141. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERIAIN

Ordenantza, Administrazio elektronikoarena.
Behin betiko onespena

Beriaingo Udalak, 2010eko uztailaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Administrazio elektronikoa arautzen duen udal ordenantza.

Onesteko erabakia 2010eko 102. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 23an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Beriainen, 2010eko urriaren 18an.-Alkatea, Rafael Blanco Pena.

UDAL ORDENANTZA, ADMINISTRAZIO
ELEKTRONIKOA ARAUTZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Azken aldi honetan, Beriaingo Udalak kezka etengabea izan du herritarrari zerbitzu hobea egiteko, Administrazioan kalitate politikak aplikatuz zerbitzuan bikaintasuna erdiesteko teknika gisa. Alde horretatik, Udalean uste osoa izan da beti ezen herritarrararendako laguntza egokiak, zerbitzuaren kalitatearen oinarria izanik, zerbitzuaren beraren aitzinamendua dakarrela, erabiltzailearekiko komunikazioa hobetzen baitu eta lagun egiten baitu hark eskatzen dituen gaien ebazpen eraginkorrean, murriztuz-eta antolakuntzak berak halako zerbitzu bat egitean dituen kostuak eta aldi berean proiektatuz Administrazioaren irudi hobea herritarren aitzinean.

Horri esker, eta normalizazio eta modernizazio administratiborako politikak abiarazita, Beriaingo Udalak kalitatezko zerbitzuak eman ahal izan dizkie herritarrei, buruz buru nahiz telefono bidez, eta orain kanal telematikora zabaldu nahi dira zerbitzu horiek.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 2003ko erreformaren ondoren, bertze 70 bis artikulua sartu zuen legegileak. Artikulu horren hirugarren atalak berariazko agindua jasotzen du batik bat udalerriei zuzendua, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera elkarreragilea bultzatzeko, parte hartzea eta bizilagunekiko komunikazioa, dokumentuen aurkezpena, eta herritarrak administrazio tramiteak, inkestak eta, hala behar badu, kontsultak egin ahal izateko. Legezko agindu horrek, toki erakundeei begira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 45. artikuluan jasotako agindua zehaztu zuen, eta hura, era berean, garatu berri du Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legeak. Azken lege horren edukiak erabat onartzen du herritarrak Administrazioarekin baliabide elektronikoez harremanetan jartzeko duen eskubidea, eta horrek erran nahi du, era berean, Beriaingo Udalak herritarrarekin komunikatu eta harremanetan jartzeko bide hori ezarri behar duela, orain arte harrera egiteko bertze bi bideetatik emaniko udal jarduerak oinarri izan dituen zerbitzuaren kalitate politika berak bultzatuz bide berri horretatik ere.

Aitzineko guztia kontuan izanik, Beriaingo Udalak, legezko betebehar horren jakitun eta herritarrari Administrazioa hurbiltzeko eta zerbitzu hobea eskaintzeko aukera bikaina dela ziur izanik, ordenantza hau onetsi du kanal telematikoa abian jartzeari begira berak bere gain hartu behar dituen konpromiso eta betebeharrak zehazteko, herritarrak udal zerbitzuak erabiltzeko hirugarren bide gisa. Horrenbertzez, herritarraren eta hurbilen duten Administrazioaren arteko harremana errazteko eskura dauden baliabide elektronikoak erabiliko dituen administrazioa bultzatzeko Beriaingo Udalak harturiko konpromisoaren esparrua arautzen du ordenantza honek, horrekin hobetuko baita herritarrari eskainitako zerbitzua, eta herritarrarendako erraza izanen da Udal Administraziora iristea egunak dituen 24 orduetan eta asteak dituen zazpi egunetan.

Ordenantza honek bortz titulu (atariko titulua barne), bi xedapen gehigarri eta bi azken xedapen ditu. Atariko tituluan ordenantzaren helburua eta aplikazio esparrua jaso dira, baita definizio eta printzipio orokor batzuk ere administrazio elektronikoaren alorrean Udalaren jarduera gidatzeko.

Lehen tituluan administrazio elektronikoaren alorrean herritarrak dituen eskubideak eta zerbitzu elektronikoetara sartzeko sistemak jaso dira, baita tramite, zerbitzu eta prozedura elektronikoen katalogoa zehazteko bideak ere.

Administrazio elektronikoaren araubide juridikoaren oinarrizko alderdiez arduratzen da bigarren titulua, eta egoitza elektronikoak, informaziorako sarbidea, identifikazio eta autentifikazio moduak, tramite elektronikoak egiteko ordezkaritza, erregistro telematikoa eta komunikazio elektronikoak arautzen ditu.

Hirugarren tituluak prozedura eta espediente administratiboen kudeaketa elektronikoa arautzen du eta, hartara, finkatzen ditu tramitazio horrek oinarrian dituen irizpideak, haren fase desberdinak eta prozeduraren bukaera bera. Era berean, baliabide elektronikoak erabiliz jakinarazpenak egiteko baldintzak ezartzen ditu, baita ezaugarriak eta dokumentu eta artxibo elektronikoetan eta dokumentuen konpultsa elektronikoan aplikatu beharreko araubide juridikoa ere.

Azkenik, laugarren tituluak, fakturak formatu elektronikoan aurkezteko eta faktura horiek bide horietatik beretatik ordaintzeko aukera ematen du.

Ordenantza honek adierazten du, xedapen gehigarrietan, Administrazio Elektronikorako Batzorde Teknikoa sortu behar dela Beriaingo Udalean, Udalaren administrazioan bitarteko elektronikoen ezarpena eraginkorrez sustatu, planifikatu eta koordinatzeko.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza honek administrazio elektronikoaren ezari-ezariko ezarpena arautzen du Beriaingo Udalean, herritarrari zerbitzuak baliabide elektronikoen bidez eman ahal izateko, eta, hartara, bermatzen du hirugarren ororekiko elkarreragina, jarduera administratiboaren esparruan, informazioaren teknologia erabiliz gauzatzen ahalko dela.

2. Beriaingo Udalak bermatuko du herritarrak berarekin baliabide elektronikoak erabiliz harremanetan jartzeko duen eskubidea, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legeak edo hura ordezkatzen duen araudiak aurreikusitako baldintzetan. Horri dagokionez, Beriaingo Udalak segurtatuko du bere eskumenen barnean kudeatzen diren datu, dokumentu, informazio eta zerbitzuen informazioa, irisgarritasuna, osotasuna, benetakotasuna, segurtasuna, konfidentzialtasuna eta kontserbazioa, eta betiere bultzatuko du baliabide elektronikoen bidez egiten diren zerbitzu publikoen kalitatea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Ordenantza hau Beriaingo Udaleko Administrazioan aplikatuko da, eta ordenantza honi dagokionez, hauek halakotzat hartuko dira:

a. Beriaingo Udala osatzen duten administrazio organoak.

b. Zuzenbide publikoko entitateak, Beriaingo Udalari lotuak edo haren mendekoak.

2. Ordenantza hau, orobat, herritarrari aplikatuko zaio, eta halakotzat hartuko da pertsona fisiko eta juridikoa, are nortasun juridikorik gabeko entea ere, Beriaingo Udaleko Administrazioarekin baliabide elektronikoen bidez harremanak dituena edo izaten ahal dituena.

3. Beriaingo Udalak bulkatuko du baliabide elektronikoen erabilera bere egitea gainerako erakunde eta entitateek, berak halakoetan ordezkariak baditu edo etorkizunean izaten ahal baditu.

4. Orobat, ordenantza honek definitzen ditu Beriaingo Udaleko Administrazioak baliabide elektronikoen bitartez bertze Administrazioekin izanen dituen harremanak.

5. Ordenantza hau ez da aplikatzekoa izanen Udal honetako Administrazioak zuzenbide pribatuaren araubidean egiten dituen jardueretara, baliabide elektronikoen erabilera bulkatuko bada ere jarduera horietan.

3. artikulua. Araubide juridikoa.

Ordenantza hau eman da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4 eta 29. artikuluetan eta Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen Legearen 4. artikuluan arauak emateko eta barne antolaketa egiteko aitortzen dituen ahalmenen babesean. Orobat, erregelamenduzko garapena dakar Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 45.1 artikuluan, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen Legearen 70 bis 3 artikuluan eta Herritarrak zerbitzu publikoetara bide elektronikoz sartzeari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen azken xedapenetako hirugarrenean xedatuari dagokionez.

4. artikulua. Printzipio orokorrak administrazio elektronikoaren arloan.

Beriaingo Udaleko Administrazioaren jarduketak ondoko printzipio orokorrak izanen ditu, bereziki administrazio elektronikoa bulkatzeari dagokionez:

1. Herritarrarendako zerbitzuaren printzipioa.

Beriaingo Udaleko Administrazioa ahaleginduko da informazioak, tramiteak eta prozedurak administrazio elektronikoaren esparrura ezari-ezarian ekartzen, bere jarduera herritarrari hurbildu ahal izateko.

Printzipio hau bete beharrez, bermatuko da herritar guztiek sarbide izatea Udal Administrazioak egiten dituen zerbitzu guztietara, edozein izanda ere haien inguruabar pertsonalak, baliabideak edo ezagutzak, hainbat kanaletako sistema erabilirik, bere eskura baliabide hauek izanen dituena:

a. Herritarrari buruz buruko harrera egiteko eta argibideak emateko bulegoek haren eskura jarriko dituzte, dohainik jarri ere, ordenantza honetan aitortzen diren eskubideak erabiltzeko behar diren bitarteko eta tresnak. Horretarako, horiek erabiltzeko laguntza eta aholkularitza emanen diete bertako bulegoetako langileek edo bitarteko edo tresna berari erantsitako sistemen bidez.

b. Egoitza elektronikoa, hasiera batean Interneten bidez eskura izanen dena. Bereziki sargune orokor bat izanen da, herritarraren eskura jartzen diren zerbitzuen zerrenda izanen duena.

c. Telefonoz harrera egiteko 012 zerbitzua, segurtasun irizpideek eta aukera teknikoek horretarako bidea ematen duten heinean, herritarrari sarbide emanen diona Beriaingo Udalak ematen dituen argibide eta zerbitzuetan.

2. Sinplifikazio administratiboaren printzipioa.

Garrantzitsutzat hartzen ez diren tramite edo jarduera guztiak baztertuko dira eta prozesu eta prozedura administratiboak birdiseinatuko dira, aplikatzen ahal diren arauekin bat, informazioaren eta komunikazioaren teknologietatik etorritako aukerak ahalik eta hobekien erabiliz, administrazio prozeduren denbora eta epeak ahalik eta gehien laburtu beharrez, administrazio jarduera eraginkorragoa izan dadin.

3. Baliabide elektronikoak bultzatzeko printzipioa.

Udal Administrazioak lehentasunez baliabide elektronikoen erabilera bultzatuko du bere jarduera guztietan, eta bereziki, herritarrarekiko harremanetan. Horretarako, pizgarriak ezartzen ahalko ditu herritarren artean baliabide elektronikoen erabilera bultzatzeko.

4. Neutraltasun teknologikoaren printzipioa eta komunikazio elektronikoen teknika eta sistemetara modu progresiboan moldatzeko gaitasuna; alde horretatik, bermatuko da herritarraren hautatzeko askatasuna une bakoitzean diren aukera teknologikoen artean, Udal Administrazioak aitzinetik bereganatu baditu.

