134. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1461/2010 EBAZPENA, irailaren 23koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Iratiko Etxeak eta haien ingurunea egokitzeko proiektuaren Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Proiektua Zaraitzuko Batzarre Nagusiak sustatu du.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 3B eranskineko E atalean ezartzen da urbanizazio eta hotel konplexuen proiektuek, aparkalekuen eraikuntza barne, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa behar dutela, baldin eta 79/409/EEE eta 92/43/EEE Zuzentarauen arabera babes bereziko izendatutako eremuetan gauzatzen badira, alde batera utzita proiektu horietan jarduera sailkatuaren udal lizentzia behar duten jarduerak egiteko berariazko instalazioak jartzea aurreikusita dagoen edo ez.

Orreaga-Iratiko Oihana, ES000002 BIL Batasunaren intereseko lekuan eta B-126 HBBn dago osorik ukitutako eremua. Beraz, proiektuak eremu horietan izanen dituen eraginen ebaluazio egokia egin behar da; hori dena, gainera, 92/43/EE Zuzentarauaren 6. artikuluarekin bat.

2009ko azaroaren 6an Otsagabiaren Udalaren idazki bat sartu zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, eta haren bidez Iratiko Etxeen exekuzio proiektua igorri zen, tramitatzeko. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren 2009ko azaroaren 13ko idazkiaren bidez, dokumentazio osagarria aurkezteko errekerimendua egin zen; zehazki, Ingurumen eraginaren azterlan bat, Natura 2000 Sareari eginen zaizkion ukipenen azterketa barnean hartuko duena.

2010eko otsailaren 19an, Zaraitzuko Batzarre Nagusiak eskatutako dokumentazioa igorri zuen, eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena eskatu zien Oihanak Kudeatzeko Atalari, Habitaten Atalari eta Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atalari, zehazteko ea aski diren bai proiektua bai Ingurumen eraginaren azterlana.

Ingurumena Babesteko Esku hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 51. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, espedientea jendaurrean jarri zen. Iragarki hori 2009ko 48. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 19an. Jendaurreko aldian ez zen alegaziorik jaso.

Jendaurreko aldian, apirilaren 29an, beste errekerimendu bat egin zen. Hartan, ingurune naturalaren ukipenarekin lotutako beste alderdi batzuen artean, zaharberritu beharreko bi eraikinetako hondakin urak tratatzeko proiektuaren informazio osagarria eskatu zen. Horri erantzunez, bitan dokumentazio osagarria sartu zen; horietako azkena Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, eta 2010eko irailaren 16ko sarrera data du.

Proiektuaren eta ingurumenean eragina izanen duten ekintzen laburpena adierazpen honen 1. eranskinean jaso dira. Ingurumen eraginaren azterlanaren laburpena 2. eranskinean dago.

Horrenbestez, kontuan izanik Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioko prozedura osorik bete dela, ingurumen ukipen nabarmenik sortu gabe jarduketa egitea badagoela eta Orreaga-Iratiko Oihana, ES000002 BILa eta B-126 HBBa babesteko beharrezko neurriak aurreikusi direla, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak ingurumen arloko eskumenak delegatzeko urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduaren 1.d artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Iratiko Etxeak eta ingurunea egokitzeko Zaraitzuko Batzarre Nagusiak sustatutako proiektuaren Ingurumen eraginaren adierazpena egiten da, ikusirik egin den proposamena ingurumenaren aldetik bideragarria dela. Betiere, ondorengo baldintzak bete beharko dira:

1.-Argi-kutsadura. Eraikin nagusien kanpoko argiek beren eraginaren erradioa eraikinen eta sarbideen ondo-ondoko ingurura mugatu beharko dute. Ez da erabiliko argi zuriko bonbillarik. 23:00 orduetatik aurrera, argiztapena minimora jaitsiko da. Nolanahi ere, prest egonen da betetzeko Argiteria Gaueko Ingurumena Babestearren Antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen irailaren 17ko 199/2007 Foru Dekretua, kontuan izanik aipatutako araudian E1 gisa sailkatutako eremuan eginen dela jarduketa.

