139. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

18/2010 FORU LEGEA, azaroaren 8koa, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea aldatzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, HAURRENTZAKO ETA NERABEENTZAKO SUSTAPENARI, LAGUNTZARI ETA BABESARI BURUZKO ABENDUAREN 5EKO 15/2005 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA.

ZIOEN AZALPENA

Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea onetsi zen adingabeen arazoei aurre egiteko xedearekin, orotariko ikuspegi batetik, gizarteko talderik ahulenetariko bat baita, bai eta haien orotariko garapena bultzatu eta bizi maila duina bermatzen duten ongizaterako politikak garatzeko xedearekin ere.

Foru lege hau indarrean egon den urteetan, agerian geratu da beharrezkoa zela legea aplikatzerakoan detektatutako zenbait hutsune eta gabezia betetzea, bai eta adingabeen eta gaur egungo gizartearen beharrizan eta eskakizunetara hobeto egokitutako legezko marko bat eskaintzea ere. Behar hori agerikoa da adopzioaren alorrean.

Adopzioari buruzko arauak onesterakoan, Estatukoak nahiz autonomia erkidegoetakoak, gehien eztabaidatutako gaietako bat izan da adopzio eskatzaileen adinari eman beharreko garrantzia, haien egokitasuna baloratze aldera.

Oro har, adopziorako gaitasuna Kode Zibilaren 175. artikuluan araututa dago. Xedapen horretan, bi baldintza besterik ez dira ezartzen: adoptatzailea 25 urtetik gorakoa izatea; adopzioa bi ezkontideek egiten dutenean, bietako batek adin hori beteta izatea; eta, betiere, adoptatzaileak adoptatuak baino 14 urte gehiago izatea, gutxienez.

Hala ere, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen 74. c) artikuluan ezartzen denez, geriza-gabetasuneko egoeran dauden adingabeen adopzioari dagokionez, arestian aipatutakoaz gain, beharrezkoa da, alde batetik, adoptatzaileen batez besteko adinaren eta adingabe adoptatuaren adinaren arteko aldea ez izatea 45 urte baino gehiagokoa, eta adoptatzaileetariko batek ere ez ditzala izan 60 urte baino gehiago. Baldintza hori Foru Komunitatean bakarrik da aplikatzekoa, modu orokorrean aurreikusitakoez gain.

Aipatu muga horren ondorioz, adopzio eskaerak, nazio barnekoak nahiz nazioartekoak, automatikoki ukatzen dira, baldin eta eskatzaileek foru legean ezarritako adin mugak gainditzen badituzte. Eskaerei uko egite horrek eragozten du egiaz baloratzea, kasu bakoitzean eta beste inguruabar batzuk kontuan hartuta, zer den adingabearentzat egokiena.

Horrenbestez, eta adina ez dadin izan adopzio eskatzaileen egokitasuna ebaluatzeko garaian automatikoki baztertzen duen faktorea, beharrezkotzat jotzen da aipatu foru legearen 74. c) artikuluan ezarritako muga kentzea eta gainerako irizpideen araberako ebaluazioa egitea.

Adopzioari buruzko gaur egungo araudian bada hobetu beharreko bigarren alderdi bat; hain zuzen, nazioarteko adopzio eskaerak bi herrialdetan edo gehiagotan aldi berean aurkeztu ahal izateko aukera, halako moduz non espedienteak aldi berean izapidetu daitezkeen, betiere aukeratutako herrialdeetako batean lehen esleipena egindakoan izapidetzen ari diren gainerako eskabideak bertan behera uzteko baldintzarekin. Zenbait autonomia erkidegotan jada balia daitekeen aukera horrek ahalbidetzen du adingabeen nazioarteko adopzio prozesuak arinagoak izatea.

Adopzioari buruz egin beharreko hirugarren eta azken urratsa da lege maila duen arau baten bidez ezartzea eskatzaileen egokitasun deklarazioak ebazteko gehieneko epea, bai eta Administrazioak ezinbestekoa den ebazpena eman gabe epe hori igarotzeak izanen dituen ondorioak ere.

Adopzio prozesuei buruzko alderdiez gain, bidezkoa dirudi haurren eta nerabeen betebeharrei buruzko zenbait zehaztapen sartzea, haiek protagonismo handiagoa izan dezaten, eta, ondorioz, ardurakidetza handiagoa izan dezaten tolerantzian eta legearen eta gainerako pertsonen eskubideen errespetuan oinarritutako gizarte bat lortze aldera.

