135. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1466/2010 EBAZPENA, irailaren 24koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, "NA135 errepidean (Iruña-Frantzia Luzaidetik), Erroko tunela egiteko lanen Azterlan Informatiboari" buruzko Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du.

Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko prozedura hasteko asmoz, 2008ko ekainaren 18an Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak "N-135 errepidean (Iruña-Frantzia Luzaidetik) Erroko tunela eta Mezkirizko tunela egiteko lanen Azterlan Informatiboaren" laburpen memoria aurkeztu zuen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan.

Proiektuaren ezaugarriak ikusita, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 3B eranskineko C taldeko a) atalean sartuta dago (dekretu horren bidez Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zen). Beraz, erregelamenduan xedatutakoaren arabera, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa behar du.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak 2008ko ekainaren 18an egindako idazkiaren bidez, aldez aurreko kontsulten tramitea egin zen, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 48. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. 23 entitateri egin zitzaien kontsulta, eta zortzik erantzun zuten.

Kontsulten erantzunak sustatzaileari bidali zitzaizkion, Ingurumen eraginaren azterlana egiterakoan kontuan har zitezen. Gainera, Ingurumen eraginaren azterlanaren derrigorrezko edukiari erantsi beharreko alderdi batzuk aipatu zitzaizkion. Jasotako erantzunak eta departamentu honek garrantzitsutzat jotzen dituen ingurumen alderdiak Ingurumen eraginaren adierazpen honen 1. eranskinean agertzen dira laburturik.

2. eranskinean laburturik ageri dira proiektuaren funtsezko datuak, eta 3. eranskinean, berriz, Ingurumen eraginaren azterlanaren alderik aipagarrienak.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak Ingurumen eraginaren azterlana aski dela egiaztaturik, eta abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 50. artikuluaren 2. puntuan xedatutakoarekin bat, zerbitzu honetako zuzendariak 2010eko martxoaren 16an idazkia prestatu zuen, Bide eta Eraikuntza Zerbitzuko zuzendariari igortzeko.

Nafarroako Gobernuak 2010eko maiatzaren 10ean hartutako Erabakiaren bidez, "N-135 errepidean (Iruña-Frantzia Luzaidetik) Erroko tunela egiteko lanen Azterlan Informatiboa", Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu eta jendaurrean jarri zen hilabete batez Ingurumen eraginaren azterlanarekin batera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako, baita Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioetarako ere. Erabaki hori 2010eko 64. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 26an.

2010eko irailaren 10ean, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariak, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 51. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, espedientea bidali dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari. Espedientearen barruan agiri hauek daude: Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren txostena, UPSaren ingurumen eta hirigintza determinazioei buruz; Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren txostena, UPSa jendaurrean egoteko tramiteari buruz; jendaurrean egoteko epean aurkeztutako alegazioak; Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuko Arkeologia Atalak abuztuaren 12an egindako txostena, eta ortofotoen muntaketa bat, proposatutako alternatiba, Iparraldea-Hegoaldea alternatiba hain zuzen, erakusten duena.

Jendaurreko epean zortzi alegazio aurkeztu dira. Alegazioak, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak emandako erantzunak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak egindako iruzkinak Ingurumen eraginaren adierazpen honen 4. eranskinean laburtu dira.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura egoki egin dela. Aukeraturiko alternatibarekin (Iparraldea-Hegoaldea) ados dago, Ingurumen eraginaren azterlanaren barruan aldagai askoren arabera egindako azterketan balorazio altuena lortu duelako ingurumen aldetik.

Ondorio nagusia da obrek ez dutela eragin larririk izanen ingurumenean, nahiz eta, proiektua gauzatzearen ondoriozko ingurumen ukipenak gutxitzeko, prebentzio eta zuzenketa neurri batzuk ezarri diren Ingurumen eraginaren adierazpen honetan, Ingurumen eraginaren azterlanean proposatutakoez gainera.

Proiektuaren ondorioz gehien ukituko diren ingurumen elementuak hidrologia, fauna eta, apalago bada ere, landaredia eta paisaia dira. Arga eta Erro ibaiak gurutzatzeko zubiak egiteak, zenbait erreka (Ibesi, Otsagain, Ziloko eta Mariturri) zuzentzeko obrek eta proiektua burutzeko behar diren azpiegitura osagarriek alterazio moderatuak eragin behar dituzte uren kalitatean eta ubideen geomorfologian. Hortaz, eraginen prebentzio neurriak, ingurumen eraginaren azterlanean eta adierazpen honetan adierazitakoak, zehatz-mehatz bete beharko dira. Gainera, Erro ibaiari dagokionez, tunelaren Ekialdeko ahoa ibaitik hurbil izatearen ondorioz izanen diren eraginak ere kontuan hartu beharko dira.

Faunaren gaineko eragina haren habitata aldatzetik etorriko da, batez ere ibaien ibilbideei lotutakoarena. Gainera, kasu honetan, eragina handiagoa izanen da bisoi europarra (Mustela lutreola) eta karramarro autoktonoaren (Austropotamobius Pallipes) populazio isolatu batzuk ere ukitzen ahal direlako. Lehenbizikoak ibai nagusietan bizi dira, eta bigarrenak, zuzendu beharreko edo zeharkako fabrika-obren bidez gurutzatu beharreko erreka batzuetan.

Bestalde, bide berri hau azpiegiturarik eta bizigunerik ez duen ibar batean eraikiko denez, inguru horretan hazi eta larreratzen den faunari kalte eginen zaio. Kasu honetan, garrantzi handikoa izanen da, besteak beste, pizidoen, baso-saguzarren, orkatzen eta basurdeen populazioen gainean.

Jasoko duen eragina dela-eta, aipatu beharreko beste elementu bat landaredia da, izan ere, zuhaitz autoktonoen unadaren bat kendu behar da, erabilera publikoko mendiak ukituko dira eta, zubiak eraikitzearen ondorioz ukituko diren ibai tarteetan, ibai bazterreko basoak botako dira. Paisaiaren aldaketa etorriko da erliebea aldatuko delako eta lur-erauzketak eginen direlako (batzuetan erauzketa handiak).