2.-Jarduketa eremuetako edozeinetan makinak sartu aurretik, eta adarrak makinak mugitzeko oztopo badira, lan kaleetako edo obren guneetako landaredia eskuz kenduko da. Adarretan egiten diren ebaketak garbi eginen dira, ez dira hautsiko nahiz urratuko, eta zuhaitz nahiz zuhaixken azalak ere ez dira urratuko.

3.-Ezinbestean bota beharreko zuhaitz eta zuhaixkak bakarrik moztuko dira, salbu 3. eremuko aparkalekuko erdigunean dauden laritzak. Horrelakoetan, inguru horretako mendi zaindariari abisatuko zaio, mozteko baimena eskuratzeko.

4.-Geldialdi begetatiboan egin beharko dira landaretzan egiten diren lanak.

5.-Ez dago baimendurik ibaian inolako ibirik egitea; izatez ere, Urtxuria ibaian zubi edo zaldain berri bat egitea baimentzen da, 7. eremuko aparkalekuko gunetik.

6.-Urbeltza ibaitik ura hartzeko, hondakin uren araztegia jartzeko edo Urtxurian zubi edo zaldain berri bat egiteko obretan, ondoko neurriak hartu beharko dira ibilgu eta ur bazterrei lotutako fauna babesteko, bereiziki europar bisoia (Mustela lutreola) eta igaraba arrunta (Lutra lutra) babesteko, eskualde horretan izan baitaitezke horrelakoak:

-Debekaturik dago makinek Urbeltza eta Urtxuria ibaiak ibilguan barna zeharkatzea.

-Ibaietan edo inguruetan jarduketarik egin aurretik egiaztatuko da ez dagoela animalien zulorik edo etzalekurik. Aipatutako espezieak babesteko, eta halako espezierik detektatzen bada, debekaturik dago haien habitat naturalean jardutea apirilaren 1a eta abuztuaren 30a artean.

-Ingurua zehatz-mehatz aztertuko da landare estaldura ezabatu aurretik eta ondotik, eta honelaxe eginen da: belarki-landareen eta zuhaixken sasiak eskuz garbituko dira. Behin hori kenduta, zuhaixkak moztuko dira. Landare estaldura kendu eta 48 ordu igaro arte ezin izanen da lur mugimendurik egiten hasi.

7.-Ez dago baimendurik obrako materialak pilatzea, ezta makinak izateko lekua ingurumenaren aldetik sentikorrak diren tokietan kokatzea ere (Urtxuria eta Urbeltza ibaien ibilguetatik hurbil).

8.-Obrek ukitutako gunea lehengoratzeko kontuan hartu beharko dira, zaharberritu beharreko eraikinen inguruaz gain, sarbideak eta haien ezpondak, bereziki makineria astunak erabiltzen dituenak, uraren hornidurarako eta saneamendurako obren trazadurak, ur biltontziak, jarri beharreko hesi berrien ertzak, etab. Gune horietan denetan lurra oso ongi leundurik geldituko da, harririk gabe, gutxienez ere 30 zentimetroko landare lur geruzaz estalia, eta eskualdeko belar hazien nahasketa batez ereina.

9.-Hondakin uren tratamenduari, uraren kontsumoari eta hondakinen kudeaketari dagokienez, honako jarraibide hauek eman dira:

-Txosten hidrogeologikoaren ondorioekin bat, hondakin urak isurtzeko infiltrazio zangak inguruko ibaietatik ahalik urrutien jarriko dira, gutxienez 9,5 metrora.

-Isurketarako infiltrazio zanga aldean, lurpeko uraren kalitatea kontrolatzeko gunea txosten hidrogeologikoaren gomendioekin bat kokatu beharko da, eta azalean zigilatu eginen da.

