140. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TXULAPAIN

Erregelamendua, Txulapaingo Udaleko zinegotziek udal agiri eta artxiboetan sarbide izateko eskubidearen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Txulapaingo Udalak, 2010eko martxoaren 23an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Txulapaingo Udaleko udal agiri eta artxiboetan sarbide izateko eskubidearen erabilera arautzen duen erregelamendua.

Espedientea jendaurrean egon da 30 egun baliodunean, aldez aurretik iragarkia argitaratuta 2010eko 49. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 21ean, eta iragarkien oholean. Aurkeztutako alegazioak modu arrazoituan ezetsi ondotik, 2010eko irailaren 10eko osoko bilkuran behin betiko onetsi zen.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoarekin bat, osorik argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Txulapainen, 2010eko irailaren 13an.-Alkatea, Mikel Armendáriz Elso.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.

Erregelamendu honen xedea da Txulapaingo Udaleko zinegotziek izanen dituzten arauak ezartzea agiriak, artxiboak etab. begiratu eta aztertzeko.

2. artikulua. Zerbitzu publikoen funtzionamenduaren eraginkortasunean trabarik ez egiteko maneran erabiliko da sarbidea izateko eskubidea. Horretarako, aztertu nahi den agiriaren banan banako eskaria eginen da. Beraz, ez da gai baten edo gai multzo baten gaineko eskari generikorik egiten ahalko, halakoetan administrazioaren esku izanen da hura ukatzea. Sarbidea izateko eskubidea honela antolatuko da:

Sarrera eta irteeren zerrenden kontsultarako ordutegia izanen da: asteazkenetan 11:30etik 13:30era arte. Eskabideak Erregistro Orokorrean sarrera izan ondotik, dokumentazioa aztertu ahalko da hurrengo astelehenean, 11:30etik 13:30era arte, eta betiere legeak ezarritako 5 egun naturaleko epea errespetatuz, salbu eta Alkatetzaren ebazpen arrazoituaren bitartez sarbidea izateko eskubidea ukatzen bada, arlo horretan indarrean den legediak araututako kasuetan.

Alkatetzaren ebazpen bidez sarbidea izateko ordutegia aldatu ahalko da.

3. artikulua.

Artxibo administratiboetan dauden datu, erregistro, aurrekari, espediente eta agirietan begiratzeko, agiri multzo jakin batzuetan begiratzeko arauak edo haien guztien tratamendurako baldintzak ezartzen dituen araudi sektorialari jarraituko zaio, hau da, eskubide hori arautzeko kontuan hartu beharreko araudi guztiari: hirigintzakoa, ingurumenekoa, katastrokoa, erroldakoa, tributuen arlokoa, datu pertsonalen babesari dagokiona eta abar.

I. TITULUA

Zinegotziek agiriak nola eskuratu

4. artikulua.

1. Udaleko zinegotziek Udalbatzako zerbitzuen esku dauden agiri, artxibo, aurrekari, datu edo jakingarri guztiak eskuratu ahalko dituzte, beren eginbeharrak betetzeko ezinbestekoak diren heinean.

5. artikulua.

Informazioak eskuratzeko eskaria isiltasun administratiboaren bidez emantzat joko da baldin eta udalburuak eskaria egiten denetik bost egun naturaleko epean ukatzeko ebazpenik ematen ez badu.

Informazioa edo dokumentazioa eskuratzea ukatzen bada, ebazpen arrazoituaren bidez egin beharko da betiere.

6. artikulua.

Aurreko artikuluko 1 zenbakian xedatutakoa gorabehera, ondoren zehazten diren kasuetan tokiko zerbitzu administratiboek informazioa eman beharra izanen dute udalbatzako kideak horretarako baimena duela frogatu beharrik izan gabe:

a) Ordezkaritzak edo kudeaketako erantzukizunak beren gain dituzten zinegotziek beren erantzukizun horiei dagozkien informazioak eskatzen dituztenean.

b) Zinegotziek, kide anitzeko organo bateko kide izanik, organo horietan landuko diren gaiei buruzko informazioa eta agiriak eskuratu nahi dituztenean, baita edozein udal organok harturiko erabaki edo ebazpenak eskuratu nahi dituztenean ere.

7. artikulua.

