141. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARES

Garesko kanpoko argien instalazioetarako udal ordenantza.
Behin betiko onespena

Garesko Udalak, 2010eko urtarrilaren 28an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea, ondoren erregelamenduaren arabera tramitatzeko, Garesko kanpoko argien instalazioetarako udal ordenantza. Espedientea jendaurrean egon da, ondorio horretarako iragarkia argitaratuz 2010eko 62. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 21ekoan, eta Udalaren iragarki oholean. Ez da alegaziorik aurkeztu eta, horrenbestez, 2010eko irailaren 29an egin osoko bilkuran behin betiko onetsi da Garesko kanpoko argien instalazioetarako udal ordenantza.

Argitara ematen da, aipatu ordenantzaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak sortzeko.

Garesen, 2010eko urriaren 8an.-Alkatea, Feliciano Vélez Medrano.

GARESKO KANPOKO ARGIEN INSTALAZIOETARAKO
UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Garesko udal mugapean (Nafarroa) kanpoko argien instalazio publiko eta pribatuek bete behar dituzten baldintzak ezartzea, energiaren erabilera eraginkor eta arrazionalaren bidez ingurumena babesteko eta gauez sortzen den argitasuna gutxitzeko, hori guztia, noski, bazter utzi gabe bideen segurtasuna, oinezkoena eta jabegoena, instalazioek horiek guztiak bermatu behar baitituzte.

2. artikulua. Helburuak.

Honako helburu hauek ditu:

-Energia aurrezpenaren bitartez kanpoko argien eragimen energetikoaren hobekuntza sustatzea, erabiltzaileen segurtasuna murriztu gabe.

-Gaueko orduen baldintza naturalak ahalik eta gehien mantentzea, ekosistemak oro har babeste aldera.

-Gaueko argitasunaren distira ekidin eta zuzentzea, zerua ongi ikusi ahal izateko.

-Etxe inguruetan argi sarkina eta horrek sortzen dituen eragozpen eta kalteak gutxitzea.

-Kanpoko argien instalazioen eskakizunak eta ezaugarri teknikoak gomendioetara eta indarra duten araudietara egokitzea.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

1.-Ordenantza hau Garesko udal mugapean aplikatuko da. Kanpoko argi publikoei zein pribatuei lotutako proiektu, diseinu memoria tekniko eta, oro har, obra guztiei aplikatuko zaie, instalazio berriak edo lehendik daudenak birmoldatu eta handitzeko obrak diren kontuan hartu gabe.

2.-Ordenantza honen ondorioetarako, kanpoko argitzat honakoa joko da: aire zabaleko eremuak edo esparru irekiak argiztatzea gauez erabili ahal izan daitezen, jabari publikoko nahiz pribatuko aldeetan, modu iraunkorrean edo aldi baterako egindakoa.

3.-Definizio horren arabera, kanpoko argietan instalazio mota hauek sartzen dira:

-Bideetako edo beste edozein zirkulazio bidetako argiak.

-Aire zabaleko aparkalekuetako argiak.

-Eraikinen fatxadetako eta monumentuetako argiak.

-Kanpoko kirol eta jolas instalazioetako argiak.

-Esparru irekietako lantokietako argiak.

-Segurtasuneko argiak.

-Kartel eta iragarki argidunetako argiak.

-Erakusleihoetako argiak.

-Jaietako argiak eta Eguberrietakoak.

4.-Honako hauek ordenantza honen aplikazio eremutik kanpo daude:

-Ibilgailuen argiak.

-Zirkulazioa erregulatzeko gailuak.

-Herritarren segurtasunerako instalazioak.

-Obretako seinaleak.

-Laser proiektagailuak edo astronomia xedeak dituen beste mota batekoa.

-Arreta eta larrialdietako zentroetako seinaleak.

4. artikulua. Instalazioen diseinua.

Kanpoko argien instalazioak diseinatzeko, oro har honako hauek beteko dira: indarra duen Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoaren jarraibideak, energia eragimenaren eta EA-01etik EA-07ra bitarteko jarraibide tekniko osagarrien erregelamendua onartu zuen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak agertutako xedapenak eta parametro luminoteknikoei buruz Nazioarteko Argiztapen Batzordeak (NAB) emandako gomendioak. Halaber, gomendatutako balioak lortu beharreko helburu gisa hartuko dira, eta ordenantza honen eranskinean ezartzen diren eskakizun tekniko eta argiztapen maila guztiak beteko dira.

Hala ere, honakoak dira kontuan hartu beharreko alderdi nabarmenenak:

-Hargunea.

1.-Sarearekiko konexioan babesgailu orokorra aurreikusiko da, eroalearen sekzioaren arabera. Eroaleak kobrezkoak izanen dira, 0,6/1 KV-ko isolamendua izanen dute, gehienez, eta haien sekzioa egokia izanen da lanparen potentziaren batura nolako, halako biren baliokidea den potentziarako, gutxienez.

-Neurgailua.

1.-Agente atmosferikoen aurrean erresistentzia handia duten inguratzaileak dituzten armairuetan gordeko da. Inguratzaile horietako batzuk altzairu herdoilgaitza, beira-zuntzaz sendoturiko poliesterra edo hormigoizko aurrefabrikatuak dira. Haren gutxieneko estankotasuna IP55 izanen da eta talkarako gutxieneko erresistentzia, aldiz, IK10.

2.-Enpresa hornitzailea erraz iristen ahal den lekuan paratuko da, eta horretara atxikitako langileek baino ezin izanen dute haren itxitura erabili.

-Kaxa elektriko orokorra.

1.-Neurgailurako adierazitako isolamendu eta erresistentzien antzekoak dituzten armairuetan gordeko da. Neurgailuarekin batera edo horretatik bananduta egoten ahalko da. Azken kasu horretan, armairuak bi departamentu independente izan beharko ditu, konpainia hornitzailearen arauen arabera. Inguratzaileak IP55 eta IK10 gutxieneko babes maila izanen du.

2.-Gainintentsitateen aurkako babes magnetotermiko multipolar orokorra izan beharko dute, baita gaintentsioen aurkako gailu multipolarra ere.

3.-Gainintentsitateen zein zirkuitulaburren aurkako babes multipolar independienteak izanen ditu zirkuitu bakoitzerako, baita isolamendu akatsen aurkako babes diferentzialeko gailuak ere, horiek 300 mA-ko sentsibilitatea, gutxienez, izan beharko dutela. Babes diferentzialeko gailuak berrarmatze automatikokoak izanen dira.

4.-Ixteko gailua izanen du, mantentze-lanetako zerbitzuarekin zerikusirik ez duten langileek ireki eta erabiltzea eragotziko duena.

-Banabideak.

