141. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1567/2010 EBAZPENA, urriaren 14koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Lodosako udal mugapean ongarriak fabrikatzeko instalazioaren Ingurumen baimen integratua aldatzen duena, eskatutako aldaketaren ondoren instalazioak izanen duen eraketa berriari egokitzeko. Titularra TIMAC-AGRO, S.A. da.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 14ko 31/2008 Ebazpenaren bidez, Ingurumen baimen integratua eman zen Lodosako udal mugapean ongarriak fabrikatzeko instalaziorako. Titularra TIMAC-AGRO, S.A. da.

Gero, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 22ko 1390/2009 Ebazpenaren bidez, aipatu instalazioaren Ingurumen baimen integratua aldatu zen.

2010eko maiatzaren 21ean, titularrak aldaketa bat egitea eskatu zuen; alegia, likido sulfo-ureikoa (LSU) prestatzeko sistema bat instalatzea, baita superfosfatoaren fabrikazio prozesuko igorpenak tratatzeko gas garbigailua instalatzea ere.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsitako Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz -erregelamendu horrek garatzen du Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea-, erabaki zuen aldaketa hori ez zela funtsezkoa eta, beraz, ez zela beharrezkoa beste Ingurumen baimen integratu bat ematea.

Hala ere, aldaketa nabarmena da instalazioaren funtzionamenduan aldaketa garrantzitsuak gertatzen direlako, eta oraingo Ingurumen baimen integratuan agertu behar dira. Horretarako, baimena aldatu behar da.

Gainera, aldi berean aldatzen dira igorpen fokoetako batzuen emariak funtzionamendu errealari egokitzeko.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 105. eta 106. artikuluek ezartzen dutenez, administrazio publikoek beren egintzak alda ditzakete, betiere aldaketa antolamendu juridikoaren kontrakoa ez bada, kasu honetan gertatzen den bezala, zeinetan, gainera, aldaketa Ingurumen baimen integratuaren titularrak eskatuta egin baita.

Aipatu den agindu juridikoa ikusirik eta ingurumen arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten dituen urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Lodosako udal mugapean ongarriak fabrikatzen dituen instalazioaren Ingurumen baimen integratua aldatzea, titularrak 2010eko maiatzaren 21ean eskatutako aldaketaren ondoren instalazioak izanen duen eraketa berriari egokitzeko. Titularra TIMAC-AGRO, S.A. da. Baimena Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 14ko 31/2008 Ebazpenaren bidez eman zen.

2. Baimena aldatzearen ondorioz, instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 14ko 31/2008 Ebazpenaren eranskinetan aldaketa batzuk sartu behar dira; horrenbestez, eranskin haien ordez ebazpen honen eranskinek izanen dute indarra, non ezarri baitira industria jardueraren funtzionamenduan bete beharko diren baldintzak.

3. Aldaketak ez du ukitzen hasiera batean emandako Ingurumen baimen integratuaren indarraldia, eta 2016ko otsailaren 5ean bukatuko da. Berritu nahi izanez gero, titularrak indarraldia bukatu baino hamar hilabete lehenago, gutxienez, berritzeko eskatu beharko du, erregelamenduz ezarriko den prozedura administratiboari segituz.

4. Aldaketaren ondoren, ez da irekitzeko beste baimen bat eskatu beharrik izanen aldatutako instalazioa abian jartzeko.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

7. Ebazpen hau jakinaraztea TIMAC-AGRO, S.A.ri, Lodosako Udalari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Ingurumen Zaintzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko urriaren 14an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas, 7-behea; Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1017188