141. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1467/2010 EBAZPENA, irailaren 24koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, ingurumen eraginaren adierazpena egin eta udalaren ebazpenaren aurreko txostena ematen duena Martzillako 8. poligonoko 58. lurzatian "El Olmar" izeneko legar-hobia irekitzeko proiektuari buruz. Sustatzailea Excavaciones Muñoz, S.A. da.

Proiektatu den legar-hobiak bi urtetik gorako ustiapen aldia izanen luke eta 2,5 ha baino gehiago ukituko; hortaz, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua betez, Ingurumen eraginaren adierazpena egin behar da, obra, instalazio edo jarduerak egin edo baimentzeko administrazio ebazpena eman aurretik, zehazki udalaren jarduera sailkatuko lizentzia eman edo ukatu baino lehen, arau horretako 4B eranskinean sartuta baitago.

Espedientea 2010eko maiatzaren 20an sartu zen departamentuan, tramitazioa egiteko. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarki baten bidez (2010eko 68. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 4koa) proiektua jendaurrean jarri zen hogeita hamar egunean, jarduera sailkatuaren udal lizentzia lortu eta ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko. Epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

Proiektuaren laburpena eta proiektuaren Ingurumen eraginaren azterlanaren laburpena txosten honen I. eranskinean bildu dira.

Tramitatu den dokumentazioan jarduketak ongi zehaztuta daudenez, Martzillako 8. poligonoko 58. lurzatian "El Olmar" izeneko legar-hobia irekitzeko proiektuari buruz Ingurumen eraginaren adierazpena egitea proposatu da (sustatzailea Excavaciones Muñoz, S.A. da), aurkeztutako proposamena ingurumenaren aldetik bideragarria baita, ebazpen honetan biltzen diren baldintzak betez.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziorako prozedura osaturik dagoela, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari dagozkion Eginkizunak Esleitzeari buruz urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduarekin bat, eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legearen 28.1 artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpena egitea Martzillako 8. poligonoko 58. lurzatian "El Olmar" izeneko legar-hobia irekitzeko proiektuaren aldekoa. Sustatzailea Excavaciones Muñoz, S.A. da.

2. Jarduera izenburuan azaldutako espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin dadila ezartzea, eta gainera baldintza hauek bete daitezela:

-Guztira ukitutako azalera ez da 43.641 m²-tik gorakoa izanen eta Martzillako 8. poligonoko 58. lurzatiaren barrenean kokatuko da, proiektuan zehaztutako koordinatuen arabera. Betiere, 25 m-ko babes zerrenda izanen da, gutxienez ere, A-15 autobidera.

-Guztira 487.152 m³ legar aterako da 19,5 urteko ustiatze aldian. Ustiategia 305 m-ko eta 209 m-ko koten artean eginen da 5 metroko altuera duten 3 bankutan, berma 5 metro zabal dela, gehienez ere.

-Lehengoratzeko, hondealanetik ateratako lurrekin beteko da sortzen den zuloa puska batean, 297 m-ko kotan zelaia osatu arte; ezponda jarraiaren malda 2H:1V izanen da. Zelaia nekazaritzan aritzeko moduan utziko da berriro. Ezpondan ereite hidraulikoa eginen da belarkiekin eta zurezko espezieekin.

-Erauzten hasi baino lehen, gutxienez 40 cm-ko geruza bat landare-lur kenduko da. Lur hori guztia lurzatia lehengoratzeko erabiliko da.

-Legar-hobia ustiatzen denean proiektuan aurreikusitako mugaren barrenean eginen dira metaketak.

-Aurreikusitako lanak egitean hondar arkeologikorik agertzen bada lur azpian, obrak berehala gelditu eta aurkikuntzaren berri emanen zaio Vianako Printzea Erakundeko Ondare Arkeologikoaren Bulegoari.