1.-Eroaleak kobrezkoak izanen dira, 0,6/1 KV-ko isolamendua izanen dute, gehienez, lur azpiko kanalizazioen azpitik hedatuko dira, eta haien sekzioak egokiak izanen dira paraturiko lanparen potentziaren batura nolako, halako biren baliokidea den potentziarako, gutxienez. Sekzio hori ez da 6 mm²-tik beherakoa izanen lur azpiko sareetan, ezta 4 mm²-tik beherakoa ere airekoetan. Punturik txarreneko gehieneko tentsio-erortzea ez da %3tik gorakoa izanen.

2.-Kaxa orokorretik hainbat banabide aurreikusi beharko dira, gaintentsioen, zirkuitulaburren eta isolamendu akatsen aurkako babes independenteak aurreikusita horietako bakoitzerako.

3.-Errepideetako bidegurutzeetan kanalizazio tutu bat, gutxienez, paratu beharko da erreserbarako, eta tutu hori hormigoizko geruza batek estaliko du.

4.-Konexio guztiak erregistratzeko moduko kutxatiletan kokaturiko kaxa hermetikoetan egin beharko dira borna egokien bidez, eroalearen sekzioaren arabera.

5.-Luminariak lineekin konektatzeko, faseen artean ahalik eta oreka handiena egon beharko da. Adar guztiek 2,5 mm²-ko gutxieneko sekzioa izan beharko dute, eta banakako babes gailuek babestuko dituzte.

-Luminarien euskarriak.

1.-Luminarien euskarriak 2,5eko gutxieneko segurtasun koefizientearekin kalkulatuko dira, bai erresistentzia mekanikorako, bai haien zimenduen egonkortasunerako. Barneko inatalazioa dutenek itxituradun atea edo estalkia izan beharko dute, tresna berezien bidez bakarrik zabal daitekeena.

2.-20 ohm-ko gehieneko erresistentzia duen lur-hargune batera konektatu beharko dira. Linea bereko lur-hargune guztiak kobre biluzizko eroalearen bidez lotuko dira, eta haren gutxieneko sekzioa faseen sekzioaren baliokidea izanen da. Eroalea 5 euskarriko tarte bakoitzean, gutxienez, kokaturiko lur-harguneko piketara konektatuko da, baita sekzioaren hasierara eta amaierara ere.

3.-Markesinen, kioskoen, telefono-kabinen edo hiri altzarien atal metalikoak edo eskuekin ukitzen ahal den argi publikoko euskarri batetik 2 metrora edo hurbilago dagoen beste edozein elementu metaliko mota lurretara konektatuta egon beharko dira, argiteria finkatzeko eskatzen diren baldintza teknikoen antzekoak beteta.

5. artikulua. Zonak.

Ordenantza honi dagokionez, Garesko udal mugape osoa hartzen da gehieneko babes maila duen eremutzat. Hori dela eta, argi kutsadurako ahalik eta maila txikiena izaten saiatuko da.

6. artikulua. Goi Hemisferioaren Fluxuaren mugak.

Paraturiko Goi Hemisferioaren Fluxua (FHSinst), luminariak bere funtzionamendu posizioan ematen duen fluxu osoaren aldean, plano horizontalaren gainean ematen den portzentajea dela kontuan hartuta, lortu beharreko helburua portzentaje hori nulua izatea da. Beraz, Garesen lehendik dauden luminariak ordezteko eta egindako instalazioen gaineko aldaketen ondorioz berriak jartzeko paratzen diren luminaria guztiek baldintza hori bete, eta beraz, haien GHFint-a %0 izan beharko da.

Eskakizun hori betetzen ez badute, lehendik daudenak ordeztu eginen dira inguruabarrek horretarako aukera ematen dutenean eta egokitzat jotzen den lehentasun ordenari jarraituta.

7. artikulua. Zolen ezaugarri fotometrikoak.

1.-Ehundura, labainketarako erresistentzia, gainazalaren drainatzea eta abarren aldetik eraikuntza-ezaugarriak, osaketa eta exekuzio-sistema egokiak diren guztietan, gomendagarria da trafiko-bideetako galtzadetan argi publikoetako instalazioetarako islatze-ezaugarri eta propietate egokiagoak dituzten zolak erabiltzea.

2.-Hori dela eta, betiere egin badaiteke, trafiko-bideetako galtzadetan gomendatzen da honako ezaugarri hauek dituzten zolak ezartzea: erdi mailako luminantzia koefizientea edo ahalik eta Qo argitasun maila handiena (argiak), eta ispilu faktore txikia (distira gutxikoak edo mateak), ahalik eta iluminantzia txikiena, luminaria gutxien, potentzia txikiena eta itsualdi txikiena izanda argitasun maila egokiak eskuratzeko asmoz.

8. artikulua. Ingurumenaren babesa.

Ingurumena babestearren, honako hauek bete beharko dira:

1.-Kanpoko argietarako edota egun daudenen berrikuntzarako proiektu berrietan eta diseinu memorietan, argia behar duen eremua baizik ez da argiztatuko; eragimena handitu eta energia aurrezteko, gaueko argi distira gutxitzeko eta argien hondakinak behar bezala kudeatzeko irizpideak beteko dira.

2.-Proiektuetako eta diseinu memoria teknikoetako argiztapen mailek, instalazioetan lortu nahi direnek, ez dituzte gainditu beharko ordenantza honetan ezarritako gehieneko balioak, argi mota eta eremu bakoitzerako. Edozein inguruabar dela eta maila handiagoak behar direla uste bada, aldez aurretik baimena eskuratu beharko da, behar bezala justifikatutako txosten teknikoak aurkeztu ondoren jasotzen ahal dena.

3.-Asfaltoetarako, galtzaden gainerako osagaietarako eta beste edozein eraikuntza estaldura motatarako aurreikusitako luminantzia/iluminantzia erlazioak zehaztu beharko dira, erlazio hori ahalik eta handiena izan dadin saiatuta; izan ere, horrela behatzaileak ikusteko behar den luminantzia lortzeko beharrezko fluxua edo argiak gutxienekoa izanen da eta, horren ondorioz, GHFa edo herriko azalerek eta bideek espaziora igortzen duten fluxua ere gutxienekoa izanen da, horrek nabarmen lagunduko duela zeruan argi haloa murrizten. Era berean, luminantzien berdintasun handiagoak efektu itsugarriak gutxitzen eta kontrasteak hobeki antzematen lagunduko du.