Lehen aipatutako eraginak txikiagotzeko, beharrezkoa izanen da, Eraginaren gaineko azterlanean sartutako zuzenketa neurriez gain, Ingurumen eraginaren adierazpen honen baldintzetan sartutakoak ere aplikatzea.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura osorik dagoenez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak Ingurumenaren arloko eskumenak eskuordetzeko urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduaren 1.d artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

1. "NA135 errepidean (Iruña-Frantzia Luzaidetik), Erroko tunela egiteko lanen Azterlan Informatiboari" buruzko Ingurumen eraginaren adierazpena egitea eta proiektua bideragarritzat jotzea ingurumenaren aldetik. Sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da.

2. Proiektua gauzatzeko orduan, Ingurumen eraginaren azterlanean eta proiektuan sartutako zuzenketa neurri guztiez gainera, honako baldintza hauek ere bete beharko dira:

1. Hondakindegien eta instalazio osagarrien kokapena.

-Eraikuntza proiektuan hondakindegietarako proposatutako eremuak integratu beharko dira eta haientzako lehengoratze proiektu bat egin beharko da.

-1. eta 5. hondakindegiak kendu beharko dira. Lehenengoa kenduko da hura erabiltzeko beharrezkoa delako garraiobide astunak Zubirin barna igarotzea. Bigarrena, landaredi naturala duen sakan bati kalte eginen zaiolako. Kasu horretan, sakanaren goi aldean dagoen legez kontrako obra-hondakindegia itxi eta lehengoratzeko behar den lur bolumena botatzen ahalko da, ez gehiago.

-2. hondakindegia diseinatzean, kontuan hartuko da barruan dauden zuhaitz eta zuhaixka hesien kontserbazioa. Horrela, hondakindegia bi eremutan banatuko da, Esteribarko 16. poligonoko 45. eta 47. lurzatiak mugatzen dituen bide zaharrak bereiziko dituena. Lurzatien arteko muga hori, beteko ez dena, hondakindegiaren goiko aldetik datozen urak husteko lerro gisa erabil daiteke. Gainera, Osteriztik 45. lurzatiaren erdialdera arte, ekialdetik mendebaldera jaisten den heskaia kontserbatzeko ahaleginak eginen dira.

-2. eta 3. hondakindegiak handienak dira eta, hurrenez hurren, Arga eta Erro ibaietatik hurbil daude. Hondakindegi horietan, behealdean, iskurketa uren dekantazio putzu bana eraikiko dira, eta eremu osoa berriz landareztatu arte ez dira kenduko.

-Lurra pilatzeko eremuak okupatu baino lehen, lurzoruaren goiko geruza dekapatuko da, 30 cm gutxienez. Material hori obra soberakinek kutsatu ezin duten eremu batean pilatuko da (oro har okupatu beharreko lurzatien goiko aldeetan).

-Nolanahi ere, betelan guztietan, inguruko erliebearekin ahalik eta gehien integratzeko ahalegina eginen da. Eusteko mazelekiko trantsizioak egokiak izanen dira. Azkeneko topografian malda homogeneoak izanen dira, malda ezberdineko azaleren jarraitutasun eza markatzen duten lerro zuzenik gabe. Azkenik, landareztatuko dira, ukitutako zuhaitzen araberako landaketak eginez.

-Soberakinek aurreikusitako bolumena gainditzen badute eta lurren hondakindegi gehiago behar badira edo proposatutakoak handitzea komeni bada, horretarako beharrezkoa den Ingurumen ukipenetarako baimena tramitatu beharko da, 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, arau horren 2C eranskineko O atalean ageri den jarduketa bat baita, batetik, kokalekuak egokienak ote diren ebaluatzeko, eta bestetik, eraginak txikiagotu eta zuzentzeko ingurumen neurriak ezartzeko.

-Bide osagarriak eta makineria aparkatzeko plataformak egin behar baldin badira, ukipenak ahalik eta txikienak izan daitezen proiektatuko dira. Hori helburu, ibaien ibilguetatik eta zuhaiztietatik urrunduko dira, eta hasieratik mugatuko dira, okupatuko diren lurrak argi eta garbi zehazteko.

-Obrak bukatutakoan lehengoratu eginen da jarduketa osagarriek ukitutako eremua. Zerbitzuan segitu behar duten bideetan, paisaian integratzeko lanak eginen dira inguru hurbilarekin egokitzapen fisiografikoak eginez, landare lurra hedatuz, substratua prestatuz, ereinez, hidroereintza eginez eta ukitutako zuhaitz eta zuhaixka espezieen landaketak eginez.

2. Ibaibideen babesa.

-Eraikuntza proiektuan behar diren eremu guztien okupazioa jasoko da, eta orobat, Arga eta Erro ibaien gaineko egiturak eta tunela egiteko behar diren azpiegitura osagarri guztiak ere.

-Arga eta Erro ibaien ibilguetatik ez da ibilgailurik edo makineriarik ibiliko. Gainera, Erro ibaian bereziki, ez da hodiekin edo markoekin pasabiderik eraikiko, ez eta harrizko arekarik ere, inguru horretan "Irati, Urrobi eta Erro ibaietako ibai-sistema" izeneko ES2200025 Batasunaren Intereseko Lekuari ageriko ondorioak eragiten ahal baitzaizkio, obra tokitik 2 kilometro eskasera dagoelako, ibaitik behera. Lanak bi ibai-bazterretatik eginen dira. Horretarako, lanak egoki planifikatu beharko dira ukitutako ibaien bi bazterretan. Nolanahi ere, behin-behineko zubi bat eraiki liteke, tunelaren ekialdeko ahotik Erro ibaiaren beste bazterrean dauden lur-hondakindegietara izanen den kamioien joan-etorri astuna bideratzeko.