Udal Administrazioak estandar irekien erabilera bulkatuko du, baita, hala bada eta modu osagarrian, herritarren erabilera zabala duten estandarrena ere.

5. Datu pertsonalen konfidentzialtasunaren, segurtasunaren eta babesaren printzipioa, datuen babesaren gaineko arauetan eta herritarraren datuen konfidentzialtasunaren eta ohorerako eta norberaren nahiz familiaren intimitaterako eskubidearen gaineko arauetan zehazturiko baldintzetan.

6. Gardentasun eta publizitate printzipioa; horren arabera, administrazio jardueren zabalkunde, publizitate eta gardentasunik handiena ekarriko du baliabide elektronikoen erabilerak.

7. Lankidetza printzipioa.

Udal Administrazioa ahaleginduko da behar diren hitzarmen eta akordioak sinatzen bertze administrazio publiko, lanbide elkargo, elkarte eta bertzelako entitate publiko edo pribatuekin, sistemen elkarreragintasuna bulkatzeko, estandar teknikoak finkatzeko, informazioa trukatzeko eta dokumentu elektronikoak eta identifikazio eta autentifikazio baliabideen elkarren onarpena sustatzeko.

8. Informazio eta zerbitzuen alderako erabilgarritasun eta irisgarritasun printzipioa, sistema errazen ezarpenaren bidez, herritarrarendako interesa duen informazioa modu azkar, seguru eta ulergarrian lortu ahal izateko. Horretarako bulkatuko dira informazioa bilatu eta ikusteko irizpide bateratuak, nazioarteko irizpide eta estandarrei jarraikiz ororendako irisgarritasunaz, diseinuaz eta dokumentuen tratamenduaz den bezainbatean. Orobat, bere eginen ditu desgaitasunak edo zailtasun bereziak dituzten kolektiboen irisgarritasuna bermatzeko behar diren ezaugarriak, hala behar badute.

9. Erantzukizun, egiazkotasun, benetakotasun eta eguneratze printzipioa, Udal Administrazioak baliabide elektronikoen bitartez eskaintzen dituen informazio eta zerbitzuen aldera.

10. Berdintasun printzipioa.

Baliabide elektronikoak erabiltzeak ez du inolako murriztapenik edo bazterkeriarik ekarriko Udal Administrazioarekin bertze baliabide batzuen bidez harremanetan jartzen den herritarrarendako, ez zerbitzu publikoen prestaziora sarbide izateari dagokionez ez edozein administrazio egintza edo prozedurari dagokionez. Nolanahi ere, Udal Administrazioak neurriak ezartzen ahalko ditu baliabide elektronikoen erabilera sustatzeko.

11. Sarbide eta erabilgarritasun mugatuaren printzipioa.

Udal Administrazioak bertze Administrazio Publikoei aukera emanen die herritarren gainean euskarri elektronikoan dituen datuetan sartzeko, eta datu horietan segurtasun eta osotasun berme handienekin sartzeko beharrezko baldintza, protokolo eta irizpide funtzional edo teknikoak zehaztuko ditu, Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzen duen araudian zehaztutakoaren arabera.

Datu horien eskuragarritasuna hertsiki mugatuko da, izan ere gainerako administrazioek beren eskumeneko prozedurak tramitatu eta erabaki beharrez haiek arautzen dituen araudiaren arabera herritarrari eskatzen dizkiotenak baizik ez dituzte eskuratuko. Datu pertsonalen kasuan, interesdunen adostasuna izanen da datu horietarako sarbiderako baldintza, benduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren baldintzetan, eskatutako datu edo dokumentuei aplikatzen ahal zaizkien arauen arabera murriztapenik izan ezean. Baliabide elektronikoen bidez egin eta jaso ahal izanen da baimen hori.

12. Proportzionaltasun printzipioa.

Tramite eta jarduketa bakoitza eta haren inguruabarrak nolakoak, haiexen araberakoak baizik ez dira izanen eskatzen diren berme eta segurtasun neurriak. Orobat, datuak zertarako eskatzen diren, hartarakoxe eta soilik hartarakoxe behar diren datuak baizik ez zaizkio herritarrari eskatuko.

13. Legezkotasun printzipioa.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legeak aitortzen dizkion berme juridiko guztiak atxikiko ditu herritarrak, Udal Administrazioaren aitzinean.

LEHEN TITULUA

Herritarraren eskubideak administrazio elektronikoari dagokionez

5. artikulua. Herritarraren eskubideak.

1. Herritarrari onartzen zaio Udal Administrazioarekin harremanetan jartzeko eskubidea baliabide elektronikoak erabilita, indarrean dagoen legerian finkatutako baldintzetan. Onarpen hori hedatu da zenbait eskubideren erabilera eraginkorrera, hala nola Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluak herritarrari onartzen dizkionak, eta orobat edozein eratako informazioak eskuratzeari, kontsultak egiteari, alegazioak aurkezteari, eskaerak eta nahikundeak aurkezteari, ordainketa eta salerosketak egiteari eta ukitzen dituen ebazpen eta egintza administratiboen aurka egiteari dagozkion eskubideen erabilera eraginkorrera ere bai.

2. Gainera, jarduera administratiboan baliabide elektronikoak erabiltzeari loturik, eta indarrean dagoen legerian eta ordenantza honetan aurreikusitako baldintzetan, honako eskubide hauek ditu herritarrak:

a. Prozedura bakoitzerako une bakoitzean eskura daudenen artean, Udal Administrazioarekin baliabide elektronikoez harremanetan jartzeko kanala hautatzeko.

b. Administrazio Publikoen esku dauden datuak eta dokumentuak ez aurkezteko. Administrazio Publiko horiek, aurrerapen teknikoek horretarako aukera ematen duten heinean, baliabide elektronikoak erabiliko dituzte informazio hori biltzeko, baldin eta, datu pertsonalen kasuan, interesdunen baimena badute, Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoak zehaztutako baldintzetan, edo lege mailako arau batek hala zehazten duenean, bildutako datu eta dokumentuen araudiaren arabera murrizketak daudenean izan ezik. Baliabide elektronikoen bidez egin eta jaso ahal izanen da baimen hori.

c. Udal Administrazioak eta haren erakunde publikoek eskainitako zerbitzuetarako sarbide elektronikoan berdintasuna izateko.

d. Halako prozedura batean interesdun gisa agertzen bada, haren tramitazio egoeraren berri baliabide elektronikoen bidez izateko, aplikatu beharreko araudiak haiei buruzko informazioan sartzeko mugak paratzen dituenean izan ezik.

e. Halako prozedura batean interesdun gisa agertzen bada, haren barneko dokumentu elektronikoen kopia elektronikoak lortzeko.

f. Espediente baten barnean dauden dokumentu elektronikoak Udal Administrazioak formatu elektronikoan kontserbatzeko.

g. Tramitazio elektronikorako behar diren baliabideak lortzeko. Betiere Nortasun Agiri Nazionalaren sinadura elektronikorako sistemak erabili ahal izanen dituzte pertsona fisikoek, Udal Administrazioarekin edozein tramite elektroniko egiteko.

h. Administrazio Publikoaren esparruan sinadura elektronikorako onarturiko bertze sistema batzuk erabiltzeko.

i. Udal Administrazioaren fitxategi, sistema eta aplikazioetan dauden datuen segurtasun eta konfidentzialtasunaren bermea izateko.

j. Baliabide elektronikoen bidez emaniko zerbitzu publikoen kalitaterako.

k. Udal Administrazioarekin harremanak izateko aplikazioak edo sistemak hautatzeko, baldin eta estandar irekiak edo, hala behar badu, herritarren artean erabiltzen direnak erabiltzen baditu.

3. Bereziki, zerbitzu jarduerak ezartzeko prozeduretan, herritarrak eskubidea du informazio hau eskuratzeko baliabide elektronikoen bitartez:

a. Zerbitzu jardueretara iristeko eta haietan aritzeko behar diren prozedura eta tramiteak.

b. Zerbitzu jarduerekin ikusteko duten gaietan eskumena duten agintarien gaineko datuak, bai eta haiekin ikusteko duten elkarte eta erakunde profesionalen gainekoak ere.

c. Zerbitzu jardueren egileen gaineko erregistro eta datu-base publikoetan sartzeko baliabide eta baldintzak, eta errekurtsoak paratzeko bideak, auzirik pizten bada agintari eskudunen, egileen eta hartzaileen artean, edozein dela ere.

6. artikulua. Herritarraren betebeharrak administrazio elektronikoari dagokionez.

1. Administrazio jardueran eta Udal Administrazioarekiko harremanetan baliabide elektronikoak erabiltzean, herritarrak eginbehar hauek ditu administrazio elektronikoaren informazioaren, komunikazioen, prozesuen eta aplikazioen funtzionamendu egokia eta kudeaketa bermatu beharrez:

a. Administrazio elektronikoaren baliabide, zerbitzu eta prozedurak borondate onaren printzipioaren arabera erabiltzea.

b. Administrazio elektronikoari dagokionez, Udal Administrazioari informazio egiazko, oso eta zehatza ematea, zertarako eskatzen den, horrexen araberakoa.

c. Bere nortasuna adieraztea baliabide elektronikoen bidez administrazio harremanak izatean.

7. artikulua. Baliabide elektronikoen sustapena eta arrakala digitala ezabatzea

1. Udal Administrazioak neurriak hartu ahal izanen ditu herritarrak eskaera, prozedura eta administrazio tramite batzuk baliabide elektronikoen bidez egin ditzan bultzatzeko, aukera hori dagoenean. Ildo horretatik, Udal Administrazioak bere ordenantza fiskaletan jarduketa horiek zergapetzen dituzten zergetan hobariak eta salbuespenak ezarri ahal izanen ditu, zentzu horretan, indarrean dagoen ordenamenduak toki erakundeei jarduteko ematen dien esparruaren barnean. Zerga hobari eta salbuespen horien oinarria administrazio elektronikoko teknikak erabiltzeak dakarren eraginkortasuna izanen da, baita Udal Administrazioak baliabide elektronikoen bidezko jarduera horien tramitazioan erabilitako finantza baliabideetan gertaturiko aurrezkia ere.

2. Udal Administrazioak neurri egokiak hartuko ditu kolektibo baztertuenek, eta ezintasunak edo ekonomia, gizarte edo kultura mailan zailtasun bereziak dituzten herritarrek behar diren baliabideak izan ditzaten baliabide elektronikoen bidez eskainitako udal zerbitzuak berdintasun baldintzetan erabil ditzaten.

3. Betiere, bermatuko da kolektibo horietako kide izateagatik edo edozein zailtasun erantsi izateagatik baztertuak ez izatea edo inolako kalterik ez izatea pertsona horiek udal eskumeneko zerbitzu elektronikoak erabiltzeko tenorean, eta ahal den neurrian bederen, elektronikoen ordezko baliabideak edo kanalak erabiltzeko aukera emanen da horrelakorik dagoenean.

8. artikulua. Datuen transmisioa Administrazio Publikoen artean.

