1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
571/2010 EBAZPENA, irailaren 27koa, Kulturako zuzendari nagusiak emana, Eunateko Santa Maria eliza izeneko ondasun higiezinaren babes eremua behin-behinekoz mugatu eta interes kulturaleko ondasunaren espedientea jendaurrean egoteko epea irekitzen duena. Eliza Muruzabalen dago (Nafarroa).
1931ko ekainaren 3ko Dekretuaren bidez, Eunateko Santa Maria eliza, Muruzabalen dagoena (Nafarroa), monumentu historiko-artistiko deklaratu zen.
Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkoa da monumentu horren babes eremua finkatu eta zehatz-mehatz mugatzea.
Horrenbestez, Nafarroako Ondare Kulturalari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Legearen 4. artikuluaren bidez eskuratu ditudan ahalmenekin bat.
EBATZI DUT:
1. Eunateko Santa Maria eliza izeneko ondasun higiezinaren babes eremua behin-behinekoz mugatzea, interes kulturaleko ondasun gisa babestu ahal izateko, ebazpen honi atxikitako dokumentazio grafikoarekin eta hitzez hitzeko azalpenarekin bat. Eliza Muruzabalen dago (Nafarroa).
2. Jendaurrean egoteko epea irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta, biharamunetik, 30 egunez, ondasun higiezin horren espedientean interesa duten guztiek aztertu eta egoki jotzen duten guztia alega dezaten.
3. Ebazpen hau Iruñeko Artzapezpikutzari, interesdunei eta Muruzabalgo eta Enerizko udalei jakinaraztea. Aditzera ematen zaie, azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1.d artikuluan xedaturikoarekin bat, ukituriko eremuak zatikatzeko edo bertan eraiki edo eraisteko udal lizentziak eta emanak daudenen ondorioak bertan behera utzi behar direla. Toki horietan lanen bat berehalakoan egin behar bada ezinbestean, beharrezkoa izanen da Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimena.
4. Ebazpen honen berri ematea Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuari.
5. Ebazpen hau eta ukituriko eremuaren mugapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2010eko irailaren 27an.-Kulturako zuzendari nagusia, Pedro Luis Lozano Úriz.
EUNATEKO SANTA MARIA ELIZAREN BABES EREMUAREN MUGAPENA, MURUZABALEN.
Eunateko elizaren babes eremuak lurzati hauek hartzen ditu:
Muruzabalgo udalerria:
2. poligonoko 408., 1170., 1171., 1172., 1173., 1174., 1175. lurzati osoak eta 1168. lurzatiaren puska bat.
Enerizko udalerria:
2. poligonoko 800., 801., 802. eta 803. lurzatien puska batzuk.
Iragarkiaren kodea: F1016120