-Hautsaren kontrako babes neurri hauek hartuko dira:

  • Kamioiak kargatu ondoren olanaz estaliko dira.
  • Kamioiak upel-kamioi baten bidez ureztatuko dira hauts asko izateagatik beharrezkoa denean.
  • Beharrezkoa izanez gero, pistak eta sarbideak urez garbituko dira, eta behar bezala trinkotuta edukiko dira.
  • Erauzketa eremuaren barrenean ibilgailuen zirkulazioaren abiadura beti 30 km/h-tik beherakoa izanen da.
  • Haizetik babestuta eta lurrez estalita metatuko da hautsa daraman materiala. Metaketa horiek estaltzeko materialik ez bada, hezetasuna emanen zaie. Ez da zilegi hautsa duen materiala metatzea legar-hobiaren goiko kotetan.

-Instalazioek material xurgatzaile egokiak izanen dituzte, baita edukiontzi bat ere, erauzteko makinetatik ateratzen ahal diren isurkinak eta gainerako gai kutsatuak biltzeko.

-Lanak egunez eginen dira eta ibilgailuen eta ekipo mugikorren ihes-hodietan isilgailuak jarriko dira.

-Hondealanean sortutako zuloa betetzeko, hondeaketako lur eta harriak baizik ez dira erabiliko, ustiatzen hasi aurretik kendutako landare-lurraz gain.

-Instalazioak hots immisioaren mugako balio hauek bete beharko ditu:

EREMUA

HOTS INDIZEAK

Lk,d

Lk,e

Lk,n

Instalazioak okupatutako lurzatia

65

65

55

Instalaziotik hurbileko etxebizitzek okupatutako lurzatiak

55

55

45

Erabiltzen diren indizeak bat datoz epe luzerako batez besteko hots etengabearen indize baliokide zuzenduekin, egunerako (7:00etatik 19:00ak arte), arratsalderako (19:00etatik 23:00ak arte) eta gauerako (23:00etatik 7:00ak arte), hurrenez hurren, Zaratari buruzko 37/2003 Legea garatzen duen 1367/2007 Errege Dekretuaren I. eranskinean zehaztu bezala.

3. Harrobia lehengoratzeko plana gauzatuko dela bermatuko da honako arau hauek aplikatuz: urriaren 15eko 2994/1982 Errege Dekretua, eta abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena (109. artikulua). Sustatzaileak abal solidarioa aurkeztuko du, uztailaren 21eko 205/1988 Foru Dekretuari loturik, bidezkoa bada, edo eskudiruzko fidantza aurkeztuko du Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan, 72.886 euro guztira, eta hori egin izana Udalari frogatu beharko zaio, hark irekitzeko baimena eman baino lehen. Bermea bost urtean behin eguneratu beharko da, kontsumorako prezioen indizearen bilakaeraren arabera.

4. Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedatutakoaren arabera.

5. Aditzera ematea ingurumen eraginaren adierazpena toki entitateak jarduera sailkatuaren lizentzia eman aurreko txostena dela eta, beraz, adierazpenean ageri diren baldintzak lotesleak direla udal agintaritzarentzat.

6. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoari jarraikiz lurzoru urbanizaezinean jarduera baimentzeari dagokionez, administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen kontra, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 64. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

8. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzura, Ingurumen Zaintzara, Martzillako Udalera eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko irailaren 24an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren laburpena

Martzillako 8. poligonoko 58. lurzatian legarra ateratzea proiektatzen da. Herriko bide batetik sartzen da bertara, NA-6600 errepidetik.

Guztira 43.641 m²-ko azalera ukituko da, inguruko babes zerrendak (25 m zabal autobidekoa eta 5 m zabal lurzatietakoa) kenduta. Azalera hori 30.495 m²-koa izanen da bigarren fasean, mendebaldetik lurzati mugakideen kotara iritsi eta haien ondoko babes zerrenda, 5 m zabal, ezarritakoan.