-Jarduerak sortutako hondakinak honela kudeatuko dira:

HONDAKINA

EHZ (1)

BUKAERAKO KUDEAKETA (2)

Hirikoen parekoak (bulegoak, aldagelak, jana)

200301

Hondakindegian biltzea (D5)

Papera eta kartoia (ontziak)

150101

Materialaren berreskurapena (R3)

Plastikoa (ontziak)

150102

Materialaren berreskurapena (R3)

Beira (ontziak)

150107

Materialaren berreskurapena (R3)

Hobi septikoaren lohiak

200304

Tratamendua /

Materialaren berreskurapena (R3)

Elikadurako olioak eta urinak

200125

Materialaren berreskurapena (R3)

Bereizgailuetako elikadurako olioak eta urinak

190809

Materialaren berreskurapena (R3)

Multzo elektrogenoetako olio sintetikoak

130206*

Birsorkuntza (R9) /

Balorizazio energetikoa (R1)

Multzo elektrogenoaren motorraren likido hozgarria

161001*

Tratamendu fisikokimikoa (D9)

(1) Hondakinaren kodea, Hondakinak balorizatzeko eta ezabatzeko eragiketak eta Europako Hondakin Zerrenda argitaratzen dituen otsailaren 8ko MAM/304/2002 Aginduaren 2. eranskineko hondakin zerrendaren arabera.

(2) Bukaerako kudeaketaren eragiketaren kodea, Hondakinak balorizatzeko eta ezabatzeko eragiketak eta Europako Hondakin Zerrenda argitaratzen dituen otsailaren 8ko MAM/304/2002 Aginduaren 1. eranskinaren arabera. Tarteko kudeaketa-eragiketak egiten ahal dira transferentzia estazioetan (D15 edo R13), betiere amaierako kudeaketa-eragiketa taula honetan ezarritakoa bada.

(3) Lehentasunezko eragiketa adierazten da lehenik. Eragiketa hori egiten ez bada, hondakin-sortzaileak egokiro justifikatu behar du arrazoia.

-Hobi septikotik ateratako hondakin urak araztetik sortutako lohiak hondakin kudeatzaile baimendun bati eman behar zaizkio, hain zuzen ere materiala balorizatzeko R3 kudeaketa kodea duen eragiketaren bat egiten duen bati. Horien artean izan beharko da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emandako uztailaren 26ko 359/2010 Foru Aginduaren 2. artikuluaren b) letran aurreikusitako tratamenduren bat, nekazaritzarako erabili aurreko etapa gisa.

-Hondakin arriskutsuak kudeatzeko, ongi bereizi, biltegiratu, ontziratu eta etiketatuko dira, eta baimendutako kudeatzaile bati emanen. Horretaz gain, Hondakin Arriskugarriei buruzko Erregelamenduan (uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretua) ezarritako gainerako betebeharrak bete beharko dira.

-Bai multzo elektrogenoaren propano gaseko motorra bai berokuntzako bi galdarak ikuskatu eta kontrolatuko dira, fabrikatzaileak egoki mantentzeko gomendatu bezala, funtzionamendua optimizatze aldera. Horrela, erregai kontsumoa murriztuko da eta atmosferara kutsatzaile gutxiago isuriko dira.

-Titularrak lurpeko uraren kalitatearen autokontrola egin behar du, hilero lagin bat hartuz, instalazioen jarduerak irauten duen bitartean. Hala, analisietan parametro hauek zehaztuko dira: pH, eroankortasuna, DQO, DBO5, N-NH4 eta NTK.

-Instalazioan, guztira, zenbat ur kontsumitzen den kontrolatzeko neurgailuak ezarriko ditu titularrak, bi hornidura biltontzietatik hasita.

-Titularrak erregistro bat izan behar du, formatu egokian eta euskarri informatikoan, instalazioaren eguneroko ur kontsumoari eta lurpeko uraren kalitatearen autokontrolaren emaitzei buruz.

-Titularrak hondakinen ekoizpenaren erregistro bat izan behar du, formatu egokian eta euskarri informatikoan. Hala, kudeatzaile baimenduari hondakinak ematen zaizkion bakoitzerako adieraziko da zer hondakin mota den, data, sortutako kantitatea eta kudeatzailea nor den.

10.-Ingurumeneko teknikari batek emanen du laguntza proiektua gauzatzeko. Obra bukaerako txostena eginen du, eta erregistratutako gorabehera nagusiak zehaztuko ditu, baldin eta halakorik izan bada, baita horien ebazpena ere. Gainera, dokumentu horretan agertuko da obrek ukitutako azaleren bukaerako egoera, azalpen memoria baten eta argazkien bidez.

11.-Obrak bukatu ondoren, eremua garbi-garbi utzi beharko da, obraren hondakinik gabe.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

3. Ebazpen hau igortzea Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, Basozaintzari, Otsagabiko Udalari eta Zaraitzuko Batzarre Nagusiari.

