141. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZAGRA

Ordenantzaren behin betiko onespena

Azagrako Udalak, 2010eko ekainaren 3an egin osoko bilkuran, aho batez erabaki zuen hasiera batez onestea Orubeak hirigunean egokitzeko ordenantza. Hori 2010eko 96. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 9an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Azagran, 2010eko urriaren 8an.-Alkatea, María Antonia Berisa Sánchez.

UDAL ORDENANTZA, ORUBEAK HIRIGUNEAN
EGOKITZEARI BURUZKOA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.

Ordenantza honen xedea da hiri lurzoruan kokatutako orubeek bete behar dituzten baldintzak arautzea, Azagrako Udalaren eskumenen esparruan eta bere udal mugapearen barnean.

2. artikulua.

1.-Eremu publikoarekin muga egiten duen orube oro, eraikia ez badago, itxi egin beharko du haren jabeak eta, orobat, hondar eta hondakinetatik garbi eta baldintza egokietan mantendu beharko du, osasunari, segurtasunari, apaintasun publikoari eta duintasunari dagokienez.

2.-Aitzineko aginduan sartzen da orubeetako arratoi garbiketa eta desinfekzioa egin beharra.

3. artikulua.

1.-Udalak kontrol eta ikuskapen lanak eginen ditu udal mugapean diren orubeen egoerari buruz eta haien arduradunak behartzen ahal ditu, udal zerbitzu teknikoek txosten bidez ematen dituzten neurri zuzentzaileak betetzera.

2.-Prozedura udal administrazioak berak abiatuko du, ofizioz, ikuskatze eta egiaztatze eginkizunaren arabera, haren eskumenekoa baita, edo alderdi batek eskaturik abiatzen ahal da, salaketa bidez. Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta harekin bat heldu diren arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.

3.-Pertsona natural edo juridiko orok ordenantza honen aurkako edozein arau-hauste salatu ahalko du Udalaren aurrean. Salaketa ausartegi justifikatu gabea bada, salatzailearen kargura izanen dira ikuskapenak eragiten dituen gastuak.

4.-Orubeen jabeek eta erabiltzaileek, edozein titulu dela bide, ordenantza honetan zehaztutako ikuskapen eta egiaztapenak egiten utzi beharko dute.

4. artikulua.

1.-Aurreko artikuluetan aipatutako orubeen itxitura egin beharko da ezaugarri hauek kontuan hartuz:

a) Itxiturako horma eginen da blokeekin edo hormigoizko elementu aurrefabrikatuekin, edo adreiluzko azta-erdikoa (kasu horretan kanpoaldetik luzitu beharko da) edo antzeko materialekin egina izanen da.

b) Itxituraren altuera 2 metrokoa izanen da, eremu publikoaren sestratik hasita.

c) Itxiturak atea izan beharko du behar bezala kokatua, era berean ahalbidetuko dituelarik orubearen erabateko itxitura eta hartara sartu ahal izatea.

2.-Arestian zehaztutako hesia aldatu ahalko da Zerbitzu Teknikoek egokitzat jotzen duten beste batekin.

5. artikulua.

1.-Udalak, ordenantza honen urraketarik denean eta interesdunei hamar eguneko entzunaldia eman ondotik, behar diren obrak egiteko eskatuko die, Udaleko Zerbitzu Teknikoek ezarritako epean eta zehazten den epe horretan bukatu beharko dira. Interesdunak, ematen zaion entzunaldian, obrak edo lanak egiteko bestelako teknikak proposatu ahalko ditu edo haiek egiteko luzapena eskatu, modu arrazoituan.

2.-Obrak eta/edo lanak egiteko ezarritako epea iraganda eta exekuzio agindua bete ez bada, Udalak erabaki ahalko du isun hertsatzaileak ezartzea hilabeteko maiztasunez gutxienez, bakoitzean agindutako obren edo lanen kostu zenbatetsiaren ehuneko hamarrari dagokion zenbatekoa eskatuz gehienez, derrigorrezko diru-bilketa prozeduran ezarritako arauei jarraituz. Hori guztia, ezertan ukatu gabe azken buruan obrak subsidiarioki egin ahal dituela, arau-hauslearen kontura.

3.-Arriskua eragin dezaketen kasuetan edo berehala egiteko beharra arrazoitua dagoenean, Udalak subsidiarioki egin ahalko ditu obra eta/edo lanak, ordenantza honen arabera herritarrei zuzenean egitea dagokienean; halakoetan, egindako zerbitzuen kostua egotziko zaie, ikuspegi zibiletik eska daitekeena ezertan ukatu gabe.

4.-Udalak lanak subsidiarioki egiten baditu, horrek haien kostua likidatu ahalko du behin-behinekoz, lanak egin baino lehen egin ere, behin betiko likidazioa egiteke, horri ere derrigorrezko diru-bilketa prozeduraren arauak aplikatuko baitzaizkio.

6. artikulua.

1.-Itxitura egiteko betebeharretik salbuetsi ahalko dira zenbait jabe, haien orubeen ezaugarri bereziengatik, kokalekuagatik edo erabileragatik, ez denean gomendagarria, betiere Udaleko Zerbitzu Teknikoen iritziz.

2.-Garbiketa lanak eta/edo itxitura subsidiarioki egitekotan edo argi eta garbi jaberik ez bada agertzen, Udalak ahalmena izanen du jabetza pribatuko orubeen itxitura eraisteko, interes publikoagatik beharrezkoa bada eraispen hori egitea hartara sartzeko.

3.-Udaleko zerbitzuek jabeei egotziko dizkiete aurreko 2. puntuko eraispen kostuak, bai eta ukitutako itxituraren zatia berreraikitzekoak ere.

7. artikulua.

1.-Hirigintzako planeamenduak ukitutako finkak badira eta haien jabeek erabilera publikorako laga badituzte, edo eremu publiko gisa ukitutako eremuak edo komunitarioki erabiltzen direnak badira, Udalak, interesdunei entzun ondotik, orubeak baldintza egokietan mantentzeaz arduratu ahalko da erabat edo partzialki, aurreikusitako erabilera hori bukatzen ez den bitartean.

2.-Aurreko 1. atalean aipatutako kasuan, Alkatetzak, bere ahalmenaz baliatuz, erabakiko du zer egin behar den, herritarren interesei begira.

8. artikulua.

1.-Ordenantza honetako arauak analogiaz aplikatuko dira, izaeragatik ordenantzaren ezarpen esparruan izanik espresuki araututa ez dauden kasuetan.

2.-Udal zerbitzuek, interesdunak entzun ondotik, ordenantza hau aplikatzerakoan sor daitezkeen zalantzen interpretazioa eginen dute, egoki juzgatzen duten moduan.

9. artikulua.

1.-Udal mugapean kokatutako orubeen jabe eta titular guztiak behartuak daude ordenantza hau puntualki betetzera, bai eta segurtasunaren, osasungarritasunaren, apaintasun publikoaren eta duintasunaren arloan Alkatetzak bere ahalmenak erabiliz ematen dituen xedapen osagarri guztiak betetzera ere.

2.-Jabekidetza kasuetan, erantzukizuna solidarioa izanen da, eta Udalak jabekideetako edozeini eskatu ahalko dio ordenantza hau bete dezan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordenantza honek indarra hartzen duenean ukituak gertatzen diren orubeek sei hilabeteko epea izanen dute egokitzeko; epe hori iragandakoan ordenantza aplikatu eginen zaie.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duenean, indarrik gabe geldituko dira hari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek "Nafarroako Aldizkari Ofizialean" osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1017468