-Ingurumen eraginaren azterlanean jasotzen den bezala, Otsagain, Ibesi eta Ziloko erreken ubideratzeak eginen dira haiek "naturalizatzeko" neurriak hartuz. Hori helburu, ibaiaren ohea lurrekin eta harriekin berreginen da, eta bazterretan, harri-lubetak erabiltzen badira, harriak ez dira hormigoiarekin batuko, lurrarekin baizik. Erreken jatorrizko geomorfologia mantenduko da, hala luzetarako profiletan, nola zeharkako sekzioetan.

-Ur-ibilguetako urak uherrak izan ez daitezen, eta mugakideko eremuetan putzurik sor ez dadin, eraikuntza lanak egin bitartean trazaduratik libre dabiltzan urak bideratuko dira. Beharrezkoa bada, jalkin finen dekantazio putzuak eginen dira, isurkin urak drainatze naturaleko sistemetara isuri baino lehen. Karelak, landare sareak edo eusteko putzuak erabiltzea gomendatzen da, ukitutako ur ibilguaren inguruetan obrak bitartean gerta litezkeen higadura prozesuak saihesteko . Gainera, lurra pilatzeko puntuak toki egokietan jarriko dira, adierazitako eraginak galarazi edo txikiagotzen diren tokietan.

-Tunelaren irteeretan barrenetik datozen urak arazteko sistema berariazko bat instalatuko da. Neurri hori bereziki aplikatuko da ekialdeko irteeran.

3. Floraren eta faunaren babesa.

-Landaredi naturalaren gaineko ukipenak txikiagotzeko, behar diren neurriak hartuko dira obrak bitartean lurren okupazioa murrizteko, bereziki Arga eta Erro ibaiak gurutzatzen diren tokien inguruetan. Hori helburu, lur horietan belar-sastrakak garbitzen hasi aurretik, desjabetutako zerrenda zedarrituko da. Zedarritu horrek okupatu beharreko gehieneko eremua mugatuko du, hala obrarako, nola makineria behin-behineko bideetatik zirkulatzeko. Nolanahi ere, ahaleginak eginen dira bide berriaren zelaitzeak mugatutako zerrenda ez igarotzeko. Zuhaitz handienak eta aparteko zuhaitzak arloko teknikari espezialista batek markatuko ditu eta bakoitzari babesa emanen zaio. Berdin jokatuko da balioa duten landare-masekin tarte hauetan:

  • 1+000 - 1+100 k.p.ak.
  • 1+500 - 1+600 k.p.ak.
  • 2+200 - 2+400 k.p.ak.

-Landareak moztu eta sastrakak garbitzeko lanak geldialdi begetatiboetan egiteko planifikatuko dira, alboko landareari eragindako kalteak txikiagotzeko eta ertz-efektua murrizteko. Hondeatzeko makinak sartu aurretik, lanerako eremuaren bazterretan, sasiak eskuz kenduko dira, trazadura osoan. Adarretan egiten diren ebaketak garbi eginen dira, ez da adarrik hautsiko nahiz urratuko, eta zuhaitz nahiz zuhaixken azalak ere ez dira urratuko.

-Ingurumenaren aldetik sentiberak diren eremuen inguruetan (zuhaitzak dituzten aldeak, ibai bazterrak, etxebizitzetatik hurbil, etab.) ez da landare lurrik edo obrarako inolako materialik pilatuko. Trazadura irekitzean inguruan bota behar ez diren zuhaitzen oinarriak ez dira inola ere lurperatuko.

-Belar-sastrakak garbitzearen ondoriozko hondarrak erre eta desagerrarazteko asmorik badago, erreketa egiteko, departamentu honetako Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren administrazio baimena beharko da.

-Aukeraturiko alternatibak (Iparraldea-Hegoaldea) erabilera publikoko 23. eta 66. mendiak ukitzen ditu (Usunberde eta Oihanburu). Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legea garatzen duen Mendien Erregelamenduaren 46. artikuluarekin bat, mendi baten edo oihan lur baten erabilera aldaketa dakarren ekintza edo erabaki guztietan, sustatzaileak justifikatu beharko du erabilera berria interesgarriagoa dela erabilera publikoa baino. Hortaz, obrak hasi baino lehen, departamentu honetako Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuan okupazio horretarako administrazio baimena tramitatu beharko du. Nolanahi ere, galtzen den oihanetako azalera guztia konpentsatu beharko da eta azpiegitura berriak galarazitako basoa berreskuratzera joko da.

-Eraikuntza proiektuarekin batera, landareztatzeko proiektu bat aurkeztu beharko da, non, Ingurumen eraginaren azterlanean proposatutako landareztatze neurriez eta erabilera publikoko mendien gaineko ukipenak konpentsatzeko neurriez gainera, aurrekontuko kontu-sail bat sartuko baita, hasierako ezarpen aldian (landaketa egin ondoko 2-3 urte) zurezko landare-estaldura mantentzeko lanak eginen direla bermatzeko, landareak ongi sustraitu eta behin betiko ezar daitezen. Aurreikusi beharko da, orobat, ur gutxiko aldietan ureztaketak egitea, landare hilak berritzea, zurkaitzak eta oinarriko babesleak berritzea, ongarritzea, inausketak egitea, etab.

-Fauna errepidearen inguruetatik babesteko, eta bizirauteko eta mugitzeko aukera izan dezan, neurri orokor hauek hartuko dira, behar bezala diseinatu eta eraikuntza proiektuari erantsi ondoren:

  • Arekak egokitu eta luzetarako dreinatze obrak egitea. Urlehortarrak, narrastiak eta ugaztun txikiak areketan, kutxetetan eta beste dreinatze obra batzuetan harrapaturik gelditzeko arriskua dagoenez, ihes egin ahal izateko moduan diseinatuko dira, arrapalak edo antzeko baliabideak jarriz.
  • Ingurumen eraginaren azterlanean adierazi den bezala, zeharkako dreinatzeak faunarentzako pasabide gisa egokituko dira, eta alboetan espaloiak jarriko zaizkie, fauna igaro ahal izateko.
  • Arga eta Erro ibaien inguruetan belar-sastrakak kentzeko eta kalea irekitzeko lanak igaraba arruntarentzako (Lutra lutra) eta bisoi europarrarentzako (Mustela lotreola) aldi kritikotik kanpora eginen dira, hau da, ibaietan eta ibai-bazterretan ez da horrelako lanik eginen martxoaren bukaeratik abuztuaren bukaera bitarte, salbu eta obrak hasi aurretik espezie horietan espezializatuak dauden langileek eremua ikuskatu eta egiaztatzen badute jarduketa eremuan ez dagoela inolako gordelekurik edo ezkutalekurik.
  • Nolanahi ere, eta urteko garai guztietan, ukitutako ibai-tarteetan, ibai-bazterrak zehatz-mehatz ikuskatuko dira landare-estaldura kendu aurretik eta ondoren. Lan hori honela eginen da: belarki-landareen eta zuhaixken sastrakak eskuz garbituko dira. Behin hori kenduta, zuhaitzak eta zuhaixkak moztuko dira. Landare-estaldura kendu eta 48 ordu igaro arte ezin izanen da lur mugimendurik egiten hasi.
  • Ildo horretan, izokinaren familiako arrain espezieak babesteko asmoz, obrek ukitutako bi ibai nagusi horien ibilguaren ohea mugitzea dakarten lanak saihestuko dira azarotik martxora bitartean.
  • Obrak hasi baino lehen, obrek ukitutako erreka eta ibai tarteetan dauden karramarro arruntak (Austropotamobius Pallipes) eta amuarrainak (Salmo trutta fario) kenduko dira. Horretarako, obrak hasi aurretik, Aezkoa-Kintoko basozainei abisatuko zaie, arrantza elektrikoa egin eta arrainak harrapatu ondoren, obrek ukitutako tarteetatik goragoko beste batera eraman ditzaten.

4. Higaduraren kontrako babesa, ingurumena lehengoratzea eta paisaiaren integrazioa.

-Lur-erauzketetako eta lubetetako ezpondak ahalik eta etzanenak izanen dira, horien osagaien izaera litikoak berak ezarritako mugapen teknikoak kontuan hartuz. Kasu guztietan, lur eremuarekin elkartzeko ertza biribildu eginen da, lur eremu naturalaren jarraipen itxura izateko.

-Aurretik landare lurra kentzen denean, 30 cm-ko geruza kenduko da gutxienez; lurzoruaren profila sakonagoa izatea aurreikusten den eremuetan 50 cm artekoa izaten ahal da. Hala lortzen diren lurzoru emankorrak pilatu eginen dira eraikuntza aldian, gehienez ere 1,5 m-ko altuera izanen duten pilatan, horrela errazago aireztatzeko eta ez trinkotzeko. Ondorengo kolonizazio prozesuak errazteko, lurraren propietateak mantentzeko sistema bat ezarriko da ereite lana eginez, ureztatuz eta aldian behin ongarrituz. Kentzen den landare-lurra landareztatzeko eta zorua lehengoratzeko lanetan erabiliko da, obrek ukituriko eremuetan.

-Obrek ukitutako eremuak ingurumenaren aldetik lehengoratzeko lanak bidea eraikitzeko lanekin batera eginen dira. Horretarako, obren plan bat prestatuko da, zeinean bi jarduketak eremu eta denbora aldetik nola koordinatuko diren azalduko baita, euriaren ondoriozko higadura arriskuak saihesteko eta lehengoratze neurrien eraginkortasuna ziurtatzeko asmoz.

-Ezponda berri guztietan hidroereintza eginen da, zenbateko malda dagoen kontuan hartu gabe. Lubetetako ezpondetan hidroereintza pasaldi bakarrean eginen da, eta lur-erauzketetan bi pasalditan. Bi kasuetan, bertako belar eta zuhaixka espezieen haziak erabiliko dira. Bertako zuhaixka espezieen haziak %3 izanen dira gutxienez.

5. Zarata eta pantaila akustikoak.

-Ingurumen eraginaren azterlana ikusirik, hautatu den alternatibak bi tartetan gainditzen ditu zaratari buruzko indarreko legedian ezarritako soinu-konfortaren mugak. Eragina zuzentzeko neurrien artean, soinu-pantailak bi tartetan ezarri beharra aurreikusten da: 0+800 eta 6+080 k.p.ak. Lehenbizikoan, gainera, kokatuko den landa ingurunean integratzea aurreikusi beharko da, tarte horretan lehengoratu behar den Done Jakue bidearen mugan instalatuko baita.

6. Hondakinen kudeaketa.

-Proiektua gauzatu bitartean sortzen diren hondakinei dagokienez, Ingurumen eraginaren azterlanean jasotako neurri guztiak bete beharko dira. Eraikuntza proiektuak kapitulu berariazko bat izanen du, hondakinen kudeaketaren gaineko lan guztiak jasoko dituena.

7. Ondare historiko eta kulturala babestea.

-Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2010eko abuztuaren 12an egindako txostenean adierazten da, eremuan egindako azkeneko indusketa arkeologikoen emaitzak ikusita, ez dela inolako berariazko ukipenik aurreikusten aztertutako alternatiba batean ere. Hori kontuan hartuta, neurri orokor gisa, obra fasean jarraipen arkeologikoa eginen da, landare lurretan belar-sastrakak garbituz oinarrizko maila geologikoak lortu arte. Horrek ekarriko du arkeologiako teknikariek lurrak mugitzea dakarten lan guztiak kontrolatzea obran bertan, baita obrak egin ahala erabakitzen diren mailegu, pilaketa edo hondakindegi berrietan ere.

-Aukeraturiko alternatibaren eraikuntza proiektua erredaktatu ondoren, departamentu honetako Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Plangintza eta Laguntza Atalera igorriko da, Done Jakue bidearen ukipenari eta hura lehengoratzeari buruzko txostena egin dezan, izan ere, azpiegitura berriko obrek Done Jakue bidea ukituko baitute Zubiritik hurbil.

8. Ingurumen eraginaren adierazpen honen determinazioak betetzea.

-A135 errepidean (Iruña-Frantzia Luzaidetik), Erroko tunela egiteko proiektua erredaktatu ondoren, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak departamentu honetara igorri beharko du Ingurumen eraginaren adierazpen honetan ezarritako determinazioak bete direla egiaztatzeko agiria.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 53. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, alegazio-egileei eta Esteribarko eta Erroibarko udalei.

