130. ALDIZKARIA - 2010eko urriaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2179/2010 EBAZPENA, urriaren 13koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, "Leihoetarako 2010eko Renove Plana" izeneko diru-laguntzen deialdian baimendutako gastua handitzen duena.

Enpresako zuzendari nagusiak uztailaren 6an emandako 1761/2010 Ebazpenaren bidez, "Leihoetarako 2010eko Renove Plana" izeneko diru-laguntzen deialdia onetsi zen. 1.900.000 euroko gastua baimendu zen, 2010eko gastuen aurrekontuen kargura, eta 1.674.000 eurokoa, berriz, 2011ko gastuen aurrekontuenera.

Ebazpen hartan zehaztu zen ezen, 2010eko edo 2011ko ekitaldietan aurrekontuko kontu-sailean diru erabilgarririk izanez gero, diru hori deialdian hasiera batean aurreikusitako kopuruei gehitzen ahalko zitzaiela.

Jasotako eskaera kopurua ikusirik, eta 2010eko ekitaldiko aurrekontuan kreditua izanik, Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak proposatu du baimendutako gastua handitzea. Orobat, egokitzat jotzen da inbertsioak egiteko epeak eta haien gastuak justifikatzekoa luzatzea, onuradunek nahiko epea izan dezaten.

Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 115.000 euro gehitzea "Leihoetarako 2010eko Renove Plana" izeneko diru-laguntzen deialdirako baimendutako gastuari, 2010eko gastuen aurrekontuko "Energia aurrezteko eta eragimenez erabiltzeko jarduketak" izeneko 810003 81140 7800 425200 kontu-sailaren kargura.

2. "Leihoetarako 2010eko Renove Plana" izeneko diru-laguntzen deialdiaren 15. oinarriko 1.b) eta 1.c) atalak aldatzea, hemendik aurrera honela idatzita agertuko baitira:

"b) Inbertsioa egiteko azken eguna, 2010eko abenduaren 10a izanen dena.

c) Diru-laguntza ordaintzeko beharrezkoa den dokumentazioa aurkezteko azken eguna, 2010eko abenduaren 10a izanen dena."

3. Ebazpen hau Idazkaritza Tekniko Nagusira (Kudeaketa Ekonomikoaren Atala) igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2010eko urriaren 13an.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1016853