139. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

140/2010 FORU AGINDUA, irailaren 29koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, Nazioarteko Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren "Navared" izeneko fitxategi informatizatua sortzen duena.

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak 20. artikuluan xedatzen duenez, administrazio publikoen fitxategiak sortu, aldatu eta kentzeko nahitaezkoa izanen da xedapen orokor bat ematea, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo kasuan kasuko aldizkari ofizialean argitaratua.

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzen duen Erregelamenduak, abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsiak, 52. artikuluan xedatzen duenez, titulartasun publikoko fitxategiak xedapen orokor edo erabakien bidez sortu behar dira eta horiek Estatuko Aldizkari Ofizialean edo kasuan kasuko aldizkari ofizialean argitaratu behar dira; 53. artikuluak, berriz, berariazko legeria betetzeko agintzen du, autonomia erkidegoen esku dauden fitxategiei dagokienez. Fitxategia sortzeko xedapen edo erabakiak izan behar duen edukia erregelamendu beraren 54. artikuluan azaltzen da.

Uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuak Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organoen mende dauden datu pertsonalen fitxategi informatizatuak arautzen ditu. Foru dekretu horren 2. artikuluak ezartzen du, fitxategien ezaugarriak aldatzeko, baita fitxategiak sortu eta kentzeko ere, fitxategiaren ardura duen unitatea zer departamenturen mende edo zer departamenturi atxikirik dagoen, hango kontseilariaren foru agindua beharko dela.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 44. artikuluak dio, administrazio espedienteak tramitatzean, baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabili behar direla lagungarri gisa, betiere bermeak errespetatuz eta antolamendu juridikoak kasu bakoitzerako aurreikusten dituen baldintzak betez.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 118/2007 Foru Dekretuaren 1. artikuluak departamentu horren esku jartzen ditu Europako eta nazioarteko aferak eta haren politiken jarraipena egitea, eta 2. artikuluak dio departamentu horretako titularrari dagozkiola Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan aurreikusitako eskudantziak, besteak beste foru aginduak ematea.

Nazioarteko aferak, departamentuko eskumenen barne, Nazioarteko Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren esku daude; zuzendaritza horri dagozkio, besteak beste, Nafarroako Foru Komunitatearen organoek edo bestelako erakunde eta agente ekonomiko eta sozialek nazioartean gauzatzen dituzten programa, proiektu eta ekimenak kudeatzen laguntzea, 118/2007 Foru Dekretuaren 48. artikuluari jarraikiz.

Espedienteko txostenen arabera, beharrezkoa da foru agindu honetan azaltzen diren ezaugarriak izanen dituen fitxategi informatizatu bat sortzea, datu pertsonalak bilduko dituena.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

Lehena.-"Navared" izeneko fitxategi informatizatua sortzea, jarraian adierazi bezala:

a) Aurreikusitako xedea eta erabilerak: sare ekonomiko-finantzario bat sortzea; enpresak nazioartekotzeko jarduerak jakinarazi eta sustatzea; munduan profesionalak eta talentua aurkitzea; eta/edo lan aukerak argitaratzea.

b) Datuen jatorria: bakarrik jasoko dira eskatzaileek beraiek emandako datuak, atzerrian talentua identifikatu eta jakinarazteko beharrezkoak direnak. Informazioa aukerakoa izanen da uneoro eta Interneteko atari honen bidez sartuko da: www.navared.es.

c) Fitxategiaren egitura: fitxategi guztiz informatizatua.

d) Ez da tentuz tratatu beharreko daturik, ez eta babes berezia duenik ere, bilduko.

e) Datu hauek bilduko dira:

-Eskatzailearen izen-deiturak.

-Sexua.

-Jaioteguna.

-Jaioterria.

-Jaio zeneko probintzia.

-Jaio zeneko herrialdea.

-Bizitokia.

-Bizi deneko herrialdea.

-Zip kodea.

-Beste zein herrialdetan bizi izan den.

-Titulu akademikoa.

-Ikastetxea.

-Bukaera urtea.

-Graduatu ondoko prestakuntza.

-Ikastetxea.

-Bukaera urtea.

-Bestelako informazio akademikoa.

-Mugikortasuna.

-Hizkuntzak.

-Lanpostua.

-Enpresa.

-Enpresaren web orria.

-Jardueraren sektorea.

-Jardueraren herrialdeak.

-Lanbide interesak.

-Jardueraren herria.

f) Aurreikusitako lagapenak: informazioa Grupo La Información taldeko enpresei lagako zaie, ataria sustatu eta kudeatzeko.

g) Nazioarteko transferentziak: ez da nazioarteko transferentziarik aurreikusten.

h) Fitxategiaren ardura duen organoa: Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Nazioarteko Garapeneko Zuzendaritza Nagusia.

i) Datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eta haien aurka jotzeko eskubidea zein zerbitzu edo unitatetan erabili: Nazioarteko Garapeneko Zuzendaritza Nagusian (Nafarroako Gorteen etorb., 2-14, PK 31200).

j) Segurtasun maila, Datuak Babesteko Lege Organikoaren Erregelamenduaren VIII. tituluaren arabera: 3. maila.

Bigarrena.-Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.-Foru agindu hau Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzura eta Antolaketa Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, bai eta Datuak Babesteko Espainiako Agentziara ere, Datuak Babesteko Erregistro Orokorrean inskribatzeko.

Iruñean, 2010ko irailaren 29an.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F1017086