139. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

16/2010 FORU LEGEA, azaroaren 8koa, zeinaren bidez profesionalen erregistroa sortzen baita haurdunaldiaren borondatezko etendura dela-eta.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, ZEINAREN BIDEZ PROFESIONALEN ERREGISTROA SORTZEN BAITA HAURDUNALDIAREN BORONDATEZKO ETENDURA DELA-ETA.

ZIOEN AZALPENA

Sexu- eta Ugalketa-osasunari eta Haurdunaldiaren Borondatezko Etendurari buruzko martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoaren helburua da oinarrizko eskubideak ziurtatzea sexu- eta ugalketa-osasunaren arloan, bai eta haurdunaldiaren borondatezko etenduraren baldintzak arautzea eta botere publikoei dagozkien betebeharrak ezartzea ere.

Aipatu lege organikoaren 19.2 artikuluan ezartzen denez, haurdunaldiaren borondatezko etenduran zuzenean inplikaturiko osasun-profesionalek eskubidea izanen dute kontzientzia-eragozpenaz baliatzeko. Haurdunaldiaren borondatezko etendura egitea errefusatzea, kontzientzia arrazoiengatik, haurdunaldiaren borondatezko etenduran parte-hartze zuzena duten osasun arloko langileen banakako eskubidea da, eta aurrez adierazi beharra dago, idatziz. Osasun arloko langileek, hala ere, behar duten emakumeei osasun laguntza egokia emateko betebeharra dute, bai haurdunaldiaren beren borondatez eten aurretik bai ondoren ere.

Halaber, aipatu lege organikoaren 17.1 artikuluak ezartzen duenez, haurdunaldia beren borondatez eteteko nahia adierazten duten emakumeei argibideak emanen zaizkie jakin dezaten zer zentro publiko nahiz kreditatuetara joan daitezkeen haurdunaldia etetera, zein diren prestazio hori jaso ahal izateko bete beharrezko izapideak, eta zer baldintza bete behar diren kasuko osasun zerbitzu publikoak zerbitzua eman dezan.

Hori guztia kontuan hartuta, foru lege honetan ezartzen da zer prozedura jarraitu behar duten haurdunaldiaren borondatezko etenduran zuzenean inplikaturiko osasun-profesionalek praktika horrekiko kontzientzia-eragozpena adierazte aldera.

Halaber, foru lege honetan arautzen da Nafarroako Foru Komunitatean haurdunaldiaren borondatezko etendurak egiteko kontzientzia-eragozpena adierazi duten osasun arloko langileen erregistroaren sorrera.

Osasun arloko administrazioek, halaber, haurdunaldiaren borondatezko etendurari buruzko prestazioa ziurtatu behar dute beren osasun-eskualdean; izan ere, halaxe ezarri zen egun indarrean dagoen uztailaren 1eko 14/2010 Foru Legean, zeinaren bidez Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legea aldatu baitzen. Horretarako, giza baliabideak eta osasun arlokoak antolatzeko ahalmena dute; hain zuzen, prestazio hori emanen dela ziurtatzeko.

1. artikulua. Xedea.

Honakoak dira foru lege honen xedeak:

a. Haurdunaldiaren borondatezko etenduran zuzenean inplikaturiko osasun-profesionalek kontzientzia-eragozpena adierazteko prozedura ezartzea.

b. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan haurdunaldiaren borondatezko etendurak egiteko kontzientzia-eragozpena adierazi duten osasun arloko langileen erregistroa sortzea eta arautzea.

2. artikulua. Aplikazio esparrua.

Foru lege hau aplikatzekoa izanen zaie haurdunaldiaren borondatezko etenduran parte-hartze zuzena duten Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko langileei, kontzientzia arrazoiak tarteko, haurdunaldiaren borondatezko etendurak gauzatzeari uko egiten badiote.

3. artikulua. Kontzientzia-eragozpenaren adierazpena.

Haurdunaldiaren borondatezko etenduran parte-hartze zuzena duten Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko langileek, kontzientzia arrazoiak tarteko, ezin badute horrelako etendurarik gauzatu, kontzientzia-eragozpenaren adierazpena aurkeztuko dute, eta, halaber, Sexu- eta Ugalketa-osasunari eta Haurdunaldiaren Borondatezko Etendurari buruzko martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoan ezarritako arrazoietatik zein alegatzen duten adierazi beharko dute. Adierazpen hori egiteko, foru lege honen 1. eranskinean ageri den eredua erabiliko da.

Kontzientzia-eragozpenaren adierazpena eta, kasua bada, haren baliogabetzea aurkeztu beharko dira ondoko xedapenak betez:

1. Kontzientzia-eragozpenaren adierazpena idatziz aurkeztuko da, eta zerbitzuak ematen dituen zentroko zuzendaritzako titularrari zuzenduko zaio.

2. Kontzientzia-eragozpeneko adierazpena aurkeztu ahalko da, halaber, lantokiko erregistroan edo Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako batean. Horretaz gain, telematikoki ere aurkeztu ahalko da, sinadura elektronikoarekin, Herritarrek zerbitzu publikoak bide elektronikoen bitartez eskuratzeari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 6.1 eta 24.2 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

3. Sexu- eta Ugalketa-osasunari eta Haurdunaldiaren Borondatezko Etendurari buruzko martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoaren 19.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, bai adierazpena, bai haren baliogabetzea, ebakuntza egiteko aurreikusitako eguna baino zazpi egun baliodun lehenago aurkeztu behar dira, gutxienez.