4.-Proiektuetan eta diseinu memoria teknikoetan aurreikusitako luminariak eta proiektagailuak paratzen direnean, betiere fabrikatzaileek gomendatutako makurdura eta norabidea errrespetatuz, ez dira gainditu behar GHFinst-rako ezarritako gehieneko mugak, eta aldi berean errendimenduaren eta erabilera faktorearen gutxieneko eskakizunak bete behar dituzte, ordenantza honetan ezartzen baitira.

5.-Kanpoko argien instalazio berriek, baita egun paratuak daudenek, eduki behar dituzte pizteko eta itzaltzeko behar diren sistemak, hain zuzen ere pizturik alferrik egon ez daitezen eta energia kontsumoa behar-beharrezkoa baizik izan dadin.

6.-Instalazio berriek eta egun dauden instalazio guztiek argi mailaren erregulazio sistemak behar dituzte eduki, aurretik finkatu diren gaueko ordu txikietan argiaren fluxua murrizteko eta energia aurrezteko, ordenantza honetan ezarri bezala.

7.-Argiztapenerako aparatu guztien posizioa, helburua eta orientazioa aztertu eta behar bezala bermatuko dira. Horretarako, ahal den neurrian eragotziko da behatzailearen ikusangeluetatik argi iturriak zuzenean ikustea. Argiaren fluxua ahalik eta beheranzkoena den noranzkoan bideratuko da, ahal dela, eta inoiz ez horizontalki edo gorantz, batez ere eraikinetarako eta monumentuetarako proiekzio bidezko argiak direnean. Argiztapenerako aparatu horiek irekiera angeluak dituzten optikak izan behar dituzte; angelu horiek argitu beharreko azaleren mugen barnean egon beharko dira, distantzien arabera, eta, zirkunstantziek eskatzen badute, paralumenak, saretoak edo bisera doigarriak akoplatzea ahalbidetu behar dute, balizko itsualdi egoerak edo neurri bateko argi sarkina zuzentzeko.

9. artikulua. Kanpoko argiak erabiltzeko ordutegiak.

1.-Kasu guztietan argi publikoen konexioa eta deskonexioa automatikoki egin beharko dira, mantentze-lanetako udal zerbitzuen ikuskapenpean behar bezala kalibratu diren etengailu krepuskularren bidez.

2.-Bideetako argien instalazioek kontrol astronomikoko gailu automatikoak izanen dituzte, argiaren maila erregulatzeko. Gailu horiek igorritako fluxua murriztea ahalbidetuko dute %45ean, gutxienez, Udalak ezarritako orduetatik aurrera, gutxieneko kalitate eta segurtasun baldintzei kalterik egin gabe eta lanpara motak horretarako aukera ematen badu. Arau orokor gisa, fluxuaren murrizketa 0:00etatik aurrera egin beharko da, martxoko ekinoziotik (martxoak 22) eta iraileko ekinoziora (irailak 23) bitartean eta 23:00etatik aurrera, berriz, irailaren 23tik martxoaren 22ra bitartean.

3.-Monumentu, historia, jai, kultur edo kirol eraikuntza edo eraikinetarako, kanpoko lan eremuetarako edo erabilera bereziko tokietarako argiztapen bereziko instalazioek eragingailu automatikoak izan beharko dituzte konektatu eta deskonektatzeko, Udalak ezarritako erabilera ordutegien arabera, orduko, eguneko, asteko edo hileko programatzeko aukera izanda eta abiarazteko sistema erreserbadunak barne hartuta. Udalak programazio egokiena ezarriko du kasu bakoitzerako.

4.-Udalak ordu muga horiek aldatzen ahalko ditu, egokitzat jotzen badu.

10. artikulua. Fluxu murriztagailuak.

Argiztapen publikoko instalazio guztiek fluxuaren ekipamendu egonkortzailea eta murriztailea izan beharko dute potentzia egokirako. Ekipamendu horrek abiarazteko gailuak, kontrol astronomikokoak, izanen ditu eta agente atmosferikoen aurrean erresistentzia handia eta IP65 estankotasuna dituzten armairuetan gordeko da.

1.-Tentsioaren ekipamendu egonkortzaileek eta fluxuaren ekipamendu murriztaileek lanparak abiaraziko dituzte sareko tentsioan, maila izendatutik maila murriztura eta alderantziz pasatuko dituzte eta tentsioa egonkortuko dute.

2.-Erabat independenteak diren hiru modulu monofasikok osatuko dituzte; horrela, faseetako batean matxura badago, ez ditu besteak kaltetuko. Dena den, horretarako by-passa izan beharko dute, ekipamenduan zubia egiten duena edozein arazo dagoenean. Ekipamendu horien potentziak instalazioaren potentzien arabera zehaztuko dira.

3.-Linea hasten den tokian kokatuko dira, elementu trinko batean, eta instalazioaren aginte kontrolak luminaria guztien gainean jardunen du aldi berean.

4.-Erabat estatikoak izanen dira, eta egonkortzeko edota murrizteko prozesurako atal mugikorrak edo elektromekanikoak dituen beste edozein ekipamendu baztertuko da.

5.-Kontsumoaren murrizketa argitasun maila gauez, aurretik finkatutako ordutik aurrera, hain zuzen, apurka-apurka murrizteko prozesuan oinarrituko da, eta elikatze tentsioa murriztuz lortuko da. Kontsumoagatiko aurrezkia %40tik gorakoa izanen da, argitasun maila %50 inguruan murriztuko dela.

Merkataritzarako, apaindurarako eta industriarako argi guztiak osorik deskonektatu beharko dira aurretik finkatu diren orduetatik aurrera, behar bezala justifikatu eta baimentzen diren kasuetan izan ezik.

Gaueko ordu txikietan piztuta egon behar diren argiak haien beharra justifikatzen duen eskabidea aurkeztu ondoren baimendu beharko dira eta, horiei dagokienez, azterlan teknikoa izan beharko dute diseinuan ezarritako arauak betetzeari buruz.

11. artikulua. Argi ekipamenduak.

1.-Lanparak.

Oro har, merkatuan dauden lumenetako edo wattetako gehieneko eragimen energetikoko lanparak erabiliko dira beti, kasu bakoitzean behar den indize kromatikoa eta argiaren kutsaduraren aurka ezarri diren irizpide teknikoak kontuan hartuta.

Lanpara guztiak nazioartean itzala duten enpresek fabrikatu, eta behar bezala homologatuta egon behar dira. Horretarako, laborategi adituek lanparen errendimenduari eta erabilera epeari buruzko egiaztagiriak aurkeztuko dituzte.

