141. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NOAIN (ELORTZIBAR)

Noain Elortzibarko zerga ikuskapenaren Udal Plana, 2010etik 2012ra arteko ekitaldietarako. Behin betiko onespena

Noain Elortzibarko Udalak, 2010eko uztailaren 5ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Noain Elortzibarko Udalaren zerga ikuskapenaren Udal Plana, 2010etik 2012ra arteko ekitaldietarako.

Erabaki hori 2010eko 107. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 3an.

Legez ezarritako epea erreklamazio edo alegaziorik gabe iraganik, behin betiko onetsitzat jotzen da udal plan hau (2010eko urriaren 6ko osoko bilkuran horren berri emanda) eta argitara ematen da testu osoa:

NOAIN ELORTZIBARKO UDALAREN ZERGA KONTROLERAKO UDAL PLANA, 2010ETIK 2012RA ARTEKO EKITALDIETARAKO

Sarrera

Lehenbizikoa.

Noain Elortzibarko Udaleko zerga kudeaketa eta ikuskapeneko zerbitzuentzat beharrezkoa da Zerga Kontrolerako Udal Plana egitea 2010etik 2012ra arteko ekitaldietarako.

Zerga Kontrolerako Udal Plana funtsezko tresna izanen da Udal Administrazioak urtero egin behar dituen egiaztapen eta ikerketa jarduketak planifikatzeko. Planak zehazten ditu zenbat eta nolakoak izanen diren kontrol jarduketak, ekitaldian ezarritako helburuak lortzea ahalbidetuko dutenak.

Bigarrena.

Zerga Kontrolerako Udal Planak, funtsean, bi helburu nagusi izan behar ditu. Batetik, zerga justizia bermatzea Konstituzioak agintzen duen bezala, 31.1 artikuluak hauxe baitio hitzez hitz: "Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera; horretarako, zerga-sistema zuzena ezarriko da, berdintasun- eta progresibitate-printzipioetan oinarriturik; sistema hori ez da inoiz konfiskagarri izango." Eta bestetik, Konstituzioaren 142. artikuluan azaltzen den helburua, toki entitateen nahikotasun ekonomikoaren printzipioan oinarritua: "Kasuan kasuko erakundeei legearen arabera dagozkien eginkizunak betetzeko, toki ogasunek behar besteko baliabideak izango dituzte; eta horien hornidura nagusiak izango dira udal zergak, eta estatuko eta autonomia-erkidegoetako dirusarreretan parte hartzea." Zerga betebeharrak kontrolatzeko eta balioak egiaztatzeko eginkizunak betetzen dituzten organoen jarduna, beraz, modu koordinatuan planifikatu behar da, eta ikuskapen unitateen ahaleginak bideratu behar dira zerga iruzurrak atzeman eta eraginkortasunez erregularizatzera.

Hirugarrena.

Udal zerga guztietan iruzurrak atzematea izanen da Planaren helburua, baina arreta eta ardura bereziz zainduko dira jarduera ekonomikoen gaineko zerga, hirilurren balio gehikuntzaren gaineko zerga, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta jabari publikoaren erabilera pribatiboaren tasa. Nolanahi ere, hemen ez dira zehatz-mehatz azaltzen Zerga Kontrolerako Planaren indarraldian egin beharreko jarduketak. Aitzitik, aurreikusten diren jarduketa ildo nagusiak dira aipagai Zerga Kontrolerako Planean, eta zergen kudeaketarako eta ikuskapenerako udal zerbitzuen ekintza nagusiak zein arlotan burutuko diren zehazten da. Gainerako jarduerak araudi aplikagarriaren eta udalerriko egoera fiskalaren arabera zehaztuko dira.

Kudeaketa eta ikuskapen prozeduraren bitartez, hitz batean, tributudunek Tokiko Ogasun Publikoarekiko betebeharrak ongi betetzen dituzten aztertu eta ikertuko da.

