatutako lurzatiek, geroztik, 1/2002 Foru Legearen 50. artikuluaren arabera, eraldatu ondorengo lursail ureztagarrien zama dute eta hamabost urtean mantendu behar dira. ESP-05 aerosorgailua, gainera, herrilurretan dago eta 1/2002 Foru Legearen 73.4 artikulua aplikatu behar zaio.

El Rasoko parkeak bi aerosorgailu ditu (RAS-1 eta RAS-2) Azagrako udal mugapean, lehorreko lurretan; gainerako laurak (RAS-3 eta RAS-6 bitartekoak) Monte de San Adriango ureztaketako lurzati pribatuetan daude.

Lombas 1 parkeko 11 aerosorgailuak Azagrako udal mugapean daude, ureztaketa lurretan, eraldatu ondorengo finka ureztagarriaren zamarik ez duten lurzatietan.

Azkenik, Lombas II parkeak 3 aerosorgailu ditu (LOII-01, LOII-02 eta LOII-03) Andosillako mugapean, Andosilla II ureztaketa eremuan, ureztatzeko deklarazioa 2004koa duten finka pribatuetan, eta beste hirurak, LOII-04, LOII-05 eta LOII-06, Monte de San Adriango ureztalur pribatuetan.

Aerosorgailuak eta haien instalazioak ezartzeko behar den azalera oso txikia da, eremu bakoitzean modernizatu eta eraldatutako ureztaketako lurren aldean. Beraz, bai ukitutako udalerrientzat bai Nafarroako Foru Komunitate osoarentzat ekimenak duen onura ekonomiko eta soziala kontuan izanik, zerbitzu honek ekimenaren aldeko txostena ematen du.

1/2002 Foru Legea aplikatuta, San Adriango Udalak eta eraldatu ondorengo finka ureztagarriaren zama duten lurzati pribatuen jabeek (Monte de San Adrian eta Andosilla II) zama horren amaiera eskatu beharko diote Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, eta modernizatutako nahiz eraldatutako eremuetako lurzati ukituen jabe diren udalek (Corteskoa eta San Adriangoa) modernizazio eta eraldatze proiektuetan aldaketa egiteko eskatu beharko dute. Batzuek zein besteek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari ordaindu beharko dizkiote ukitutako lurretan ureztaketa ezartzeko edo modernizatzeko izan dituen kostuak."

Azkenik, eskatu bai baina espedientean jaso ez diren txostenak direla eta -Enagasena, Ebroko Ur Konfederazioarena eta Ondare Historikoaren Zerbitzuarena-, erakunde horien eskumeneko azpiegituren izaera eta egin nahi diren jarduketek haietan izanen duten eragina kontuan izanik, txosten horiek geroago egin daitezke, parke eolikoen exekuzio proiektuak tramitatzen direnean.

IV.-Ingurumen eraginaren adierazpena.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak irailaren 28an emandako 01498/2010 Ebazpenaren bidez, Ingurumen eraginaren adierazpena egin da Gamesa Energía, S.A.U. (GESA) enpresak sustatutako "Nafarroako G10X" Udalez gaindiko Proiektu Sektorialeko parke eolikoei buruz.

Adierazpen horretan, ingurumen aldetik bideragarritzat jo dira 1. eremuko parke eolikoak (Valdenavarro eta El Valle l+D), Cortesko udal mugapean kokatuak, eta haiei lotutako goi tentsioko linea elektrikoa (Cortesko TAE - Tuterako TAE - La Sernako TAE), eta zenbait determinazio ezarri dira jarduketa horietarako. Horien artean aipatzekoa da lehenbizikoa, proiektu sektorialean aldaketak eragiten dituelako:

"-AG-3, AG-4, AG-8 eta AG-1 aerosorgailuen kokalekua berrikusiko da. Ahalegina eginen da `00042: Peñadil, El Montecillo eta Monterrey? izeneko zainketa bereziko eremutik urrunago kokatzeko. Behin betiko kokalekua Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari aurkeztuko zaio."