Ahal dela, honako hauek erabiliko dira:

-Bideak eta oinezkoendako eremuak argiztatzeko oro har errendimendu handiko eta goi presioko sodio-lurrunezko lanparak erabiliko dira. Honako ezaugarri hauek izanen dituzte:

  • Argi errendimendua: 150 lumen/watt.
  • Errendimendu kromatikoa = 25.
  • Batez besteko erabilera epea = 28.500 ordu.
  • 100 W-eko lanparak igorritako fluxua = 10.500 lumen.
  • 70 W-eko lanparak igorritako fluxua = 6.600 lumen.
  • 150 W-eko lanparak igorritako fluxua = 17.500 lumen.
  • 250 W-eko lanparak igorritako fluxua = 33.000 lumen.
  • Kolore tenperatura: 2.100 K.

-Behe presioko sodio-lurrunezko lanparak erabiliko dira, erreprodukzio kromatikoa funtsezkoa ez duten eremuak edo eraikuntzak argiztatzeko, adibidez, harresien kanpoaldea, dorreak, zubiak, monumentu eraikinak eta aparkaleku handiak.

-Goi presioko merkurio-lurrunezko lanpara halogenurodunak erabiliko dira eta kirol, kultura, jai eta erlijio tokietan zein erreprodukzio kromatiko handiagoa beharrzkotzat jotzen den beste edozein tokitan paratzen ahalko dira, Udalak baimena eman ondoren. Kasu guztietan abiarazteko eta eteteko gailu automatikoak izanen dituzte, baimendutako orduekin bat etorriko direnak.

-Errendimendu txikiagoko eta kromatikotasun handiagoko goritasunezko lanparak edo halogeneoak kultura, festa, apaindura, aisia eta merkataritza jarduerak argiztatzeko erabiltzen ahalko dira, eta argia kanpora igorri behar duten partikularrek ere erabiltzen ahalko dituzte, behar bezalako baimena jaso eta gero.

2.-Argiak pizteko ekipamendu osagarriak.

Argiak pizteko ekipamendu osagarriak egokiak izanen dira kasuan kasuko lanpararen motarako eta potentziarako. Oro har eta azken helburu gisa, argiak pizteko ekipamendu guztiak elektronikoak izatea eta %5etik beherako galerak edukitzea nahi da. Izan ere, horri esker fluxua hobeki erregulatuko da, lanpararen batez besteko balio bizitza luzeagoa izanen da, energia neurri txikiagoan galduko da eta potentzia faktorea unitatearen ingurukoa izanen da.

Ekipamendu elektronikoen zein ohiko ekipamenduen bidez luminarien fluxua aldi berean erregulatu ezin denez eta, gaur egun dauden ohiko luminaria guztien ordez, momentuz berriak jarri ezin direnez, egoera hobea sortzen ez den bitartean, elektromagnetikoak erabiltzen jarraituko da.

Hala eta guztiz ere, kasu guztietan itzala duten enpresek egin beharko dituzte, eta haien galerak ez dira lanpararen potentziaren %15etik gorakoak izanen inoiz ere. Halaber, haien potentzia faktorea orekatuta egon beharko da, eta ez da inoiz 0,95etik beherakoa izanen.

3.-Luminariak.

Ahal dela, IACek (Kanarietako Astrofisika Institutua) homologaturiko luminariak erabiliko dira, GHFint-aren portzentaje nuluak dituztenak.

Luminaria guztiek beren fluxua igorriko dute modu kontrolatuan, argiztatu nahi diren azaleretara ahalik eta neurri handienean egokitzen diren irekiera angeluen barnean.

Ekipamendu optikoa edo islatzailea agente atmosferikoen ekintzaren aurka babestuko da beti, IP-65 gutxieneko estankotasuna duen itxituraren bidez.

Islatzailearen babesari dagokion itxitura baino ez dute izanen eta, ahal dela, hori beira lau gardenezkoa izanen da. Ez da inoiz ere izanen opalezkoa, pikortsua, zeharrargitsua, esmerilatua, fazeteatua edo fluxuaren barreiadura dakarren beste mota batekoa.

Ez da inola ere erabiliko fluxua espaziora zuzenean igortzen duen argi kanoirik edo luminariarik.

Garesen dagoen batez besteko kutsadura mailaren eta aurreikusitako garbiketa tarteen arabera, 0,82ko depreziazio faktorea hausnartzen ahal da luminarietarako.

3.1.-Bideetako argiak.

Bideak argiztatzeko luminariak itzala duten enpresek egin beharko dituzte. Nolanahi ere, homologazio eta ezaugarri teknikoen ziurtagiriak aurkeztuko dira, bete beharreko funtziorako egokiak direla egiaztatzen dutenak. Ziurtagiri horietan honako hauek adierazi beharko dira:

-Talde optikoa, beira lau garden eta termoegonkorrezko itxitura duena; itxitura hori ezin izanen da atera islatzailearen mugako plano horizontaletik. Itxitura horrek ezin izanen du inolako kurbadura mailarik izan eta ezin izanen da inolako angeluan bideratu, plano horizonatalaren gainetik.

-Fluxu asimetrikoaren banaketa duen islagailua, fluxua galtzadara bideratzen dela bermatzen duena %95eko gutxieneko islapen koefizientearekin.

-Sistema optikoaren gutxieneko estankotasuna: IP65.

-Luminariaren errendimendua: %80tik gorakoa.

-Paraturiko Goi Hemisferioaren Fluxua (GHFint): nulua.

3.2.-Proiekzio bidezko argiak.

Bideak argiztatzeko luminarietarako adierazitako zehaztapen guztiak bete beharko dituzte, eta haien optikak ahalik eta neurri handienean egokitu beharko dira argiztatu beharreko azaleraren distantziaren eta neurrien arabera behar diren argi sortaren irekiera angeluetara.

Era berean, bertikalean zein horizontalean orientatzen ahal den oina izan beharko dute.

Inguruabarrek beharrezko egiten badute, fluxuaren barreiadura mugatzen duten paralumenak, saretoak edo biserak akoplatzeko gailuak izan beharko dituzte.

3.3.-Apaindura argiak.

Parkeak, pasealekuak, aisialdi eta aisiako eremuak, ingurune historikoak edo estetika bereziko diseinu lerroak dituzten luminariak dituen beste edozein leku argiztatzeko erabiltzen diren apaindura luminariak eraikuntza gogorrekoak izan beharko dira (ahal dela, burdinurtuzkoak), eta ikuslearen ikusangelu arruntetik ezkutatuta dauden lanpara eta ekipamendu optikoa izanen dituzte. Fluxuaren banaketa simetrikoa edo asimetrikoa izan daiteke, argiztatu beharreko eremuaren arabera eta horren gainean ahalik eta neurri handienean bilduta. Ekipamendu optikoa eta lanpara agente atmosferikoetatik babestu beharko dira beira lau garden eta termoegonkorrezko itxituren bidez barnean edo horiek IP55 gutxieneko estankotasunarekin gordetzen dituen bloke opakoaren mugan. Fluxua kanpora ateratzeko noranzkoan ez du beste inguratzailerik izanen.