Bestalde, ikuskapen prozedurako jarduketak partzialak edo orokorrak izaten ahalko dira. Jarduketa orokorrak eginen dira tributudunaren zerga egoera bere osoan egiaztatzeko, Toki Ogasunaren edozein baliabideri dagokionez; eta jarduketa partzialetan, berriz, zerga bakar bat edo zergetako batzuk aztertuko dira.

Zergak kudeatu eta ikuskatzeko departamentuek ikertu beharko dute beren jarduketetan, tributudunek tributu bakoitzerako eskatzen diren aitorpenetan nahiz jakinarazpenetan adierazitako egitateak eta inguruabarrak zehatzak eta egiazkoak diren. Halaber ikertuko dute Administrazioak osorik edo partez ezagutzen ez duen egitatezko elementuren bat edota zergen arloan garrantzitsua izan daitekeen beste aurrekariren bat ba ote den. Azkenik, ikertuko dute tributudunek egindako zerga likidazioko eragiketak zehatzak diren eta, era berean, ezarriko dute haien zerga egoeraren erregularizazioa, bidezko iruditzen bazaie.

Informazioa lortzeko jarduketak eginen dira, pertsona edo erakunde baten esku dauden datu edo aurrekariak ezagutzeko, baldin eta informazio hori zergen arloan garrantzitsua bada beste pertsona edo erakunde batzuei dagokienez, baina Zerga Administrazioari aitorpen bidez jakinarazi beharrekoa ez bada.

Administrazioko beste organo batzuen eskumenak deusetan galarazi gabe, argibide eta aholkuak emanen dira, hala eskatuz gero, ekonomia eta finantza gaiei buruz, gai juridikoez edo teknikoez.

Aplikatu beharreko legeria

Udaleko zerga kudeaketa eta ikuskapeneko departamentuei dagokie subjektu pasiboen eta gainerako tributudunen zerga egoera aztertzeko eginkizuna, Udalarekiko zerga betebeharrak eta eginbeharrak zehazki konplitzen dituzten jakiteko, eta, hala balegokio, beharrezko erregularizazioa egiteko.

Udaleko Zerga Ikuskaritzak egin beharreko jardueren norainokoa eta edukia honako legeetan daude zehaztuta: Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduan.

Organo eskudunak onetsitako zerga kontroleko planetara egokituko dira Udaleko zerga kudeaketa eta ikuskapeneko eginkizunak.

Zerga kontrolerako plan bakoitzean zehaztu behar dira kontuan hartuko diren irizpideak subjektu pasiboak hautatzeko eta bertan sartzeko.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira zerga kontrolerako planaren gaineko irizpide orokorrak, gisa horretara beterik Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan ezarritako betebeharra eta Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluan ezarritakoa.

Zerga Ikuskaritzaren eginkizunak, ahalmenak eta jarduketak honako hauen bidez arautuko dira:

-13/2000 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa.

-152/2001 Foru Dekretua, ekainaren 11koa. Nafarroako Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua.

-13/2000 Foru Legea, abenduaren 14koa. Nafarroako Tributuei buruzko Lege Orokorra.

-2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

-6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

-153/2001 Foru Dekretua, ekainaren 11koa. Nafarroako Zerga arloko Zehapen Erregelamendua.

-129/2002 Foru Dekretua, ekainaren 17koa. Zenbait administrazio-prozeduraren gehieneko iraunaldia, eta Administrazioaren isiltasunaren ondorioak.

-178/2001 Foru Dekretua, uztailaren 2koa. Berraztertzeko Errekurtsoei eta Aurkaratze Ekonomiko-administratiboei buruzko Erregelamendua.

Zerga ordenantzak.

Ordezko gisa:

-30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Prozedura Administratibo Erkideari buruzkoa.

-58/2003 Lege Orokorra, abenduaren 17koa, Tributuei buruzkoa.

-939/2005 Errege Dekretua, uztailaren 29koa. Zerga-bilketari buruzko Erregelamendu Orokorra.