Azkenik, foru lege honen bidez sortuko da Nafarroako Adingabearen Kontseilua, Nafarroan adingabeekin lan egiten duten entitate eta elkarteek parte hartzeko foro gisa. Kontseiluaren helburuak honakoak izanen dira: haurrak babestearen arloko proposamenak behatu, aztertu eta egitea, objektibotasuna, profesionaltasuna eta independentzia abiapuntu gisa hartuta.

Artikulu bakarra.-Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen aldaketak.

Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legeari ondoko aldaketak egin zaizkio:

Bat. 29. artikuluko 1. idatz-zatiak idazketa hau izanen du:

"Legeria zibilak adingabeei beren guraso, tutore edo zaintzaileekiko ezartzen dizkien betebeharrez gain, familia, hezkuntza eta gizarte bizitzan parte hartzeari dagokionez, betebehar hauek izanen dituzte, besteak beste:

a) Nahitaezko hezkuntzan ikastea, horrela beren prestakuntza lortu eta beren nortasuna osoki garatzeko. Ikastetxera joan beharko dute eta bertan bizikidetzarako arauak errespetatu beharko dituzte.

b) Ikasketak egiten dituzten ikastetxeko irakasleak eta gainerako langileak, bai eta ikaskideak ere, errespetatzea.

c) Aitortzen zaizkien eskubideen titulartasunari eta erabilerari dagozkien betebehar eta erantzukizunak beren gain hartu eta betetzea.

d) Gizarteko bizikidetza arauekin bat datorren jarduera zibiko bat izatea, tolerantzia eta beste pertsonen eskubideen errespetua oinarri.

e) Ingurumena eta kultura ondarea eta ondare historikoa errespetatzea eta hura zaintzen eta hobetzen laguntzea.

f) Jabari publikoko ondasunak eta, bereziki, hiri-ondarea errespetatzea."

Bi. 74. artikuluko c) letra indarrik gabe utzi da.

Hiru. 79. artikuluak testu hau izanen du:

"79. artikulua. Nazioarteko adopzioa.

Oro har, ez da izapidetzeko onartuko nazioarteko adopzioko eskabide bat baino gehiago.

Salbuespenez, atzerrian adingabea adoptatzeko prozesua errazte aldera, nazioarteko adopzioko beste eskabide bat izapidetzea onartu ahalko da beste herrialde batean baldin eta, lehen herrialdean espedientea sartu zenetik hiru urte iraganda, ez bada adingabe bat esleitu eskatzaileei egozterik ez dagoen arrazoiak direla eta.

Nazioarteko adopzioko egokitasunari buruzko bigarren ziurtagiria jasotzeko, norberaren nahiz familiaren egoeraren berrazterketa egin beharko da aldez aurretik.

Nazioarteko adopzioko bigarren eskabidea egiten denean, izapidetze bikoitza dagoela jakinarazi beharko zaio adopzioa eskatu zaion bigarren herrialdeari.

Nazioarteko adopzioko bi eskabide aldi berean izapidetzen baldin badira eta Foru Komunitateko Administrazioak adostasuna ematen badio bi herrialdeetako batetik heldu den adingabe bat esleitzeari, interesdunei entzunaldia eman ondotik, ebazpen bidez aginduko da izapidetzen ari den beste eskabidearen administrazio-espedientea artxibatzeko."

Lau. 81. artikuluak testu hau izanen du:

"81. artikulua. Egokitasunaren deklarazioa.

1. Eskatzaileek elkarrizketa batzuk egin beharko dituzte Foru Komunitateko administrazioko organo eskudunak hautatzen dituen teknikariekin, adoptatzeko egokitasun psikologiko eta sozialik ote duten erabakitzeko. Erregelamendu bidez, elkarrizketa horien kopurua eta ezaugarriak zehaztuko dira.

2. Egokitasunik eza deklaratuz gero, horretarako zergatikoak aipatu beharko dira.

3. Egokitasun deklarazioa zortzi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, adopzio eskabidea eta harekin nahitaez aurkeztu beharreko dokumentazio guztia familiaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiaren erregistroan edo Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein erregistrotan edo tokitan sartzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori ebazpen espresa eman eta jakinarazi gabe iraganez gero, onartutzat emanen da egokitasun deklarazioaren eskabidea. Egokitasun edo ezegokitasun deklarazioei buruzko ebazpen espres nahiz ustezkoen aurrean, interesdunek haien aurka egin ahalko dute jurisdikzio zibilean, aldez aurretik inolako administrazio erreklamaziorik aurkeztu gabe.

Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikuluan ezarritako kasuan eta moduan bertan behera utzi eta luzatu ahalko da ebazpena emateko eta jakinarazteko legeak ezartzen duen gehieneko epea.

4. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, ebazpen arrazoitu bidez, alde baterako eten ahalko du nazioarteko adopzioen espediente berrien izapidetzea herrialde jaki baterako, baldin eta heinik ez badago edo heinik eza aurreikusten bada dagoeneko izapidetzen ari diren adopzioen kopuruaren eta hartan egiten diren esleipenen artean, eta espediente kopurua mugatu behar baldin bada espedienteak izapidetu ahal izateko.

Horretarako arrazoi objektiboak baldin badaude, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, ebazpen arrazoitu bidez, nazioarteko adopzio eskabideen aurkezpena itxi ahalko du, edo aurrerago berriz ireki.

5. Arestiko idatz-zatian ezarritako supostuetan, ebazpena interesdunei jakinarazi beharko zaie."

Bost. 82. artikuluak testu hau izanen du:

"1. Nafarroako Adopzioen Erregistroa sortu da.

2. Nafarroako Adopzioen Erregistroaren araudia erregelamendu bidez garatuko da."

Sei. VIII. titulua sartu da, honako izenburua izanen duena: "Nafarroako Adingabearen Kontseilua".

"109. artikulua. Sorrera.

1. Nafarroako Adingabearen Kontseilua sortu da, haurren eta nerabeen sustapen, arreta eta babesaren arloan aholkularitza, parte-hartze eta kontsultarako eginkizunak dituen organo kolegiatu gisa.

2. Funtzionamenduaren ondoriotarako, Nafarroako Adingabearen Kontseilua atxikiko zaio adingabeen babesaren arloan eskuduna den departamentuari.

110. artikulua. Eginkizunak.

1. Nafarroako Adingabearen Kontseiluak honako eginkizun hauek izanen ditu:

A.-Aholku emanen du, aginduzko txosten ez lotesleen bidez, ondokoei buruz:

a) Adingabeen babesa arautzeko foru lege aurreproiektuak eta xedapen orokorren proiektuak.

b) Adingabeen babesari eta arretari buruzko planak eta programak.

c) Adingabeen babesaren arloko jarduketen urteko programa eta kasuko urteko oroitidazkia.

B.-Kontsulta organoa izanen da eta txostenak eginen ditu Nafarroako Gobernuak edota haren departamentuek egiten dizkioten galdeei buruz.

C.-Parte-hartze eginkizunak, toki entitateek eta gizarte erakundeek egiten dizkioten proposamenen eta ekimenen eztabaidaren bidez, adingabeekin zerikusia duten gaien inguruan:

a) Adingabeen babesarekin zerikusia duten planak, programak edo neurriak.

b) Adingabeekin zerikusia duten ikerketa programak, kongresuak, mintegiak edo antzekoak.

c) Legezko eta erregelamenduzko xedapenek zehazki esleitzen dizkioten gaiak.

2. Nafarroako Adingabearen Kontseiluak txostenak eskatu ahalko dizkie Nafarroako Gobernuko departamentuei eta Nafarroako Arartekoari, adingabeen eskubideen defentsaren eta babesaren arloan dituzten eginkizunak bete ahal izateko.

111. artikulua. Antolaketa.

1. Kontseilua eratzen denetik sei hilabeteko epean edo foru lege honek indarra hartzen duenetik gehienez ere bederatzi hilabeteko epean, Nafarroako Adingabearen Kontseiluko Osoko Bilkurak, lehendakariak proposatuta, bere antolakuntza eta funtzionamenduaren Erregelamendua onetsiko du.

2. Dituen eginkizunak bete ahal izateko, Kontseiluak baliabide materiak eta giza baliabide nahikoak izanen ditu. Baliabide horiek adingabeen babesaren arloan eskuduna den departamentuak emanen dizkio.

3. Kontseiluak batzordeak eratu ahalko ditu, haren antolamendu eta funtzionamenduari buruzko erregelamenduak xedatzen duenari jarraikiz.

112. artikulua. Kontseiluaren osaketa.

1. Gobernu Kontseiluak kide hauek izanen ditu, gutxienez:

a) Adingabeen babesaren arloan eskuduna den departamentuko kontseilaria, Kontseiluko lehendakaria izanen dena.

b) Adingabeen babesaren arloan eskuduna den departamentuko bi ordezkari. Horietako bat Kontseiluko lehendakariordea izanen da.

