139. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARASOAIN

Zoladura lanak egiteko kontribuzio berezien espedientea hasiera batean onesteko erabakia

Barasoaingo Udalak, 2010eko azaroaren 4an egin osoko bilkura arruntean, ondoan osorik ematen den erabakia hartu du:

"Ikusirik Udal honetako zerbitzu juridikoek eta ekonomikoek kontribuzio berezien espedienteari buruz prestatutako dokumentazioa, Barasoainen sareak berritzeko eta kaleak zolatzeko lanak finantzatzeko (2. fasea), lan horiek 2009-2012 Eperako Toki Inbertsioen Planean sartuta baitaude, alkateak 2010eko urriaren 5ean espedientea hasteko aginduta; eta lanak hasi aurretik espedientea ebatzita izateko, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 117. artikuluan xedatuarekin bat.

Ikusirik, orobat, Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariak 2010eko urriaren 6an emandako 468. Foru Agindua, Toki Inbertsioetarako Planaren kargura finantzatutako 643.280,32 euroko ekarpena behin-behinekoz ezarri duena; kontuan izanik obraren finantzazioa 918.971,89 eurokoa dela, kontribuzio berezien bidez finantzatu beharrekoa 68.922,89 euro dira.

PROPOSATZEN DA:

1. Mairagako Mankomunitateak onetsitako proiektua berrestea, sareak berritzeko eta instalazioak zolatu eta kanalizatzeko, behar diren ondorioak izan ditzan.

2. Hasiera batean onestea kontribuzio bereziak ezarri eta antolatzeko espediente hau:

1.-Xedea: Barasoaingo sareak berritzeko eta kaleak zolatzeko lanak (2. fasea).

2.-Subjektu pasiboak: ukituko diren kaleen aurreko hiri lurzoruen jabeak, obrekin onura bereziak ateratzen duen eremuan badaude, proiektuan dagoen dokumentazio teknikoarekin bat, eta ondoko kale hauek, osorik edo zati batean, ukitzen badira:

1. tartea: Catalain, Orba plaza eta Santa Lucia kaleak.

2. tartea: Abadia, Camino de la Fuente, Palacio de Dundrin, Elorza eta Rada kaleak.

3. tartea: Zarranguilo kalea.

3.-Onura berezia ateratzen duten ondasunak: jarduteko proiektuan dauden kaleen aurreko lurzati guztiak.

4.-Zerga-oinarria: obren kostu osoaren %25, Barasoaingo Udalak finantzatu beharrekoa, proiektua prestatzeko eta obren zuzendaritza teknikoaren ordainsariak barne. Zerga-oinarriaren hasierako aurreikuspena 68.922,89 eurokoa da, eta finantzatu beharreko obraren aurrekontua
918.971,89 eurokoa; espediente honen ondorioetarako, ondoko koadroaren arabera banatzen dira tarteen zenbatekoak:

1. tartea: Aurrekontua: 328.486,96 euro / Zerga-oinarria: 24.636,39 euro.

2. tartea: Aurrekontua: 463.790,95 euro / Zerga-oinarria: 34.784,33 euro.

3. tartea: Aurrekontua: 126.693,98 euro / Zerga-oinarria: 9.502,17 euro.

Indarra duen Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatuarekin bat, zenbateko hori aurreikuspen bat besterik ez da, kalkuluak egiteko, eta zuzenketak eginen zaizkio lanak egindakoan, haien benetako kostua ezagututa.

5.-Banatzeko irizpideak: aplikatu beharreko kontribuzioen zenbatekoa honela ezarriko da: %33,33 lurzatiaren azaleraren arabera, %33,33 higiezinaren katastroko balioaren arabera lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren ondorioetarako, eta beste herena jarduteko eremuko kalera edo kaleetara ematen duen fatxadaren luzeraren arabera.

Hala ere, 1. faseko zoladurak egiteko kontribuzio berezien espedientean dagoeneko sartu ziren lurzatien kasuan, kalkulatzeko irizpidea fatxadaren luzera izanen da, besterik ez, azalera jadanik hartu baitzen kontuan fase horri zegokion kuota kalkulatzeko. Lurzati horien katastroko balioari dagokionez, kontuan hartu da haien balioa igo dela epe horretan eraikitzeko lanak egitearen ondorioz.

6.-Erabaki honetan aurreikusten ez den orotan, honako hauek aplikatu behar dira espediente hau tramitatu eta kudeatzeko: Ordenantza fiskal orokorra, kontribuzio berezien ordenantza eta indarra duen Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea.

3. Espedientean jaso den zergadunen zerrenda onestea, baita zerga-oinarriari zehaztutako banatzeko irizpideak aplikatuta kalkulatutako norbanakoen kuotak ere, berriz ere aurreikuspen hutsak direnak.

4. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin bat, erabaki hau jendaurrean paratzea hogeita hamar egunean dagokion iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera, espedientean interesa dutenek bidezkoak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten, eta Zergadunen Administrazio Elkartea era dezaten, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 119. eta 120. artikuluetan aurreikusitakoarekin bat.

5. Interesdunei jakinaraztea ezen, subjektu pasiboek eskatuta, ordaindu beharreko kuotak zatitu edo geroratzen ahal direla bost urteko epean gehienez ere, beharrezko bermeak eman ondoren, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 92. eta 115. artikuluetan xedatu bezala."

Barasoainen, 2010eko azaroaren 4an.-Alkatea, Carlos Izuriaga Eslava.

Iragarkiaren kodea: L1018207