135. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CORTES

Kirol instalazioak erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza.
Behin betiko onespena

Udal honek, 2010eko abuztuaren 12an egin bilkuran, erabaki zuen, besteak beste, hasiera batean onestea Kirol instalazioak erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza.

Iragarkia 2010eko 107. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 3an; horren ondotik, jendaurreko aldia iragan da inork erreklamaziorik aurkeztu gabe; hortaz, behin betikoz onetsitzat jo da, Nafarroako Toki Administraziori buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluarekin bat.

Cortesen, 2010eko urriaren 14an.-Alkate udalburua, Javier Blasco Mendívil.

ORDENANTZA FISKALA, UDALAREN KIROL INSTALAZIOAK ERABILTZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza honetako tasa ezarri da martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legearen 100.5 artikuluari jarraituz, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatu baitzuen, tasen eta prezio publikoen gaietan.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Ordenantza honetako zergapeko egintza da Udalaren kirol instalazioak erabiltzea, haien esparrura sartzean hasita.

3. artikulua. 1. Kirola egin eta gorputza lantzeko Udalaren eraikin, zelai, esparru eta toki guztiak dira kirol instalazioak.

2. Xede hori duten ondasun higigarriak eta kirol instalazioren bati modu iraunkorrean atxikita daudenak halakotzat hartuko dira.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. 1. Pertsona fisikoak, juridikoak edo nortasun juridikorik gabeko subjektuak tasa hauen subjektu pasiboak izanen dira, ordenantza honen 2. artikuluan aipatutako instalazioak erabiltzen badituzte.

2. Ordenantza honi dagokionez, ondokoak dira familia unitateak:

a) Legez berezi gabeko senar-emazteek edo ezkondu gabeko bikote egonkorrek osatua, eta adingabeko seme-alabarik izanez gero, haiek ere bai, salbu eta gurasoen baimenarekin aparte bizi direnak.

b) Aitak edo amak eta seme-alabek osatua, aurreko atalean zehaztutako baldintzak betetzen badituzte.

3. Ordenantza honi dagokionez, pentsiodunak dira, erretiroaren, ezgaitasunaren edo alarguntasunaren ondorioz eta/edo 65 urte baino gehiago izateagatik, honako hauek egiaztatzen dituzten lagunak:

a) Gizarte Prestazioen Erregistroan sarturik egotea, erretiroko pentsioaren klasean, edozein motatakoa izanda ere.

b) Erabateko ezintasuna, baliaezintasun handia, iraunkor eta osoa egiaztatzen dutenak. Azken kasu honetan, gainera, langabezian daudela frogatu beharko dute.

c) 65 urteak beterik izatea.

d) Gizarte Prestazioen Erregistroan sarturik egotea, alarguntasun pentsioaren klasean.

Karga-oinarriak

5. artikulua. 1. Karga-oinarriak dira:

Kirol instalazio guztietarako:

a) Banakako abonamenduetan, adina edo erretiroaren edo alarguntasunaren ondoriozko pentsiodun izaera.

b) Urteko gainerako abonamenduetan, abonatzen diren familia unitateko kideen kopurua.

c) Instalazioetan abonamendurik gabe sartuz gero, erabiltzen den denbora.

Tarifak

6. artikulua. Ordenantza honen eranskinean agertzen dira aplikatuko diren tarifak, eta indarra izanen dute Udalak osoko bilkuran aldatzen ez dituen bitartean.

Tributu-kuota

7. artikulua. Tributu-kuota zehazteko, karga-tasaren oinarriari dagokion tarifa aplikatuko zaio.

Tasen sorrarazpena

8. artikulua. Kirol instalazioak erabiltzeko baimena ematen den unean sortuko dira tasak.

9. artikulua. Ikuskizunak eta gisako jarduerak egiteko, Udalak fidantza bat pausatzea eskatzen ahal du instalazioetan egiten ahal diren kalteez erantzuteko. Baimena, dena den, nahi bada emanen da. Gainera, beharrezkoa izanen da Alkatetzaren ebazpena, jarduera espresuki baimentzen duena, eta erabilera lagatzeko kontratua sinatzea.

Salbuespenak

10. artikulua. 1. Salbuespena izanen dute:

a) Ikastetxeek.

b) Cortesko futboleko kirol klubak, klubaren berezko kirol erabilerarako.

c) Irabazi asmorik gabeko herriko elkarte eta alderdi politiko baimenduek, Retegui pilotalekuan jarduerak antolatzen dituztenean.

Kudeaketa arauak

11. artikulua. Kudeaketa arau hauek Udalaren instalazioetan erabilera arautzen dutenez aparte dira.

12. artikulua. Kirol instalazioak erabiltzeko, bazkide edo abonatu karneta eskuratu behar da.

13. artikulua. Urteko abonatua izateko behar da izena ematea egina eta onartua izatea eta Herritar Txartela edo txartel baliokidea edukitzea, abonatua dela egiaztatzen duena, eta unean uneko ordainagiriaren ordainketa eguneratua izatea.

14. artikulua. 1. Abonatuaren txartela edo Herritar Txartela pertsonala eta besterenduezina izanen da. Karneta beste inori uzteak Udalaren kirol instalazioetako abonatuaren baja ekarriko du berehalakoan.

2. Galera, ebasketa edo narriadura dela-eta txartel edo Herritar Txartel berria egin behar bada, 3 euro ordaindu beharko dira. Inori txartela edo Herritar Txartela ebatsi edo galduz gero, horren berri eman beharko dio berehala instalazioen arduradunari, jakin dezan, eta Herritar Txartel berria eskatuko du Cortesko Udalaren bulegoetan.