1. 5.2 b) artikuluan onarturiko eskubidea eraginkortasunez erabiltzeko, Udal Administrazioak bertze Administrazio Publikoei aukera emanen die interesdunen inguruan euskarri elektronikoan dituen datuetan sartzeko, eta datu horietan segurtasun eta osotasun berme handienekin sartzeko beharrezko baldintza, protokolo eta irizpide funtzional edo teknikoak zehaztuko ditu, Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzen duen araudian zehaztutakoaren arabera.

2. Datu horien eskuragarritasuna hertsiki mugatuko da, izan ere gainerako Administrazio Publikoek beren eskumeneko prozedurak tramitatu eta erabaki beharrez haiek arautzen dituen araudiaren arabera herritarrari eskatzen dizkiotenak baizik ez dituzte eskuratuko. Era berean, eskatuko da, datu pertsonaletara sarbidea izateko, interesdunak baimena ematea Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan zehaztutako baldintzetan, edo lege maila duen arau batek halaxe baimentzea.

3. Artikulu honetan xedatzen denari dagokionez, Udal Administrazioak bertze Administrazio Publikoekin behar diren hitzarmenak sinatzen ahalko ditu haietako bakoitzak hartutako sistema eta moduen elkarreragingarritasuna bermatzeko eta, hartara, dokumentu elektronikoak eta legeak xedaturikora egokitzen diren identifikazio eta autentifikazio baliabideen elkarren onarpena bultzatzeko. Betiere, herritarrari zerbitzu egiteko printzipioan eta sinplifikazio administratiborako printzipioan oinarrituko dira lankidetza harreman horiek.

BIGARREN TITULUA

Administrazio elektronikoaren araubide juridikoa

I. KAPITULUA

Egoitza elektronikoa

9. artikulua. Egoitza elektronikoak.

1. Egoitza elektronikoak dira herritarraren eskura dauden helbide elektroniko guztiak, horiek posible egiten dituzten telekomunikazio sareen titularitatea, kudeaketa eta administrazioa Beriaingo Udalaren organo, alor, administrazio entitate edo erakunde publiko bati dagozkionean bere eskumenak erabiltzean.

2. Beriaingo Udala eta haren erakunde publiko desberdinak arduratuko dira egoitza elektroniko bakoitzaren bidez lor daitezkeen zerbitzuen eta informazioaren osotasunaz, egiazkotasunaz eta eguneratzeaz.

3. Udal zerbitzu eskudunek txostena egin ondotik ezarriko dira egoitza elektronikoak, interesa duen organo, unitate edo erakundeak eskatuta, publizitate, erantzukizun, kalitate, segurtasun, eskuragarritasun, irisgarritasun, neutraltasun eta elkarreragingarritasun printzipioei loturik. Egoitzaren titularraren identifikazioa ziurtatuko da beti, baita iradokizunak eta kexak egiteko baliabideen eskuragarritasuna ere.

4. Beharrezkoa denean, komunikazio seguruak izateko bidea emanen duten sistemak ezarriko dira egoitza elektroniko desberdinetan.

5. Beriaingo Udalaren eta haren erakunde publikoen titulartasunekoak diren egoitza elektronikoetan informazioak, zerbitzuak eta salerosketak argitaratzean, irisgarritasun eta erabilgarritasun printzipioak errespetatuko dira, horri dagokionez ezarritako arauekin bat, baita estandar irekiak eta, hala behar badu, herritarrak erabili ohi dituenak ere.

6. Beriaingo Udalean erregistro eguneratua edukiko da, egoitza elektronikoekin eta haien ezaugarriekin, haiek erabiltzeko baldintzekin eta haien titularrekin.

10. artikulua. Egoitza elektroniko nagusia.

1. Sarbide elektronikorako gune nagusia ezarri da udal administrazioaren egoitza elektroniko nagusitako, hau da: www.beriain.es. Egoitza horretan, herritarren eskura jarriko da zerbitzuen zerrenda eta haietan sartzeko manera, eta Udal Administrazioaren eta haren erakunde publikoen gainerako sarbide elektronikorako guneekin koordinaturik egonen da, esteka zuzena izanen baitu haietara.

2. Beriaingo Udalaren Zerbitzu Orokorrak arduratuko dira Udal Administrazioaren egoitza elektroniko nagusiaz, eta haiei dagokie egoitza horien kudeaketa eta administrazioa, edukiari dagokionez, bertze udal alor eta zerbitzu batzuek izan ditzaketen eskumenak ukatu gabe.

11. artikulua. Iragarki edo ediktuen oholaren argitalpen elektronikoa.

1. Prozedura administratibo, arau juridiko edo ebazpen judizialaren arabera iragarki edo ediktuen oholean argitaratu behar diren egintzak eta jakinarazpenak egoitza elektroniko nagusian ere argitaratuko dira. Egoki juzgatzen denean eta legeak horretarako aukera ematen duenean, iragarki edo ediktuen oholean argitaratu beharrean egoitza elektroniko nagusian argitaratu ahal izanen da, baina horretaz ohartaraziko da gaur egun iragarki oholerako dagoen espazio fisikoan.

2. Iragarki ohol elektronikoa egoitza elektroniko orokorraren bidez ikusten ahalko da. Betiere bermaturik egonen da herritar guztiek sarbidea izatea, baita behar den laguntza ere hura kontsultatzeko. Ez da eskatuko herritarraren nortasuna egiaztatzeko mekanismo berezirik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 61. artikuluan xedatuaren arabera, iragarki ohol elektronikoan laburki argitaratutako egintza publiko baten eduki osoa lortu nahi den kasuetan izan ezik, pertsona horiek bidezko interesa egiaztatzen dutenean hori jakiteko.

3. Iragarki ohol elektronikoa Udal Administrazioaren egoitza elektroniko nagusian nahi duenaren eskura egonen da egunaren 24 orduetan, urteko egun guztietan. Arrazoi teknikoak direla-eta ediktu taula elektronikoa ez dela ibiliko aurreikusten denean, erabiltzaileei horren berri emanen zaie ahalik eta azkarren, ohola kontsultatzeko eskura dauden ordezko baliabideak zein diren adierazita.

4. Edukiaren benetakotasuna, osotasuna eta kontserbazioa ziurtatuko duten sistemak eta mekanismoak izanen ditu ediktu ohol elektronikoak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 45.5 artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Bereziki, epeak kontatzeari dagokionez, ediktuen argitalpenaren data eta ordua egiaztatuko duen mekanismoa ezarriko da.

II. KAPITULUA

Informazio eginkizuna eta haren hedapena
baliabide elektronikoen bidez

12. artikulua. Informazio orokorra.

Egoitza elektroniko nagusiaren bidez eta inolako identifikaziorik gabe, herritarrek sarbidea izanen dute, nahi dutenean eta gau eta egun, honako informazio honetan:

a. Udal Administrazioa eta haren erakunde autonomoak osatzen dituzten zerbitzu, erakunde eta administrazio unitateen identifikazio, helburu, eskumen, egitura, funtzionamendu, kokaleku eta arduradunen ingurukoa.

b. Herritarrak egin nahi dituen proiektu, jarduera edo eskariei xedapenek ezartzen dizkieten baldintza juridiko edo teknikoei dagokiena.

c. Udal Administrazioak egiten dituen zerbitzuen katalogo orokorra, prozeduren tramitazioari, zerbitzu publikoei eta prestazioei buruzko informazioaz gainera, eta Administrazio Publikoekiko harremanean herritarrak jakin beharreko bertze datu guztiak, herritarrarendako interes handiena duten udalez kanpoko zerbitzu eta tramiteei buruzkoak osaturik.

Adibide gisa, Udal Administrazioak honako informazio hau argitaratuko du:

-Udal zerbitzuen katalogo orokorra.

-Gobernu organoen akordioak, haiek izan ditzaketen datu pertsonalak ezkutatzea deusetan ukatu gabe.

-Ordenantzak eta Udalaren gainerako arauak, ordenantza fiskalak barne.

-Udalaren aurrekontua eta onetsiriko kontu orokorrak.

-Hirigintzaren planeamenduaren bitartekoak.

-Informazio publikoaren iragarkiak.

-Kontratazio administratiboaren prozedurak.

-Diru-laguntzak emateko prozedurak.

-Langileak aukeratzeko prozedurak.

-Udal tramite eta prozeduren inprimakiak eta galdetegiak.

-Udal kale-izendegia.

d. Prozeduraren edo haren zati baten ezagutza, informazio publikoan, herritarrak egoki iruditzen zaizkion alegazioak egiteko aukera izanik.

e. Herritarrak parte hartzeko prozedurak.

f. Gaztigu, kexa eta iradokizunen postontzia.

g. Herritarrarendako interes orokorrekoak diren kontu edo aferak, herritarraren bizi kalitatea hobetzen lagun dezaketenak eta gizartean eragin berezia dutenak barne, hala nola alor hauetakoak: osasuna, kultura, hezkuntza, gizarte zerbitzuak, ingurumena, garraioa, merkataritza, kirola eta aisialdia.

13. artikulua. Udaleko Informazio Aldizkaria.

Beriaingo Udalak, bere egoitza elektroniko nagusiaren bidez, herritarraren eskura jarriko du, jakin eta kontsulta dezan, Udaleko Informazio Aldizkaria. Haren barnean sartuko da hartutako erabaki eta emandako ebazpen guztien laburpena eta, gainera, bizilagunei egiten zaizkien deiak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearekin eta hura garatzeko arauekin bat haien zabalkundea nahitaezkoa bada, edo zabalkundea egitea onuragarria bada. Horiez gain, aipu eta pasarte historikoak argitaratuko dira, herrikoak nahiz probintziakoak.

14. artikulua. Informazio partikularra.

1. Informazio partikularra izanen da tramitean dauden prozeduren egoera edo edukiei dagokiena, eta, Administrazioaren zerbitzuan egonik, prozedura horien tramitazioaren ardura duten agintari eta langileen identifikazioari dagokiona.

2. Hurrengo kapituluan zehaztutako baliabideen bidez egiaztatu ondoan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 45. artikuluan aurreikusitakoaren arabera interesdun izaera aitortzen zaien pertsonek baliabide elektronikoak erabili ahal izanen dituzte honako hauetarako:

a. Prozeduraren tramitazio egoeraren berri noiznahi izateko.

b. Espedientean jasotzen diren agirietan sarbide izateko.

c. Entzute tramitean parte hartzeko, egokitzat hartzen diren dokumentuak eta justifikazioak alegatu eta aurkeztu beharrez.

III. KAPITULUA

Identifikazioa eta autentifikazioa

15. artikulua. Identifikazio eta autentifikazio moduak.

1. Herritarrak sinadura elektronikoaren sistema hauek erabiltzen ahalko ditu Udal Administrazioarekin telematikoki harremanetan jartzeko:

a. Sinadura elektronikorako Nortasun Agiri Nazionalean jasotako sistemak, pertsona fisikoentzat. Berariazko araubide bat izanen da horien erabilera eta ondorioak arautzeko.

b. Sinadura elektroniko aurreraturako sistemak, ziurtagiri elektroniko onartuan oinarrituak barne. Tramitazio elektronikorako une bakoitzean onarturiko sinadura elektroniko aurreratuaren sistemen zerrenda eta ezaugarriak eskura egonen dira egoitza elektroniko nagusian, kasu bakoitzean ziurtagiri elektroniko horiek luzatzen dituzten emaileak zehaztuta.