Bestalde, Ingurumen eraginaren adierazpenean ingurumen aldetik bideraezintzat jo dira 2., 3. eta 4. eremuetako parke eolikoak, hots, Las Masadas I eta II; Las Lombas I eta II, El Raso eta El Espinar; eta La Planilla I eta II eta Valdelaguardia. Arrazoi hauek eman dira:

-Ingurumen aldetik ez dira bideragarriak 2. eremuko parke eolikoak (Las Masadas I eta II, Caparrosoko udal mugapean), espezie mehatxatuen kontserbaziorako garrantzi handia duen inguru batean kokatu nahi direlako, hegaztientzat arrisku nabarmena dutelako, eta beste jarduera batzuekin batera eremu horretan sortuko lituzketen eragin sinergikoak kritikoak izanen liratekeelako.

-Ingurumen aldetik ez dira bideragarriak 3. eremuko parke eolikoak (Las Lombas I eta II, El Raso eta El Espinar parke eolikoak, San Adriango, Azagrako, Azkoiengo eta Andosillako udal mugapeetan), beren hedadura handiagatik, ekologiaren eta paisaiaren aldetik balio handia duten eremuak barnean hartuko bailituzkete, eta bestetik, aurreikusitako linea elektrikoaren eragin orokorragatik.

5. Ezin dira ingurumen aldetik bideragarritzat jo 4. eremuko parke eolikoak (La Planilla I eta II eta Valdelaguardia, Elizagorrian, Mendabian eta Los Arcosen), kontuan izanik, ingurumen arloko datuek diotenez, Nafarroan galzorian dauden hegazti espezie batzuei kalte egiteko arrisku nabarmena dutela, eta kokatu nahi diren eremuan maiz ibiltzen direla hegazti harrapariak eta estepakoak, intereseko zenbait naturguneren artean egiten dituzten joan-etorrietan.

V.-Abala.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 44.3 b) eta c) artikuluan ezarritakoa betez, GESAk abala aurkeztu du UPSa behar bezala gauzatuko dela bermatzeko.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.

2. Gamesa Energía, S.A.U.k sustatutako "Nafarroako G10X" Udalez gaindiko Proiektu Sektorialak Cortesko eremuan aurreikusten dituen parke eolikoak (Valdenavarro eta El Valle I+D) onestea, baita horiei lotutako instalazioak ere ("Cortes 20/220 kV" azpiestazio elektrikoa eta energia ateratzeko Cortesko TAE - Tuterako TAE - La Sernako TAE aireko linea, goi tentsiokoa), ondoko determinazio hauei lotuta:

-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak irailaren 28an emandako 1498/2010 Ebazpenean ezarritakoak (ebazpen horretan Ingurumen eraginaren adierazpena egin da "Nafarroako G10X" proiektuari buruz):

-UPSko dokumentazioan jasotako zuzenketa neurri guztiak aplikatuko dira.

-AG-3, AG-4, AG-8 eta AG-1 aerosorgailuen kokalekua berrikusiko da. Ahalegina eginen da `00042: Peñadil, El Montecillo eta Monterrey? izeneko zainketa bereziko eremutik urrunago kokatzeko. Behin betiko kokalekua Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari aurkeztuko zaio.

-Anemometro-dorreetako tenkasoketan hegaztiek talka egiteko arriskuaren azterketa eginen da. Tenkasoken ordez dorreei zimendu autosostengatzaileak jartzeko aukera baloratuko da, edo tenkasokak behar bezala balizatuko dira. Azterlana eta proposamena Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari aurkeztuko zaizkio onesteko.

-Halaber, obrek eraldatutako edo sortutako gainazal guztiak landareztatzeko proiektua aurkeztuko zaio Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari. Aerosorgailuen plataformak ere proiektu horretan sartuko dira, baita muntaketarako erabili ondoren nekazaritzarako gehiago erabiliko ez diren zabalguneak ere.

-Funtzionamendu faserako Ingurumena Zaintzeko Programa aurkeztuko da. Zein metodologia erabiliko den eta zein txosten eginen diren zehaztuko da. Ingurumena Zaintzeko Programak bost urte iraunen du gutxienez.

-Oinarrizko proiektuaren arabera lurrerako hariak izanen lukeen seinalizazioa (seinaleak 10 metrotik behin, trazadura osoan zehar) indartu egin behar da, hegaztiek linea elektrikoa jotzeko arriskua gutxitzeko. Horretarako, lurrerako hariak 5 metrotik behin izanen ditu seinaleak 69. euskarritik (220 kV-eko D/C linearen hasieratik) La Sernako TAEko 30. euskarriraino. Gauez eta ilunabarrean ibiltzen diren hegaztiek linea jotzeko arrisku gutxiago izan dezaten, material lumineszentez hornitutako balizak jarriko dira.