Guztira 487.152 m³ legar aterako da 19,5 urteko ustiatze aldian. Erauzketaren batez besteko potentzia 15 m-koa da; hortaz, 5 metroko altuerako 3 banku irekiko dira (palaren koilara iristen ahal dena baino metro bat gehiago). Bermak 5 metro zabal izanen dira, gutxienez ere.

Lan metodoa hasteko, jarduketa eremuaren ingurua mugatu eta hesituko da. Ondoren landare-lurra erretiratu eta metatuko da, eta atzerakako hondeamakina erabiliz materiala erauziko. Kentzen den lurra berezita metatuko da eta ondoren lurzatia lehengoratzeko erabiliko dira. Lurra erauzteko erabiltzen den makineria bera erabiliko da materiala kamioietan kargatzeko. Ez da materialaren tratamendurik eginen, bertatik atera, kargatu eta materiala utziko den tokira eramanen da.

Lurzoruaren egungo topografia laua da, malda handiko ezponda batek inguratzen duela mendebaldetik. Erauzketa eremuaren gehieneko kota 305 m-koa da. Lehen fasean 297 m-ko kotara jautsiko da, aipatu ezponda kendu eta ondoko lurzatien kotaraino helduta. Bigarren fasean 290 m-ko kotaraino erauzten jarraituko da.

Bankutan ustiatuko da, azaldu denaren arabera. Erauzketa bukatuta, hondealaneko lurrekin beteko da zuloa puska batean eta zelai bat eginen da 297 m-ko kotan (lurzati mugakideen kota), eta 2H:1V maldako ezponda jarraitua eratuko da.

Lehengoratzean 40 cm-ko geruza bat landare-lur jarriko da. Azkenik, zelaia nekazaritzarako izanen da berriro. Ezpondan belarkiak eta zurezko espezieak ereinen dira. Aurkeztutako lehengoratze aurrekontua ez da aski aurreikusitako jarduerak gauzatzeko, ez baitu kontuan hartzen finkaren lehengoratze topografikoa, haren puska bat lurrez beteta. Horregatik abal bat ezarri da, proiektuko baldintzei jarraituz lehengoratuko dela ziurta dadin.

Proiektuak ez du naturgune babesturik ukitzen, eta ez da garatuko Natura 2000 Sareko Batasunaren intereseko lekuen proposamenean ageri diren lurretan. Habitatei buruzko 92/43/EE Zuzentarauaren I. eranskinean azaltzen diren habitatak ere ez dira ukituko. Ustiapenak ukitutako azalera alor landu bat da, sarbide ona duena.

Ustiatzearen ondorioz 15 bat metro jaitsiko da lurzatiaren kota, eta ez da erabat lehengo topografiara itzuliko, kotak 7 bat metro eginen baitu behera, inguruan 2H:1V maldako ezponda duela. Zelaia nekazaritzan erabiltzeko moduan utziko da eta ezpondan ereite hidraulikoa eginen da.

A15 autobide ondoko 25 m-ko babes zerrendak pantaila gisa eginen du bistarako eta, horregatik, ustiategia ez da autobidetik ikusiko.

Vianako Printzea Erakundeko Arkeologia Atalaren 2009ko urtarrilaren 22ko txostenean jakitera ematen denez, jarduketa eremuan ez dago aztarnategi katalogaturik.

Proiektuaren ondoriozko jarduketa nagusiak, eragina sortzen dutenak, hutsunea egitea (aldaketa fisiografikoa) eta materiala garraiatzea dira. Beraz, hurrengo hauek dira sortzen ahal diren eragin garrantzitsuenak: fisiografiaren, garraioaren, geologiaren eta airearen eta uraren kalitatearen gaineko eragina. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean jasotzen diren neurri zuzentzaileek, ebazpenean jasotzen direnekin batera, eragin hauek modu egokian arindu eta zuzentzea ahalbidetzen dute, proiektua ingurumen aldetik bideragarria dela ziurtatuz.

Iragarkiaren kodea: F1017046