2. Bertzalde, Udal Administrazioak honako sistema hauek erabili ahal izanen ditu autentifikazio elektronikorako eta egiten dituen dokumentu elektronikoak egiaztatzeko:

a. Sinadura elektronikorako sistemak, gailu seguru edo ertaineko ziurtagirien erabileran oinarrituak, egoitza elektronikoa identifikatu eta harekin komunikazio seguruak egin ahal izateko; udal idazkariak eskatu beharko dizkio sistemaren hornitzaileari.

b. Sinadura elektronikorako sistemak, administrazio jarduera automatizaturako; udal idazkariak eskatu beharko dizkio sistemaren hornitzaileari, 35. artikuluan xedaturikoa bete ondoan: ziurtagiri elektronikoan oinarrituriko zigilu elektronikoa eta egiaztatzeko kode segurua. Udal Administrazioak erabiltzen dituen zigilu elektronikoen zerrenda publikoa izanen da, ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak eta horiek luzatzen dituztenak barne;egoitza elektroniko nagusian izanen da hartarako sarbidea. Gainera, dagokion egoitza elektronikoan sartzean, elektronikoki sortzen diren dokumentuen osotasuna egiaztatzeko bidea izanen da udal erregistroetan dagoenaren froga edo egiaztapen gisa, egiaztatzeko kode seguruaren bidez.

c. Udal Administrazioaren eta haren erakunde publikoen zerbitzuko langileen sinadura elektronikoa. Horri dagokionez, Beriaingo Udalak sinadura elektronikorako sistemez hornituko ditu bere langileak, batera identifikatzeko zein den postu edo karguaren titularra eta zer administrazio edo organotan egiten duen zerbitzu; udal idazkariak eskatu beharko dizkio sistemaren hornitzaileari. Behar izanez gero, langile horiek Nortasun Agiri Nazionalean oinarrituriko sinadura elektronikoa erabili ahal izanen dute agindu honetan xedatzen denari dagokionez.

d. Datuen truke elektronikoa komunikazio inguru itxietan. Komunikazio inguru itxietan helarazitako dokumentu elektronikoak baliozkoak izanen dira igorleen eta hartzaileen autentifikazio eta identifikaziorako. Ondorio horietarako, inguruaren segurtasuna eta helarazitako datuen babesa ziurtatuko dira.

Alkatetzaren ebazpenaren bidez, onetsi beharko dira, Udal Administrazioaren barnean, baimendutako igorle eta hartzaileen zerrenda eta trukatu beharreko datuen izaera. Trukea bertze Administrazio Publiko batekin egiten denean, informazioa helarazte horrek arau izanen dituen baldintzak eta bermeak finkatuko dira aitzinetik, horretarako sinaturiko hitzarmenean.

16. artikulua. Herritar txartela.

1. Beriaingo Udalak hornitzaile baimenduekin kudeatuko du, eskatzen duten herritar guztiendako, herritar txartela doan egitea; txartel pertsonal eta besterenezina izanen da, eta herritarrak halako udal zerbitzu batzuez baliatzeko eransten ahal zaizkion bertze erabilera batzuez landa, sinadura elektroniko onartuaren ziurtagiria izanen du Udal Administrazioarekin modu elektronikoan harremanetan jarri ahal izateko.

2. Herritar txartel honek bertze elementu tekniko batzuk izaten ahalko ditu titularra identifikatzeko, hurbiltasun txipak, konparaziorako, hura sinadura elektroniko onartuaren bidezko identifikazioa eskatzen ez duten udal zerbitzu eta tramite jakin batzuetan sartu ahal izateko.

3. Txartela zuzenean eskatuko du eskatzaileak edo haren ordezkariak, aitzinetik bere nortasuna frogatuta, Beriaingo Udalaren bulegoetan eta horretarako ezar daitekeen bertze edozeinetan, egoitza elektroniko nagusian informazioa eskuratu ondotik. Txartela jasotzeko tenorean, interesdunak edo haren ordezkariak, aitzinetik bere nortasuna frogatuta, haiek erabiltzeko baldintzak zehazten dituen dokumentua sinatuko du. Horretan sartuko dira, hala behar badu, txartelarekin ematen diren bertze zerbitzuak erabiltzeko baldintzak, haien arauketan halako baldintza berariazkoak aurreikusten badira.

17. artikulua. Ziurtagiri elektronikoen bidezko identifikazioaren eta autentifikazioaren elkarreragingarritasuna.

1. Beriaingo Udalak berarekin modu elektronikoan harremanetan jartzeko baliozkotzat hartuko ditu ziurtatze zerbitzuaren egileek luzaturiko ziurtagiri elektroniko onartuak, baldin eta ziurtatze zerbitzuak egiten dituen horrek lehenbizikoaren eskura jartzen badu behar den informazioa, teknologikoki bideragarriak diren baldintzetan, eta harendako inolako kosturik gabe.

2. Administrazio Publikoren batek erabili edo onarturiko sinadura elektronikorako sistemak ez badira aurreko atalean aipatu diren ziurtagirietan oinarritzen, Beriaingo Udalak onar litzake soilik hala adosten badu delako Administrazio horiekin, elkarren onarpenaren printzipioarekin bat eta elkarrekikotasun printzipioarekin bat.

3. Beriaingo Udalak behar diren bideak jarriko ditu, bere eskumen esparruan onarturiko ziurtagiri guztien baliogabetze egoera eta sinadura egiaztatzeko.

18. artikulua. Funtzionario publikoen identifikazio eta autentifikazio lana.

1. Baliabide elektronikoen bidez edozein tramitazio egiteko, kapitulu honetan ezarritako sinadura elektronikoaren tresnaren baten bidez herritarraren identifikazioa edo autentifikazioa eskatzen denean, eta hark horrelakorik ez duenean, identifikazio edo autentifikazio hori modu baliozkoan egin ahal izanen dute funtzionario publikoek, udal idazkariak horretarako ahalmena eman ondoan, sinadura elektronikorako horniturik dauden sistemaren bidez. Horretarako, herritarrak bere burua identifikatu beharko du eta berariaz baimena eman, eta hori jasota geratuko da desadostasunak edo auziak sortzen direnerako.

2. Udalak, artikulu honetan arauturiko identifikazioa edo autentifikazioa egiteko ahalmena duten funtzionarioen erregistroa eguneratua izanen du.

19. artikulua. Tramitazio elektronikorako ordezkapena.

1. Herritarra ordezkarien bitartez aritzen ahalko da Udal Administrazioan baliabide elektronikoen bidez egiten diren prozedura eta tramite administratiboetan, legeria orokorrak aurreikusten duenari eta ordenantza honek ezartzen duenari jarraikiz. Hala bada, jarduteko ahalmen osoa duen eta sinadura elektroniko onartuaren ziurtagiria duen edozein pertsona fisikok, bertze pertsona fisiko edo juridikoak ordezkatu ahal izanen ditu baliabide elektronikoaren bidez Beriaingo Udalean egiten diren prozedura eta tramite administratiboetan. Kasu horietan, eginiko jarduketak baliozkoak izan daitezen, ordezkaritza egiaztatu beharko da, Beriaingo Udalak noiznahi eska baitezake hori.

2. Beriaingo Udalari dagokionez bertze pertsona fisiko edo juridikoen ordezkari gisa aritu nahi duen pertsona fisikoak, honako bide hauetatik egiaztatuko du ordezkaritza hori:

a. Notarioaren aitzinean egiaztaturiko sinadura duen dokumentu publiko edo pribatuaren bidez, ordezkatua pertsona juridikoa denean edo epailearen erabakiz desgaitutako pertsona fisikoa denean (legezko ordezkaritza).

b. Ordezkatua eta ordezkaria, biak, eskumena duen administrazio organoaren aitzinean agertuta, ordezkatua jarduteko gaitasun osoa duen pertsona fisikoa denean (borondatezko ordezkaritza).

3. Aitzineko puntuan xedatua deusetan ukatu gabe, Udalak ordezkarien errolda eratzen ahal du tramitazio telematikorako, beren jarduera profesionalagatik Beriaingo Udalarekin tramitazio administratiboak hirugarren pertsonen izenean egiten dituzten pertsona juridikoen legezko ordezkariek osaturik hura. Pertsona horiek, ordezkarien erroldako kide izatean, pertsona fisiko zehatzen ordezkaritzen altak eman ahal izanen dituzte, horretarako dokumentu egokian haiek behar den baimena eman ondotik.

4. Ordezkaritza Beriaingo Udalarekin lotzen dituzten tramite guztietarako eman ahal izanen da orokorrean, edo soilik tramite bat edo batzuk egiteko, aurkeztutako egiaztagirian jasotakoari edo ordezkaritza emateko egintzan ordezkatuak adierazitakoari jarraikiz.

5. Emaniko ordezkaritza hori aldi baterako edo denbora mugarik gabe izan daiteke; ordezkatuak geroago baliogabetzen duen arteko balioa izanen du, azken kasu horretan.

20. artikulua. Tramitazio elektronikorako ordezkarien erregistroa.

1. Beriaingo Udalak Tramitazio elektronikorako ordezkarien erregistroa izanen du, interesdunek modu baliozkoan egiten dituzten inskripzio guztiak jaso beharrez.

2. Eskumena duen organoak eredu normalizatua onartuko du Tramitazio elektronikorako ordezkarien erregistroan alta, aldaketa edo baja eskaerak egiteko, eta hura betetzea ezinbertzeko baldintza izanen da ordezkaritza aipatu Erregistro horretan inskribatzeko. Ordezkaritzaren inskripzioaren iraupen epea eta haren norainokoa jasoko ditu.

3. Tramitazio elektronikorako ordezkarien erregistroan alta, aldaketa edo baja egiteko eskaerak, Beriaingo Udalak hiru hilabeteko epean berariaz erabakiko ditu, eta baietsitzat joko dira epe horretan ez bada berariazko ebazpenik ematen.

21. artikulua. Interesdunak bat baino gehiago direnean.

Eskaera telematiko batean interesdun bat baino gehiago dagoenean, eskaera hori elektronikoki sinatuko dute guztiek, eta espresuki adierazten denarekin eginen dira jarduketak, edo bertzenaz, lehen sinatzaile gisa agertzen den interesdunarekin.

IV. KAPITULUA

Erregistro elektronikoa

22. artikulua. Erregistro elektronikoa.

1. Xedapen honen bidez, erregistro telematikoa sortuko da Beriaingo Udalean, Erregistro Orokorraren lagungarri, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.2 artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Erregistro telematiko horrek dokumentu elektroniko normalizatuak jaso eta igortzeko gaitasuna izanen du, eta Beriaingo Udalaren Erregistro Orokorrean sartuko da ondorio guztietarako.

2. Baliabide elektronikoen bidez bakar-bakarrik aurkezten ahalko dira interesdunen eskaera, jakinarazpen eta idatziak, baldin eta, formatu elektroniko normalizatuan, aldez aurretik zehaztu diren eta Beriaingo Udalaren egoitza elektroniko nagusian jendearen eskura dauden tramite eta prozedura elektronikoen katalogoan behar bezala jasota badaude. Egoki juzgatzen diren dokumentu elektronikoak erantsi ahal izanen dira, betiere baldin eta elkarreragingarritasun eta segurtasun eskema nazionaletan zehazten diren formatu estandarrak eta segurtasun baldintzak betetzen badituzte.

