140. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATARRABIA

Pasabideak arautzen dituen udal ordenantza.
Behin betiko onespena

Atarrabiako Udalak, 2009ko martxoaren 31n egin osoko bilkura arruntean, legez ezarritako quoruma zuela, erabaki zuen hasiera batean onestea Atarrabiako pasabideak arautzen dituen udal ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatuari jarraikiz, erabaki hori jendaurrean egon zen, 2009ko 123. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, urriaren 5ean, baita Udalaren iragarki oholean ere.

Erabaki horren jendaurreko epea iraganik eta hasiera batean onetsitako ordenantzaren testuaren aurkako alegaziorik aurkeztu ez denez, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraituz, behin betikoz onetsitako ordenantzaren testu osoa argitara ematen da. Erabaki hori administrazio xedapena da eta haren kontra ez da administrazio bideko errekurtsorik paratzen ahal, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 107.3 artikuluaren arabera. Hortaz, behin betiko onespen honi kontra egiteko bideak honakoak dira:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salari zuzenean aurkeztuta, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraituz.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Atarrabian, 2010eko maiatzaren 4an.-Alkate udalburua, Pello Gurbindo Jiménez.

PASABIDEAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Pasabidea da eremu publikoko espaloi eta ertzaren egituran egiten den edozein aldaketa, helburu bakarra duena ibilgailuak aurreko higiezinetatik edo beraietara pasatzea duena.

2. artikulua. Pasabidea egitean ez da aldatuko sestra ofiziala, fatxadak eta espaloiak bat egiten duten tokiak markatutako lerroan.

3. artikulua. Titularrak izendatzen dituen pertsona eskudunek eginen dituzte pasabideak eraiki, aldatu edo kentzeko obrak, betiere Udalak ikuskaturik.

4. artikulua. Pasabideen zolak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Hiru tona metriko baino pisu txikiagoa duten ibilgailuak pasatzeko: zola dagokion espaloia bezalakoa izanen da, 18 cm lodi den hormigoizko oinarria edukita, baita hirurehun kilogramoko dosifikazioa ere lurzoru finkatuaren gainean.

b) Hiru tona metriko baino pisu handiagoa duten ibilgailuak pasatzeko: zola espaloia bezalakoa izanen da, 30 cm lodi den hormigoizko oinarria edukita, baita hirurehun kilogramoko dosifikazioa ere lurzoru finkatuaren gainean.

5. artikulua. Pasabideak, ondorio fiskaletarako, bost metro luze izanen dira gutxienez.

Bost metro luze baino handiagoak diren pasabideetan, metroka edo zatikika neurtuko da soberakoa.

Pasabide bakoitzaren luzera, zintarritik neurtuta, dagokion higiezinaren sarbidearen zabaleraren %25 baino handiagoa izanen da gehienez ere.

6. artikulua. Gau eta egun erabiltzeko edo ordutegi zehatz baterako ematen ahal dira pasabideak.

7. artikulua. 1. Gau eta egun erabiltzeko pasabideetan, ibilgailuak hogeita lau orduz pasatzen ahalko dira, eta debeku da ibilgailuak galtzadan eta horren parean aparkatzea, baita pasabidearen titularrenak ere.

Gau eta egun erabiltzeko pasabidea ematen ahal da familia bakarreko etxebizitzetan, zahar etxeetan, herriko zentroetan eta antzekoetan, betiere bideko ezaugarrietara egokituz eta Trafikoko Udaltzaingoak txostena eman ondoren.

2. Ordutegi bati atxikitako pasabideetan, ibilgailuak hura erabiltzeko orduetan pasatzen ahalko dira. Hauei emanen zaizkie pasabide horiek:

a) Lanaldi osoetarako, 8 orduko epean.

b) Lanaldi erdirako, 4 orduko epean.

3. Pasabide bat baimentzeak zuzenean dakar berarekin galtzadan eta horren parean dagokion denboran aparkatzeko debekua; pasabidearen titularrak ere badaude debeku horren barruan.

8. artikulua. Aitzineko artikuluan xedatua gorabehera, ez da galaraziko ibilgailuak pasabidearen parean aparkatzea, betiere gidaria ibilgailuan badago, pasabidea erabili behar denean ibilgailua lekuz aldatu ahal izateko.

9. artikulua. Berariaz debeku da ibilgailuak pasabideen gainean aparkatzea.

10. artikulua. Gau eta eguneko zein ordutegiko pasabideen ezaugarriak erakusgarri batean agertuko dira, honatx eredua:

R-398 debeku seinalea (aparkatzeko debekua), marra biribil hori batez inguratua, eta azpiko aldean hondo horiko laukizuzen bat honako idazkun hau daramala: Ayuntamiento de Villava/Atarrabiako Udala eta .............. zenbakiko udal lizentzia, bertan Udalak emandako lizentziaren zenbakia trokelatuko da. R-308 seinalearen gainean honako idazkun hau agertuko da: ''Vado permanente''. Ordutegiko pasabideen kasuan, baimendutako ordutegia seinalearen azpian eta marra horiaren gainean.

