141. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

SAKANAKO MANKOMUNITATEA

Deialdia, administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko

Sakanako Mankomunitateko buruak, urriaren 26ko 721/2010 Ebazpenaren bidez, administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdi onetsi zuen. Hona haren oinarriak:

Oinarriak

1.-Arau orokorrak.

1.1. Sakanako Mankomunitateko administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea du xede deialdi honek.

1.2. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaia funtzionario bilakatuko da, Gizarte Segurantzan kidetuko da eta bertan alta emanen zaio.

1.3. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko C mailari edo taldeari dagokiona izanen du urteko lansari gordina, gehi plantilla organikoan ezarritako osagarriak.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta Sakanako Mankomunitateak noiznahi aldatzen ahal du.

1.5. Bere mailako eta kategoriako eginkizunak beteko ditu.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio-lehiaketan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea edukitzea, edo Europar Batasuneko edozein estatutakoa; bestela, ahaidetasun harremana izatea maiatzaren 24ko 10/2001 Foru Legean adierazi bezala. Halaber, Europar Erkidegoak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio eremuko pertsonak izatea, hau da langileen zirkulazio librearen barrenean.

b) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean goi mailako Batxilergoko titulua, Bigarren Graduko Lanbide Heziketakoa edo titulu baliokide bat izatea edo hori eskuratzeko maneran egotea.

c) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

d) Lanpostuaren eginkizunetarako behar den gaitasun fisikoa nahiz psikikoa izatea.

e) Euskaraz jakitea, ahoz nahiz idatziz. B-2 titulua izatea edo maila horri dagokion euskara maila frogatzeko proba gainditzea.

3.-Eskabideak.

3.1. Parte hartzeko eskabideak Sakanako Mankomunitatearen Erregistroan aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturalen barrenean.

Aipatu eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduaren arabera bete beharko dira eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako.

3.2. Izangaiek, eskabidearekin batean, Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua erantsi beharko dute, baita lehiaketaren baremorako alegatzen diren merezimendu guztien jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak ere. Lan egindako urteak baloratzea nahi izanez gero, langile denboraren frogagiria aurkeztu beharko da, Gizarte Segurantzak emana.

3.3. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Sakanako Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondoren, Sakanako Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du, probak zein toki, egun eta ordutan hasiko diren adierazita.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak honako kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Miguel Angel Zubiria Galartza, Sakanako Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Eduardo Urrestarazu Fernández, Sakanako Mankomunitateko buruordea.

1. mahaikidea: Adolfo Araiz Flamarique, Sakanako Mankomunitateko kudeatzailea.

Ordezkoa: Iruñerriko Mankomunitateko teknikaria, izendatzen dena.

2. mahaikidea: Nafarroako Kalitaterako Fundazioak izendatutako teknikaria.

Ordezkoa: entitate horrek izendatzen duena.

3. mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendaturiko teknikaria.

Ordezkoa: entitate horrek izendatzen duena.

Idazkaria: Isaac Valencia Alzueta, Sakanako Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: Angel Lag Amigol, Arbizuko Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da, eta gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da eraketak eta jardunak balioa izan dezaten.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.4. Epaimahaiak proba guztietan nahiz batzuetan aholkulari adituak ekar ditzake. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko.

6.-Oposizio-lehiaketa nola eginen den.

Oposizio-lehiaketa bi alditan gauzatuko da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero.

7.-Lehiaketaldia.

7.1. Oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea egiterakoan aurkeztu eta egiaztatu beharko dira merezimendu guztiak, agirien bidez. Agiriok jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatuak izan beharko dute, bestela aurkeztu gabetzat joko dira.

7.2. Izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, ondoko baremoaren arabera:

Lehiaketaldiak gehienez ere 30 puntuko balorazioa izanen du, modu honetan banaturik:

a) Azken bost urtean administrari-ofizialaren lanetan aritu izana:

-Toki administrazioetan: 3 puntu, urte bakoitzeko.

-Beste administrazio publiko batzuetan: 1 puntu, urte bakoitzeko.

-Enpresa edo entitate pribatuetan: 0,5 puntu, urte bakoitzeko.

Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da. Atal honetako puntuazioa 10 puntukoa izanen da, gehienez ere.

b) Prestakuntza ikastaroak, egin beharreko lanarekin eta Mankomunitateen eta bestelako toki entitateen kudeaketarekin zerikusia badute, betiere lan horiek 2003koak baino lehenagokoak ez badira. Prestakuntzako ordu bakoitzeko 0,05 emanen dira. Atal honetako puntuazioa 5 puntukoa izanen da, gehienez ere.

c) Titulazio akademikoak (masterrak, graduondokoak edo antzekoak, betiere 500 ordutik gorakoak), kalitatearekin, ingurumenarekin eta laneko arriskuei aurrea hartzearekin lotutakoak: 4 puntu, frogatutako titulazio bakoitzeko. Atal honetan gehienez ere 12 puntu eskuratu ahalko dira.

d) Deialdian eskatutakoaren goragoko tilulazio akademikoak, hala nola:

1) Unibertsitateko erdi mailako titulazioak: 0,5 puntu.