15. artikulua. Abonatuek sarbide librea izanen dute, abonatuaren txartela edo Herritar Txartela erakutsiz gero, SPA eremuan, gimnasioan eta kirol instalazioen kanpoaldeko pistetan, betiere jendearendako irekita dauden egun eta orduetan.

16. artikulua. Cortesko Udalak beretako gordeko du kirol instalazio bakoitzak gehienez ere izan dezakeen abonatu kopurua finkatzeko eskubidea.

17. artikulua. Abonatuek beharkizun hauek izanen dituzte:

a) Instalazioa eta haren zerbitzu guztiak tratu ona emanez eta behar bezala zainduz erabiltzea.

b) Gainerako abonatu edo erabiltzaileen aldera behar den errespetua gordetzea, elkarrekiko harremanetarako behar den jokabidea izanez.

c) Beste abonatuen eskubideak errespetatzea, bereziki aldez aurretik emandako orduen erreserbari dagozkionetan.

d) Cortesko Udalak berez edo instalazioko langileen bitartez ematen dituen arau eta jarraibide guztiei men egitea eta horiek betetzea.

Diru-bilketa

18. artikulua. Abonamendu bidez, kuoten diru-bilketa urtero eginen da, herriko banku entitateen bitartez.

19. artikulua. Abonamendurik gabe, berriz, kirol instalazioetan sartzeko kuoten diru-bilketa instalazioko langileek eginen dute bertara sartu baino lehen.

Aldian behin, zeregin hori duten langileek kontuak emanen dituzte Udaleko Diruzaintzan adieraziko zaien moduan.

20. artikulua. Ordenantza honetako 9. artikuluak aipatzen duen fidantza eskatu bada, Udaleko Diruzaintzan ordainduko da, jarduera kirol instalazioan egiteko baimena ematen den unean.

Tributuen arloko arau-hausteak

21. artikulua. Arau-hauste eta zehapenei dagozkien afera guztietarako, Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari eginen zaio men.

22. artikulua. Instalazioen ardura duten langileek sarrera-txartela eskatu eta aurkezteari uko eginez gero, udal kiroldegiaren eremutik kanporatuta zehatu ahalko da.

24. artikulua. Kirol instalazio orotan sarrera-txartelik edo erabiltzeko baimenik gabe sartzea iruzurtzat joko da.

Azken xedapenak

Lehena.-Ordenantza honetan aurreikusirik ez dagoen orotan, Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du behar diren tramiteak bete ondotik eta ondorioak sortuko ditu 2010eko urtarrilaren 1etik aitzina, berrikusi edo indargabetu arte izanen baitu indarra.

TARIFEN ERANSKINA

1. Retegui pilotalekua.

a) Udalaren ''Retegui II'' pilotalekuko lokalak ikuskizunetarako erabiltzea:

-Pertsona fisiko edo juridiko bakoitza 500 euro/eguna.

b) Kantxa erabiltzeagatik: 3 euro/ordua.

2. Udal igerilekuak.

a) Abonamenduak:

-Banakoentzat. Helduak: 45,00 euro. Haurrak, 6 urtetik 14 urtera bitartekoak: 22,50 euro. 6 urtetik beheitikoak: salbuetsiak.

-Familiakoak. Helduak: 40,00 euro. Haurrak: 20,00 euro (gutxienez 3 kidekoak).

b) Sarrerak:

-Lanegunetan: Helduak: 2,80 euro/eguna. Haurrak, 14 urte bitarte: 2,30 euro/eguna. 6 urtetik beheitikoak: salbuetsiak.

-Jaiegunetan: Helduak: 5,00 euro/eguna. Haurrak, 14 urte bitarte: 4,00 euro/eguna. 6 urtetik beheitikoak: salbuetsiak.

3. Udalaren kiroldegia.

a) Kantxa erabiltzeagatik: 13,50 euro/ordua.

4. Kirol Etxea.

a) Gazteak/helduak (16 urtetik goiti).

-Urteko abonamendua: 210 euro (17,50 euro/hilabetea; 0,57 euro/eguna).

-Hiruhilekoko abonamendua: 63 euro (21,00 euro/hilabetea; 0,70 euro/eguna).

-Hileko abonamendua: 36,00 euro (1,2 euro/eguna).

-Hiruhilekoko 9 saiotarako abonamendua: 36,00 euro.

-Eguneko sarrera: 5,00 euro.

b) 65 urtetik gorakoak.

-Urteko abonamendua: 156 euro (13,00 euro/hilabetea; 0,43 euro/eguna).

-Hiruhilekoko abonamendua: 48 euro (16,00 euro/hilabetea; 0,53 euro/eguna).

-Hileko abonamendua: 26,00 euro (0,86 euro/eguna).

-Hiruhilekoko 9 saiotarako abonamendua: 28,00 euro.

-Eguneko sarrera: 4,00 euro.

5. Kirol ikastaroak.

-Astean 2 egun edo gehiagoko ikastaroak: 22,00 euro hilabetean eta 51,50 euro hiruhilekoan.

-Astean egun bateko ikastaroak: 18,50 euro hilabetean eta 44,50 euro hiruhilekoan.

-Hirugarren adinekoendako gimnastika: 22,00 euro/urtea.

-Kiroldegiko 48 orduko txapelketako kuotak, helduendako: 110,00 euro/taldea.

-Kiroldegiko 48 orduko txapelketako kuotak, haurrendako: 65,00 euro/taldea.

-Taldeak garraiatzeko kuotak: 55,00 euro/hiruhilekoa/laguna.

-Kiroldegia erabiltzeko kuotak: 13,50 euro/ordua.

-Klausula: monitorearen kostua ezarritako tasa baino handiagoa bada, hori igoko da kostua berdindu arte.

Iragarkiaren kodea: L1016960