-520/2005 Errege Dekretua, maiatzaren 13koa. Administrazio bideko berrikuspenaren garapenari buruzkoa.

-1065/2007 Errege Dekretua, uztailaren 27koa, zergak kudeatu eta ikuskatzeko jarduketa eta prozedurei eta tributuak aplikatzeko prozeduretako arau komunen garapenari buruzko Erregelamendu Orokorra onesten duena.

Zerga Ikuskapeneko Planaren funtsa eta indarraldia

Espainiako Konstituzioak, 31. artikuluan, inplizituki adierazten du Zerga Kontrolerako Plana beharrezkoa dela Konstituzioaren beraren agindua gauzatu ahal izateko: "Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera."

Zerga arloko ez-betetzeak kontrolatu eta iruzurrari aurka egitea, horra hor Udaleko Zerga Administrazioaren oinarrizko jarduketa ildoetako bat, ezarri dioten eginkizuna betetzeko, alegia, Espainiako zerga sistema eraginkortasunez aplikatzeko bere eskumeneko lurraldean.

Funtsezko xedea da egiaztapen eta ikerketa jarduera sustatu eta areagotzea, tributua orokortze aldera, eta, horrenbestez, zergen kudeaketa eraginkorrago bihurtzea. Horrela herritarrek zerga kontuetan beren arteko justizia eta berdintasuna bermatuak izanen dituzte, eta likidatu eta biltzen diren eskubideak ahal den neurrian gehituko dira.

Isilpekotasuna

Kudeaketa eta ikuskapen jarduketak garatu behar dituzten planak isilpekoak dira eta ez dira aditzera emanen.

Zerga Kontrolerako Plana, izatez, baimen orokor bat da, tributudunen gaineko egiaztapen eta ikerketa jarduketak edota informazioa lortzekoak hasi ahal izan daitezen epe jakin batean. Tributudunak aukeratzeko erabiliko diren irizpideak biltzen ditu, sektorearen eta lurraldearen araberakoak, kuantitatiboak nahiz konparatiboak, baita horien iraupena ere.

Jarduketak baimentzeari nahiz antolatzeari begira, ikuskapen planetan ahalik hobekien kudeatzen dira Zerga Ikuskaritzak dituen material eta giza baliabide mugatuak, zergen karga behar bezala banatuko dela bermatzeko. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbestez. Hori dela eta, ikuskatuko diren zergapeko egintzak hautatu beharra dago. Ikuskapen Planak, beraz, lana arrazionalizatzen du, departamentuaren ahalegina ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara bideratuz.

Ikertu beharreko zergadunak hautatu ondoren, ikuskatzaileek, departamentuko gainerako langileek bezalaxe, beren eginbeharra bete beharko dute, eta horretarako lan-kargak finkatzen dira: estrategia jakin bati dagozkion espedienteak esleitzen zaizkio aktuario edo ikuskapen-unitate bakoitzari, epe jakin batean instruitzeko. Lana ezin da orduka edo emaitzen arabera neurtu, ikuskatzailearen ahaleginari eta gogoari erreparatuta baizik, eta horiek batzuetan espedienteetan gelditzen dira.

Plan hau egitean alderdi hauek landu behar izan dira:

-Ausazko alderdia:

Iruzurra eragotziko da, baldin eta ikuskapenetako batzuk itxuraz nabarmenak ez diren zergadunei egiten bazaizkie.

-Barne alderdi diskriminatzailea:

Zergadunen aitorpenak beste batzuekin erkatzean, iruzurra egin dela susmatzeko moduko aldeak ager daitezke.

-Sektorekako adierazle ekonomikoen alderdia:

Azterketa sektorialetan oinarrituta, sektore bakoitzeko ohiko ratioak ezartzen dira, eta desbideratzeak zerga iruzurraren seinale izan litezke.

-Zerbait oker dagoela erakusten duten datuak direneko alderdia:

Kasu honetan gauza jakina da jardueran ari direla, baina ez hargatik zerga aitorpenik aurkezten.