12. artikulua. Bideak.

Zirkulazio bideetako argiztapen mailak honako irizpide hauek arautuko dituzte:

a) A motako bideak: autobideak, autobiak, errepide nazionalak edo beste edozein motatakoak, egunean batez beste 15.000 ibilgailu baino gehiagoko trafikoa dutenak.

b) B motako bideak: errepide nazionalak, eskualdekoak eta beste tipologia batzuetakoak zirkulazio handiko hiri inguruneetan, bidegurutzeetan, bideen korapiloetan eta edozein bide kategoriatako biribilgunetan.

c) C motako bideak: oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazio handia duten kaleak eta hiri eremuak.

d) D motako bideak: oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazio arrunta duten kaleak eta hiri eremuak.

e) E motako bideak: oinezkoen zirkulazio txikia duten kaleak eta hiri eremuak edo landa eremuetarako sarbideak.

Iluminantzia mailak:

-A motako bideak: Em = 20-25 lux (+/- %20) Um = 0,65 Ue = 0,3.

-B motako bideak: Em = 20-25 lux (+/- %20) Um = 0,65 Ue = 0,3.

-C motako bideak: Em = 15-20 lux (+/- %20) Um = 0,65 Ue = 0,3.

-D motako bideak: Em = 10-15 lux (+/- %20) Um = 0,50 Ue = 0,25.

-E motako bideak: Em = 5-10 lux (+/- %20) Um = 0,40 Ue = 0,25.

Glorieta, biribilgune eta bidegurutzeetarako sarbideetan maila horiek %50 handitzen ahalko dira, gehienez, eta 200 m-ko gehieneko luzeran bi noranzkoetan.

Batez besteko iluminantzia (Em).

Gutx. ilum. Gutxieneko iluminantzia.

Geh. ilum. Gehieneko iluminantzia.

Um (batez besteko uniformetasuna) Gutx. i./batez besteko i.

Ue (muturreko edo luzetarako uniformetasuna) Gutx. i./geh. i.

Luminantzia mailak:

-A motako bideak: Lm = 2,0 cd/m² (+/- %20) Uo = 0,4 Ul = 0,7 TI = 7.

-B motako bideak: Lm = 2,0 cd/m² (+/- %20) Uo = 0,4 Ul = 0,7 TI = 7.

-C motako bideak: Lm = 1,8 cd/m² (+/- %20) Uo = 0,4 Ul = 0,7 TI = 10.

-D motako bideak: Lm = 1,5 cd/m² (+/- %20) Uo = 0,4 Ul = 0,5 TI = 10.

-E motako bideak: Lm = 1,5 cd/m² (+/- %20) Uo = 0,4 Ul = 0,4 TI = 10.

Batez besteko luminantzia (Lm).

Uniformetasun globala (Uo).

Luzetarako uniformetasuna (Ul).

Itsualdi aztoratzailea (TI).

Atariaren (itsualdia) gehieneko gehikuntza balioa: TI < %15.

13. artikulua. Eragimen energetikoa.

Ef eragimen energetikoa honela hartu behar da: S azalera argiztatua (m²) bider zerbitzuko Em batez besteko iluminantzia (lux), paraturiko P potentzia aktibo osoarekiko (watt) erlazioan.

Ef =

S x Em

=

m² x lux

P

W

Instalazio guztiek honako irizpide hauek bete beharko dituzte:

-Errepideetan eta hiri zirkulazioko bideetan.

Em (lux)

Ef

> 30

22,0

25

20,0

20

17,5

15

15,0

10

12,0

< 7,50

9,5

-Oinezkoendako eremuetan, merkataritza guneetan, parkeetan eta abiadura mugatuko bideetan.

Em (lux)

Ef

> 20

9,0

15

7,5

10

6,0

7,50

5,0

< 5

3,5

Eragimen energetikoko balio tartekatuak kontuan hartu beharko dira erdi mailako argiztapenetarako.

13. artikulua. Garaierak eta interdistantziak.

ANTOLAMENDUA

BIDEAREN ZABALERAREN ETA MUNTAIAREN
GARAIERAREN ARTEKO ERLAZIOA

Alde bakarrekoa

A < edo = H < edo = 3/2A.

Hiruzuloa

2/3A < edo = H < A.

Binakakoa

2/5A < edo = H < 2/3A.

Etena

Kale oso estuak.

Laburdurak: H (garaiera), A (galtzadaren zabalera) eta S (bananketa).

Garaiera handiko zutabeak edo euskarriak baztertu beharko dira, zirkunstantzia justifikaturik egon ezean.

Lanpara motaren arabera:

-Goi presioko sodio-lurrunezko lanparak. Gutx. H. > 0,8 A.

-Behe presioko sodio-lurrunezko lanparak. Gutx. H. > 1,2 A.

-Goi presioko sodio-lurrunezko lanparak. S/H = 4.

-Behe presioko sodio-lurrunezko lanparak. S/H = 3-3,5.

Kurbetan interdistantzia tarte zuzenetarako ezarritakoa baino %20 txikiagoa izan beharko da.

Argi fluxuaren arabera:

-H = 5 m (5.000 lumen).

-H = 8 m (7.500-17.000 lumen).

-H = 10 m (17.000-32.000 lumen).

-H = 12 m (32.000-56.000 lumen).

-H = 15 m (56.000-90.000 lumen).

-H = 20 m (90.000-130.000 lumen).

14. artikulua. Argi sarkina.

Jabetza pribatuetara argia sartzeko gehieneko muga gisa ezarri dira fluxua barrura sartzeko edozein punturen garaieran daudenak. Honako muga balio hauek kontuan hartu beharko dira:

-Iluminantzia bertikala (Ev) 6:00etatik 22:00etara: 2 lux.

-Iluminantzia bertikala (Ev) 22:00etatik 6:00etara: 1 lux.

-Fatxaden batez besteko luminantzia (Lm): 5 cd/m².

-Fatxaden gehieneko luminantzia (Lmax): 10 cd/m².

-Seinale eta iragarki argidunen gehieneko luminantzia (Lmax): 50 cd/m².

Kontraste atariaren gehikuntza: TI = %15.

15. artikulua. Oinezkoendako eremuak.

Argiztapen mailak:

-Izen handiko eremuak: Em = 20 lux (+/- %20).

-Gaueko erabilera handia duten eremuak: Em = 15 lux (+/- %20).

-Gaueko erabilera arrunta duten eremuak: Em = 8 lux (+/- %20).

-Gaueko erabilera txikia duten eremuak: Em = 5 lux (+/- %20).

