1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
589/2010 EBAZPENA, irailaren 30ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena baldintzapean ematen diona "Tentsio ertaineko 10 kV-eko aireko linea elektrikoaren erreforma, C.D. Burgi-S.E.T. Erronkari, Burgiko eta Erronkariko (Nafarroa) udal mugapeetan" izeneko proiektuari. Endesa Distribución da sustatzailea.
2010eko abuztuaren 31n Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) atalean sartuta dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Foru Dekretu horren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela, eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.
Proiektatu den jarduketa Pirinioetako plan estrategikoaren barrenean sartzen da, eta Nafarroako Gobernuak zein ukitutako toki entitaeek bultzatzen dute. Jarduketa horien esparruan, Erronkaribarko herrietako hornidura elektrikoaren kalitatea hobetzea du helburu proiektuak, egungo legedian eskatzen diren parametroen barrenean.
Endesa Distribuciónek aurkeztu duen proiektuak franko aldatzen du hasierako proiektua, 2006an onetsi zena Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 26ko 204/2006 Ebazpenaren bidez. 2006ko proiektuak zirkuitu bikoitzeko aireko linea, 45/10 kV-ekoa, aurreikusten zuen, Burgiko C.D.ren eta Erronkariko S.E.T. artean, 10 kV-eko linearen trazadurari jarraitzen ziola; aldiz, proiektu berriak zirkuitu bikoitzeko linea, 10/10 kV-ekoa, proposatzen du, 2006an proiektutako linearen trazadura beretik.
Proiektatu den lineak balio ekologiko handiko lurrak ukitzen ditu, Erronkariko arroila zeharkatzen du paraleloan eta San Miguel mendilerroko B-128 HBBren (92/43/EEE Zuzentaraua) mendebaldeko mugatik eta San Miguel mendilerroko ES-2200028 eta Eska eta Binies ibaien ES-2200027 BILetatik (92/43/EEE Zuzentaraua) 500 m baino hurbilago. Ugatza berreskuratzeko planaren (apirilaren 4ko 130/1991 Foru Dekretua eta abenduaren 10eko 95/1995 Foru Dekretua) aplikazio eremuan sartzen da.
Ingurumenaren gaineko azterlanak eta landarediaren gainekoak ekainaren 26ko 204/2006 Ebazpenean eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2008ko maiatzaren 8an neurri osagarriei buruz egindako txostenean ezarritako neurri zuzentzaileak betetzen direla frogatzen dute; orobat, hegaztiak elektrokuta ez daitezen eta goi tentsioko aireko linea elektrikoak jo ez ditzaten (apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretua eta abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua), haiek babesteko araudiari egokitzen zaiola proiektua.
Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aditzera eman duenez, neurri zuzentzaileak sartu direnez, linea berriek eragindako ingurumen ukipena bateragarria da ingurumenaren babesarekin.
Espedienteak Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren eta Burgiko eta Erronkariko udalen txostenak jasotzen ditu.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Endesa Distribución enpresari, "Tentsio ertaineko 10 kV-eko aireko linea elektrikoaren erreforma, C.D. Burgi-S.E.T. Erronkari, Burgiko eta Erronkariko (Nafarroa) udal mugapeetan" izeneko proiektua egin dezan.
2. Baimen honetarako, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariaren 204/2006 Ebazpenean eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2008ko maiatzaren 8an neurri osagarriei buruz emandako txostenean ezarritako neurri zuzentzaileak bete beharko dira, baita landarediaren gaineko 2010eko abuztuko azterlanean eta ingurumenaren gaineko txostenean sartutakoak ere. Ondoko baldintza hauek bete beharko dira:
-Hegaztiak elektrokutatzeko arriskua gutxitzearren, aireko-lurpeko konbertsio bikoitzeko euskarriko autobalbulak aurremoldeatutako BCAC ("Bushing connection animal cover") estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira linea hasieran.
-Obra hasi aurretik, lanen kronograma aurkeztu beharko da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, helikopteroz ezarriko diren euskarriak eta horretarako programatu diren hegaldiak zehaztuta.
-Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
3. Baimen honek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Obrak hasi baino lehen, ezinbestekoa izanen da 30.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, haiek konpondu edo txikiagotuko direla bermatzeko, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Jabetzak fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, obrek irauten duten denboran ikuskatzailetzari aurkezteko.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legearen 48.2 artikuluarekin bat, ebazpen honen jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzura, Basozaintzara, Burgiko eta Erronkariko Udaletara eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2010eko irailaren 30ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1016293