3. Edozein erregistro telematiko sortzeko akordioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta haren testu osoa kontsultatu nahi duenaren eskura egonen da egoitza elektroniko nagusian. Erregistro telematiko horiek sortzeko xedapenek zehaztuko dute zein den haien kudeaketaren ardura duen organo edo administrazio unitatea, baita data eta ordu ofiziala zein diren ere eta orobat egun baliogabeak. Nolanahi ere, erregistro telematikoari ez zaio aplikatuko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 48.5 artikuluan xedatua.

4. Sarrerako erregistro elektronikooan, egunak dituen 24 orduetan egonen da sarbidea, urteko egun guztietan. Sinadura elektronikorako onartzen diren sistema aurreratuen erakunde hornitzaileetako batek emaniko denbora-zigilatzearen bidez egiaztatuko dira sarrerako eguna eta ordua. Zigilatze hori teknikoki ahalik eta denbora laburrenean eginen da Udalaren egoitza elektronikoan eskaera osoa jasotzen den unetik hasita, eta horiexek izanen dira legezko epeak kontatzeko kontuan hartuko diren eguna eta ordua. Epea kontatzeari dagokionez, egun baliogabe batean jasotzen dena hurrengo lehen egun balioduneko lehen orduan jaso dela ulertuko da, egun baliogabean jasotzeko berariazko aukera emanen lukeen arau bat egotea ukatu gabe. Nolanahi ere, sarbideko egoitza elektronikoaren denbora-zigilatzearen zerbitzariaren data eta ordu ofizialei jarraituko die erregistro telematikoak, eta behar diren segurtasun neurriak izanen ditu haren osotasuna segurtatzeko eta agerian egoteko.

5. Irteerako erregistro elektronikoa egunak dituen 24 orduetan ibiliko da, urteko egun guztietan. Irteera data frogatuko da data eta ordua modu elektronikoan paratzeko zerbitzu baten bidez, ordenantza honen 36. artikuluan definitzen den interesdunaren web pertsonaleko postontzian jakinarazpena uzteko prozedura hasten den egunarekin bat eginez, jakinarazpen elektronikorako ezarritakoari jarraikiz. Epea kontatzeari dagokionez, erregistro telematikoan egun baliogabe batean jasotzen den idatzi edo jakinarazpenaren irteeraren oharra hurrengo lehen egun balioduneko lehen orduan jaso dela ulertuko da, une horretan hasiko baita formalki haren jakinarazpena egiteko prozedura, egun baliogabean bidaltzeko berariazko aukera emanen lukeen arau bat dagoenean izan ezik.

6. Sarrerako erregistro telematikoak interesdunek aurkeztutako dokumentu elektronikoen harreraren egiaztagiria emanen du automatikoki. Inskribatu den data eta ordua azalduko dira agiri horretan, baita dagokion agindu zenbakia ere, osotasuna eta aurkeztutako dokumentuak ez arbuiatzea bermaturik betiere. Nolanahi ere, Udal Administrazioak jaso duen dokumentuaren formatua birmoldatzen ahalko du hura irakurri, jaso eta artxibatzeko beharrezkotzat hartzen duenean, haren funtsezko edukia aldatu gabe.

7. Mantentze tekniko edo operatiboko arrazoi justifikatuak daudenean baizik ez da eteten ahalko erregistro telematikoaren eskuragarritasuna, eta soilik haiek konpontzeko behar den denboran. Arrazoi teknikoengatik erregistroa ez dabilenean, erabiltzaileei horren berri eman beharko zaie ahalik eta azkarren eta egoera horrek irauten duen bitartean. Erregistro telematikoaren funtzionamendua iragarri gabe eteten bada, horretaz ohartarazten duen mezua ikusiko du erabiltzaileak.

23. artikulua. Kanpoko erregistro elektronikoa.

Lankidetza hitzarmen egokia sinatu ondotik, erregistro elektronikoa sortzen ahalko da bertze Administrazio Publiko batzuen eskumeneko eskaerak, idatziak eta jakinarazpenak jasotzeko.

24. artikulua. Erregistro elektronikorako egun baliogabeak.

1. Erregistro elektronikorako eta haren erabiltzaileendako, egun baliogabeen urteko egutegian lurralde nazional osorako ezartzen diren egunak baizik ez dira izanen baliogabe, baita Nafarroako Foru Komunitateko lurralde esparruan eta Beriaingo udalerrian tokiko jaiegun gisa deklaratuak ere. Orobat, baliogabeak izanen dira, 2010. urtean epeak kontatzeari dagokionez, igande guztiak eta udal bulegoetako jaiegunak.

2. Egoitza elektroniko nagusian agertuko dira urte zehatz bakoitzeko egun baliogabeak.

Nolanahi ere, erregistro elektronikoari ez zaio aplikatuko Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 48.5 artikuluan xedatua.

25. artikulua. Herritarraren sarbidea erregistro elektronikoan.

1. Eskabideak, idazkiak eta adierazpenak aurkezteko, Beriaingo Udalaren erregistro elektronikoko sarbidea interesdun guztien eskura egonen da Beriaingo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, horretarako sortzen den helbide elektronikoan.

2. Enplegatu publikoei edo unitate edo organo bakoitzari esleitutako posta elektronikoko postontziak ez dira inola ere erregistro elektroniko izanen.

Faxa eskuratzeko gailuak ere ez dira erregistro elektroniko, antolamendu juridikoan espresuki aurreikusten diren kasuetan ez bada.

V. KAPITULUA

Komunikazio elektronikoak

26. artikulua. Komunikazio elektronikoak.

1. Udal Administrazioarekin harremanetan jartzeko herritarrak duen eskubidea bermatzeko, telematika bidezko komunikazioa bermatuko da, ondorio juridiko osoekin, ordenantza honek ezartzen duenaren babesean.

2. Lege mailako arau batek elektronikoa ez den baliabide bat erabiltzeko agintzen duenean izan ezik, herritarrak noiznahi hautatzen ahalko du Udal Administrazioarekin baliabide elektronikoaren bidez komunikatzeko manera. Baliabide batzuen edo bertzeen bidez komunikatzeko hautuak ez du herritarra lotuko, honek noiznahi hautatzen ahalko baitu hasieran hautatu ez bertzeko baliabidea.

3. Herritarrak berariaz eskatu edo onartu duenean baizik ez ditu Udal Administrazioak baliabide elektronikoak erabiliko herritarrarekiko komunikazioetan.

4. Baliabide elektronikoen bidez eginiko komunikazioak baliozkotzat hartuko dira betiere baldin eta gelditzen bada egiaztatuta eta jasota bidali direla eta jaso direla eta haiek egin diren eguna eta komunikazioen eduki osoa, baita modu fedemailean identifikatzen badira igorlea eta hartzailea ere.

5. Udal Administrazioak baliabide elektronikoen bidez eginiko komunikazioen segurtasuna eta osotasuna begiratuko ditu, neurri egokiak ezarrita haien xede diren datuen izaeraren arabera.

6. Berarekin komunikatzeko eskubidea erabiltzeko herritarrek eskura dituzten baliabide elektronikoen berri emanen du Udal Administrazioak bere egoitza elektroniko nagusian.

27. artikulua. Hainbat komunikazio egiteko baliabide elektronikoak nahitaez erabili beharra.

1. Ordenantza honek Alkatetzari ahala ematen dio, behar den ebazpenaren bidez, Udal Administrazioarekin komunikatzeko baliabide elektronikoak soilik nahitaez erabili beharra ezartzeko, baldin eta ukituriko hartzaileak edo igorleak pertsona juridikoak badira, komunikazioak prozedura administratiboetatik kanpo egiten badira eta komunikazioen helburuak ez badu, inolaz ere, alderdien eskubideak murriztu edo galtzea eragiten. Kasu horietatik aparte, izaera orokorreko xedapen bat onartu beharko da Udal Administrazioarekin komunikatzeko baliabide horiek nahitaez erabili beharra zehazteko.

2. Beriaingo Udalak baliabide elektronikoen erabilera bulkatuko du bertze Administrazio Publikoekiko harremanetan.

HIRUGARREN TITULUA

Prozeduren kudeaketa elektronikoa

I. KAPITULUA

Jarduteko printzipioak prozeduren kudeaketa elektronikoan

28. artikulua. Baliabide elektronikoen aplikazioa prozeduren kudeaketan.

1. Lan prozesuetan eta prozeduren eta administrazio jardueraren kudeaketan baliabide elektronikoak aplikatzeko tenorean, irizpide hauek hartuko dira kontuan: eraginkortasuna, herritarrarekiko zerbitzua eta sinplifikazio administratiboa.

2. Udal administrazioaren jardueraren kudeaketa elektronikoak beti errespetatuko ditu eskumenaren titulartasuna eta erabilera, eskumen hura esleiturik duen Administrazio, organo edo erakundearen aldetik, eta orobat beteko ditu jarduera bakoitzaren gaineko arauetan zehazten diren baldintza formal eta materialak.

29. artikulua. Kudeaketan baliabide elektronikoak aplikatzeko aurretiazko baldintzak.

1. Administrazio prozeduren kudeaketan baliabide elektronikoak aplikatzen hasi aitzin, betiere prozedura, prozesua edo zerbitzua ikuspegi funtzionaletik berriz ere diseinatzeko eta errazteko azterketa egin beharko da, onetsi baino lehenago.

2. Azterketa horretan honako alderdi hauek hartuko dira kontuan bereziki:

-Herritarrari eskaturiko dokumentazioa kendu edo murriztea, datuekin, datuen igorpenekin edo ziurtagiriekin ordezkatuta, edo haren ekarpenaren arauketa tramitazioa bururatzean.

-Parte hartzeko, gardentasunerako eta informaziorako baliabideak edo tresnak aurreikustea.

-Epeak, alferrikako tramiteak eta erantzuteko denborak murriztea.

-Lan kargen eta barne komunikazioen banaketa arrazionalizatzea.

II. KAPITULUA

Prozeduren tramitazioan baliabide elektronikoak erabiltzea

30. artikulua. Baliabide elektronikoen bidezko prozeduraren hastapena.

1. Interesdunak halako administrazio prozedura batzuei hasiera ematen ahalko die baliabide elektronikoen bidez, tramite, zerbitzu eta prozedura elektronikoen katalogoan jasotako udal zerbitzuetatik etorriak badira. Horretarako, bere burua identifikatu eta autentifikatu beharko du, ordenantza honetan aurreikusitako sistemen bidez, eta egoitza elektroniko nagusian dagoen administrazio elektronikoaren atarian sartu.

2. Betiere, telematikoki hasten diren eskaerek Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 70.1 artikuluan, edo hura ordezkatzen duen araudian ezarritako baldintzak beteko dituzte.

3. Eskaera hauetan interesdunak bere eskura dituen dokumentuen kopia digitalizatuak jaso ahal izanen ditu; horien jatorrizkoarekiko fideltasuna bermatuko du sinadura elektroniko aurreratuaren sistemaren bidez. Udal Administrazioak aurkeztutako kopien edukia jatorrizkoarekin erkatzeko eskatu ahal izanen dio dagokion artxiboari. Salbuespen gisa, eta soilik erkatze hori egin ezin denean, eskatu ahal izanen dio interesdunari jatorrizko dokumentua edo informazioa erakusteko.