Iruñean, 2010eko irailaren 23an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

1. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Proiektuak ondoko jarduketak ditu, 7 jarduketa eremutan banaturik:

1.-Eraikinak zaharberritzea eta sarbideak zolatzea.

2.-Aparkalekuak egokitzea.

3.-Oraingo askaltegia eta argibideetarako etxola egokitzea.

4.-Urtxuria ibaian ibia egitea.

5.-Hornidura: hornidurarako dauden azpiegiturak hobetzea, eta biltontzi berria. Urbeltza ibaiaren hartune berria. Ponpaketarako kutxeta eta biltontzi berrirako hodiak.

6.-Saneamendua: Iratiko Etxeetako eta HUA berriko hodi igorlea, HUAtik Urbeltzara isurtzea.

7.-Energia hornidura GLP gasaren bidez.

1. Eraikinak zaharberritzea eta sarbideak zolatzea.

Eraikinak.

Oraingo bi eraikinak, basozainen etxea eta ikuiluetako etxea zaharberrituko dira, eta "erregearen etxe" deitutakoaren geldikinak garbituko dira. Eraikinen jatorrizko arkitektura mantenduko da, bai eta tamainak, jatorrizko bolumenak eta itxura ere.

"Basozainen etxea" deitutako eraikinean, eraikitako azalera 346 metro koadro da, eta azalera erabilgarria 713 metro koadro. Eraikinak honako hauek barnean hartuko ditu: taberna, denda, biltegia, sukaldea, komunak, bileretarako gela eta langileen logelak. Goi denboraldian 200 lagun hartzeko moduko tamaina izanen du.

"Ikuiluetako etxea" deitutako eraikinean 227 metro koadroko azalera eraikia dago, eta 376 metro koadroko azalera erabilgarria. Urbanizazioaren aginte koadroak han daude, eta mendizale eta egurgileendako aterpe izanen da.

Erregearen geldikinak finkatu eginen dira eta inguru guztian landaredia kenduko.

Bideak eta sarbideak zolatzea.

Oraingo bide edo bidexketan eginen dira jarduketak. Zenbait bide mota zehaztu dira, kontuan izanik zer zirkulazio mota izanen duten eta ingurune bakoitzak zer moldaketa eskatzen duen. Oro har, zagorra erabiliko da, eta, horretaz gain, errekarriak, pago zureko piezak, zurezko zehar oholak eta baita lurra eta ereintza ere. Bideek eraikinak eta aparkalekuak, oraingo argibideetarako etxola eta Elurretako Andre Maria ermita lotzen dituzte.

2. Oraingo aparkalekuak egokitzea.

Aparkalekua errepidearen eskuin aldean (1. eremua). 25 leku.

Zagorrarekin egokituko da, altzairuzko xaflak erabiliko dira lekuak mugatzeko eta pago zurezko itxitura berria jarriko da, eseritzeko ere balioko duena.

Noizean behin erabiltzeko aparkalekua sarbideko zelaian, aurrekoaren ondoan (7. eremua). 10 leku izanen dira, bisitari asko etortzen diren sasoietarako. Aurreko aparkalekuaren eta proiektatu den honen arteko tartean (bi aparkaleku iraunkorren artean) landaredia zerbait kenduko da, hautatuz.

Zubien arteko oraingo aparkalekua (2. eremua). 25 leku. Trafikoaren norabidea argibide etxolara eramaten duen zubi alderakoa bakarrik izanen da. Horretarako, harrizko zoladura erabiliko da, zur zatiak tartekaturik, eta aparkatze murriztuko lekuak prestatuko dira errepidearen eskuineko aldean. Errepidearen ezkerreko bazterrean, Urtxuria ibaiaren ondoan, ibai ertzean, gutxienez 10 metroko zerrenda utziko da landaredia kendu gabe.

Orain dagoen aparkalekua, argibideetarako etxolaren ondoan (3. eremua). 59 leku. Argibideetarako etxolaren eta aparkalekuaren arteko azalera agregakin ofitikoz zolatuko da. Oraingo koniferoak mantendu eginen dira, eta ez dira ibai ertzak ukituko.

