134. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 3a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

IRUÑEKO LAN ARLOKO 2. EPAITEGIA

Jakinarazpen ediktua. 464/2010 prozedura

Aranzazu Ballesteros Pérez de Albéniz, Iruñeko Lan arloko 2. Epaitegiko idazkari judiziala.

Aditzera ematen dut: Unai Bidaurreta Azanzak eta Daisy Agustina Vélez Vélezek eskaturik, kaleratzea dela-eta, Área Paternáin Sociedad Anónimaren, Roncesvalles Hostelería, Sociedad Limitadaren eta Soldatak Bermatzeko Funtsaren aurka lan arloko epaitegi honetan bideratu den 464/2010 prozeduran, xedapen zatian hauxe dioen ebazpena eman da gaurko egunean:

Epaitza:

Baiesten dut jarduketa hauek eragin dituen demanda, Unai Bidaurreta Azanzak eta Daisy Agustina Vélez Vélezek sustatua, kaleratzea dela-eta. Horrenbestez, 2010eko maiatzaren 9an gertatu ziren kaleratzeak baliogabeak direla deklaratzen dut eta Área Paternain Sociedad Anónima eta Roncesvalles Hostelería Sociedad Limitada enpresak solidarioki kondenatzen ditut deklarazio horri men egitera eta, beraz, demandatzaileak beren lanpostuetan berriro onartzera, kaleratu aurretik indarrean zeuden baldintza berberekin. Gainera, aipatu enpresak kondenatzen ditut Unai Bidaurreta Azanzari ordaintzera kaleratzearen egunetik epai hau jakinarazten den egunera bitarteko soldata jaso gabeak, hain zuzen 69,23 euro egunean, bai eta aparteko pagen zati proportzionala ere, eta Daisy Agustina Vélez Vélezi ordaintzera kaleratzearen egunetik 2010eko maiatzaren 24ra arteko soldatak eta 2010eko uztailaren 21etik epai hau jakinarazten den egunera artekoak, hain zuzen 43,16 euro egunean, bai eta aparteko pagen zati proportzionala ere. Eta Soldatak Bermatzeko Funtsa absolbitzen dut haren aurka egindako eskakizun guztietatik, deusetan galarazi gabe legez legokiokeen erantzukizun subsidiarioa.

Jakinaraz bekie epaia alderdi guztiei, adieraziz haren aurka erregutze-errekurtsoa jar daitekeela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Lan arloko Salari zuzendua, epaia jakinarazi eta ondoko bost egun balioduneko epean. Horretarako aski izanen da epaia jakinaraztean alderdiak, haren abokatuak, lan harremanetako gradudun elkargokideak edo ordezkariak asmo horren berri ematea. Zilegi izanen da, orobat, adierazitako epean pertsona horiek bertan agertzea edo idazkia aurkeztea. Errekurtsoaren berri ematean, alderdi errekurtsogileak errekurtsoa zuzenduko duen legelaria edo lan harremanetako gradudun elkargokidea izendatu beharko du.

Enpresari ohartarazten zaio, errekurtsoa jarriz gero, horren jakinarazpenarekin batera, lan arloko epaitegi honek Banesto taldean (Banco Español de Crédito Sociedad Anónima, Banco de Vitoria Sociedad Anónima) irekita duen Gordailu eta Kontsignazioen kontuan 150,00 euro sartu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko duela. Kontua Iruñeko Nafarroako Gorteak kaleko 5ean dagoen sukurtsalekoa da (3159 kontu zenbakia, 3159 0000 65 0464 10 prozedura). Halaber, banku eta kontu berean baina aparteko eragiketa batean kondenaren diru kopurua sartu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko du, 3159 0000 67 0464 10 prozedura zenbakia adieraziz. Diru kopuru horren ordez banku-abala aurkez daiteke, abal-emailearen erantzukizun solidarioa jaso beharko duena.

Enpresari ohartarazten zaio, halaber, errekurtsoa jarriz gero, kaleratutako langileari lana eman beharko diola (edo, nahiago badu, lanik egin gabe soldata ordaindu) errekurtsoa tramitatzen den bitartean.

Beraz, epai honen bidez, behin betiko epaituz, hori erabaki, agindu eta sinatzen dut.

Eta Roncesvalles Hostelería, Sociedad Limitadari legezko jakinarazpena egiteko balio izan dezan, non den jakiterik ez baitago, honako hau egiten dut Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin.

Hartzaileari ohartarazten zaio bulego judizialeko iragarki-oholean ebazpenaren kopia jarriz eginen direla hurrengo jakinarazpenak, salbu eta autoenak, epaienak, epatzeenak eta prozedurari amaiera ematen dioten ebazpenenak.

Iruñean, 2010eko urriaren 22an.-Idazkari judiziala, Aranzazu Ballesteros Pérez de Albéniz.

Iragarkiaren kodea: J1017461