Zerga Kontrolerako Plana betetzeko behar diren baliabideak

Baliabide materialak.

Informatika Departamentuak behar den laguntza teknikoa emanen du.

Zerga Ikuskaritzako funtzionarioei zerga kudeaketako datu baseak erabiltzen utziko zaie, behar-beharrezkoa baitute tributudunen egoera aitortua ezagutzea, bai ikuskapena hasi aurretik tributuduna nolako tributu-egoeran dagoen jakiteko, bai tributudunaren tributu-egoera erregularizatzeko orduan, bidezkoa balitz, izan ere ikuskatzaileen erregularizazio-proposamenetan kontuan hartu beharko baita tributudunak zer aitortu duen.

Zerga Ikuskaritzako funtzionarioen eskura jarriko dira katastroko informazioa, jarduera kaltegarrien espedienteak, jarduerak irekitzeko eta obrak egiteko lizentzien espedienteak, eta, halaber, jarduerei buruzko askotariko datuak, besteak beste, zenbait lehiaketatan aurkeztu izanaren ingurukoak.

Obra handiak eta txikiak egiteko lizentzien espedienteak, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, eta ondasun higiezinen gaineko zergarako izena ematen dutenen kontrola; horrelako informazioak, besteak beste, funtsezkoak dira jarduera ekonomikoen gaineko zerga ordaindu behar duten zenbait jarduera kontrolatzeko, batez ere higiezinen eraikuntza eta sustapena, sektore horiek garrantzi ekonomiko handia baitute Udalaren diru kutxetarako.

Zerga Ikuskaritzari behar dituen baliabide guztiak emanen zaizkio udalerrian barrena mugitzeko. Halaber, bere xedeak betetzeko behar dituen bitarteko guztiak izanen ditu.

Alkate udalburuak txartela edo lanerako beste identifikazio-agiriren bat emanen die ikuskatzaileei.

Giza baliabideak.

Zerga Administrazioko funtzionario eta gainerako langileek eginen dituzte ikuskapen jarduketak. Funtzionario eta langile horiek zerga ikuskapeneko eginkizunak dituzten organoetako lanpostuetan ariko dira. Zerga administrazio bakoitzari dagokio, aplikatu beharreko araudiarekin bat, ikuskapen eginkizunak dituzten organoetan eginkizun horiek zein lanposturi esleituko zaizkien erabakitzea, eta, halaber, lanpostu horien ezaugarriak eta berariazko eginbeharrak zehaztea. Era berean, prestakizunak egiteko eta zerga arloan garrantzia duten egitate edo inguruabarrak egiaztatu edo frogatzeko jarduketen ardura funtzionario ez diren langileei eman ahalko zaie, Zerga Administrazioaren zerbitzuan ari badira.

Ikuskatzaile burua Noain Elortzibarko alkate udalburua izanen da, eta ikuskatzaile aktuarioak Noain Elortzibarko Udaleko idazkaria, idazkariordea eta kontu-hartzailea izanen dira.

Ikuskapen lanetan aritzeko laguntza jaso ahal izanen da.

Ikuskapen Plan hau ongi burutzeko ezinbestekoa da Udaleko departamentuen arteko lankidetza estua. Berariaz aipatu behar dira Zerga Kudeaketaren arloa eta Hirigintza arloa.

Prestakuntza.

Erakunde publiko edo pribatuek antolatzen dituzten zerga arloko ikastaro eta mintegietara joateko baimena emanen da.

Helburu orokorrak

1. Egiaztatu eta ikertzeko jarduketa orokorrak. Programa multzo hauek dira:

A. Orokorrak. Gaikakoak, sektorekakoak edo Ikuskaritza bulegoek proposaturikoak izan daitezke, jarduketaren eremu geografikoak dituen berezitasun ekonomikoen arabera.