Um = 0,30. Ue = 0,20.

Merkataritza lokaletarako sarrera orokorreko atetik 10 m-tik beherako inguruan oinezkoendako argiak 100 lux-ekoa izaten ahalko da, gehienez, merkataritza ordutegietan, iragaiteko eremutzat hartzen baitira.

16. artikulua. Industrialdeak.

Argiaren maila kanpoko jarduerarik, segurtasunik eta aparkalekurik ez duten industrialdeetarako:

Em = 20 lux (+/- %20). Um = 0,30. Ue = 0,20.

Kanpoan produkzio jardueraren bat egiten bada, balio hori behar den azaleran moldatuko da jarduera horretarako gomendatutako mailetara, honako irizpide hauek erreferentzia erabiltzen ahal direla:

-Lan zakarra: 50 lux. Um = 0,25.

-Lan arrunta: 100 lux. Um = 0,40.

-Lan fina: 200 lux. Um = 0,50.

Oro har, ordenantza honetan ezarri diren irizpideak hartuko dira kontuan.

17. artikulua. Segurtasun eremuak.

Argiaren gehieneko mailak, behar bezala justifikaturiko zirkunstantzirik egon ezean:

-Arrisku arrunteko eremua: 5 lux.

-Arrisku handiko eremua: 20 lux.

-Arrisku oso handiko eremua: 40 lux.

Presentzia detektagailuen bidez aktibatuko dira eta denbora gailuen bidez deskonektatuko dira.

Horiek egiteko ere ordenantza honetan ezarri diren irizpideak hartuko dira kontuan.

18. artikulua. Merkataritza eta publizitate eremuak.

Oro har:

Em = 30 lux (+/- %20). Um = 0,30. Ue = 0,20.

Adierazitako mailan egindako edozein aldaketa justifikazio azterlana aurkeztu ondoren baimendu beharko da.

Kanpotik proiektagailuen edo lanpara fluoreszenteen bidez argiztatutako kartel eta iragarkietarako fatxadak edo paramentu bertikalak argiztatzeko adierazitako gomendio berak beteko dira. Ezin izanen dira honako hauek gainditu:

-E = 50 lux, azalera argien gainean.

-E = 150 lux, azalera ilunen gainean.

Argidun azalerak dituzten kartel edo iragarkietan opakua izan beharko da nabarmendu beharreko alderdien artean azalera handiena duena. Argidun azaleren distira ezin izanen da honako balio hauek baino handiagoa izan:

AZALERA (m²)

GEHIENEKO
LUMINANTZIA (cd/m²)

S < 0,50

1.000

0,5 < S < 2

800

2 < S < 10

600

S > 10

400

Barnean onartzen diren argi iturri bakarrak goritasunezko lanparak eta behe presioko deskarga lanparak dira eta, bereziki, fluoreszenteak, goritasunezkoak, goritasunezko lanpara halogenoak, kuartzozkoak, iodozkoak, behe presioko sodiozkoak eta goi tentsioko deskarga hodiak dituztenak, hidrogenoa, helioa, neona, argona, kriptona, xenona edo merkurioa behe presioetan dutenak. Ez dira onartzen goi presioko deskarga lanparak.

Erakusleihoen barneko argiak ezkutatuta dauden argien edo proiektagailuen bidez egin beharko da, ahal dela, fluxua barrurantz bideratuta eta kanpora ateratzen den argia murriztuta, ahalik eta txikiena izan dadin.

Argidun merkataritza instalazio guztiak itzalita egon beharko dira 0:00etatik aurrera, ordutegi astronomikoko etengailuen bidez.

Kanpoan publizitate helburuarekin paratzen diren argidun multzoek justifikazio proiektu teknikoa izan beharko dute, eta ezarritako arauak betez nahi den helburua lortzen saiatuko da.

19. artikulua. Kanpoko kirol eta jolas espazioetako argiak.

Kirol eta jolas espazio bakoitzerako argiztapen maila eta lanpara mota jardueraren motaren eta garrantziaren arabera ezarririko gomendioetara egokituko dira.

Horietako sarbideak:

Em = 25 lux (+/- %20). Um = 0,30. Ue = 0,20.

Argidun kirol eta jolas instalazio guztiak itzalita egon beharko dira 0:00etatik aurrera, ordutegi astronomikoko etengailuen bidez.

20. artikulua. Fatxadetako eta monumentuetako argiak.

Azalera argiztatuetatik lortu beharreko luminantzia gomendatua 5 cd/m²-koa da eta, oro har, ez da balio hori baino handiagoa izanen.

Erreflektantzia koefizienteak azaleraren materialaren eta ezaugarrien araberakoak izanen dira, baina honako hau hausnartzen ahal da erreferentzia orientagarri gisa:

MATERIALA

KOEFIZIENTEA

MATERIALA

KOEFIZIENTEA

Igeltsu zuria

0,85

Marmol zuria

0,80

Iztuku zuria

0,75

Adreilu horia

0,40

Pintura zuria

0,75

Adreilu gorri iluna

0,25

Pintura argia

0,60-0,70

Zur argia

0,60

Pintura iluna

0,30-0,60

Zur iluna

0,30

Arbel koloreko grisa

0,15

Hormigoia

0,40

Luxetako iluminantziak erreferentzia hartuta, honakoak izanen dira muga balioak:

-Harri beltza edo azalera ilunak: E = 160-200 lux.

-Argiak edo ilunak ez diren harriak: E = 80-120 lux.

-Zuria edo kolore argiak: E = 40-60 lux.

Hondoan xehetasun bereziak nabarmentzeko, maila handiagoak erabiltzen ahal dira, adierazitakoen bikoitza gainditu gabe.

Harresi, dorre, zubi edo erreprodukzio kromatikoa garrantzitsutzat jotzen ez duen beste edozein eraikuntza zabaletan behe presioko sodio-lurrunezko proiektagailuak erabiliko dira, ahal dela. Erreprodukzio kromatiko handiagoa behar bada, goi presioko sodio-lurrunezko lanparak erabiltzen ahalko dira edota, argiaren eskaera handiagoa izanez gero, goritasunezko lanparak edo halogenoak. Dena den, ez da inoiz erabiliko goi presioko merkurio-lurrunezkorik, halogenuroak izan zein ez.

Ahal den neurrian, proiektagailuak behatzailearen ikusangelutik ezkutatuta egon beharko dira, ahalik eta distantzia laburrenean, fluxua beherantz igorriz fokatze egokia lortzeko moduan. Posizioa dela-eta, ez da inolako fluxurik igorriko goiko hemisferiorantz eta ez dira gaindituko argiztaturiko objektuaren edo azaleraren mugak. Helburu horretarako, barreiadura mugatzen duten elementuak erabiliko dira, beharrezkoa bada.