4. Kopia horiek aurkezteak erran nahi du Udal Administrazioari baimena ematen zaiola dokumentu horietan jasotako informazio pertsonalean sartu eta erabiltzeko.

5. Prozeduren eskuliburuetan behar bezala zehazten denetan, Udal Administrazioak bultzatuko du baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu beharrean interesdunak erantzukizunpeko adierazpena egin dezan, bertan adierazita baldintza horiek betetzen direla eta Administrazioak eskatuta behar diren agiriak aurkezteko konpromisoa hartzen duela.

6. Haien erabilera erraztu eta bultzatzeko egoki juzgatzen denean, administrazio elektronikoaren ataria eskatzeko sistema normalizatuek izaten ahalko dituzte aurkeztutako informazioa bere sistemetan edo bertze Administrazio batzuen sistemetan jasotako datuekin bat heldu ote den ikusteko egiaztapen automatikoak, bai eta eskaintzen ahalko ere galdetegi elektronikoaren eremuak beteta, osorik edo zati batean, interesdunak informazioa egiazta eta, hala behar badu, alda eta osa dezan.

31. artikulua. Baliabide elektronikoen bidezko prozeduraren instrukzioa.

1. Beriaingo Udalak aplikazio eta informazio sistemen erabilera bultzatuko du espedienteak eta prozedurak modu elektronikoan instruitzeko, horien kudeaketa errazagoa eta eraginkorragoa izan dadin. Sistema horiek denbora eta epeen kontrola eta prozeduren ardura duten organoen identifikazioa bermatuko dute, baita espedienteen tramitazio antolatua ere. Sinadura elektronikorako ordenantza honen 15 c) artikuluan aipaturiko sistemak sartuko dira tramitazio horretan, ahal denean.

2. Prozeduren instrukzio elektroniko horretatik esku hartzen duten organo eta unitateen arteko komunikazioak sortzen badira, txostenak eta bertze jarduera batzuk igorri eta jasotzeari dagokionez, ordenantza honen 26. artikuluan ezarritako baldintzak beteko direla bermatuko da.

3. Halaber, prozedura edo jarduera administratibo batean baliabide elektronikoak erabilita alegazioak aurkezteko edo entzute tramitea egiteko aukera jasotzen bada, Udal Administrazioak bermatuko du beteko direla bai aurreko paragrafoan aipaturiko artikuluan xedatua bai ordenantza honek jakinarazpen elektronikoetan aritzeaz den bezainbatean egiten dituen aurreikuspenak.

32. artikulua. Interesdunak tramitazio egoeraren inguruko informazioan sarbide izatea.

1. Aplikatu beharreko araudiak informazio honi murrizketak ezartzen dizkionean izan ezik, herritarrak jakiten ahalko du, ordenantza honen bigarren tituluaren III. kapituluan aurreikusitako sistemen bidez bere burua identifikatu eta egiaztatu ondoan, titular, ordezkari baimendu edo interesdun gisa ageri den edozein espedienteren tramitazio egoera, sarrera murriztuko zerbitzu elektronikoaren bidez; administrazio elektronikoaren atariaren bidez izanen da hartan sarbide.

2. Espedienteen tramitazio egoeraren gaineko informazioak eginiko tramite egintzen zerrenda jasoko du, adierazita haren edukia zein den eta zein egunetan eman ziren, eta horrez gain, aipaturiko tramite ekintza horietako bakoitzean sortu ziren dokumentuen on-line sarbidea.

3. Aitzineko paragrafoetan deskribaturiko informazioaz gainera, berak egindako idatzi, komunikazio eta eskaera guztien zerrenda lortu ahal izanen du herritarrak, horiek Udal Administrazioaren sarrera erregistroan jasota geratu badira, baita handik igorri zaizkion komunikazio eta ofizio guztiena ere horiek irteera erregistroan jasota geratu badira.

4. Nolanahi ere, Udal Administrazioak tramitazio egoeraren inguruko oharrak bidali ahal izanen dizkio interesdunari, hartu-emanetarako hark adierazitako helbide telematikoetara edo horretarako aukera ematen duen bertze edozein bidetatik.

33. artikulua. Baliabide elektronikoen bidezko prozeduraren amaiera.

1. Baliabide elektronikoen erabileraren bidez prozedura bati amaiera ematen dion ekintza edo erabakiak beteko ditu Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 89. artikuluan aurreikusi baldintzak.

2. Baliabide elektronikoak erabilita ebatzitako prozedura batek bermatuko du eskumena duen organoaren nortasuna, ordenantza honetan horretarako aurreikusitako tresnetakoren bat erabilita.

3. Ebazpenak ematea eta jakinaraztea modu automatizatuan posible bada, Udalak halaxe onesten ahalko du.

34. artikulua. Ziurtagiri administratiboak baliabide elektronikoen bidez.

1. Soiltasun administratiboaren printzipioarekin eta administrazioen arteko elkarreragintasunaren printzipioarekin bat, Beriaingo Udal Administrazioak bulkatuko du paper euskarriko ziurtagiri administratiboen pixkanako desagerpena; horien ordez, posible den guztietan, baliabide elektronikoen bidezko ziurtagiriak edo datuen eskualdaketak ezarriko dira. Lehenbizikoen araua artikulu honetan xedatzen dena izanen da, eta bigarrenena, berriz, hurrengoan.

Ordenantza honetan xedatzen dena izanen da horiek luzatzeko eta tratatzeko araua, baita horien ondorioei buruzkoa ere: hertsiki lotuko zaio datu pertsonalen babesari buruzko araudiari, baita administrazio prozeduran aplikatzen ahal diren gainerako arauei ere.

2. Baliabide elektronikoen bidezko ziurtagiri administratiboa dokumentu elektroniko bat izanen da, eduki hau duena: ziurtatzen diren datuak, batetik, eta horiek luzatzeko eskumena duen agintariaren sinadura elektronikoa, bertzetik.

3. Baliabide elketronikoen bidez honela luzatuko da ziurtagiri administratiboa:

a) Interesdunak eskatuta; hari igorriko zaio edo haren eskura jarriko, errekerimendu egiten dion organoari igor diezaion.

b) Errekerimendu egiten duen organoak eskatuta, interesdunaren ekimenez edo errekerimendu egiten duen organoaren beraren ekimenez, betiere haren baimen espresua baldin badu, sarbidea lege batek baimendu ezean. Hala bada, ziurtagiaren eskaeran identifikatu beharko da zer tramite edo prozeduratarako eskatzen den, eta jasoko du interesdunaren baimen espresua duela; bertzenaz hura salbuesten duen araua zehaztu beharko da.

4. Prozedura tramitatzen duen organoak ziurtagiri administratiboa eskatzeko, interesdunaren baimena prozedura hasteko eskabidean jaso beharko da, edo bertzenaz gero egiten den edozein adirazpenetan.

5. Baliabide elektronikoen bidezko ziurtagiri administratiboek paperean luzatzen direnen ondorio berak sorraraziko dituzte. Horretarako, haren edukia paperean inprimatzea posible izan beharko da; hartan eskuz idatzitako sinaduraren ordez modu elektronikoan sortutako identifikazio kode bat izanen da, haren benetakotasuna egiaztatu ahal izateko egoitza elektronikoan baliabide telematikoen bidez sartuz gero.

6. Baliabide elektronikoen bidezko ziurtagiri administratiboak legez edo erregelamenduz horretarako gaitasuna duten pertsonek luzatzen ahalko dituzte, edo administrazio organo eskudunak eginkizun horretarako izendatzen dituen pertsonek, edo administrazio organo eskudunak eginkizun horretarako eskuordetzen dituen pertsonek, baita horien guztien ordezkoek ere, kanpoan edo eri daudenean eta postua hutsik dagoenean.

7. Herritarrak euskarri elektronikoko ziurtagiriak aurkezten ahalko ditu paperezko ziurtagirien ordez, eta orobat aurkezten ahal bertze Administrazio edo entitate publiko nahiz pribatuen ziurtagiri elektronikoen paperezko kopiak, modu elektronikoan lortuak, betiere ziurtagiria egiten duen organoak ordenantza honen 17. artikuluan jasotzen dituen sinadura sistemetariko bat erabili badu, eta haren edukia papereratzen ahal bada (formato elektronikoan aurkeztuz gero) eta modu elektronikoan sorturiko identifikazio kodea badauka, haren benetakotasuna baliabide telematikoen bidez ziurtagiriaren luzatzailearen artxiboetan sarturik egiaztatu ahal izateko.

35. artikulua. Datuen eskualdaketa.

1. Ordenantza honetan arautzen diren printzipioen esparruan, Udal Administrazioa ahaleginduko da itunak egiten bertze administrazioekin eta bertze entitate publiko edo pribatuekin, ziurtagiri edo dokumentu administratiboen luzatzaile nahiz hartzaile, helburua izanik ziurtagiri edo dokumentu elektronikoen lorpena, eskualdaketa eta, hala behar badu, baliokidetzea errazteko, datu eskualdeketen bidez.

2. Datuen eskualdaketaren bidez ordeztuko dira paperezko ziurtagiri administratiboak, organo, erakunde edo entitate publiko nahiz pribatu bat bere eskumenetan aritzeko behar diren datuak baliabide telematikoen bidez eta eskatzen diren segurtasun baldintzak beterik igorriz.

3. Beriaingo Udal Administrazioaren administrazio prozedura eta jarduketen gaineko arauetan aurreikusten diren ziurtagirien ekarpena ordeztutzat joko da, ondorio guztietarako eta baliozkotasun eta eraginkortasun osoan, datuak eskualdaturik artikulu honetan xedatzen denari jarraikiz.

4. Ziurtagiri bat behar diren datuak eskualdaturik ordezteko, haien titularrak espresuki baimendu beharko du eskualdaketa, lege maila edo indarra duen arauak aurreikusitako kasuetan izan ezik. Baimenik ematen ez badu, interesdunak behar den ziurtagiria eskatu beharko luke bertze baliabide batzuen bitartez.

5. Udal Administrazioak zer organo, erakunde edo entitate publiko nahiz pribaturekin sinatu duen ituna, harexek eskatuta egin beharko dira datu eskualdeketa guztiak; eskatzen diren datuak eta haien titularrak identifikatuko dira, baita horiek zertarako eskatzen diren ere. Eskabidean adierazi beharko da ukituriko titularren baimen espresua dutela, baimen hori beharrezko ez denetan izan ezik.

6. Udal Administrazioko organo edo erakundeak eskaera eta datuen harrera jaso beharko ditu espedientean. Fiskalizazio eta kontrol organoak datuen etorkia eta benetakotasuna egiaztatzeko, bideak ezarriko dira aipatu organoak eskualdaturiko datuetan sartu ahal izan daitezen.

Horretarako, Beriaingo Udal Administrazioak gorde eta artxibatuko du egindako datu eskualdeketa guztien kopia elektronikoa, hartan luzatzaile nahiz hartzailea izan.

36. artikulua. Baliabide elektronikoen bidezko jakinarazpena.

