134. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

233/2010 EBAZPENA, urriaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko idazkari nagusi eta Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendariaren ordezkoa izendatzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 41.2. artikuluaren arabera, administrazio organoetako titularrak ordezten ahalko dira kargua hutsik dagoenean edo titularrak kanpoan edo eri daudenean edo beste edozein arrazoi pertsonalengatik ezin dutenean.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 8. artikuluak Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko erakunde autonomoei ematen dizkie foru dekretu horren 3., 5. eta 6. artikuluetan aipatutako eskudantziak, nork bere zerbitzuko langileei dagokienez.

Hori horrela, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 3. artikuluko c) atala aplikatuz, erakunde autonomoek eskumena dute beren administrazio organoetako titularrak aldi baterako ordeztuko dituzten langileak hautatzeko, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo kargua hutsik dagoenean.

Halaber, irailaren 3ko 117/2007 Foru Dekretuaren 16 bis.3 artikuluak ezartzen du zuzendari kudeatzaileak izendatuko duela idazkari nagusia, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zerbitzuko zuzendarien artetik hautatuta. Izendapenaren gaineko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak, irailaren 14ko 87/2007 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko idazkari nagusi izendatu zuen Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendaria.

Horrenbestez, eta aipatu ordezkapena arautze aldera, irailaren 3ko 117/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoaren Estatutuetako 15. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko idazkari nagusi eta Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendariaren kargua hutsik dagoenean edo hura kanpoan edo eri dagoenean ordezkapen hurrenkera hau ezartzea:

1.-Prestakuntza Zerbitzuko zuzendaria.

2.-Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzuko zuzendaria, aurrekoa falta denean.

3.-Politika eta Zerbitzu Publikoen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, aurrekoak falta direnean.

2. Indarrik gabe uztea Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen azaroaren 23ko 131/2007 Ebazpena, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko idazkari nagusi eta Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendariaren ordezkoa izendatu zuena.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko urriaren 5ean.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Eguilaz Gogorza.

Iragarkiaren kodea: F1016498