3. Askaltegia eta argibideetarako etxola egokitzea (3. eremua).

Oraingo askaltegia handitu eginen da, zubitik Irabiako uharkako pistetara daraman ibilgailuetarako bidea kenduz, eta altzari egokiak jarriko dira. Argibideetarako etxola askaltegitik aparte mugatuko da, eta zurezko itxiturak berrituko dira.

4. Oinezkoendako ibia Urtxuria ibaian (6. eremua).

Hormigoizko zolata bat jarriko da, eta haren gainean harzola irregularra, junturak estali gabe. Horren bidez ahalbidetuko da, uraren maila baxua denean, oinezkoek ibaia zeharkatzea.

Hormigoizko zolatak neurri hauek izanen ditu: 16 m luze, 2,6 m zabal eta 0,15 m garai. Horren gainean jarriko dira harlauzak, junturak estali gabe. Horretarako, 25 cm zulatuko da ibaiaren zola. (Jarduketa hau ez da ezaugarri hauekin baimentzen).

5. Hornidura.

Oraingo azpiegiturak hobetuko dira (25 metro kubikoko biltzontzia, 920 metroko kotan, eraikinetatik 400 metrora ipar-mendebaldean). Proiektuan jaso da instalazio hori konpondu eta hobetuko dela, eta oraingo hoditeria aldatu eginen dela.

Biltontzi berria. Iratiko Etxeen ur hornidura bermatzeko, biltontzi berri bat eginen da. 40 metro kubikokoa izanen da, eta 20 metro kubikoko bi ganberatan banatuko da: bat ura hartzeko eta tratatzeko eta bestea edateko prestatu den ura gordetzeko.

Hartune berria, ponpaketa kutxeta Urbeltza ibaian eta biltontzi berrirako hoditeria. Ponpaketa putzuak gehienez ere orduko 1,5 metro kubikoko ponpaketa ahalmena izanen du.

6. Saneamendua.

Jatetxe zerbitzua izanen da, taberna eta jantokia izanen dituena, eta, okupazio handieneko egunetan 200 bazkari eman eta 300 bisitari hartzen ahalko ditu. Aurreikusten da eraikinean 8 lagun arituko direla lanean.

Kalkulatu da isurketa, gehienez, eguneko 12 m³ izanen dela, eta gutxienez eguneko 3 m³. Aurreikusi da uraren kontsumoa murrizteko gailuak ezartzea txorrotetan, pixatokietan, dutxetan, komunetan, etab.

Honelako tratamendua proposatu da: dekantazio putzua eta lurzoruan infiltratzea. Aurretratamendua: sukaldean bereizgailu elektromekanikoa + urin bereizgailu estatikoa.

7. Energia hornidura.

Energia ekoizpen sistema autonomoa ezarri behar da: multzo elektrogeno bat. Instalazioa gauez energiaz hornitzeko, baterien kargagailu-inbertsore sistema bat instalatuko da, zeren behar den potentzia oso txikia izanen da multzo elektrogenoak sortutakoaren aldean, eta horrela atmosferaren kutsadura eta hots kutsadura saihestuko dira. Instalatutako potentzia, guztira, 17,90 kW-ekoa da. Instalazio osagarriak: badira 2 galdara 70 eta 200 kW-ekoak, berokuntzarako eta ur bero sanitariorako. Propano gasa erabiliko da erregaitarako.

2. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterlana

Ingurumen eraginaren azterlanak proiektuaren laburpen bat du, haren oinarrizko ezaugarriak azaltzen dituena. Ez da alternatiben ikerketarik aurkeztu, ibaian ibia egiteko aukeren azterketa bat besterik ez.

Ingurumen eraginaren azterlanak badu kapitulu bat non azaltzen baitu zer interferentzia dauden eskualdean egin beharreko beste plan eta programa batzuekin, eta ondorioztatzen du proiektua ez dela bateragarria bakarrik, baizik eta beste plan batzuen helburuak betetzeko laguntza ematen duela, zehazki Pirinioetako LAParen kasuan, izan ere haren barnean gelditzen da ikerketa eremua, nekazaritza turismoko eremu gisa sailkatutakoa.