1. Udal Administrazioak jakinarazpenak baliabide elektronikoen bidez egin ahal izanen ditu baldin eta interesdunek, sinadura elektroniko onartuaren jabe izanik, sistema hori onartzen dutela adierazi badute; bai beren eskaera, idatzi edo komunikazioan jakinarazpenak jasotzeko lehentasunez baliabide telematikoa hautatu dutelako, edo haren erabilera berariaz onartu dutelako, baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak nahitaez egin beharraz ordenantza honetan xedatua ukatu gabe.

2. Sinadura elektroniko onartuaren ziurtagiriaren titularrak, ordenantza honetan xedatuaren arabera bere burua identifikatu eta egiaztatu ondoan, administrazio elektronikoaren udal atarian sartzen bada edozein tramitazio egiteko, bere postontzia izanen du web pertsonalean, eta horren indarraldia mugagabea izanen da. Web pertsonalaren postontzi hori desgaiturik geldituko da, jakinarazpen telematikoak egiteko soilik, titularrak berariaz eskatzen badu kentzeko edo aldatzeko, pertsona fisikoaren heriotzaren kasuan edo nortasun juridikoa deuseztatu bada, ebazpen administratibo edo judizial batek aurkakoa agintzen duenean edo jakinarazpenak egiteko bide hori erabili gabe hiru urte iragan badira, azken kasu honetan interesdunari jakinaraziko zaio sistema jardunean edukitzen jarraitzeko interesa azaldu ahal izateko.

3. Jakinarazpen telematikoa legezko ondorio guztietarako egin dela ulertuko da web pertsonalaren postontzian jakinarazpenaren edukira sar daitekeen unean, interesdunaren sinadura elektronikoa sartu ondoan. Horretarako, Beriaingo Udalak, interesdunari aitzinetik jakinarazten ahalko dio, ezartzen diren baliabide osagarrien bidez, web pertsonalaren postontzian jakinarazpen bat dagoela; betiere ahaleginak eginen dira teknologia berriak (NTIC?s) erabiltzeko, interesdunarekiko komunikazioa ahalik eta gehien erraztu beharrez.

Egin den eguna eta orduak egiaztatuko ditu jakinarazpen sistemak:

a) Jakinarazpena interesdunaren web pertsonalean jartzea.

Jakinarazpena web pertsonaleko postontzian uzten denetik hamar egun natural iragaten badira haren edukian sartu gabe, posta arruntaren bidez igorriko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 59. artikuluarekin bat, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta frogatzen bada web pertsonaleko postontzian sartzeko ezintasun tekniko edo materiala dagoela.

b) Jakinarazpenaren edukian sartzea.

Jakinarazpenaren edukian sartu ondotik eta denbora-zigilatzea (data eta ordua) sortu eta gero, hartu izanaren agiria balitz bezala, jakinarazpenak dituen legezko epeak kontatzen hasiko dira.

Jakinarazi nahi den egintzak berekin badakar administratuak ordainketa bat egiteko beharra, eta hau, sinadura elektronikoa jarri ondoan, bere web pertsonalaren postontzian dagokion zerga likidazioaren edukian sartu bada, ulertuko da ekintza horren jakinarazpena egin dela arestian aipaturiko ordainketa hori egin denetik.

c) Aurreko inguruabar horietakoren bat ezinezko egiten duen edozein arrazoi tekniko.

4. Prozeduren tramitazioan, interesdunak dagokion organoari eskatu ahal izanen dio handik aitzinako jakinarazpenak baliabide elektronikoen bidez ez egiteko, kasu horretan Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan onarturiko edozein baliabide erabili beharko da, baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak nahitaez egin beharraz ordenantza honetan xedatua ukatu gabe.

37. artikulua. Segurtasuneko Eskuliburua.

1. Tramitazio telematikoaren euskarritako balio duten aplikazio informatikoak prestatzeko Segurtasuneko Eskuliburuak segurtasun neurriak edukiko ditu, orokorrak, teknikoak nahiz antolakuntzakoak, segurtatzen dutenak bermeak beteko direla informazioaren benetakotasunaz, osotasunaz, konfidentzialtasunaz, eskuragarritasunaz eta kontserbazioaz den bezainbatean, ordenantza honetan xedatuarekin bat.

2. Alkatetzaren ebazpenaren bidez onetsiko da Segurtasuneko Eskuliburua; hartan finkatuko da liburuaren aurreikuspen bakoitzak zer zabalkunde izanen duen.

III. KAPITULUA

Dokumentu eta artxibo elektronikoak

38. artikulua. Dokumentuak, ziurtagiriak eta baimen elektronikoak.

1. Udal Administrazioak baliabide elektronikoen bidez balio osoz egin ahal izanen ditu dokumentu, ziurtagiri eta baimen elektronikoak, baldin eta ordenantza honen 15. artikuluak aipatu dituen beharrezko sinadura elektronikoak badituzte.

2. Gisa horretako dokumentu, ziurtagiri eta baimen elektronikoak emateko prozedurak behar bezala ezarriko dira. Nolanahi ere, ordenantza honen aplikazio esparruan organoek eginiko dokumentu elektronikoetan bermatuko da sinadura elektronikoa behar bezala baimendutako sinatzaileek baizik ez dutela erabiltzen, beren eskumen edo eginkizunen arabera.

3. Dokumentu administratibo hauek denbora erreferentzia izanen dute, eta hori baliabide elktronikoen bidez bermatuko da -denbora-zigilatzea, sinadura elektronikoaren sistemen erakunde hornitzaileren batek emana- dokumentuaren izaera dela-eta horrela behar denean. Hori noiznahi egiaztatu ahal izanen da ordenantza honen 15. artikuluaren b) atalak aipatu egiaztatzeko kode seguruaren bidez.

39. artikulua. Kopia elektronikoak.

1. Udal Administrazioak kopia benetako gisa onartuko ditu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 46. artikuluan aurreikusitako ondorio juridikoekin, baliabide elektronikoen bidez eginiko dokumentu elektronikoen kopiak, interesdunak berak edo Administrazio Publikoek eginak dokumentu horiek, baldin eta jatorrizko dokumentu elektronikoa haren eskuetan badago eta sinadura elektronikoaren informazioak eta, hala behar badu, denbora-zigilatzearen informazioak aukera ematen badute dokumentu hori bat datorrela egiaztatzeko. Onarpen hori emanen da, puntu honetan adierazitako baldintzak salbu, kontuan izan gabe kopiaren jatorrizko formatua mantentzen den edo ez den.

2. Udal Administrazioak baliabide elektronikoen bidez eginiko kopiez den bezainbatean, hark jatorriz paper euskarrian luzaturiko dokumentuak direnean, kopia benetakotzat hartuko dira, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 46. artikuluan aurreikusitako baldintzak eta jarduerak betetzen badira.

3. Udal Administrazioak, hurrengo artikuluan konpultsa elektronikorako zehazten den prozeduraren bidez, herritarrak aurkeztutako dokumentu pribatuen irudi elektroniko digitalizatuak lortu ahal izanen ditu, balio eta eraginkortasun berdinarekin. Horretarako, irudizko dokumentuaren benetakotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatuko dira. Irudi horiek, hala erabakitzen denetan, modu automatizatuan lortu ahal izanen dira dagokion zigilatze elektronikoaren bidez.

4. Udal Administrazioak jatorriz paperean eginiko dokumentuak suntsitzeko aukera emanen duten prozeduren eskuliburuak onartzen ahalko ditu, horien kopia elektronikoak egin badira aitzineko artikuluan erranaren arabera.

5. Baliabide elektronikoen bidez luzatu eta elektronikoki sinaturiko dokumentu publiko administratiboetatik paperezko euskarrian egiten diren kopiak, Udal Administrazioari aurkezten zaizkionean, kopia benetakotzat hartuko dira, betiere baldin eta beraiekin batera inprimatzen bada egiaztatzeko kode segurua, elektronikoki sortua, beren benetakotasuna egiaztatzeko bidea emanen duena Administrazio Publiko, organo edo erakunde igorlearen artxibo elektronikoetarako sarbide elektronikoaren bidez.

40. artikulua. Dokumentuen konpultsa elektronikoa eta dokumentu elektronikoak paperezko euskarrian erreproduzitzea.

1. Paperezko euskarria duten dokumentuen konpultsa elektronikoa digitalizazio prozedura seguruaren bidez eginen da; hartan agertuko da Udal Administrazioaren barnean konpultsa egin duen eta kopiaren benetakotasuna eta osotasuna bermatuko dituen zerbitzuan dauden langileen sinadura elektroniko onartua, ordenantza honen 15 artikuluan egiaztapen elektronikorako aurreikusi ez bezalako metodoak erabiltzea ukatu gabe. Elektronikoki konpultsaturiko dokumentuak kopia benetakotzat hartuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 46. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

2. Elektronikaren bidetik hasitako tramite eta prozedura administratiboei paperezko euskarria duten dokumentuak erantsi ahal izanen zaizkie, paperezko euskarria duten dokumentuen konpultsa elektronikoaren bidez.

3. Elektronikoki konpultsaturiko dokumentuak baliagarri izanen dira bai konpultsa hori egin den prozedura zehatzean bai Udal Administrazioak tramitaturiko bertze edozein prozeduratarako.

4. Elektronika bidez hasitako prozedura bat ez denean erabat euskarri elektronikoan tramitatzen, eskumena duen organoak paperezko euskarrian erreproduzituko ditu eskaerak, komunikazioak eta bertze dokumentu elektronikoak, espedientearen tramitazioarekin jarraitu ahal izateko, eta jatorrizko dokumentu elektronikoen artxibo segurua ziurtatuz betiere.

5. Dokumentu elektronikoetatik paperezko euskarria duten kopiak egiteko, ordenantza honen 39.5 artikuluan zehaztutako baldintza teknikoak biltzen ez direnean, eskumena duten langileen eginbidea jasoko da, horiek egiaztatuko baitute jatorrizko kopia hori dokumentu elektronikoarekin guztiz bat heldu dela. Dokumentu horiek kopia benetakotzat hartuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 46. artikuluan aurreikusiten denaz den bezainbatean.

6. Dokumentu elektronikoak paperezko euskarria duten kopietara pasatzen ahalko dira prozedura automatizatuen bidez. En este caso, el documento en soporte papel incorporará un mecanismo que permitirá validar su contenido con la identificación del documento electrónico original. Udal Administrazioak emaniko helbide elektronikoaren bidez sartu ahal izanen da jatorrizko dokumentu elektronikora, egiaztatzeko elektronikoki sorturiko kode segurua erabilita.

41. artikulua. Dokumentuen artxibo elektronikoa.

1. Udal Administrazioak behar diren neurriak hartuko ditu administrazio jardueretan erabilitako dokumentu gehienak euskarri elektronikoren batean jaso daitezen, haiek kontserbatu ahal izateko. Euskarri horiek bermatu beharko dute, gainera, haietan jasotako datuen osotasuna, benetakotasuna, konfidentzialtasuna eta kalitatea, baita haietan sartzen diren erabiltzaileen identifikazioa eta sarreren kontrola ere, datu pertsonalen babesaren inguruan legeriak aurreikusitako baldintzetan.