Iruñean, 2010eko irailaren 24an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

1. ERANSKINA

Aurretiazko kontsulten tramitearen emaitza

Kontsulta egin zaien erakundeen zerrenda eta eman duten erantzunen laburpena:

Esteribarko Udala

X

Erroibarko Udala

X

Merkirizko Kontzejua

Erroko Kontzejua

X

Biskarreta/Gerendiaingo Kontzejua

Zubiriko Kontzejua

Aurizberriko Kontzejua

X

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua

X

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzua

Vianako Printzea Erakundea

X

Ebroko Ur Konfederazioa

X

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa

X

Nafarroako Unibertsitatea

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

L.A.B. (Langile Abertzaleak Batzordea)

U.G.T. (Unión General de Trabajadores)

E.L.A. (Eusko Langileen Alkartasuna)

CC.OO. (Comisiones Obreras)

Gurelur

EHNE

Ekologistak martxan

Nafarroako Ehiza Federazioa

ADECANA

Entitate hauen erantzunak jaso ziren:

1.-Erroibarko Udala.

2.-Esteribarko Udala.

3.-Erroko Kontzejua.

4.-Aurizberriko Kontzejua.

5.-Ebroko Ur Konfederazioa.

6.-Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa.

7.-Oihanak Kudeatzeko Atala.

8.-Plangintza eta Laguntza Atala.

9.-Ondare Historikoaren Zerbitzua.

1. Erroibarko Udala. Udal honek, Erroko tunelari buruzko kontsulta dela-eta, adierazi du iparraldeko alternatibak nahiago dituela hegoaldekoak baino, ingurumenari kalte txikiagoa egiten diotelako eta hegoaldekoen irteeretan izotz-eremuak egonen direlako neguan. Abeltzaintza jarduera errespetatzeko eskatzen du, eta azienda eta nekazaritzako makineria igarotzeko pasabideak berrezar daitezela. Gainera, eskaera aprobetxatu du edateko uraren eta argindarraren horniduraren gaineko lan batzuk eskatzeko Erroko herriarentzat.

2. Esteribarko Udala. Esteribarko Udala Iparraldeko alternatibaren alde agertzen da, ingurumenari kalterik txikiena eragingo diolako, izan ere, 500 metro gutxiago egiten ditu kanpotik agerian eta harri-lubeta gutxiago izanen ditu.

Eraiki beharreko harri-lubetei dagokienez, eskatzen du ongi integratzeko inguruko paisaiarekin. Landarediari dagokionez, adierazten dute garrantzitsua dela, tunelean sartzeko aldean, errepideak uki ditzakeen haritz autoktonoen masa bat kontserbatzea. Azkenik, N-135 errepidearen eta Magna, S.A. lantegiko sarbidearen arteko trafiko-interferentziari buruzko gogoeta batzuk aurkezten ditu.

3. Erroko Kontzejua. Kontzeju hau Iparraldeko alternatibaren alde agertzen da. Gainera, ukitutako zerbitzuak ongi lehengoratzeko eskatzen du, batez ere alorrretako eta abeletxeetako sarbideak, inguruko nekazaritzari eta abeltzaintzari kalterik ez eragiteko. Azkenik, Erro ingurutik igarotzean bidea mehartzeko eskatzen dute, errepideak bizigune horren gainean izan dezakeen eragina saihesteko.

4. Aurizberriko Kontzejua. Hasierako kontsultan, Erroko tunelaz gainera, Mezkirizkoa ere sartzen zenez, Aurizberriko Kontzejuaren erantzun osoa bere herrigunea ukituko duen saihesbidearen proiektuari buruz da. Beraz, eduki hori proiektu horren eraginaren adierazpenean garatuko da.

5. Ebroko Ur Konfederazioa Iparraldeko alternatibaren alde agertzen da. Alternatiba honek Erro ibaiaren uholde-eremua hartzen du 20 metro zabalean, 100 urteko gertatze-aldian ia uholde-orririk gabe. Gainera, alternatiba horrek lur mugimendu gutxiago eragiten ditu.

6. Udal eta Kontzejuen Konfederazioa. Elkarte honek Aurizberriko Kontzejuak emandako erantzun bera igorri du.

7. Oihanak Kudeatzeko Atala. Erroko tunelak egiteko proiektuari dagokionez, atal honek adierazi du azpiegitura berriak Nafarroako Gobernuaren lur batzuk okupatzen dituela, zehazki Zubiriko eta Orondrizko ondareak. Errepideak oihan lurrak ukitzen ditu eta, trazaduraren hasieran, erabilera publikoko 100. mendia, Zubiriko Kontzejuarena dena. Hortaz, 13/1990 Foru Legea garatzen duen Mendien Erregelamenduan xedatu bezala jokatu beharko da, erabilera berriaren interesaren nagusitasuna justifikatzeko.

Azaltzen dituen ukipen garrantzitsuenak, erabilera publikoko mendien okupazioaz gainera, oihan masaren gaineko ukipenak dira. Uste du Iparraldeko alternatibak Hegoaldekoak baino eragin txikiagoa izanen duela, eta horretarako ere, beharrezkoa izanen dela mozketak egiteko administrazio baimenak eskatzea. Kasu horretan, behar diren konpentsazio neurriak kontuan hartu beharko dira, okupatzen den basoaren azalera bereko basoberritzeak eginez.

Erreken eta ibaien gaineko ukipenari dagokionez, adierazten dute denak Salmonidoen Goiko Eremuan daudela, Nafarroako Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Plan Orokorrean ezarritakoaren arabera. Horregatik, ibilgu horien eta bertako arrain faunaren gaineko eragina txikiagotzeko neurri zuzentzaile batzuk hartu beharko dira.