Ingurunearen deskribapena osoa da, eta Natura 2000 Sareari buruzko kapitulu espezifiko bat jaso du, zeren proiektua Orreaga-Iratiko Oihana BILean (ES 2200002) gauzatuko da. Horretaz gain, proiektuaren eremuan dauden beste babes irudi batzuk hauek dira: Iratiko Oihana-Orreaga Hegaztien Babesgune Berezia -B-126-, Hegaztientzako Eremu Garrantzitsu bat eta Erabilera Publikoko bi Mendi (173. zenbakia, Irati, eta 5. zenbakia, La Cuestión).

Zuzenean edo zeharka ingurunean ukipenak sortzen dituzten proiektuko ekintzak zein diren adieraziz lortzen da eraginak identifikatzea eta baloratzea. Hala, azaltzen da lur mugimenduek eta makineriaren joan-etorriek sortzen dutela eragin handiena obrak egitean. Ustiapen fasean, jarduera turistikoak berak sortuko du eraginik handiena: jendea bertaratzeak, ibilgailuek, zalaparta handitzeak, hondakinak sortzeak, etab.

Natura 2000 Sarearekin izanen diren interferentziak deskribatu dira, eta ondorioztatu da proiektuak ez diola eraginen Orreaga-Iratiko Oihana BILeko balio naturalen osotasunari.

Hori esanik, batez ere natur ingurunean, hots, hidrologian, landaretzan eta faunan, sortzen den eraginaren araberakoa da eraginaren maila eta balorazioa. Eraikuntza fasean, lur mugimendu gutxi izanen da eta ia ez da ukipenik izanen zuhaitz estalduran; eraginik handienak sortuko dira Urtxuria eta Urbeltza bezalako ibilguen egitura aldatzean eta ibai horien uraren kalitatea aldatzean. Horrek ibai horiekin lotutako espezieetan izanen du eragina, bereziki amuarrainetan eta piriniar uhandreetan.

Obretan izanen den eragina neurritsua izanen da, ez horrenbeste ukipenaren neurri txikiagatik, baizik eta ukitutako faunaren berezitasun eta balioagatik. Ez da larritzat hartu, izan ere zentzuzko muga batzuen artean egonen da eragina, kontrolpean, aurreikusitako neurrien arabera.

Eragina zentzuzko mugen artean egonen dela kontrolatzeko, nahitaezkoak izan dira beste neurri hauek ere: obren planak faunarako garai okerrenak saihestea, ibaiei egiten zaizkien ukipenak murriztea, ur bazterretako ukipenak saihestuz, landaretzako ukipenak murriztea, eraikinen ingurutik kanpo sasi garbiketak saihestuz, arrantza elektrikoa, amuarrainen populazioak ukitzea saihestuz, faunarako (saguzarrak) aurreikusitako babeslekuak eta Ingurumen ondorioen azterlanak egin duen Ingurumena zaintzeko programa.

Lehen esan bezala, turismo zentroaren balio-bizitzan izanen diren eragin handieneko agenteak giza presentziaren ondorio dira, eta giza presentzia hori jadanik bada. Eragin hori orekatzeko, tokia hobeki kudeatuko da (uren araztegia, hiri hondakin solidoen bilketa, etab.). Fase honetan, natur inguruneko eragin maila oro har bateragarritzat jo da; nolanahi ere, ingurunearen zenbait osagaik, esaterako paisaiak eta ingurune sozialak, epe ertainean maila positiboak lor ditzakete.

Ingurumen eraginaren azterlanak badu neurri zuzentzaileei eta landareztatzeko neurriei buruzko kapitulu bat. Hartan, jasotzen da aurretik obrek ukitutako eremuetatik kendutako zotalak hartuko direla eta Urtxuria eta Urbeltza ibaien ertzetatik kendutako landaretzaren zati bat berreskuratuko duten landaketak eginen direla.

Ingurumena Zaintzeko Planak zenbait ekintza jaso ditu, helburu hauetarako: okupazioaren mugak kontrolatzea, ur ibilguen kontrola, Ingurumen eraginaren azterlaneko eta Ingurumen eraginaren adierazpeneko neurri zuzentzaileak aplikatzearen kontrola eta obra bukatzeko lanen kontrola.

Ingurumen eraginaren azterlanak sintesi dokumentu bat du bukaeran.

Iragarkiaren kodea: F1016113