B. Tributudunen gaineko jarduketa programa, udal zerga jakin baten arloan.

2. Bestelako egiaztapen jarduketak. Talde honetan jarduketa partzialak eta laburtuak sartu dira, Kudeaketa arloa hasitako espedienteetan abiaburua dutenak, funtsean.

3. Jarduketa osagarriak. Argibide eta aholkuak emateko jarduketak.

Zerga Ikuskapeneko 2010etik 2012ra arteko
Plan Orokorrerako sektore edo jarduera berariazkoak

Jarduera motetan oinarritutako estrategia:

Zerga ikuskatzaileen jarduera kasu bakoitzean hautatutako sektoreetara egokituko da, ezertan galarazi gabe aktuarioen ekimena, eraginkortasun eta egokitasun irizpideei jarraituz.

Sektore edo jarduerak:

-Eraikuntzak, instalazioak edo obrak haien salmenta eta/edo alokairurako sustatu dituzten enpresak.

-Merkataritzako jarduerak, 100 metro karratutik gorako lokaletan.

-Fabrikazio jarduerak, 10 kW-etik gorako potentzia instalatuarekin.

-Ondasun higiezinen alokairuan aritzen diren enpresak.

-Goitik beheiti eraikitzen, eraikinak konpontzen eta zaharberritzen edo igeltserotzan eta oro har eraikuntzako lan txikietan aritzen diren enpresak.

-Finantza erakundeak eta aseguru entitateak, udalerrian jendearendako irekiak dauden bulegoak badituzte.

Azken urteotan higiezinen sektoreak izan duen hazkundea dela eta, jarduera horri buruzko zerga-kontrola beharrezkoa da jarduera ekonomikoen gaineko zergaren esparruan.

Gainera, jarduera horrek, aipatu zergarako, kuota bat du finkoa eta beste kuota bat aldakorra, eraikitako metroen araberakoa. Zati aldakor horretan egiten dira iruzurrik handienak; subjektu pasiboak, urte bakoitzeko lehen hilabetean zerga administrazio eskudunari aurkeztu behar dion aitorpenean, aurreko urtean besterendu diren metro karratu eraikien edo eraikitzekoen, urbanizatuen edo urbanizatzekoen aldakuntza aitortu behar du. Tributudunak ez baditu aurkezten besterendutako metroen aitorpen horiek, Udala bere diru-sarreren zati handi bat jaso gabe geratuko da.

Halaber, gaur egungo eraikuntza-tipologia baten ondorioz (familia bakarreko etxebizitza), horrelako eraikuntzen salmentan aritzen diren erakunde sustatzaile batzuek ez dute aitortzen lurretan higiezinak sustatzeko jarduera, alegia, eraikitako metroak bai, baina ez dituzte aitortzen etxebizitza horiei lotutako lurzatietan eraiki gabeko metro karratuak.

Egiaztapenak egiteko, funtsean, hirilurren balio gehikuntzaren gaineko zergarako aurkeztutako aitorpenak, notarioen eta Jabetza Erregistroaren jakinarazpenak, obra proiektuak eta higiezinak lehen aldiz okupatzeko lizentziak erabiliko dira. Horrez gain, sustatzaileei errekerimenduak eginen zaizkie. Egiten ari diren obrak ikuskatuko dira, eta jarraipena eginen da, Gobernu Batzordeak emandako lizentziak kontuan hartuz; berehala egiaztatuko da lizentziaren titularrak izena eman duela higiezinen eraikuntzaren eta sustapenaren epigrafeetan.

Ezinbestekoa izanen da Udaleko organo eskudunaren agindupean ari diren hirigintza-ikuskapeneko zerbitzuekin eta Udaltzaingoarekin koordinatzea.

Ikuskatu beharreko sektoreetako bat 100 metro karratutik gorako lokaletan egiten den merkataritza jarduera izanen da, lokal horietan handizkako merkataritza jarduerak kokatu ohi direlako. Jarduera horiek kuota handiagoa dute jarduera ekonomikoen gaineko zergan, eta egiaztatu egin beharko da behar bezala aitortzen dutela beren lokalaren azalera.