8. Plangintza eta Laguntza Atala. Atal honek Erroko tunelak Donejakue bidearen gainean izanen duen ukipenari buruzko txostena egin du. Katastroko 98/27/170 eta 98/27/232 lurzatiak ukituko dira. Done Jakue bidearen Nafarroako tartea behin betiko mugatu zuen eta hura babesteko araubidea ezarri zuen abenduaren 14ko 290/1988 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, adierazten dute beharrezkoa izanen dela Donejakue bidearen trazadura lehengoratzea. Lehengoratzeko proiektua garatu ondoren, Plangintza eta Laguntza Atalera igorriko da, hura babesteko behar diren baldintzak ezar ditzan.

9. Ondare Historikoaren Zerbitzua. Arkeologia Atala. Erakunde honen txostenak adierazten du Erroko tunelaren inguruan aztertu den eremuan ez dagoela Nafarroako Inbentario Arkeologikoan edo Nafarroako Monumentu Megalitikoen Katalogoan katalogaturiko elementurik.

2. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Jarduketaren helburua N-135 errepidearen trazadura (Iruña-Frantzia Luzaidetik) aldatzea da, Zubiri eta Erro artean, Erroko gaina tunel baten bidez zeharkatuz. Galtzadak 3,5 metro zabaleko bi errei izanen ditu, eta 1,50 metroko bazterbideak.

5 alternatiba aztertu dira. Bakoitzaren trazadura bereizgarri hauen arabera aztertu da: Zubiriko lotura (Magna baino lehen, edo aurrerago), goranzko mazela (Iparraldetik edo Hegoaldetik) eta tunelaren kokapena. Horrela alternatiba hauek sortu dira: Hegoaldea-Hegoaldea, Hegoaldea-Iparraldea, Iparraldea-Iparraldea, Iparraldea-Hegoaldea eta Iparraldea-Tartekoa.

Proiektua erdiko erreia duen bidegurutze batean hasten da, Magna, S.A. enpresaren inguruetan, N-135 errepidearekin lotzeko. Hortik aurrera, trazadurak ekialdera hartzen du, Arga ibaia gurutzatuz.

Hegoaldeko mazelatik igotzen diren alternatibek Arga ibaian zubi bat egitea proposatzen dute, 30-40-30 neurriko 3 argi-baorekin. Horrela, beheko uren ibilguan pilarerik ez da jarriko. Iparraldeko konponbideetan, Zubiriko lotura azpiko pasabide baten bidez konpondu ondoren, Arga ibaia gurutzatzen da, baina zubi zeiharrago baten bidez Iparraldeko alternatiboetako zubiarekin alderatuta, eta sakan bat ere gurutzatzen da ezkerreko bazterretik. Horrek zubia luzeagoa izatea dakar (140 m, 40-40-40 neurriko hiru baorekin eta 10 metroko tarteak pilareen gainean). Pilareak ibilguaren bazterretan proiektatu dira. Zubiaren azpian, Donejakue bidea lehengoratzea proposatzen da.

Erdiko tartean, tunelaren ahoa eginen da. Bi norabideko hodia izanen da, 3,5 metroko erreiekin eskuinean eta ezkerrean, 1,0 metroko erdiko gunearekin, 1,0 metroko bazterbideekin eta 0,75 metroko espaloiekin. Tunelaren luzera hau da, alternatibaz alternatiba:

-Hegoaldea-Hegoaldea: 2.317 m.

-Hegoaldea-Iparraldea: 1.938 m.

-Iparraldea-Iparraldea: 1.916 m.

-Iparraldea-Hegoaldea: 2.325 m.

-Iparraldea Tartekoa: 2.109 m.

Iparraldea-Hegoaldea, Hegoaldea-Hegoaldea eta tarteko alternatiben azkeneko tartean, tunelaren ahotik oso metro gutxira gurutzatu behar da Erro ibaia, 35 metroko baoa duen zubi baten bidez, eta jarraian, Urrotz-Erro NA-2330 errepidearen gainetik gurutzatu. Egungo errepidearekin lotu baino lehen, Erro ibaia berriz gurutzatzen da egun dagoen zubia aprobetxatuz.

Iparraldea-Iparraldea eta Hegoaldea-Iparraldea alternatibek Erro ibaia zona irekiago batean gurutzatzen dute. Horretarako, 70 metroko zubi bat beharko da, hiru baorekin. Urrozko eskualdeko errepidea ez da gurutzatzen eta Erroko lotura azpiko pasabideen bidez konpontzen da. Erro ibaia bigarren aldiz gurutzatzeko, beste alternatibetan bezala, dagoen zubia erabiliko da.

Azkenik, aukeratu den alternatiba Iparraldea-Hegoaldea da, 2.325 metro luzeko tunela duena. Arga ibaiaren gaineko zubia 140 metrokoa da, eta Erro ibaikoa 35 metrokoa.

3. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterlana

Ingurumen eraginaren azterlanean ingurune fisikoaren elementuen azalpena egiten da, honako hauek bereiziz: ingurune abiotikoa: klima, atmosfera, geologia, edafologia, hidrologia, egoera fonikoa; ingurune biotikoa: landaredia, fauna eta interes kulturaleko guneak, erabilera publikoko mendiak eta Nafarroako oihan ondarea, paisaia, abelbideak; ingurune sozioekonomikoa eta kultur sistema, Donejakue bidea ukitzen duena. Ingurumenaren inbentarioan zehatz-mehatz atzeman dira gako-elementuak, eraginik nabarmenenak jaso ditzaketenak. Azterketa azterturiko alternatiba bakoitzerako egin da (Hegoaldea-Hegoaldea, Hegoaldea-Iparraldea, Iparraldea-Iparraldea, Iparraldea-Hegoaldea eta Iparraldea-Tartekoa).

Eragin nagusiak identifikatu dira ustez eragingarri diren proiektuaren ekintzak eta aldaketa jasan dezaketen inguruneko elementuak gurutzatuz.

Ukipen gehienak ingurune biologikoari dagozkio, izan ere, ukipen eremuan ingurumen balioa duten lekune asko daude. Hala ere, eraginaren kalifikazioa bateragarria da aztertu diren ingurunearen elementu guztietan, landarediaren, faunaren, paisaiaren eta erabileren eta aprobetxamenduen gainekoa izan ezik, hori moderatutzat jo baita.

