1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
1596/2010 EBAZPENA, urriaren 22koa, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektorialeko B-4.1 lurzatiaren xehetasun azterlana, Plazaola Gestión Integral, S.L.k eta Residencial Ripagaina, S.L.U.k sustatua, hasiera batez onesten duena.
Xehetasun azterlan honek B-4.1 lurzatiko eraikinaren sestra gaineko lerrokadura eta eraikinaren konposizio estetikoa arautzea proposatzen du, eraikinaren sustapena aldi berean egiten ez bada edo eraikuntza proiektu bat baino gehiago baldin badaude.
UPSeko I. banaketa eremuko konpentsazio batzordeak sustaturik, Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektorialari egindako aldaketa indarrean dago. Aldaketa hori Hirigintza eta Etxebizitzaren arloan Urgentziazko Neurriak Hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen lehen xedapen iragankorraren 1. idatz-zatian ezarrita dagoenaren babesean egin zen, besteak beste, eta Nafarroako Gobernuaren 2010eko maiatzaren 17ko Erabakiaren bidez onetsi (2010eko ekainaren 4ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala). Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren araudiaren Testu Bategina 2010eko irailaren 20ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
B-4.1, C-9, C-11 eta D-6 lurzatiak birzatitzeko proiektuaren aldaketa tramitatzen ari da. Proiektuak xehetasun azterlan honen xedeko lurzatia ukitzen du, B-4.1.1 eta B-4.1.2 lurzatietan banatuko baita.
Antolamendu xehakatuko determinazioen aldaketa da, xehetasun azterlan baten xede edo eskumena dena.
Xehetasun azterlan honen tramitazioa eta onespena Lurraldearen Antoalmendu eta Etxebizitza Departamentuari dagokio, 35/2002 Foru Legearen 43.1.d) artikulua aplikatuz, plan sektorial bat garatzeko tresna delako.
Ikusirik Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak egindako txostena, eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 127/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Hasiera batez onestea Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektorialeko B-4.1 lurzatiaren xehetasun azterlana, Plazaola Gestión Integral, S.L.k eta Residencial Ripagaina, S.L.U.k sustatua.
2. Xehetasun azterlana jendaurrean egonen da hogei egunez. Epe horretan edozeinek bidezkoak iruditzen zaizkion ohar eta alegazioak egiten ahalko ditu idatziz. Horretarako, interesdunek espedientea eskura izanen dute Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Alondegi kalea, 1-1.a, Iruña).
3. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dutela haren kontra, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Espedientearen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean.
Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.
4. Ebazpen hau igortzea Plazaola Gestión Integral, S.L.ri eta Residencial Ripagaina, S.L.U.ri eta Iruñeko, Uharteko, Burlatako eta Eguesibarko udalei, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2010eko urriaren 22an.-Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusia, Jesús Javier Ascunce Elizaga.
Iragarkiaren kodea: F1017548