2. Herritarraren eskubideak edo interesak ukitzen dituzten ekintza administratiboak dituzten dokumentu elektronikoak halako euskarrietan kontserbatuko dira ezinbertzean, bai formatu berean dokumentua sortu zenetik abiatuta edo behar den informazioaren izaera eta osotasuna segurtatuko duen bertze edozeinetan erreproduzitu ahal izateko. Jokoan dauden interesak behar bezala kudeatzeko dokumentu horretara aplikazio desberdinetatik heldu behar bada, Udal Administrazioak ahaleginak eginen ditu datuak bateragarriak diren bertze formatu edo euskarri batzuetara pasatzeko.

3. Erregistro telematikoaren bidez jasotzen eta bidaltzen diren dokumentu elektronikoak baliabide edo euskarri elektronikoetan artxibatu eta gordeko dituzte erregistroko zerbitzarien kudeaketaz arduratzen direnek. Aurreko puntuan adierazia ukatu gabe, horiek artxibatzeko, jatorrizko dokumentu elektronikoa sortu zen formatu edo euskarri bera erabili ahal izanen da, edo dokumentuan jasotako informazioaren izaera edo osotasuna ziurtatuko duen bertze edozein.

4. Nolanahi ere, dokumentuen kudeaketaren alorrean indarrean dagoen araudiaren arabera eginen da dokumentu elektronikoen artxiboa sailkapen koadroari, deskribapen metodoari eta kontserbazio egutegiari dagokienez.

42. artikulua. Espediente elektronikoa.

1. Espediente elektronikoa izanen da prozedura administratibo bati dagozkion dokumentu elektronikoen multzoa, edozein dela ere daukaten informazio mota.

2. Udal Administrazioak sinaturiko aurkibide elektronikoaren bidez bermatuko da espediente elektronikoen zenbakitzea, haren osotasuna segurtatuz. Dokumentu batek espediente elektroniko bat baino gehiagotan egon behar duenean, ukituriko espediente elektronikoetan haren kopia benetakoak daudela bermatuko da, ordenantza honen 39.1 artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

3. Herritarra zein espediente elektronikotan agertzen den interesdun gisa, titular, nahiz titularraren ordezkari, nahiz interes bidezko eta zuzen baten titular izanik, guztiak haren eskura egonen dira, kontsulta ditzan, egoitza elektroniko nagusian dagoen administrazio elektronikoaren atarian, ordenantza honen 15. artikuluan aurreikusitako baliabideen bidez beren nortasuna egiaztatu ondotik. Hala eta guztiz ere, kontsulta hori mugatu ahal izanen da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 37. artikuluan aurreikusitako kasuetan.

4. Udal Administrazioak bermatuko du espediente elektronikoaren kopia lortzeko interesdunak duen eskubidea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 37.8 artikuluan aurreikusitako baldintzetan, eta legezko ondorio guztietarako, espediente elektronikoa interesdunaren eskura jarri ahal izanen da espedienteak bidali beharrean. Espediente elektronikoa bere eskura jarri aitzin, bere burua identifikatu eta interesdun izaera egiaztatuko du ordenantza honen 15. artikuluan aurreikusitako baliabideetakoren baten bidez.

LAUGARREN TITULUA

Faktura elektronikoa eta ordainketa elektronikoa

43. artikulua. Faktura elektronikoa.

1. Udal Administrazioak eta bere erakunde publikoek onartuko dute, egin zaizkien zerbitzuei dagokienez hirugarrenek luzaturiko fakturak baliabide elektronikoen bidez aurkeztea, igorlearen eta dokumentuaren benetakotasuna egiaztaturik badago eta dagokion araudian zehaztutako gainerako baldintzak betetzen badira. Igorlearen edo dokumentuaren benetakotasuna egiaztatuta ez badago, hura eskatuko diote igorleari Administrazioak egokitzat hartzen dituen baliabideen bidez egiazta dezan.

2. Ordenantza honen 27.1 artikuluak aurreikusia ukatu gabe, Udal Administrazioak fakturak formatu elektronikoan nahitaez aurkeztu beharra ezarri ahal izanen du, Udalean prozeduraz onartzen diren eskuliburuetan behar bezala zehaztutako kasuetan.

3. Udal Administrazioak islaturiko zenbatekoak ordainduko ditu, ahal dela baliabide elektronikoen bidezko prozedura administratiboak erabilita.

44. artikulua. Ordainketa elektronikoa.

1. Udal Administrazioak eta haren erakunde publikoek ordaintzeko sistema elektronikoak ezarriko dituzte herritarrak zergak, zehapenak, isunak, errekarguak eta zor dizkien gainerako zenbatekoak ordaindu ahal izateko, aitzinetik likidazioa eginda, hala behar denean.

2. Aurreko puntuan xedatua betetzeko, Udal Administrazioak ordainketa elektronikorako pasabideak erabili ahal izanen ditu bertze Administrazio Publiko batzuek gaituak, finantza erakunde zehatz batzuekin datuak modu seguru eta konfidentzialean on-line trukatu ahal izateko, horrekin on-line ordainketa ezarririk tramitazio telematiko baten edozein puntutan.

3. Egindako ordainketaren agiria luzatuko dute ordainketa elektronikorako ezartzen diren sistemek.

BORZGARREN TITULUA

Bide elektronikoetara tramite eta zerbitzu berriak
eta prozeduren kudeaketa berria gehitzea

45. artikulua. Bide elektronikoetara tramite eta zerbitzu berriak eta prozeduren kudeaketa berria gehitzeko mekanismoa.

1. Beriaingo Udal Administrazioak pixkana-pixkanaka eta ezari-ezarian ezarriko ditu baliabide elektronikoak tramite eta zerbitzu berriak eta prozeduren kudeaketa berria egiteko.

2. Ezari-ezarian ezarri aitzin, betiere prozedura, prozesua edo zerbitzua ikuspegi funtzionaletik berriz ere diseinatzeko eta errazteko azterketa egin beharko da, eta hartan bereziki hartuko dira kontuan Herritarrak zerbitzu publikoetara bide elektronikoz sartzeari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 34. artikuluan ezarritako irizpideak, baita kapitulu honetan xedatua ere.

3. Administrazio elektronikoari gehitzen zaizkion tramite eta zerbitzu berriak eta prozeduren kudeaketa berria gehitzearen ezaugarriak kasu bakoitzean definitu beharko dira ordenantza hau garatzeko organo eskudunak onesten dituen xedapenetan, hurrengo artikuluetan definitzen diren kasuan kasuko bereganatze proiektuetan oinarriturik.

4. Administrazio elektronikoaren gainean kapitulu honetan agertzen diren aurreikuspenak kasu hauetan ere aplikatuko dira:

a. Bide elektronikoaren bidez tramitaziora ekarri diren prozedura, tramite eta zerbitzuen kudeaketa aldatzeko prozeduran.

b. Administrazio elektronikoaren arloan bertze administrazio eta entitate publiko nahiz pribatuekin sinatzen diren lankidetza eta elkarlanerako itunen sinaduran, itunen arloan aplikatzen ahal diren gainerako arauak ukatu gabe.

c. Bertze Administrazio Publikoekin baliabide elektronikoen bidez komunikazio eta harremanak izateko prozeduretan.

46. artikulua. Gehitze proiektua.

Gehitze proiektuak behar ditu izan:

1. Gehitzea arrazoitzeko memoria eta hartan, bertzeak bertze, gehitzearen ondorio teknikoak eta antolaketakoak.

2. Gehitzen diren tramite, zerbitzu edo prozeduren kudeaketaren identifikazioa.

3. Tramitea egiteko, zerbitzuan sartzeko edo prozedura kudeatzeko gaitu diren kanal eIektronikoen identifikazioa.

4. Herritarraren borondatea identifikatzeko eta modu elektronikoan egiaztatzeko sistemak, gehitzen diren tramite bakoitzerako edo zerbitzuan sartzeko edo prozedura kudeatzeko, horiek behar direnean.

5. Gehitzen diren tramite, zerbitzu edo prozeduraren kudeaketa bakoitzerako erabiliko diren programa eta aplikazio elektronikoak.

6. Datu pertsonalak babesteko eta arriskuak baloratzeko neurriak.

7. Txosten teknikoa, hauek bermatzeko: funtzionamendu egokia eta datuak eskualdatzen ahal direla, eta eskualdatzen den informazioaren benetakotasuna, konfidentzialtasuna, osotasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioa, eta hartu behar diren neurriak.

47. artikulua. Gehitze proiektuaren onespena.

Gehitze proiektua eginik eta aitzineko artikuluak aipatzen dituen txostenak luzaturik, gehitze proiektua eta behar den gainerako dokumentazio guztiak udal organo eskudunari igorriko zaizkio, onets ditzan.

48. artikulua. Beriaingo Udalaren tramite, zerbitzu eta prozedura elektronikoen kudeaketaren katalogoa.

Prozedura elektronikoari tramite bat, zerbitzu bat edo prozedura baten kudeaketa gehitzea onetsi ondotik, Beriaingo Udalaren tramite, zerbitzu eta prozedura elektronikoen kudeaketaren katalogoan sartuko da, herritarrek jakin dezaten, eta hark bere egoitza elektronikoan argitaratuko du.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.-Administrazio Elektronikoaren Batzorde Teknikoa.

Beriaingo Udalak osoko bilkuran erabakita, Administrazio Elektronikoaren Batzorde Teknikoa eratuko da, arlo honetan eskumena duten arduradunek osaturik. Administrazio Elektronikoaren egiazko ezarpena sustatu, planifikatu eta koordinatzea izanen da haren eginkizuna.

Administrazio Elektronikorako Batzorde Tekniko horren lagungarri gisa, Udal Administrazioaren barnean lan taldeak sortu ahal izanen dira, lehenbizikoko kideek eta entitate honetako halako langile batzuek osatuak; haien eginkizuna izanen da tramite eta prozedura elektronikoen katalogoan aldaketak eta zabalpenak proposatzea eskumenen aldetik alor horiei dagozkien arloen barnean.

Bigarrena.-Ordenantzaren garapena eta betearazpena.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 124.4 b) artikuluarekin bat, Alkatetza da ordenantza hau garatu eta betearazteko xedapenak emateko eskumena duen organoa.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Administrazio Elektronikoaren ezarpena.

Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen azken xedapenetako hirugarrenean aurreikusitakoaren arabera, Udal Administrazioak ziurtatuko du administrazio elektronikoa benetan ezartzeko Toki Administrazio honen eskumenak izanik behar diren prozedura eta jarduera guztiak benetan ezarrita egonen direla 2009ko abenduaren 31rako, baldin eta aurrekontuko xedapenek eta teknologiaren bilakaerak horretarako bidea ematen badute.

Bigarrena.-Indar hartzea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.

Hirugarrena.-Prozedura eta tramite berriak arautzea.

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik, prozedura, tramite administratibo edo zerbitzu berriez edo egun direnen aldaketez egiten diren arauketa guztiek aurreikusi beharko dute horiek baliabide elektronikoen bidez tramitatzeko ahalbidea, eta bat egin beharko dute ordenantza honetan aurreikusten diren baldintzekin. Haien arauketa egin beharko da ordenantzaren borzgarren tituluan aurreikusten den gehitze porozedurarekin bat.

Iragarkiaren kodea: L1017117