Eraginik aipagarrienak hauek dira: nolabaiteko balioa duen landaredia desagerraraztea, Arga eta Erro ibaien gaineko ukipena, eta Ibesi, Otsagain, Ziloko eta Mariturri sakanen gainekoa, ubideratuko baitira, hesi-efektua faunaren kalterako, erliebearen eta, horrenbestez, paisaiaren aldaketa eta, azkenik, tunela irekitzearen ondorioz soberako erauzketa lurrak sortzea.

Alternatiba bakoitzaren jarduketak izanen duen azkeneko eragina kalkulatzeko, azterketan gehitze kuantitatiboaren balorazio bat egin da eta aztertutako inguruneko elementu bakoitzari pisu jakin bat eman zaio, zeinak faktore bakoitzak alternatiba bakoitzean izanen duen eraginerako lortutako balio numerikoa biderkatzen duen. Emaitzak ikusita, ondorioztatu da Iparraldeko-Hegoaldeko alternatiba dela ingurumen ukipen txikiena duena. Hortaz, ingurumen ukipenen aldetik hori da aukerabiderik egokiena.

Hondakindegiei dagokienez, adierazi beharra dago denek antzeko eragina sortzen dutela, Erroko 5. hondakindegiak izan ezik, horren eragina handiagoa baita koniferoen landaredi naturala duen eremu batean dagoelako.

Azterlanak aurreneurriak eta neurri zuzentzaileak azaltzen dituen kapitulu bat dauka. Neurri horiek ingurunean ukitutako elementu bakoitzerako ezartzen dira; horrela, atmosferarako, eraikuntza fasean, bideak ureztatzea proposatzen du, eta ustiapen fasean, ezpondak landareztatzea haizearen higadura txikiagotzeko.

Geologiari dagokionez, azpimarratzen da beharrezkoa dela ezpondak egoki diseinatzea (betelanetako ezpondak, 3H/2V altuerakoak gehienez), babes-arekak egin eta tunelaren ahoak paisaian integratu.

Hidrologiari dagokionez, neurri zuzentzaileen helburua da errepideak azalerako hidrologiaren gainean izanen duen hesi-efektua eta makinak ibilgutik igarotzeagatik uraren kutsadura txikiagotzea. Neurri zuzentzaileek ibai bazterrak eta ibilguen zuzenketak landareztatu eta naturalizatzea dute helburu.

Egoera foniko berria legeak ezarritako gehieneko mailak gainditzen diren tokietan pantaila akustikoak instalatuz zuzenduko da.

Ingurune biologikoaz den bezainbatean, prebentzio neurriek bilatuko dute alboko landarediari kalterik ez eragitea, behar-beharrezkoa den eremua besterik ez ukituz, eta horretarako behar bezala zedarriztatuko da. Proposatutako neurri zuzentzaileen arabera, ukitutako eremuak espezie autoktonoekin landareztatuko dira. Konpentsazio neurri gisa, eta Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea betez, ukituko den basoaren antzeko azalera basoberritzeko proiektua aurkeztu behar da. Faunaren gaineko neurrien helburuak hauek dira: obrak burutzeko aldiak kontrolatzea, faunaren korridoreak lehengoratzea, hesi-efektua saihestea eta uraren kalitatea babestea.

Paisaiari buruz hartu beharreko neurriak inguruneko elementuentzat, erliebearentzat eta landareentzat proposatutako berberak dira.

Lurraldeko inguruneari dagokionez, neurriek bilatuko dute lurraren iragazkortasuna mantentzea. Kultur ondarea babesteko, indusketa arkeologiko egokia egitea proposatzen da.

Azkenik, Ingurumena zaintzeko plana nahikotzat jo da. Haren helburu nagusiak dira proposatutako prebentzio neurriak eta neurri zuzentzaileak betetzea, horien eraginkortasunaren segimendua egitea, proiektua gauzatzean azaltzen diren ustekabeko ondorioen kontrola eta izandako eraginen bilakaeraren segimendua egitea.

Ingurumen eraginaren azterlanean erabaki da, neurri zuzentzaileak hartu ondoren, alternatiba onenak Hegoaldea-Hegoaldea eta Iparraldea-Hegoaldea izenekoak direla.

4. ERANSKINA

Jendaurrean egoteko tramitearen emaitza

1. alegazioa.-José Irigaray Gil jauna, Aurizko Udaleko alkatea.

Trafikoa handitu daitekeela arrazoitu ondoren, eskatu du Azterlan Informatiboan egindako trafikoaren aurreikuspenak aztertu eta berriz kalkula daitezela, N-135 errepideko lanek bertako ibilgailuen fluxuan eraginen dituzten aldaketak jasotzeko. Salgaien nazioarteko trafikorako disuasio-neurriak aurreikus daitezela ere eskatu du, errepidea buxatu ez dadin.

Erantzuna: trafikoaren gaineko azterketan adierazten da proiektuaren helburua Nafarroako Foru Komunitatearen eta Frantziaren arteko harremanak hobetzea dela, eta trafikoa %4,59 igotzea kalkulatzen da. Azterlan Informatiboan agertzen diren jarduketekin komunikazioak hobetzeko adierazitako helburuak lor daitezke, eta ez da errepidea buxatuko denik aurreikusten, errepide bat ustiatzeko ohiko epeetan behinik behin.

2. alegazioa.-Enrique Garralda Erro jauna, Erroibarko Udaleko alkatea.

Aurkeztutako alternatiba bakoitzaren aldeko eta aurkako arrazoiak zehatz-zehatz azaltzeko txostena aurkeztuta, ondorioztatu du, bere iritziz, Hegoaldeko alternatiba dela egokiena, izan ere, alternatiba horrek igarotzen duen eremua eguzkitsuagoa da beste proposamenetakoak baino, itzalgune gutxiago ditu, eta dauden finken gaineko eta ingurumenaren gaineko ukipenak txikiagoak dira.

Pantaila akustikoak luza ote daitezkeen aztertzeko eskatu du, eta errepidea hesitzeko aukera aurreikusteko, aziendak errepidea gurutzatzeko biderik izan ez dezan.

