1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
591/2010 EBAZPENA, irailaren 30ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena "Goi hornidura. Lesaka-Bera baterako soluzioa. Jarduketak Beran 1. fasea eta Ibardin-Bera saneamendu loturaren separata" izeneko proiekturako. Berako Udala da sustatzailea.
2010eko maiatzaren 17an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko N atalean sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Foru Dekretu horren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela, eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.
Espedienteari errekerimendua egin zitzaion abuztuaren 13an, ingurumen ukipenetarako azterlana aurkezteko eskatuz. Sustatzaileak irailaren 20an bete zuen errekerimendua.
Espedienteak aldeko txostena du, Berako Udalak emana, proiektuaren hirigintzako bateragarritasunari buruz.
Behin-behineko soluzioa, egungo eta geroko sarearekin bateragarria dena, ezartzea du xede proiektuak, Ibardin edateko moduko urez hornitzeko, harik eta "Bera, Lesaka eta Etxalarko goi horniduraren azterlanaren eguneratzea" izeneko plan zuzentzaileko lanak osatu arte. Horretarako, Ibardingo bi biltontziak hornitu gogo dira Arizmendiko bidetik barna doan kanalizazioa baliatuta Usategietako bidegurutzean (2.723 m hodi sarbideen paraleloan) den tratamenduko biltontziraino, hor udalaren ur sarearekin lotzen baita. Hortik, Erentzun egin gogo den putzu bat elikatuko da, bertatik ura Ibardingo biltontzietara ponpatzeko.
Aipatu hoditeriaren zangaren trazadura baliatuta, Ibardingo hondakin uren saneamendua konpondu gogo da. Horretarako, polietilenozko hoditeria ezarriko da Ibardingo hondakin uren araztegiaren eta Berako Udalaren kolektorearekin, Usategietan, egin gogo den lotunearen artean.
Hoditeria hartuko duen zanga bideen paraleloan joanen da, zenbait zatitan oihanekin eta erabilera publikoko mendi batekin muga eginez. Kalea irekitzeak ukipena izan dezake intereseko landaredi naturalean eta, bereziki, harizti eta txilardi atlantikoetan, baina aurreikusi den metodoarekin (hoditeria uneoro bide bazterrean doa) eta kontuan hartuta, Ibardingo Erreka gurutzatzeko, hodia zubiaren taula azpitik sartuko dela, ez dirudi ingurumenaren gaineko ondorio handirik dagoenik.
Proiektua eta jarduketa eremua ikusirik, espedientea osaturik dagoela eta nahikoa dela egiaztaturik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea "Goi hornidura. Lesaka-Bera baterako soluzioa. Jarduketak Beran 1. fasea eta Ibardin-Bera saneamendu loturaren separata" izeneko proiektuari, Berako Udalak sustaturik.
2. Ingurumenari buruzko baldintza hauen mende egonen da baimena:
-Laneko kalea irekitzen den aldeetan gehienez ere 8 m zabal izanen da, inguruan zuhaitzak badaude, eta uneoro saihestuko da erabilera publikoko mendiak eraginik izan dezan. Ahal dela, ukitutako bideetan beretan irekiko dira zangak.
-Zangak irekitzearen ondorioz pilatutako lur soberakina zabortegi baimendu batera eramanen da, edo lurzatian berean hedatuko, alboko lursail naturalekin egokitu eta azalerek fisiografikoki bat egin dezaten.
-Indusketa lanekin hasi aurretik landare-lurraren geruza kendu beharko da, gutxienez 30 cm-koa. Kentzen den lurra landare-lurra berrezartzeko eta zorua lehengoratzeko izanen da obrek ukituriko azalera osoan.
-Lur hondeaketen ondoriozko hondakinik sortzen bada, hondakin kudeatzaile baimendun batek eramanen ditu horiek balioztatzeko plantetara edo inerteen zabortegira, behin tratatu eta gero.
-Landaredi naturala eta heskaiak ukitzen diren tokietan, lehengoratu eginen dira zuhaitzak edo zuhaixkak, horiek sartzerik den inguruetan (hoditeria pasatzeko zortasun zerrendan ez da landatuko). Landareztatze lanetan, bertako espezieak eta inguruneari egokitutakoak erabiliko dira. Ponpatze estazioaren inguruko lurra guztiz profilatuta geldituko da, landare lurraz estalita eta ereinda.
-Lanak bukatu ondoren, proiektuaren eragin eremuan ez da obra arrastorik geldituko eta obretarako instalazio guzti-guztiak kendu beharko dira.
Hirigintza arlokoak:
-Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian organo eskudunei eskatu eta gero.
3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzura eta Berako Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2010eko irailaren 30ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1016292