130. ALDIZKARIA - 2010eko urriaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

170/2010 FORU AGINDUA, irailaren 23koa, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak emana, Erronkariko Udal Plana Añaize bizitegi sektoreko AR-6 banaketa eremuan aldatzeko espedientea, bertako udalak sustatua, behin betiko onesten duena.

Erronkariko Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, behin betiko onets dadin.

Ikusirik aurkeztutako agiriak eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren txostena, bidezkoa da behin betiko onestea.

Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 127/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Behin betiko onestea Erronkariko Udal Plana Añaize bizitegi sektoreko AR-6 banaketa eremuan aldatzeko espedientea, bertako udalak sustatua.

2. Erronkariko Udalak, aldaketa hau garatzeko plan partzialaren testuan, Añaize sektorearen antolamenduan (AR-6), Eska ibaiak hego-ekialdeko muturrean dituen uholde baldintzak integratu beharko dira. Horretarako, arriskuaren azterketa egin eta dagoen arrisku-mailarekin bateragarriak diren erabilerak proposatu beharko dira, edo bestela, espazio hori berdegune izateko erreserbatu beharko da, ur korronteetarako traba izan daitekeen instalaziorik edo eraikinik aurreikusi gabe.

3. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute legezkotasuna kontrolatzea helburu duen egintza honen kontra, Nafarroako Gobernuari zuzendua, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik edo, hala denean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Halaber, onetsitako hirigintza araudiaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabeteko epean, dagokion udalak eskaturik.

Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

4. Foru agindu hau Erronkariko Udalari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko irailaren 23an.-Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilaria, Amelia Salanueva Murguialday.

Iragarkiaren kodea: F1015862