1. Espedienteak, liburuak eta dokumentazio orokorra aztertzeko ondoko arau hauei jarraituko zaie:

a) Oro har, espedientea edo espedienteen aurrekariak artxibo orokorrean aztertuko dira, edo zer egoitzatan dauden, hantxe bertan. Zinegotzi interesdunari jatorrizkoa edo kopia emanen zaio, hark bere bulegoan edo zinegotziendako diren aretoetan azter dezan. Zinegotziek informazioa libreki eskura dezaketen kasuetan (6. artikulua) eta alkateak baimen espresua ematen duenean baizik ez dira kopiak emanen.

b) Espediente, liburu eta agiriak ezin izanen dira inolaz ere atera ez Herriko Etxetik ez tokian tokiko egoitza edo bulegoetatik.

c) Akten liburuak eta udalburuaren ebazpenen liburuak artxiboan edo Udal Idazkaritzan aztertu beharko dira.

d) Bilkuretan erabili beharreko espedienteak, deialdia egiten den unetik ikusgai jartzen diren tokietan baizik ezin dira aztertu.

2. Aurreko zenbakiko a) idatz-zatian zehazturiko kasuetan, eta administrazioak behar bezalako kontrola egin ahal izateko, interesdunak hartu-agiria sinatu beharko du. Espedientea edo agiria beranduenez ere berrogeita zortzi orduren buruan itzuli beharko du, edo lehenago, espediente jakin horren tramiteak nolakoak diren.

8. artikulua.

Oro har, espedientea edo espedienteen aurrekariak udal bulegoetan edo Osoko Bilkuren aretoan aztertzen ahalko dira, ondoko arau hauei jarraikiz betiere:

a) Erregelamendu honen 6. artikuluan aipatu kasuetan, hots, zinegotziek informazioa libreki eskura dezaketenean, eta Udalbatzako buruak baimen espresua ematen duenean, kontsulta jendea hartzeko orduetan egiten ahalko da, 2. artikuluan ezarritako moduan.

b) Erregelamendu honetan sarbidea izateko adierazitako eguna baliogabea bada, hurrengo egun baliodunean eginen da.

c) Aztertu nahi diren agirien edo espedientearen antzinatasuna hiru urtekoa baino zaharragoa bada, zazpi egun natural lehenago egin beharko da eskaera, halakoak Udal Artxiboan bilatu behar dira-eta.

9. artikulua.

Udalbatzako kideek isilpean gorde behar dituzte beren eginkizunetan jardun ahal izateko ematen zaizkien informazioak, bereziki oraindik hartu gabe dauden erabakien aurrekari diren horiek. Halaber, ez dute zabalduko aztertzera ematen ahal zaien dokumentazioa, ez jatorrizko agiririk ez kopiarik.

10. artikulua.

Gai zerrendan sartutako gaien dokumentazio guztia, eztabaidarako eta, hala behar badu, bozketarako oinarria izanen denez, zinegotzien eskura egonen da, deialdiaren egun beretik, Udalbatzako Idazkaritzan.

Hortaz, Udalbatzako kide guztiek aukera izanen dute dokumentazio hori aztertzeko eta are hura osatzen duten agirien kopiak eskuratzeko. Guztiarekin ere, jatorrizkoak ezin izanen dira eskura jarri diren toki horretatik atera.

11. artikulua.

Eskatzen denean agiri zehatzetan bilduta ez dagoen informazio idatzia eskatu eta emateko, hau da, Idazkaritzak kontsultatu, prestatu eta idatzi beharko duen informazio hori eskuratzeko, honako arau hauei jarraituko zaie:

a) Tramite bidean daudelako edo berriki ebatzi direlako Udal Idazkaritzan dauden espedienteei edo gai zehatzei buruzko informazio eskaerak hamabost egun naturaleko epean erantzunen dira, eskaera egiten denetik hasita.

b) Eskatutako informazioa aurkitu eta prestatzeko ahalegin berezia egin behar denean, agiri kopurua, konplexutasuna, antzinatasuna edo antzeko inguruabarrak direla-eta, eskaera egin eta hilabeteko epea egonen da erantzuteko. Inguruabar horiek arrazoituko dira eta eskatzaileari jakinaraziko zaizkio.

c) Salbuespenez, eta aurreko idatz-zatian aipaturiko inguruabarrak bereziki konplexuak direnean, Idazkaritzak erantzuteko epea bi hilabetera arte luzatzea eskatzen ahalko dio Alkatetzari, eskaera arrazoituz betiere. Alkatetzak eskaera hori ebatzi, eta zinegotzi eskatzaileari edo eskatzaileei jakinaraziko zaie.

AZKEN XEDAPENA

Indarra hartzea

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, erregelamendu honek ez du sortuko ondorio juridikorik harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.

Iragarkiaren kodea: L1018237