2) Unibertsitateko goi mailako titulazioak: puntu 1.

Titulazio bat baino gehiago batera aurkeztekotan, maila akademikorik handiena duen titulua soilik hartuko da kontuan.

d) atal honetan 3 puntu lortzen ahal dira, gehienez ere.

7.3. Lehiaketaldia bukatuta, epaimahaiak Sakanako Mankomunitatearen iragarki oholean agertuko du izangaien zerrenda, eskuratzen dituzten puntuazioekin batean.

8.-Oposizioaldia.

Aldez aurretiko proba: euskarako ariketa, B-2 mailako titulazioa frogatu ez duten izangaiendako. Bi proba eginen dira: bata idatzia eta bestea ahozkoa. Balorazioa gai edo ez-gai izanen da.

8.1. Plika itxien bidez eginen da oposizioaldia, eta ariketa hauek izanen ditu:

Lehen ariketa: idatziz erantzun beharko dira II. eranskineko gaitegiarekin lotutako galderak (test motakoak izan ahalko dira).

Gehienez ere 25 puntu emanen dira, eta gutxienez ere 12,5 puntu beharko dira proba gainditzeko.

Bigarren ariketa: II. eranskineko gaitegiarekin lotutako kasu praktiko baten edo batzuen inguruko defentsa egin beharko da epaimahaiaren aurrean.

Gehienez ere 35 puntu emanen dira, eta bazterturik geratuko dira gutxienez ere 17,5 puntura iristen ez diren izangaiak.

Hirugarren ariketa: ariketa praktiko bat egin beharko da, ofimatikako ezagupenen gaineko probekin windows ingurunean: word eta excel (office 2003).

Gehienez ere 10 puntu emanen dira, eta bazterturik geratuko dira gutxienez ere 5 puntura iristen ez diren izangaiak.

8.2. Deialdi bakarra izanen da probetarako, eta haietara izangaiek Nortasun Agiri Nazionala daramatela agertu beharko dute. Probetara agertzen ez direnak bazterturik geldituko dira. Ariketa bakoitzaren gehieneko iraupena epaimahaiak finkatuko du azterketa hasi aurretik.

8.3. Eskabidean eskatuz gero, ahal diren egokitzapenak eginen dira denbora eta baliabide aldetik minusbaliotasuna dutenentzat, probak egiteko.

8.4. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, epaimahaiak Sakanako Mankomunitatearen iragarki oholean erakutsiko du izangaien zerrenda, haien kalifikazioekin batean, baita hurrengo ariketa noiz eta non eginen den, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

9.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda, bakoitzaren puntuazioaren hurrenkeraren arabera egina, emanen du argitara Sakanako Mankomunitateko iragarki oholean. Horretarako, izangai bakoitzak ariketetan lortutako kalifikazioak batuko ditu.

9.2. Epaimahaiak Mankomunitateko buruari igorriko dio puntuazio altuena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena, eta hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.3. Izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Mankomunitateko bulegoetan:

a) Deialdiaren 2.1.c) oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua.

b) Osasun txostena, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

c) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

d) Zin egitea edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea begiratu, konstituzioa eta legeak onartu, eta karguari atxikirik dauden eginbeharrak zintzo beteko dituela.

9.4. Aipatu epearen barrenean, eta behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan salbu, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean faltsukeria egiteagatik izan dezaketen erantzukizuna galarazi gabe.

9.5. Aurreko lerroaldean aurreikusitako kasuan, Mankomunitateko buruak puntuazioen zerrendan, 10.1. oinarrian aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta honekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

10.-Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Mankomunitateko buruak, ebazpen bidez, Sakanako Mankomunitateko funtzionario izendatuko du aurreko oinarrian ezarritakoa betetzen duen izangaia, administrari-ofizial lanpostua betetzeko. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.2. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Epe horretan lanpostuaz jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan salbu, Sakanako Mankomunitateko funtzionario izateko eskubide oro galduko du. Horrelakorik gertatuz gero, 11.1 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

11.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, baita bere oinarri eta ekintzen aurka ere, errekurtso hauetako bat para daiteke:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, aukeran, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta hilabeteko epean.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, aukeran, Udalari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Lakuntzan, 2010eko urriaren 26an.-Mankomunitateko burua, Miguel Angel Zubiria Galartza.