Publikoak ez diren edo ondare babes gisa aintzatetsita ez dauden eta enpresa pribatu baten anagrama edo iragarki motaren bat duten eraikinen fatxadei dagokienez, argiak publizitate argiztapentzat edo argidun iragarkitzat joko da osorik, ondorio guztietarako.

Monumentuak argiztatzeko instalazio guztiak itzalita egon beharko dira 0:00etatik aurrera, eragingailu automatikoen eta ordu kontrol astronomikoko gailuen bidez.

21. artikulua. Obretako argiak.

Oro har, edozein motatako obrak argiztatzeko, ordenantza honetan adierazitako instalazio eskakizun eta irizpide guztiak hartu beharko dira kontuan, langileen segurtasuna kaltetu gabe.

Honako argiztapen maila hauek gomendatzen dira:

-Langileen, makinen eta ibilgailuen mugimendua: E = 20 lux.

-Materialen zamalanak eta erabilera egiteko eremuak: E = 20 lux.

-Lan zakar orokorra, hondeaketak, lur mugimenduak eta garbiketa: E = 20 lux.

-Sendotzea, hormigoitzea, adreiluak jartzea, arotzeria eta abar: E = 100 lux.

-Aldamioak eta altzairuzko egiturak muntatu eta desmuntatzea: E = 100 lux.

-Zerra zirkularren funtzionamendua: E = 300 lux.

-Biltegiratu eta gordailatzeko eremuak: E = 20 lux.

22. artikulua. Gasolindegietako argiak.

Markesinen azpiko hornigailuen eremuko argiak behe presioko edo goi presioko sodio-lurrunezko lanparen bidez egin beharko da, eta ezin izanen da gainditu 150 lux-eko argiak.

Prezioak adierazteko kartelen eta horniketa totemen luminantzia ezin izanen da 100 cd/m²-tik gorakoa izan biztanlerik gabeko eremuan, ezta 200 cd/m²-tik gorakoa ere hiri eremuan.

0:00etatik aurrera lan egiten dutenetan, totemen argiak baino ez dira piztuta egonen.

23. artikulua. Festetako argiak.

Festetako argiak nazio edo toki esparruko festetarako edo Udalak baimenduriko kultura, turismo edo kirol gertaeretarako erabil daiteke.

Beharrezko eskaera aurkeztu ondoren, Udalak baimentzen ahalko du argiztapen arrunta luzatzea, egokitzat jotzen duen ordu kopuruan.

Egiten diren instalazio osagarri guztiek azterlan honetako irizpide teknikoak bete beharko dituzte oro har, argiak piztuz eta itzaliz ezarririko orduetan, gailu automatikoen bidez. Festaldia iragan ondoan, instalazio osagarri guztiak osorik desmuntatu beharko dira.

24. artikulua. Eguberrietako argiak.

Herri kulturan eta ohituretan sustrai sakonak dituen festa bada, Udalak instalazio bereziak baimentzen ahalko ditu, nahiz eta adierazitako irizpideak erabat betetzen ez diren.

Era berean, Udalak argi arruntak gaueko beste ordu batzuetara luzatzea eta argi bereziak, merkataritzari lotutakoak zein partikularrak, paratzea baimentzen ahalko du, beharrezko eskaera baimendu ondoren. Oro har, instalazio guztiek ahalik eta neurri handienean bete beharko dituzte ordenantza honen irizpideak, ahal dela energia kontsumo txikiko lanparak erabiltzen saiatuko dela.

Goritasunezko lanparek ez dute gainditu beharko 15 W-eko potentzia.

Azalera unitateko paraturiko potentzia osoa (W/m²) ezin izanen da honako balio hauek baino handiagoa izan:

KALEAREN FATXADEN ARTEKO ZABALERA

W/m²

10 m-tik behera

10

10 eta 20 m artean

8

20 m-tik gora

6

25. artikulua. Kanpoko argiztapen pribatuak.

Oro har, kanpoko argiztapen pribatu guztiek argiztapen publikorako ezarririko eskakizun guztiak bete beharko dituzte, industria, merkataritza edo familiakoak diren kontuan hartu gabe.

Osorik itzali beharko dira Udalak ezarritako orduetatik aurrera, behar bezala justifikaturiko arrazoirik egon ezean.

Goi mailako errendimendu energetikoa duten lanparak erabiliz eginen dira, eta haien eraginak ez du inola ere hedatuko argiztapen publikoaren iluminantzia maila finka pribatuaren mugatik 5 m-ra baino gehiagotara; eremu horretan ezin izanen da izan normalean dagoenaren %100 baino handiagoa.

Haren potentzia dentsitatea ez da izanen 0,45 W/m²-tik gorakoa.

26. artikulua. Pizteko eta itzaltzeko betebehar teknikoak.

Instalazioak automatikoki piztu eta itzaliko dira, etengailu krepuskularren eta ordutegi astronomikoen bidez, hurrenez hurren. Horiek behar diren orduetan baino ez dutela funtzionatzen bermatuko dute, energiaren zarrastelkeria saihestuta.

27. artikulua. Zuzentzeko epeak.

Halaber, desegokitzat jotzen diren instalazioak -publikoak zein pribatuak- berriztatzeko eta doitzeko epe zehatzak ezarri beharko dira, hutsunearen garrantzia eta neurri zuzentzaileen kopurua, konplexutasuna eta zenbatekoa kontuan hartuta. Dena den, epe hori ez da inoiz 5 urtetik gorakoa izanen, araudi honek indarra hartzen duenetik aurrera.

-Argiztapen mailak betetzeko: urte 1.

-Argiak eta lanparak ordezteko: 3 urte.

-Deskonexio edo erregulazio sistemak paratzeko: urte 1.

Udalak hori eskatzen duten erabiltzaileekin lan eginen du, autonomia, estatu edo Europa mailan zuzenketa horietarako eskatzen ahal diren laguntzak bideratzeko edo horien berri emateko.

Ordenantza honek indarra hartzen duen egunetik aurrera, instalazio berri guztiek bertan adierazten diren eskakizun guztiak bete beharko dituzte.

28. artikulua. Sentsibilizazio kanpaina.

Aurreikusitako helburuak lortzeko eta horiei eusteko nahitaezkoa denez iritzi publikoan sentiberatasun egokia egotea, beharrezkotzat jo da jendaurreko informaziorako kanpaina antolatzea maila orokorrean, baita argiaren kutsaduraren eta energia aurrezkiaren problematikari buruzko azterlana ikastetxeetako ikasketa eta prestakuntza programetan gehitzea ere, ekologiaren eta naturaren beste gai batzuei buruz jada dagoenarekin batera.