Lehendakariordeak lehendakariaren ordez arituko da hura kanpoan dagoenean, edo gaixo, edo haren postua aldi baterako hutsik dagoenean. Halaber, lehendakariak esleitzen dizkion edo erregelamendu bidez ezartzen diren eginkizunak izanen ditu.

c) Adingabeen babesarekin eta arretarekin lotura zuzena duen departamentu bakoitzeko ordezkari bat, zuzendari nagusiaren maila izanen duena.

d) Gehienez ere sei ordezkari, bat entitate bakoitzeko, Nafarroako Gobernuaren kasuko erregistroan inskribatuta dauden eta adingabeen babesaren eta arretaren arloan diharduten erakunde edo elkarte nagusietakoak.

e) Gehienez ere sei ordezkari, bat entitate bakoitzeko, kasuko administrazio erregistroetan inskribaturik dauden eta adingabeen eskubideak defendatzeko eratutako elkarteetakoak.

f) Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioko lau ordezkari, zeinetatik hiruk, gutxienez, izanen baitute hautapen bidezko karguaren izaera.

2. Kontseiluko idazkariak zuzenbidean lizentziaduna eta adingabeen babesaren arloan eskuduna den departamentuko funtzionarioa izan beharko du, eta hitzarekin baina botorik gabe jardunen du.

3. Adingabeen babesaren arloan eskuduna den departamentuko kontseilariak izendatuko ditu kontseilukideak, lau urtetako. Ordezkatutako erakundeen proposamenei, halakorik egiten badute, jaramon egingo zaie."

Lehen xedapen gehigarria.-Baliabide tekniko eta ekonomikoak.

Nafarroako Gobernuak beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide teknikoak jarriko ditu adingabeen babesaren arloan eskuduna den departamentuaren eskura, adopzio eskaera egiten dutenen egokitasunari buruzko eskabideen izapidetzea eta ebazpena arintzea ahalbidetze aldera.

Bigarren xedapen gehigarria.-Nafarroako Adingabearen Kontseilua eratzea.

Adingabeen babesaren arloan eskuduna den kontseilariak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu Nafarroako Adingabearen Kontseilua foru lege hau indarrean sartu eta bi hilabeteko epean eratu dadin.

Hirugarren xedapen gehigarria.-Laguntza-jarduerak.

Nafarroako Gobernuak laguntza-jardueren abian jartzea arautuko du, hobeki arduratze aldera adingabearen dolu-prozesuaz eta jatorriaren bilaketako aholkularitzaz eta bitartekaritzaz.

Laugarren xedapen gehigarria.-Prestakuntza arloko jarduerak.

Kasuko departamentuak adopzioari buruzko prestakuntza-jarduerak taxutuko ditu, adoptatzaileei zuzenduak; prestakuntza-lan horrek pertsona adoptatuaren erronka eta beharrizan berariazkoak izanen ditu ardatz.

Bosgarren xedapen gehigarria.-Hezkuntza arloko langileen prestakuntza.

Nafarroako Gobernuak, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren eta Hezkuntza Departamentuaren arteko lankidetzaren bidez, neurriak abiaraziko ditu hezkuntza arloko langileek prestakuntza berariazkoa izan dezaten eta sentsibilizatu daitezen adopzioaren inguruko berariazko beharrei buruz, sendotze aldera, horrela, familia-eredu guztiekiko inklusiboa eta begirunetsua den eskola bat.

Seigarren xedapen gehigarria.-Lankidetza-hitzarmenak sinatzea.

Sei hilabeteko epean, lankidetza-hitzarmenak sinatuko dira entitate publikoekin eta familia adoptatzaileak eta pertsona adoptatuak ordezkatzen dituzten elkarteekin, familien eta profesionalen prestakuntza sistematizatzeko.

Zazpigarren xedapen gehigarria.-Erregelamendu bidezko garapena.

Bi hilabeteko epean, departamentu eskudunak arautuko ditu foru lege honetan zehazturiko baldintza eta ezaugarriak.

Xedapen iragankor bakarra.-Ebatzi gabeko espedienteak.

Duela bi hilabete baino lehenago aurkeztutako egokitasun deklarazioak, ebatzi gabe badaude foru lege hau indarrean sartzen denean, gutxienez ere sei hilabeteko epean ebatziko dira. Epe hori iraganda, ulertuko da eskatzaileak egokitzat jo direla.

Adopzio espedienteek lehengo legediak aitortzen dizkien ondorioekin iraunen dute, eta hori ez da oztopo izanen foru lege honetan ezarritako prozedura baliatuta egin ahal izateko, baldin eta bertan ezarritako baldintzak betetzen badira.

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe geratuko dira foru lege honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken xedapena.-Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2010eko azaroaren 8an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1018518