130. ALDIZKARIA - 2010eko urriaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARES

Ordenantza, Sustapen pribatuaren bidez Garesko Alde Zaharreko etxebizitzak zaharberritzeko laguntzak arautzen dituena.
Behin betiko onespena

Garesko Udalak, 2009ko ekainaren 12an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea, aho batez erabaki ere, Sustapen pribatuaren bidez Alde Zaharreko etxebizitzak zaharberritzeko laguntzak arautzen dituen ordenantzako aldaketa.

Jendaurreko epean inolako alegaziorik aurkeztu ez denez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoarekin bat, argitara ematen da ordenantzaren testu osoa.

SUSTAPEN PRIBATUAREN BIDEZ GARESKOA ALDE ZAHARREKO ETXEBIZITZAK ZAHARBERRITZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da herriko etxebizitzen parkea arrazoi sozial eta interes orokorrekoengatik sustatu eta dinamizatzeko diru-laguntzak arautzea, herriko alde historiko artistikoan eraikinak zaharberritzeko lanei laguntza eta bultzada emanez, zehazki, eraikin adierazgarri batzuetan obrak egiteko sustapen pribatuaren bidez, hala nola, fatxadak, balkoiak, moldurak, teilatuak, erlaitzak, teilatu-hegalak, erretenak, zorrotenak, kanpoko zureria, pintura eta dekorazio orokorrak zaharberritzea; ordenantza honen babesean ez dira inola ere egonen eraikin berriak egin eta/edo egungoak ordezteko lanak, zaharberritze lanetarako 287/1998 Foru Dekretuan (62.2 artikulua) adierazitako mugetatik kanpo.

2. artikulua. Baldintza orokorrak.

Udal laguntza jaso dezakete aurreko artikuluan aipatu diren obrek, baldin eta bermatzen bada eraikinak, itxuraz, egitura aldeko segurtasun baldintzak betetzen dituela.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

Laguntzak Nafarroako Gobernuak foru agindu bidez zedarritua duen Garesko alde historiko artistikoaren barruan dauden eta 50 urtetik gora duten eraikinetan egindako lanei baizik ez zaizkie aplikatuko.

4. artikulua. Udalaren laguntza motak.

Laguntzak Garesko Udalak onuradunei eginiko diru-laguntza edo ekarpentzat hartuko dira, ordenantza honetan arautzen diren baldintzetan. Honelakoak izaten ahal dira:

-Obren exekuzioak zergapetuko lituzketen udal zergen gaineko diru-laguntza, portzentajezkoa, aldez aurretik onuradunek dagozkien eskubide eta tasa guztiak ordaindu beharko badituzte ere.

-Eremu publikoa material eta aldamioekin okupatzeko tasaren gainean, gehienez ere 4 hilabete (okupatutako azalera zenbatekoa den udal zerbitzuek zehaztuko dute obraren beharren arabera).

-Obretarako diru-laguntzak, ordenantza honen 1, 2 eta 3. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

5. artikulua. Udalaren baliabide ekonomikoak.

Udalaren aurrekontuetan ageri dira ordenantza honetan aurreikusitako laguntzei aplikatuko zaizkien baliabide guztiak; beste kontu-sail batzuk ere erabiltzen ahal dira, helburu horretarako espres direnak agortuz gero.

6. artikulua. Laguntza ekonomikoen onuradunak.

Udalaren diru-laguntzak eskuratzen ahal dira baldin honako hauei eskatzen zaizkien baldintzak betetzen badira:

a) Eraikin osoen jabeak.

b) Jabeen elkarteak, beren organo zuzentzaileak badira jarduketak bultzatzen dituztenak.

c) Etxebizitzen errentariak, Hiri Errentamenduei buruzko Legearen xedapenen arabera.

7. artikulua. Laguntza ekonomikoen zenbatekoa.

Diru-laguntzaren zenbatekoa izanen da 1. artikuluko lanen exekuzio materialerako aurrekontuaren %25 adinakoa, gehienez ere 600 euro, eta Eraikin, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren tributu likidazioaren %50, gehienez ere 900 euro.

8. artikulua. Laguntzen tramitazioa eta ordainketa.

Udalari aurkeztuko zaizkio laguntza ekonomikoen eskaerak, ordenantza honetan jasotako zaharberritzeetarako direnean, dokumentazio hau erantsita:

a) Laguntzaren eskabidea.

b) Udalarekiko zergak ordainduta daudela dioen ziurtagiria.

Obrarako lizentzia eskatzen den une berean eginen dira eskaerak. Obra bukatutakoan, Udalari jakinaraziko zaio, ikuskatzera etor dadin eta eskaeraren gainean ebazpena eman dezan.

9. artikulua.

Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legean, Lurzoruari buruzko Foru Legean, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legean eta horiekin bat heldu diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Garesen, 2010eko irailaren 17an.-Alkatea, Feliciano Vélez Medrano.

Iragarkiaren kodea: L1016615