1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1444/2010 EBAZPENA, irailaren 21ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Untzueko Udal Plan Orokorrari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Untzueko Udalak sustatu du plana.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3A eranskinaren B) 1. atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrei Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.
Hirigintzako udal plana 2010eko martxoaren 8an onetsi zen, eta 2010eko 41. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 2an. Ez da ingurumen arloko alegaziorik aurkeztu.
2010eko martxoaren 31n sartu zen Untzueko Udal Plan Orokorraren dokumentazio osoa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, eta haren barnean, Ingurumen ondorioen azterlana.
Untzueko Udal Plan Orokorraren xedeak dira, besteak beste, egungo hiri sarea finkatu eta hobetzea; bizitegietarako, ekipamenduetarako eta jarduera ekonomikoetarako lurzoruaren beharrei erantzutea; nekazaritzako eta abeltzaintzako ibilgailuen sarbidea erraztuko duen ingurabidearen trazadura definitzea; paisaia, ikuspegiaren zati den aldetik, elementu garrantzitsutzat hartzea; landa lurrak babestea, naturaren, paisaiaren eta kulturaren aldetik duten balioaren arabera; eta egun dauden ibilbideak eta Artederretako jostetagunea sustatu eta babestea.
Planaren arabera, bizitegien neurrizko hazkundea aurreikusten da, gaurko hirigunea finkatuz eta iparralderantz eta ipar-ekialderantz garatuz, osotara 1,7 hektarea izanen dituen azaleran. Industrialdea egiteko utzitako eremua 13 hektareakoa da, eta trenbidearen eta N-121 errepidearen artean egonen da, Artederreta deituriko eremuan, hain zuzen. Hori kokatzeko zenbait alternatiba aztertu dira, eta horretarako, lurzoruaren erabilerak, irisgarritasuna eta ikusgarritasuna eta eragindako ondorioak baloratu dira. Azkenik, zerrategiaren ondoko lurretan egitea erabaki da.
Hirigintzako udal planaren proposamenek 18,2 km²-ko udal esparru osoan izanen dute eragina. Bertako ingurumenean eta paisaian honako unitate hauek identifikatu dira, izan ere, fisiografiaren, landarediaren eta gizakiaren esku-hartzearen aldetik, paisaiarekiko homogeneoak eta gainerako unitateekiko ezberdinak dira: baso autoktonoak, sastrakadi mediterraneoak eta erdi mailako mendiko larrediak, basoberritzeak, lehorreko alorrek eta sastrakek osatutako mosaikoa, ibaibideak, ibaiertzak eta hezeguneak, harkaitzak eta malkarrak, lehorreko alorrak, josteta eta aisirako guneak, egoera txarrean dauden eremuak eta hiri eta industria trazadurak, eta garraio sareak ukitutako eremuak.
Ingurunearen azterlanean, ingurune fisikoaren klima, erliebea, geologia, hidrologia eta airearen kalitateari buruzko datuak bildu dira. Untzue Alaitz mendilerroaren hegoaldeko hegalean dago, eta Orbaibar osatzen duten 27 herrietan iparralderago dago. Udal mugapearen zati handi bat Alaitz mendilerroaren adarretan dago. Mendilerroaren hegoaldeko muturrari Untzueko Haitza deritzo. Azaleko sare hidrologikoan, urtaroko sakan txikiak eta Arrusia erreka daude. Azken horrek, Mairaga errekarekin batera, Cidacos ibaia sortzen dute Mendibilen.
Azterketa bioklimatikoan eta geobotanikoan oinarriturik, eremu mediterraneo horretan berezkoa den landarediaren serieak eta geoserieak identifikatu dira. Alaitz mendilerroaren adarretako pagadiak (9150 habitata), hariztiak, erkameztiak (9240 habitata) eta karraskadiak (9340 habitata) udalerriaren iparraldean hedatzen dira, nekazaritzarako zailak diren lurretan. Sastrakadiak ere azalera handietan zabaltzen dira, larreekin eta basoekin batera mosaikoa osatuz. Sastrakadi horien artean daude, besteak beste, ipurudiak (5210 habitata), otadiak, ezkaiak, otabera duten sastrakak eta Echinospartum horridum espezieko sastrakak. Hego-mendebaldean karraskadi ugari daude, eta baso autoktonoaren aztarna gisa altxatzen dira, nekazaritza gunean integratuak.
Ibaiko paisai nagusien artean nabarmentzekoa da ibarbasoa. Bere kontserbazio maila hobe daiteke, baina interes ekologiko handikoa da, izan ere konektore biologikoa izan daiteke eta berreskuratzeko ahalmen handia du.