-Linea elektrikoen seinalizazioa hari eroaleak ezarri eta tenkatu eta berehala eginen da; hari eroaleak jarri ondoren balizamendua gehienez ere 5 eguneko epean eginen da.

-Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak 2010eko abuztuaren 9ko txostenean adierazitakoa beteko du sustatzaileak, Cortesko parke eolikoei dagokienez.

-Berriro aztertu beharko da "Cortes 20/220 kV" azpiestazio elektrikoaren kokalekua, eta koordinatu egin beharko da "I+D El Boyal" azpiestazio elektrikoaren kokalekuarekin eta Foru Komunitateko Administrazioak 265/2007 Foru Aginduaren bidez onetsitako proiektuari jarraituz ureztaketa modernizatzeko egindako jarduketekin.

-Sustatzaileak bermatu beharko du Cortesko TAE - Tuterako TAE - La Sernako TAE goi tentsioko linearen aireko zortasunak, lurzoru urbanizagarrietan, ez diela eraginen eraikigarritzat definitutako lurzatiei.

-Proiektuan El Valle eta Valdenavarro parke eolikoen ezarpen eremu gisa mugatutako lurrak babestu beharreko lurzoru urbanizaezintzat joko dira, eta jarduera berezietarako lurzoruaren azpikategoria izanen dute. Halakoetarako ezartzen den araubidea aplikatuko zaie.

-Aerosorgailuetatik, linea elektrikoen euskarrietatik eta azpiestazio elektrikoaren inguruko itxitura edo hesietatik bide publikoen eta abelbideen kanpoko ertzeraino 3 metroko tartea, gutxienez, egonen da.

-Valdenavarro eta El Valle I+D parke eolikoen eta horiei lotutako instalazioen (Cortesko TAE - Tuterako TAE - La Sernako TAE goi tentsioko linea elektrikoa eta Cortesko azpiestazio elektrikoa) exekuzio proiektuak behin betiko onetsi baino lehen, aldeko txostena eman beharko dute Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak, Ondare Historikoaren Zerbitzuak, Enagasek, Ebroko Ur Konfederazioak eta, ureztatzeko azpiegiturak ukitzen direnean, ureztatzaileen elkarteek.

3. Gamesa Energía, S.A.U.k sustatutako "Nafarroako G10X" Udalez gaindiko Proiektu Sektorialak Las Masadas, Espinar eta La Planilla-Las Masadas eremuetan aurreikusten dituen parke eolikoak (Espinar, El Raso, Las Lombas I, Las Lombas II, La Planillako I. eta II. faseak eta Valdelaguardia) ez onestea, Ingurumen eraginaren adierazpenean eta erabaki honen xedapen zatian azaldutakoa oinarri.

4. UPSak indarra hartzeko baldintza gisa, testu bategina aurkeztu behar da, erabaki honetako determinazioak eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak irailaren 28an emandako 01498/2010 Ebazpenean daudenak bilduko dituena. Ebazpen horren bidez Ingurumen eraginaren adierazpena egin zen UPSari buruz.

5. Baimendutako parke eolikoetako obrek beste azpiegitura eta elementu batzuetan (errepideak, ureztaketa, ur ibilgu publikoak edo beste batzuk) sortzen dituzten edo sor ditzaketen ukipenei dagokienez, sustatzaileak kasuan kasuko arloan eskudun diren organoen baimen guztiak eskuratu beharko ditu.

6. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta horren berri ematea Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Enpresa Zuzendaritza Nagusiari, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari eta Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari, eta Ondare Historikoaren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Erabaki hau jakinaraztea Empresa Nacional del Gas, S.A.ri (ENAGAS), Compañía Logística de Hidrocarburos, S.A.ri (CLH), Ebroko Ur Konfederazioari, Red Eléctrica de Españari, Andosilla, Arellano, Arroitz, Azagra, Buñuel, Caparroso, Cascante, Cortes, Deikaztelu, Fontellas, Elizagorria, Los Arcos, Martzilla, Mendabia, Murchante, Erriberri, Azkoien, Ribaforada, San Adrián, Santsol, Sesma eta Tuterako udalei eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan. Ohartaraziko zaie erabaki honek administrazio bidea amaitu duela eta haren aurka Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daitekeela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Nolanahi ere, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egin ahal izanen diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2010eko azaroaren 8an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1018413