Eredu horiek II. eranskinean daude.

Udalak banatuko ditu pasabidearen bereizgarria daramaten plakak, erabiltzaileen kontura betiere.

11. artikulua. Bi plaka paratu behar dira nahitaez, bakoitza lokalaren edo pasabideko sarbidearen puntan, ongi ikusteko moduan.

12. artikulua. Seinale horizontalak sigi-sagako markak izanen dira, lokalaren edo pasabideko sarbidearen punta batetik bestera, ibilgailuak aparkatzea dagoen tokietan; edo, bestela, marra eten horia izanen da, aparkatzea ez dagoen tokietan, ordenantza honen I. eranskinean jasotzen den bezala.

13. artikulua. Debeku da ibilgailuak eremu publikotik higiezin edo etxebizitzetara sartzea behin-behineko edo egoera bakar baterako elementu mugikorrak, arrapalak, oholak etab. erabiliz, arrazoi baliozkoengatik baimen berezia ematen denean izan ezik.

14. artikulua. Finken jabeek eta negozioetarako lokaletako maizterrek soilik eskatzen ahalko dute pasabiderako lizentzia eta haren titular izan, pasabidea noren zerbitzurako eskatzen den.

Bakarra izanen da beti pasabiderako lizentziak sortutako betebehar guztien erantzulea.

15. artikulua. Udalaren iritziaren arabera, prekarioan eta hirugarrenei kalterik eragin gabe ematen da beti pasabiderako lizentzia.

16. artikulua. Pasabiderako lizentziak ez du eskubide subjektiborik sortzen, eta Udalak eskatu ondoan, haren titularrak bertan behera utzi beharko du, eta haren kontura espaloiak eta zintarria lehen zeuden bezala jarri.

17. artikulua. Pasabiderako lizentzia eskuratzeko, eskatzaileek ondokoa egiaztatu behar dute:

1. Etxebizitzak badira:

a) Legez garaje edo aparkalekua izatera behartutako eraikina izatea.

b) Hura borondatez edukitzea, gutxienez hiru automobil aparkatzeko edukierarekin.

c) Bertan gorde gogo diren automobil guztiak Atarrabiako zirkulazioaren gaineko zergan zergapekoak izatea.

d) Edukiera hiru automobilekoa baino txikiagoa denean, hura borondatez izatea, baldin eta eremu publikotik aparkatzeko tokirik kendu behar ez bada eta Udaltzaingoak eta udal ingeniariak txostena eman ondoren.

2. Merkataritza, industria eta negozioko establezimenduak badira:

a) Haien ezaugarriengatik ibilgailuak nahitaez sartu eta ateratzen ibili behar izatea.

b) Behar adina leku izatea beti libre kamioi bat edo gehiago sartzeko eta bertze helbururik gabe, zamalan astunetan izan ezik. Hori gertatzen denean, arrazoitu beharko da zergatik diren beharrezkoak operazio horiek, eta zergatik dagoen berariaz erreserbatutako espazio bat gauean eta egunean, eta, halaber, zein diren lan horietarako erabiliko diren zamalanak egiteko aparatuen izena, kopurua eta kokapena.

3. Aparkalekuko edo garaje aparkalekuko toki bakoitzeko, gutxieneko azalera 20 metro koadro da, lokalaren azalerari egokituko zaizkionak. 2 x 4 metro luze-zabal den espazio bat izanen du garaje aparkalekuko toki bakoitzak.

18. artikulua. Pasabidearen eskariarekin batean agiri hauek aurkeztuko dira:

1) Eskatzaileak lokala bertzelako jardueratarako erabiliko ez duela adierazten duen aitorpena.

2) Lokalak zenbat ibilgailu eduki ditzakeen adierazten duen ziurtagiri teknikoa.

3) Kokalekuaren planoa, 1:500 eskalakoa, eta lokalaren 1:100 eskalako planoa, autoak gordetzeko espazioa edo zamalanak egitekoa zein den adierazita.

4) Lokalean eginen den jardueraren lizentzia fiskala, hala behar bada.

19. artikulua. Pasabidearen lizentzia eskuratu aurretik, Udalari ondokoa ordaindu diola frogatu beharko du eskatzaileak:

1) Ordenantza honetan zehazten diren eskubideak eta haien tarifa.

2) Obren kostuaren zenbatekoa, Udaleko langileek eginez gero.

3) Ez zaie pasabidearen lizentziarik emanen eskatzaileei baldin eta gorde gogo dituzten ibilgailuek ez badituzte eguneratuta haiei dagozkien zergak eta lizentziak.

20. artikulua. Lokalean dauden ibilgailuen zenbakia eta ezaugarriak jakinaraziko dizkiote Udalari pasabidearen lizentziaren titularrek.

21. artikulua. Pasabidearen lizentziaren titularrek Udalari baimena eskatu beharko diote bertan edozein aldaketa egiteko.

22. artikulua. Hura handitzearekin edo tokiz aldatzearekin beste lizentzia bat eman beharko da, eta, hortaz, baldintza eta tramite guztiak bete beharko dira, eskubideen eta gordailuen tasazioa barne. Lekuz aldatzen denean, utzitako pasabidea kentzeagatik sortutako gastuak ere ordainduko ditu titularrak.