Fabrikazio jardueren artean, kilowatt kopuruaren araberako zerga kuota duten jarduerak jarriko dira jomugan, eta bereziki hamar kilowatt-etik gorakoak, jarduera horien iruzurrak bi esparrutan antzematen baitira. Alde batetik jarduera ekonomikoen gaineko zergaren esparruan egiten dira iruzurrak, kuota handieneko elementuetako bat aitortu gabe utziz, eta bestetik establezimenduak irekitzeko lizentziaren tasaren esparruan, zeren eta, jarduerak hasiera batean lizentzia jasotzeko baldintzak betetzen baditu ere, jarduerarako makinerian aldaketak egiten direnean, enpresen bilakabidean ohikoa denez, ez zaio Udalari aitortzen potentzia instalatua handitu dela eta enpresak jarduera irekitzeko lizentzia zabalagoa behar duela.

Fabrikazio jarduera horien benetako egoera jakiteko, proiektu tekniko ikus-onetsi eta egiaztatuak erabiliko dira, Industriako espedienteetan egoten direnak, irekitzeko lizentzia eskaeren ondorioz. Horrez gain, ikuskapen bisitak eginen dira jardueretarako erabiltzen diren lokaletara.

Udalen diru-sarreren artean, jarduera ekonomikoen gaineko zerga kontrolatzea garrantzitsua da. Izan ere, zerga horretan edozein erregulazio egiten denean, unean uneko diru-sarrerak ez ezik etorkizuneko ekitaldi ekonomikoetarako diru-sarrera arruntak ere handitzen dira. Horregatik, aukeratzen diren sektoreak aukeratzen direla, eta aktuarioen ekimena ezertan eragotzi gabe, udalerri osoan egiaztapena egin behar zaie 1.000.000 eurotik gorako negozio zifra garbia duten tributudunei.

Lurraldean oinarritutako estrategia:

Udalerriko kale, sektore edo esparru hauetan jarduerak irekitzeko lizentziaren tasa egiaztatuko da:

-Industria sektoreak.

-Sektore sakabanatuetan kokatutako jarduerak.

Bistan da estrategia horren arrazoia: eremu horietan daude kokatuta udalerriko industria eta merkataritza jarduera gehienak.

Irekitzeko lizentziarik ez duten jarduerak atzeman beharra dago, industria eta merkataritza establezimenduek segurtasun, osasun eta osasungarritasun baldintzak eta eskatzen diren beste baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzeko eta haien zerga egoera erregularizatzeko edo, hala behar denean, departamentu eskudunak jarduera ixteko.

Zerga oinarrian oinarritutako estrategia:

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta hirigintzako lizentziaren tasa egiaztatuko zaizkie tributu horien kargapeko egintzak egiten dituzten tributudunei, baldin eta egintza horiek obra handitzat kalifikaturik badaude hirigintza-lizentzien eta jardueretarako lizentzien tramitazioari buruzko egungo ordenantzan edo etorkizunekoetan.

Zerga Ikuskaritzak dituen langileria eta baliabide urriak ahalik hobekien kudeatu nahi dira emaitza egokiak bermatzeko. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbestez, eta zerga egintza aukeratuak ikuskatu beharko dira. Beraz, lana arrazionalizatu nahi da, departamentuaren ahalegina ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara bideratuz; kasu honetan, hirigintza gehien garatzen ari den udalerriko eremu geografikora, hortxe gerta daitezkeelako arau-hausterik larrienak. Arau-hauste horien artean, Zerga Ikuskaritzaren ahaleginen xede izanen dira munta handienekoak, eraginkortasun eta ekonomia irizpideen arabera zehaztu beharreko zenbatekoa gainditzen dutenak, hain zuzen ere.

Noainen, 2010eko urriaren 7an.-Alkate udalburua, Miguel Elizari Reta.

Iragarkiaren kodea: L1016700