Erantzuna: errepidearen diseinuaren xehetasunei buruz egindako zehaztapenak (faunarentzako pasabideak, erreken hustubideak, etab.) eraikuntza proiektua garatzeko fasean aztertuko dira. Aukeratzen den alternatiba edozein dela ere, lurzatietako sarbideak bermatuko dira, eta gainerako errepideekiko gurutzaketa aztertuko da.

3. alegazioa.-Joseba I. Oroz Martínez de Murguía jauna, Erroko Kontzejuko burua.

Adierazi du Erroko Kontzejuak, 2010eko ekainaren 30ean egindako bilkuran hartutako erabakiaren arabera, defendatuko duen alternatiba Iparraldea-Hegoaldea da.

Eskatu du Urrozko errepidearen jarraipena bermatzeko, Aldaburuko pistan azpiko pasabide bat egiteko eta Frantziatik datozen ibilgailuak Errora zuzenean ateratzeko irteera mantentzeko. Ikusmenaren eta entzumenaren gaineko eragina txikiagotzeko, behar diren neurri zuzentzaileak eskatu ditu.

Erantzuna: errepidearen diseinuaren xehetasunei buruz egindako zehaztapenak (azpiko pasabidea, Erroko zuzeneko irteera, neurri zuzentzaileak, etab.) eraikuntza proiektua garatzeko fasean aztertuko dira. Aukeratzen den alternatiba edozein dela ere, Urrozko errepidea mantenduko dela bermatzen da, nahiz eta errepide horretatik egiten diren mugimendu batzuk agian Esnozko eta Orondrizko errepideekiko bidegurutzetik egin beharko diren.

4. alegazioa.-Nicolás Gangutia Pepin jauna, Magnesitas Navarras, S.A. ordezkatuz.

Proiektuaren garrantzia azpimarratu du eta Pirinioetako ibarretarako bideak lehenbailehen hobetu behar direlako ustearekin bat dator. Adierazi du trazadurarako proposatu diren alternatiba guztiak Magnesitas de Navarraren instalazioetatik igaroko direla, eta ukitua izan arren, ez duela horren gaineko inolako jakinarazpenik jaso. Azterlan Informatiboan proposatutako trazadurak berrikusteko eskatu du, edo behinik behin, enpresarekin adostu daitezela, errepidearen trazaduraren ukipenak eta Zubirirekin eta Osterizko errepidearekin lotzeko bideenak ahalik eta txikienak izan daitezen.

Erantzuna: obren hasiera Zubirirantz eramateko aukera aztertuko da.

-Lotura egiteko beste tipologia batzuk aztertuko dira.

-Magnesitas Navarras enpresan eta lotunetik Osterizko errepidean sartzeko adarra lehengoratzea aztertuko da, errepide berritik ahalik eta hurbilen egiteko, edo trazadura mugitzeko, ibaiaren ondoan dagoen lurzatitik eramanez.

5. alegazioa.-Jesús Beaumont Erro, Manuel Beaumont Erro, Cesáreo Beaumont Oroz eta Miguel Beaumont Oroz jaunak.

Adierazi dute N-135 errepidean Erroko tunela egiteko proiektuak beren landa bat ukitzen duela eta ahalik eta azalera txikiena ukitzeko eta lurzatiaren erditik ez eramateko eskatu dute.

Erantzuna: Azterlan Informatiboaren helburua alternatiba bat aukeratzea da. Hortaz, trazadurak oso gutxi gorabeherakoak dira eta ezin daiteke ondorioztatu lurzatia osorik edo partez ukituko den. Lurzatien gaineko ukipenak jendaurrean jarriko dira aukeraturiko alternatibarekin batera, dagokion eraikuntza proiektua garatzen denean.

6. alegazioa.-Pedro M.ª Murillo Echamendi eta Pedro M.ª Murillo Palacios jaunak.

Errepidearen diseinuari buruzko zenbait eskaera egin dituzte: itxitura eta pasabide kanadarrak jartzea, errepidearen eta beste bide batzuen arteko bidegurutzea, azpiko pasabideak egitea, lurzatietarako eta bideetarako sarbideak, abelbideak lehengoratzea eta Urrozko errepidea mantentzea.

Erantzuna: errepidearen diseinuaren xehetasunei buruz egindako zehaztapenak (itxitura eta pasabide kanadarrak jartzea, bidegurutzeak, azpiko pasabideak, abelbideak lehengoratzea, etab.) eraikuntza proiektua garatzeko fasean aztertuko dira. Aukeratzen den alternatiba edozein dela, lurzatietako sarbideak bermatuta geldituko dira. Urrozko errepidea mantenduko dela bermatzen da, nahiz eta errepide horretatik egiten diren mugimendu batzuk agian Esnozko eta Orondrizko errepideekiko bidegurutzetik egin beharko diren.

7. alegazioa.-Sagrario Zabalza Larralde andrea.

Errepide berria Iruña-Erro errepidearen ezkerraldera eramateko eskatu du, eta hori ezinezkoa bada, Urroz-Erro egungo errepidetik ahalik eta hurbilen eramateko. Iparraldeko alternatiba nahiago du.

Erantzuna: Azterlan Informatiboaren helburua alternatiba bat aukeratzea da. Hortaz, trazadurak oso gutxi gorabeherakoak dira eta ezin daiteke ondorioztatu lurzatia osorik edo partez ukituko den. Lurzatien gaineko ukipenak jendaurrean jarriko dira aukeraturiko alternatibarekin batera, dagokion eraikuntza proiektua garatzen denean.

8. alegazioa.-Enrique Garralda Erro jauna.

Tunelekin ados dagoela adierazi du baina bere abeltzaintza jarduera errespetatzeko eskatu du.

Erantzuna: eraikuntza proiektuan, errepidearen eta gainerako bideen trazadurak doitzen direnean, lurzatien eta instalazioen gaineko ukipenak zehaztuko dira. Nolanahi ere, ahaleginak eginen dira eskualdean dauden jarduera guztiak ahalik eta gutxien ukitzeko.

Iragarkiaren kodea: F1016114