4. Kontzientzia-eragozpeneko adierazpenak jaso eta legez ezarritako baldintza guztiak betetzen direla egiaztatu ondoren, langileak zerbitzuak ematen dituen zentroko zuzendaritzako titularrak ofizioz aginduko du beharrezkoak diren inskripzioak egin daitezela.

5. Eskaerek ez badituzte legezko baldintzak betetzen, edota haurdunaldiaren borondatezko etenduretan parte-hartze zuzena ez duten langileek aurkeztu badituzte, zentroko zuzendaritzako uko egingo dio kasuko inskripzioa egiteari. Ebazpen horren aurka, langile interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzailearen aurrean.

4. artikulua. Haurdunaldiaren borondatezko etendurak egiteko kontzientzia-eragozleen langileen erregistroa.

1. Haurdunaldiaren borondatezko etendurak egiteko kontzientzia-eragozpena alegatu duten langileen erregistroa sortuko da. Bertan inskribatuko dira haurdunaldiaren borondatezko etendurak egiteko kontzientzia-eragozpenaren adierazpenak.

2. Erregistro hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren mende egonen da zuzenean.

3. Hona hemen erregistro horrek izanen dituen helburuak:

a. Haurdunaldiaren borondatezko etendurak egiteko kontzientzia-eragozpenaren adierazpenen inskripzioak jasotzea, bai eta adierazpen horien baliogabetzeak ere.

b. Nafarroako Osasun Administrazioari informazio nahikoa ematea, aipatu prestazioaren kudeaketa egokia ziurtatze aldera, haurdunaldia bere borondatez eteteko nahia adierazten duen emakumeak jakin dezan zein zentro publikotara joan daitekeen, Sexu- eta Ugalketa-osasunari eta Haurdunaldiaren Borondatezko Etendurari buruzko martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoan ezarritakoari jarraikiz.

5. artikulua. Erregistrorako sarbidea.

Erregistro horretan sarbidea izanen dute, beren eskumenen esparruan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ospitaletako zentroko zuzendaritzako titularrek, zuzendaritza medikoetako nahiz erizaintzako zuzendaritzetako titularrek. Halaber, sarbidea izanen dute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzaileak, bere eginkizunak legezkotasunez betetzen ari dela, espresuki baimendutako pertsonek, eta interesdunak berak edo haren ordezkariak -kasu horretan, bere datuetan bakarrik izanen du sarbidea-.

6. artikulua. Erregistroko datuak eta konfidentzialtasuna.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu informazioaren konfidentzialtasuna ziurtatzeko, bai eta informazioa soilik antolamenduko edo osasun arloko xedeetarako eta xede estatistiko edo zientifikoetarako erabiliko dela ziurtatzeko ere, izaera pertsonaleko datuak babesteari buruz indarrean dagoen araudian aurreikusitakoaren arabera.

Datuak kudeatzeko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak beharrezkoak diren jarduketak eginen ditu izaera pertsonaleko datuen fitxategi automatizatua sortzeko eta foru lege honetan arauturiko erregistroan jasotako datuak indarrean dagoen araudiaren arabera kudeatzeko.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Eranskina

Haurdunaldiaren borondatezko etendurak egiteko kontzientzia-eragozpenaren adierazpena

Izena: .................................................................................................NAN zenbakia: .......................... Titulazioa (1) ............................................................. Espezialitatea (1) ................................................................... Osasun zentroa: .................................................... Zerbitzua: ................................................................................ Sexu- eta Ugalketa-osasunari eta Haurdunaldiaren Borondatezko Etendurari buruzko martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoaren 19.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, zeinak haurdunaldiaren borondatezko etenduran parte-hartze zuzena duten langileei aitortzen baitie kontzientzia-eragozpena baliatzeko eskubidea,

ADIERAZTEN DUT:

Kontzientziak haurdunaldiaren borondatezko etendurak egitea eragozten didala ondoko kasuetan:

. Haurdunaldiaren lehenbiziko hamalau asteetan.

. Arrazoi medikoak tarteko direnean: haurdunaldia 22 aste baino gehiagokoa ez denean, eta arrisku larria badago haurdun dagoen emakumearen bizitza edo osasunarentzat.

. Arrazoi medikoak tarteko direnean: haurdunaldia 22 aste baino gehiagokoa ez denean, eta umekiak anomaliak izateko arrisku handia badago.

. Arrazoi medikoak tarteko direnean: umekiak bizitzarekin bateraezinak diren anomaliak dituela detektatzen bada.

Baimena ematen dut, adierazpen honen esparruan, kontzientzia-eragozpenerako eskubidea baliatze aldera egokiak, bidezkoak eta ez-gehiegizkoak diren niri buruzko datu pertsonalak jasotzea eta tratatzea.

Sinatzen dut .........................n, 20 ....(e)ko ..............ren .........(e)an
Sinadura: ..............................

oSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUKO zuzendari kudeatzailea. Kalea: ............................................ Zenbakia: ................. Posta kodea: .............................

(1) Ginekologiako eta obstetriziako fakultatibo espezialista / Anestesiologiako eta erreanimazioko espezialista / Erizaintzako diplomaduna / Emagina.

Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetze aldera, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazten du adierazpen hau betetzean emandako datu pertsonalak datuen fitxategi automatizatu batean sartuko direla, haien tratamendurako. Halaber, jakinarazten da datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta aurka egiteko eskubideak balia daitezkeela. Horretarako, idazki bat igorri beharko zaio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketako titularrari.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2010eko azaroaren 8an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1018583