29. artikulua. Etorkizuneko obretarako eskakizuna.

Azterlan honetan adierazten diren arau eta eskakizun guztiak nahitaez bete beharreko administrazio klausulen agiri eta baldintzetara gehitu beharko dira, etorkizuneko obren eskaintza egiteko edo jasotzean ordaintzekoak zuzenean kontratatzeko.

30. artikulua. Mantentzeko programa.

Argiztapen publikoa behar bezala mantentzeko, Udalak honako jarduketa hauek aurreikusi beharko ditu aldian-aldian:

1.-Lanpara asko aldatzea, paratu zirenetik 6 urte igaro ondoren. Izan ere, lanparen batez besteko erabilera epea 28.500 ordu bada ere, haien errendimendua %75eraino, gutxi gorabehera, jaisten da 21.000 ordu funtzionamenduan eman ondoren.

2.-Islagailuen beira lauzko itxiturak kanpotik garbitzea.

3.-Fluxua kontrolatzeko eta erregulatzeko ekipamenduaren egoera eta funtzionamendu zuzenak egiaztatzea, baita kaxa babesteko elementu guztiena ere.

4.-Argien egoera orokorra egiaztatzea eta dauden argiztapen maila publikoak eta pribatuak neurtzea, ezarririko mugen barnean daudela bermatuta.

31. artikulua. Aldizkako ikuskapenak.

Beharrezkotzat jo da Udalaren mende dagoen ikuskapen arduradun tekniko bat hautatzea, bai obra berriak egiteko, bai lehendik daudenak aldatzeko ezarri diren arauak betetzen direla etengabe ikuskatzen duena. Horrela, udal arlo osorako onetsi diren irizpideak betetzen direla bermatuko da uneoro.

Oro har, ikuskapenak obra berriak amaitutakoan eginen dira, proiektaturiko kalkuluak eta ezarririko irizpideak bete diren egiaztatzeko, edo aldaketak edo elementu berriak hartu omen dituzten lekuetan.

Udaleko edo behar bezala gaituta dauden beste entitate kolaboratzaile batzuetako langileek egiten ahalko dute ikuskapen hori, eta honako ekipamendu hauek izanen dituzte, gutxienez:

1.-Iluminantzimetroa edo luxometroa, iluminantziak neurtzeko.

2.-Luminantzimetroa, luminantziak neurtzeko.

3.-Voltmetroa eta amperemetroa, tentsioa eta kontsumoak neurtzeko.

32. artikulua. Airearen kutsadura kontrolatu eta zuzentzea.

Halaber, ikuskapen horien esparruan ingurumenean hautsa eta gasa isurtzen ahal dituzten fokuen gaineko kontrola sartu behar da, argiaren kutsadura handitzea dakartelako.

33. artikulua. Zehapenen araubidea.

Ezarririko arauak betetzen direla bermatzeko asmoz, beharrezkotzat jo da zehapenen araubidea ezartzea, Udalak zehaztu beharrekoa:

Dena den, hurrengo irizpideak proposatu dira orientagarri gisa:

Arau-hausteak oso larri, larri eta arin gisa sailkatzea.

Honako hauek arau-hauste oso larritzat joko dira:

a).-Ezarririko eragimen energetikoko (Ef) gutxieneko balioen %75 ez betetzea, bidezko arrazoirik izan gabe.

b).-Harturiko gehieneko argiztapen mailak %50etik gorako aldeaz gainditzea, bidezko arrazoirik izan gabe.

c).-Argiaren gaueko maila erregulatzeko sistemarik ez izatea.

d).-Instalazioak erabiltzeko ordutegiak behin eta berriz ez betetzea.

e).-Paraturiko goi hemisferioaren fluxuari ezarritako mugak %15etik gorako aldeaz gainditzea.

f).-Ezarririko arauekin argi eta garbi bat ez datorren egoerari eustea eta hori zuzentzeko axolagabekeria nabarmena agertzea.

g).-Bi arau-hauste larri edo gehiago egitea.

Honako hauek arau-hauste larritzat joko dira:

a).-Ezarririko eragimen energetikoko (Ef) gutxieneko balioen %85 ez betetzea, bidezko arrazoirik izan gabe.

b).-Harturiko gehieneko argiztapen mailak %30etik gorako aldeaz gainditzea, bidezko arrazoirik izan gabe.

c).-Argiaren gaueko maila erregulatzeko sistema desegokia ezartzea edo eraginik gabe izatea.

d).-Instalazioak erabiltzeko ordutegiak behin eta berriz ez betetzea, azken urtean 10 alditan baino gehiagotan.

e).-Paraturiko goi hemisferioaren fluxuari ezarritako mugak %8tik gorako aldeaz gainditzea.

f).-Ezarririko arauekin argi eta garbi bat ez datorren egoerari eustea eta hori zuzentzeko axolagabekeria nabarmena agertzea.

g).-Ordenantza honetan ezarririko arauak betetzen ez dituzten argidun ekipamenduak paratzea.

h).-Ezarririko arauekin argi eta garbi bat ez datozen aldaketak egitea argien instalazioetan.

i).-Ikuskapenak kontrolatzeko jarduera eragoztea.

j).-Bi arau-hauste arin edo gehiago egitea.

Honako hauek arau-hauste arintzat joko dira:

a).-Ezarririko eragimen energetikoko (Ef) gutxieneko balioen %90 ez betetzea, bidezko arrazoirik izan gabe.

b).-Harturiko gehieneko argiztapen mailak %15etik gorako aldeaz gainditzea, bidezko arrazoirik izan gabe.

c).-Argiaren gaueko maila erregulatzeko sistemaren funtzionamendu urria izatea, aurrezki energetikoa aurretik ezarritakoa baino txikiagoa dela.

d).-Instalazioak erabiltzeko ordutegiak urtean 4 alditan baino gehiagotan ez betetzea.

e).-Paraturiko goi hemisferioaren fluxuari ezarritako mugak %3tik gorako aldeaz gainditzea.

g).-Esku hartuz edo esku ez hartzeagatik ezarririko arauetako beste edozein haustea edozein mailatan.

Udalaren eskumena izanda ere eta ezartzen diren irizpideak alde batera utzita, zehapenen honako araubide hau proposatu da orientagarri gisa:

1.-Arau-hauste arinengatik, 200 euroko isuna.

2.-Arau-hauste larriengatik, 500 euroko isuna.

3.-Arau-hauste oso larriengatik, 1.000 euroko isuna.

34. artikulua. Indarra hartzea.

Bakarra.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Ordenantza hasieran onetsi zen, 2010eko urtarrilaren 28an egin osoko bilkuran.

Iragarkiaren kodea: L1016736