I. ERANSKINA

Izena: .........................., adinez nagusia; NAN zenbakia: ................; jaioteguna:.............................; jaioterria: ........................ (.................); helbidea (herria, karrika, zenbakia): ..............................................; posta kodea: ..............; telefonoa: .................

Honako hau azaltzen dut:

Sakanako Mankomunitateko administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Deialdian eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.

Horiek horrela,

Eskabide hau onartu eta, beraz, Sakanako Mankomunitateko administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

(Eguna eta sinadura)

II. ERANSKINA

1. gaia.-Sakanako Mankomunitatea, Estatutuak eta organigrama.

2. gaia.-Kalitatea kudeatzeko sistema, ISO 9001:2008 arauaren arabera. Dokumentazioaren betebehar orokorrak. Zuzendaritzaren erantzukizuna. Kalibrazioa. Jarraipenak, analisiak eta hobekuntza. Barne auditoretzak.

3. gaia.-Etengabeko hobekuntzarako bitartekoak. Bezeroa asebetetzea. Etengabeko hobekuntza. Etengabeko hobekuntzarako 7 bitartekoak.

4. gaia.-Enpresa-bikaintasuna: oinarriak. Kudeaketa prozesuka. Lidergoa. Talde lana eta bilkuren zuzendaritza. 5S-ak. Prestakuntza. Benchmarking. Empowerment. 6 sigmak.

5. gaia.-Enpresa-bikaintasunaren kudeaketa. EFQM ereduaren hastapenak. Agente-irizpideak. Emaitza-irizpideak. REDER. Autoebaluaketa, EFQM-aren arabera. EFQM-rantz.

6. gaia.-Ingurumenaren eta ingurumena kudeatzeko sistemen hastapenak.

7. gaia.-Ingurumeneko kutsadura eta ingeniaritza: gai kimikoen biltegiratzea eta garraioa. Kutsadura zaratengatik, atmosferakoa, uretakoa eta lege-esparrua.

8. gaia.-Ingurumeneko kudeaketarako sistema, ISO 14001:2004: aplikazio eremua eta xedea. Definizioak. Ingurumeneko politika. Egiaztapena eta ekintza zuzentzailea. Zuzendaritzaren berrikuspena. Barne auditoretzak ISO 14001:2004 arauaren arabera.

9. gaia.-EMAS erregelamendua: EMAS I erregelamendua (1836/93) eta EMAS II erregelamendu berria sortzea. Baldintzak. Ingurumen adierazpena. ISO 14001:2004 eta EMAS II: ezberdintasunak eta antzekotasunak.

10 gaia.-Ingurumeneko kudeaketa sistemen abantailak eta eragozpenak. Abantailak irudiari dagokionez. Merkataritzako abantailak. Abantaila ekonomikoak. Enpresa-abantailak.

11. gaia.-Ingurumeneko kudeaketako bestelako sistemak. ISO 14001 arauen familia. Bizitza zikloaren analisia. 21 Tokiko Agenda. Ekoetiketatzea. Praktika egokiak.

12. gaia.-Kudeaketa sistema integratuak. ISO 9001 eta ISO 14001 arteko korrespondentzia. Antzeko puntuak. Dokumentu integrazioa. Sistema integratua ezartzeko metodologia. Kudeaketako bestelako sistema integratuak.

13. gaia.-OHSAS 18001:2007 arauaren hastapenak. Arauaren xedea eta aplikazio eremua. Arauaren kontzeptu nagusiak.

14. gaia.-Laneko Segurtasun eta Osasunaren arloko politika. Laneko Segurtasun eta Osasunaren arloko politikaren baldintzak.

15. gaia.-Politika-Plangintza: OHS arriskuak eta perilak, identifikazioa, ebaluazioa eta kontrola. Legezko betebeharrak eta bestelakoak. Lanbideko segurtasun eta osasun helburuak eta kudeaketa programak.

16. gaia.-Implementazioa: bitartekoak, rolak, erantzukizuna eta autoritatea. Eskumena, gaikuntza eta kontzientziatzea. Komunikazioa, parte hartzea eta kontsulta. Sistemaren dokumentazioa eta dokumentazioaren kontrola. Kontrol operatiboa. Larrialdiak: prestakuntza eta erantzuna.

17. gaia.-Egiaztapena: jardueraren neurketa eta monitorizatzea. Legezko betebeharrak eta bestelakoak betetzen diren ebaluatzea; Gertakarien ikerketa, ados ez egotea, ekintza zuzentzailea eta prebentzio ekintza. Erregistroak. Auditoretza. Gerentziaren berrikuspena.

18. gaia.-OHSAS 18.001 arauaren eta bestelako kudeaketa sistemen arteko korrespondentzia.

Iragarkiaren kodea: L1017577