1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
250/2010 EBAZPENA, azaroaren 12koa, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 15eko 70/2009 Ebazpenaren bidez onetsitako hautapen prozesuari bi lanpostu gehitzen dizkiona. 70/2009 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaile izateko lanpostuak oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zen.
Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 15eko 70/2009 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaile izateko lanpostuak oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zen (deialdia 2009ko 66. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 29an). Lanpostuak honako hauek ziren: Nafarroako Larrialdietako Agentziako zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 13ko 78/2009 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze lehiaketan betetzen ez zirenak. Lekualdatze lehiaketaren bitartez 21 lanpostu huts bete nahi ziren.
Deialdiaren 6.2.1 oinarrian ezarritako hautapenaldia bukatuta, epaimahaiak oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin betiko onartutako 21 izangaien zerrenda igorri zuen.
Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak maiatzaren 10ean emandako 1273/2010 Ebazpenaren bidez (horren akats zuzenketa maiatzaren 17ko 1330/2010 Ebazpenaren bidez eman zen), 21 izangai atxiki zitzaizkion Nafarroako Segurtasun Eskolari, eta horietarik 15 praktiketako funtzionario izendatu ziren, gainerakoak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionarioak baitziren.
Gero, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 19ko 105/2010 Ebazpenaren bidez, epaimahaiak 2010eko otsailaren 19an hartutako Erabakiaren aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoa, hots, galdera bat ezeztatzeari buruzkoa, onartu zen (erabaki horren bidez onetsi ziren oposizioko lehen ariketaren behin betiko emaitzak) eta epaimahaiari agindu zitzaion berriro argitara zitzala ariketan parte hartu zuten izangai guztien puntuazioak, eta ahalik eta epe laburrenean, hautapen prozedura jarrai zezala gainditu zutenekin.
Lehen ariketaren emaitza berriak argitaratuta, izangaietako baten puntuazioa handiagoa zen deialdian aurreikusitako oinarrizko prestakuntza ikastaroan onartutako txanda irekiko azken izangaiarena baino. Hori horrela izanik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak maiatzaren 31n emandako 1526/2010 Ebazpenaren bidez, izangai hori Nafarroako Segurtasun Eskolari atxiki zitzaion, ikastaroa egin zezan, eta praktiketako funtzionario izendatu zen.
Gainera, errekurtsoa onartzearen ondorioz, hasiera batean gainditu ez zuten lau izangaik lehen ariketa gainditu zuten, hortaz, deialdiaren 6.2.1. oinarrian ezarritako gainerako hautaprobak eginda, epaimahaiak txosten bat igorri zuen adieraziz horietako bat onartu behar zela oinarrizko prestakuntza ikastaroan, proba guztiak gainditu zituelako eta igoera txandakoa zelako. Horrenbestez, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak ekainaren 28an emandako 1787/2010 Ebazpenaren bidez, Segurtasun Eskolari atxiki zitzaion, deialdian aurreikusitako oinarrizko prestakuntza ikastaroa egiteko.
Oinarrizko prestakuntza ikastaroa bukatuta, 2010eko azaroaren 9an, epaimahaiak hautapen prozesua gainditu zuten 23 izangaien zerrenda igorri zuen; horietarik 8 igoera txandakoak ziren, eta 15 txanda irekikoak.
Gora jotzeko errekurtsoa onartzen duen ebazpenean adierazten denez, kontuan hartu behar da egun horretarako hasia zela hautapenaldiaren ondorengo oinarrizko prestakuntza ikastaroa, deitutako lanpostu hutsen adinako izangai onartuekin. Hala, ebazpen hau aplikatuta izangai berririk bada ezarritako proba guztiak gainditu dituena eta beraz, deialdiaren oinarrietan ezarritakoari jarraikiz, aipatu ikastaroan sartzeko eskubidea badu, deialdia egin duen organoak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu izangaiari eskubide hori berma dakion, ikastaroan onartutako gainerako izangaiei kalterik egin gabe.
Azaldutakoa aintzat hartuta eta deialdiaren 8. oinarrian xedatutakoa betetzeko, bidezko da aipatu prozesuari bi lanpostu gehitzea, kasu honetako egoera berezietan oinarrituz, hala ukitutako langileen lanpostu moten beharrari dagokionez, nola oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditu duten izangai guztien fede ona eta eskubideei dagokienez, hasiera batean gainditu eta oinarrizko prestakuntza ikastaroan onartutakoak izan nahiz gora jotzeko jarritako errekurtsoa onartzearen ondorioz hori egiteko eskubidea lortutakoak izan.
Nafarroako Larrialdietako Agentziaren Zuzendaritzak proposatu du lanpostu hauek gehitzea: 6079 lanpostua, Lodosako Suhiltzaile Parkeari atxikia, eta 7815 lanpostua, Azkoiengo Suhiltzaile Parkeari atxikia.
Horrenbestez, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. 6079 eta 7815 lanpostuak, Lodosako eta Azkoiengo Suhiltzaile Parkeei atxikiak, hurrenez hurren, gehitzea Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 15eko 70/2009 Ebazpenaren bidez deitutako hautapen prozesuari. Horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaile izateko lanpostuak oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zen.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2010eko azaroaren 12an.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Eguilaz Gogorza.
Iragarkiaren kodea: F1018676