Lurzoru urbanizaezinaren trataera Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 94. artikuluari lotuta dago. "Babestu beharreko lurzoru urbanizaezina" kategoriaren barnean "Ingurumen aldetik balioa duen lurzorua" azpikategoria dago, eta bertan, honako hauek sartzen dira: Cidacos ibaia eta udalerriko erreka guztiak (babes zerrenda 25 metrokoa da albo bakoitzean), hezeguneak eta iturburuak, onura publikoko mendiak (679. zenbakia, San Bernabé eta Hayedo) eta oihan ondarea. Aztarnategi arkeologikoak, Orbaibar-Andia Errege Altxonbidea eta 31. iraganbidea ere sartu dira, beren balio kulturala dela-eta.
Udal mugapearen gainerakoa zaindu beharreko lurzoru urbanizaezina da, zenbait azpikategoriatan banatuta. Ondokoak ere aintzat hartuko dira, ingurumen aldetik duten balioagatik: oihan lurzorua (zuhaitz eta zuhaixka masak), ibai inguruak, hezeguneak eta iturburuak, lehorreko alorrek eta sastrakadi mediterraneoak osatutako mosaikoa, josteta eta aisirako guneak, paisaia aldetik balio handia duen lurzorua, harkaitzak eta malkarrak. Aipagarriak dira, halaber, Untzueko Haitza eta San Bartolome Haitza, izan ere formazio geologiko horiek paisaian duten kokalekua dela-eta, eskualde mailako mugarriak dira. Udalerriaren erdialdetik zabaltzen diren laborantza-eremuak nekazaritza eta abeltzantza aldetik ustiatzeko balioa duten lurzoruak dira. Harrobi zaharrek okupatutako lurzoruak, San Bernabeko hegalean kokatuak, jarduera berezietarako lurzorutzat hartzen dira, xedea baita espazio horiek aisirako eta jostetarako erabiltzea.
Planak eragin moderatua izanen du lurzoru urbanizaezinean, izan ere aurreikusitako hiri garapenak egungo hirigunearen inguruetan eta azpiegitura nagusiaren mendebaldean (A15) kokatzen dira; hala, laborantza-eremuak edo landaredi erruderalenak okupatuko dira. Elementu natural garrantzitsuenak errespetatuko dira, esaterako, herria zeharkatzen duen sakana eta karraskadia. Azken hori pasabidearen antzekoa da, faunari iraganbidea errazten baitio bide azpiegitura nagusietatik (trenbidea eta autopista). Balorazio orokorrari dagokionez, deuseza da ondare kulturalari dagokionez; positiboa gizarte eraginari dagokionez, eta negatiboa (intentsitate txikikoa) ondare naturalari dagokionez.
Oinarrizko azpiegituren haritik (hornidura, saneamendua, hondakin solidoen bilketa, sare elektrikoa eta gasa), hornidura bermatutzat jotzen da udal planean jasotako aurreikuspenetarako.
Bestalde, aipagarria da hirigintzako planean zenbait eremu aintzat hartu direla, horiek paisaia aldetik duten balioagatik. Horien artean dago, esaterako, laboreek eta sastrakadi mediterraneoak osatzen duten mosaikoa, paisaia gizatiartua, Nafarroako erdialdearen adierazgarri, natura aldetik balio handia duena eta fauna ugari biltzen duena. Halaber, aipatzekoak dira Untzueko Haitzako eta San Bartolome Haitzako harkaitzen eta malkarren berezitasuna, hauskortasun handikoak baitira.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak aditzera eman du Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura bete dela, eta aldeko txostena eman du, udalerriko zonifikazio akustikoa aurkezteko baldintzarekin.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez emandako eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Untzueko Udal Planari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egitea eta ingurumenaren aldetik egokia dela adieraztea.
2. Ingurumen ondorioen adierazpen hau baldintza hauek betez gero emanen da:
-Zaratari buruzko azaroaren 18ko 37/2003 Legean eta urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuan ezartzen denez, udalerriko zonifikazio akustikoari dagokion mugaketa bilduko da, errege dekretuaren 5. artikuluan adierazitako metodologiari jarraikiz. Soinu kalitaterako helburuak 1367/2007 Errege Dekretuaren 14. artikuluan adierazitakoak izanen dira zona bakoitzerako.
-Xede horiek zona akustiko bakoitzean betetzen direla bermatuko da. Industrialdearen kasuan, eremu hori garatzen duen hirigintzako tresnak bermatuko du xede horiek betetzen direla.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Untzueko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2010eko irailaren 21ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
Iragarkiaren kodea: F1015693