130. ALDIZKARIA - 2010eko urriaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2029/2010 EBAZPENA, irailaren 22koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, administrazio baimena ematen duena ondoko proiektuaren gas naturaleko instalazioak eraikitzeko: "Videcart S.A. enpresa hornitzeko adarra, Eguesko udal mugapean (Nafarroa)".

Gas Natural Distribución SDG S.A. enpresak, 2010eko apirilaren 28an, administrazio baimena eskatu zuen honako proiektu honen instalazioetarako: "Videcart S.A. enpresa gas naturalez hornitzeko adarra". Halaber, instalazioen onura publikoa onar zedila eskatu zuen. Proiektuak Eguesko udal mugapea ukituko du.

Eskaera hori jendaurrean jarri zen, horretarako 2010eko 74. Nafarroako Aldizkari Ofizialean (ekainaren 18an), Diario de Navarra eta Diario de Noticias egunkarietan (2010eko maiatzaren 21ean), eta Eguesko Udaletxeko iragarki oholean argitaratuz.

Jendaurreko aldi horretan bi alegazio jaso dira eta enpresa eskatzaileak erantzuna eman die.

Hargune proiektuaren oinarrizko datuak honako hauek dira:

Eraiki beharreko adarraren abiapuntua Onena Bolsas de Papel S.A. enpresa hornitzeko adarrean egonen da, altzairuzko eta DN 4"-ko hoditerian, hain zuzen. Hori gertu dago G03.02 kokalekutik, Ibirikun, Eguesko udal mugapean. DN 4x4"-ko karga-harguneko Te baten bidez eginen da konexioa. Hortik aterako da altzairuzko eta DN 4"-ko adar berria, eta NA-150 errepideraino helduko da. Errepidea zulaketa horizontal bidez zeharkatuko du eta horrekiko eta NA-2377 errepidearekiko paralelo joanen da Videcart, S.A. industriaren sarbidera heldu arte. Puntu horretatik bide horrekiko paralelo joanen da, industriaren ezkerraldeko hargunera bitarte.

Egin beharreko adarrak 578 m-ko luzera izanen du, eta 3,6 mm-ko lodiera; UNE-EN 10208-2 gr L245 altzairuzkoa eta DN 4"-koa izanen da, zehaztapenaren arabera, eta kanpotik polietileno estrusionatuz estalia egonen da; zinta plastikoekin hotzean egindako estaldura izanen du osagarrietan eta pieza berezietan, eta obrako soldaduren estaldura eta harkaitzen kontrako babesa ere izanen ditu beharrezkoa den eremuetan; gasbidearen lotura mekanikoaren bidezko babes katodikoa ere izanen du, abiapuntuko sareak duen babes sistemaz baliatuta.

Diseinuaren presioa 16 bar-ekoa da eta tenperatura 15ºC-ekoa. Gasaren lastertasun handiena 20 m/seg-koa da, eta aurreikusitako gehieneko emaria 267 N m³/h-koa.

Aurrekontua 160.193 eurokoa da.

Gas Natural Distribución SDG S.A. enpresak ondasun eta zerbitzuak babesten dituzten erakunde guztiei eskatu dizkie baimena eta baldintzak. Horregatik enpresa titularrak haiek ezartzen dizkioten baldintzak bete beharko ditu.

Horrenbestez, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusiaren aldi baterako ordezkoak izendatzeko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariak irailaren 27an eman 285/2007 Foru Aginduarekin bat, organoko titularra ez dagoenez,

EBATZI DUT:

1.-Proiektu hau onestea: "Videcart S.A. enpresa hornitzeko adarra", eta Gas Natural Distribución SDG S.A. enpresari administrazio baimena ematea proiektu horren instalazioetarako.

2.-Baimenduriko instalazioen onura publikoa deklaratzea, nahitaez desjabetzearren eta bide zortasuna ezartzearren.

3.-Gas Natural Distribución SDG S.A. enpresari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.

4.-Administrazio baimena ondoko baldintzetara egokituko da:

Lehena.-Gas Navarra, S.A. enpresak bi hilabeteko epean 3.203,86 euroko bermea jarri beharko du, espedientean agertzen diren instalazioen aurrekontuaren %2a, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73. artikuluko 4. puntuaren arabera. Delako bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da, Enpresako zuzendari nagusiaren eskura, uztailaren 22ko 1775/1967 Dekretuaren 11.3 artikuluan zehaztutako moduetakoren batean. Bermea instalazioak abian jartzeko akta gauzatutakoan berreskuratzen ahalko da.

Bigarrena.-Instalazioetan eta beren muntaketan, Gas erregaien banaketari eta erabilerari buruzko erregelamendu teknikoan eta bere jarraibide tekniko osagarrietan ezarritakoa beteko da. Uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori.

Hirugarrena.-Gasa saltzeko tarifak finkatzerakoan, gai horri buruz indarrean dauden xedapenek diotenari jarraituko zaio.

Laugarrena.-Gas Natural Distribución SDG, S.A. enpresak abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuaren 10. artikuluan aipatzen diren eskubide eta baldintzak izanen ditu banatzailea den aldetik. Dekretu horren bidez arautu ziren gas naturala garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak.

Bosgarrena.-Baimen honek ez du erabiltzeko eskubide esklusiborik ematen.

Seigarrena.-Energiaren, Meatzaritzaren, Telekomunikazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak ebazpen honetan zehaztutako baldintzak zehazki betetzen diren begiratuko du.

Instalazioak eraiki eta gero, zerbitzu horrek ikuskatuko du lan eta muntatzeak burutu diren eta, horiek bukatutakoan, eta obra-bukaeraren ziurtagiria -eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion Elkargo Ofizialak ikus-onetsia- eskatzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, aipatu zerbitzuak hori guztia biltzen duen akta eginen du, eta ondotik zuzendaritza nagusi honetara igorriko.

Baimenaren xedeko instalazioetan indarrean dauden xedapenen arabera egin beharreko izaera orokor nahiz partzialeko ikuskapen, saio eta proben berri aldez aurretik eman beharko dio banatzaileak aipatu zerbitzuari.

Halaber, eta obrak hasi baino lehenago, eskatzaileak haiek egiteko plan zehatza aurkeztu beharko du.

Zazpigarrena.-Hidrokarburoen sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73.6 artikuluan aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimen hau bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bermea adierazitako eran eta epean ez jartzea.

b) Proiektua aurrera eramaterakoan, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarra duten xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

c) Instalazioak ebazpen honek ezarririko baldintzei jarraikiz ez egitea edo indarra duten erregelamenduek pertsonen eta gauzen segurtasuna bermatzearren ezartzen dituzten baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak eta hornidurarako baldintzak ez betetzea.

5.-Administrazio baimen hau ematen bada ere, ez dira galarazten aplikatzekoak diren bestelako xedapenak, sektoreko legeria eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzkoa kontuan izanik beharrezkoak diren kontzesioak eta baimenak.

6.-Ebazpen hau Gas Natural Distribución SDG, S.A.ri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2010eko irailaren 22an.-Energiaren, Meatzaritzaren, Telekomunikazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendaria, Enpresako zuzendari nagusiaren ordezkoa, Iñaki Morcillo Irastorza.

Iragarkiaren kodea: F1015613