23. artikulua. Murriztapenak kentze partzialtzat joko dira, eta ekarriko dute, hala balegokio, 19. artikuluko 3. zenbakian zehazten den gordailua murriztea.

24. artikulua. Pasabidea kenduz gero, eraturiko gordailua itzuliko zaio titularrari, horrek eskatuta eta halaxe egin dela egiaztatu ondoan.

25. artikulua. Pasabidearen titularra nahitaez dago behartua:

1) Zola eta seinalizazio diskoak behar bezala zaintzera.

2) Zintarria eta gainerako seinaleak edo adierazleak pintatzera, Udalak hala eskatzen badu, eta, betiere, maiatzaren bigarren hamabostaldian.

3) Zoladura berritzera Udalak hala agintzen duenean.

4) Udalari ordaintzera horrek aginduta egiten diren ohiko eta ohiz kanpoko lan guztiak espaloia eta zintarria zaintzeko edo berriz paratzeko edo hura hiri ingurura egokitzeko.

26. artikulua. Pasabiderako lizentziak baliorik gabe geratuko dira bertzerik gabe ordenantza honetan ezarritako edozein betebehar bete gabe utziz gero eta espresuki honako hauengatik:

1) Zoladura edo pintura behar bezala ez zaintzeagatik.

2) Pasabidea ez erabiltzeagatik edo behar ez bezala erabiltzeagatik.

3) Lokalak ez izateagatik ordenantza honetan eskatzen den edukiera.

4) Lokala, titularrak adierazitakoaz bestera erabiltzeagatik.

5) Kontzesioa emateko inguruabarrak aldatzeagatik.

6) Ordenantza honen 10. eta 11. artikuluetan zehazten diren plaken ezaugarriak aldatzeagatik.

27. artikulua. Behar den baimena eskuratu gabe pasabidea eginez gero, titulartasuna dagokion lagunari errekerimendu eginen dio Udalak, 15 eguneko epean espaloia lehengoratzeko, bere bizkar lehengoratzeko ere.

28. artikulua. Aurrekoa atalean adierazitakoa gorabehera, ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen baditu pasabideak, pasabiderako lizentzia eskatzen ahalko du arau-hausleak hamabost eguneko epean, betiere tarifan ezarritakoaren bikoitza ordainduta.

Lizentzia eskatu gabe epe hori iragandakoan, alkateak 100 euroko isuna ezarriko dio arau-hausleari, eta, hiru egunen buruan lehengoratzen ez badu, zenbateko bereko isuna jarriko zaio betebehar hori egin gabe pasatzen den egun bakoitzeko, betiere 3.000 euroko mugarekin.

29. artikulua. Kuotak urtero ezarriko dira, zergaldi bakoitzean indarra izanen dutenak, Udal honen 16. ordenantza fiskalean ezarri bezala, eta haiek kalkulatzeko ordenantza fiskal horretan zehaztutako arauei jarraituko zaie.

Lanaldi osoko kontzesioek tarifa horren %50 sorraraziko dute.

Lanaldi erdiko kontzesioek tarifa horren %30 sorraraziko dute, goizekoak edo arratsaldekoak izan. Tarifa horren ondorioetarako, kale, plaza eta gainerako bide publikoen sailkapena izanen da indarra duen Lizentzia fiskalaren gaineko zerga arautzen duen ordenantzan ezarritakoa.

Sorrarazpena urte naturala hasita egiten denean, zergaldia hasiko da sorrarazpen horren seihilekoaren lehenengo egunean, eta behin betiko baja ematerakoan, seihilekoaren kuota osoa ordainduko da, zein egunetan ematen den kontuan hartu gabe.

I. XEDAPEN IRAGANKORRA

12. artikuluan aipatzen den seinalizazio horizontalak indarra hartuko du ordenantza hau behin betiko onetsitakoan.

II. XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordenantza honen aurretik eman diren lizentziak indarra dagoen araudira egokituko dira, titulartasuna edo beste zerbait aldatuz gero.

Argitara ematen da orok jakin dezan eta ondorioak izan ditzan, eta ohartarazten da egintza honen aurka ondoko errekurtso hauetako bat jar daitekeela:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoari jarraikiz, bi hilabeteko epean, jakinarazpen hau egin eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, honen jakinarazpena egin eta biharamunetik hilabeteko epean.

c) Bi horien aurretik, hautara, berraztertzeko errekurtsoa, jakinarazten den egintza eman duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpen honen biharamunetik hasita.

I. eranskina

Seinale horizontalak pasabide eta pasatzeko lizentzietan

L1017138_0.pdf

Baterian edo semi-baterian aparkatuta

L1017138_1.pdf

Ilaran aparkatuta

L1017138_2.pdf

Aparkatzea debekatua

II. eranskina

Plakaren eredua

L1017138_3.pdf

Gau eta eguneko pasabidea

L1017138_4.pdf

Ordukako pasabidea

Iragarkiaren kodea: L1017138