130. ALDIZKARIA - 2010eko urriaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

298/2010 FORU AGINDUA, urriaren 4koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, eri zeliako bat edo gehiago duten familiendako laguntzen deialdia onesten duena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak 2. artikuluan dioenez, aginte publikoek gizarte zerbitzuen arloan dituzten funtsezko helburuetako bat da pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta haien normalizazio, parte-hartze eta integrazioa sustatzea arlo guztietan: gizartean, politikan, ekonomian, lan munduan, kulturan eta hezkuntzan.

Eri zeliakoak dituzten familiek elikagai gastu osagarriak egin behar dituzte, ohikoak edo arruntak baino handiagoak, produktu bereziak erosi behar dituzte eta.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du, haiek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen direnean onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko. Foru lege horren 17.1 in fine artikuluak banakako ebaluazioaren araubidea ezartzen du. Araubide horren ezaugarria hauxe da: araudiak edo oinarriek eskaerak ebaluatu eta diru-laguntza ebaluazio horren ondoriozko intentsitateaz esleitzeko irizpideak ezartzen dituzte, eta espedienteak aurkeztu ahala tramitatzen eta ebazten dira, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean.

Irailaren 10eko 184/2007 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Mendekotasun Agentziaren estatutuak onetsi ziren eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteari lotutako txosten teknikoak eta juridikoak ikusita, agerian daude deialdi hau onestearen egokitasuna eta onura publikoa, baita haren nahiz oinarri arautzaileen legezkotasuna ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. Eri zeliako bat edo gehiago duten familiendako laguntzen deialdia onestea, baita foru agindu honen I. eranskinean ezarri diren oinarriak ere.

2. 218.023,26 euroko gastua baimentzea, "Eri zeliakoak dauzkaten familiendako laguntzak" izeneko 920005-91810-4809-231002 kontu-sailaren kargura, 2010eko gastuen aurrekontutik.

3. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Mendekotasun Agentziako Programen Atalari, baita Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen Kudeaketarako Atalari ere, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko urriaren 4an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

Deialdia arautzen duten oinarriak, eri zeliako
bat edo gehiago duten familiei laguntzeko

1.-Xedea eta helburua.

Eri zeliako bat edo gehiago duten familia unitateei laguntzak emateko araubidea ezartzea du xede deialdi honek.

Eritasun hori duten pertsonen berariazko beharrak asetzeko egokiak diren elikagai bereziak erosteko erabili beharko dira laguntzak.

2.-Aurrekontuko dirua.

Laguntza horietarako aurrekontua 218.023,26 eurokoa izanen da guztira, 2010eko gastuen aurrekontuko "Eri zeliakoak dauzkaten familiendako laguntzak" izeneko 920005-91810-4809-231002 kontu-sailaren kargura.

3.-Onuradunak.

Eritasun zeliakoa duten pertsonak izanen dira deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunak.

4.-Baldintzak.

Laguntza hauen onuradun izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Eritasun zeliakoaren diagnostikoa izatea.

b) Eritasun zeliakoa diagnostikatua duen pertsonak Nafarroako Foru Komunitatean erroldatua egon beharko du eta bertan izan beharko du helbide fiskala, eta bi urteko antzinatasuna gutxienez ere.

c) Diru-laguntzen onuraduna izateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egon beharko du.

Eskabidea aurkezten den egunean bete beharko dituzte aipatu baldintzak interesdunek.

5.-Eskabideak aurkeztea.

5.1. Eskabideak non eta noiz aurkeztu.

Interesdunek eskabidea aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu den eredua erabiliz. Eredua Nafarroako Mendekotasun Agentziaren bulego nagusietan (González Tablas, 7) eta erakunde beraren web gunean eskuratzen ahalko da.

Foru agindu hau argitaratu eta biharamunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2010eko azaroaren 30ean bukatuko.

Eskabideak aurkezten ahalko dira Nafarroako Mendekotasun Agentziaren Erregistroan (González Tablas, 7; 31005 Iruña) zuzenean edo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen bidez, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinetan.

Postetxeetan aurkezten diren eskabideak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta araudian aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi honetako oinarriak onartzea.

5.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

a) Eredu ofizialean aurkeztutako eskabidea, eskatzaileak edo bere ordezkariak, halakorik badu, sinatua.

b) Laguntza eskatzailearen nortasun agiri nazionalaren kopia, edo legezko ordezkariarena, legez ezgaitua badago. Onuraduna adingabea bada, familia liburuaren kopia aurkeztu beharko da, ahaidetasuna frogatzeko, eta aitaren edo amaren NANaren kopia.

c) Erroldako ziurtagiria, bizi den udalerrian noiz inskribatu den adieraziko duena.

d) Osasun txosten edo ziurtagiria, eri zeliakoa dela frogatzeko.

e) Zinpeko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako debekuetatik kanpo dagoela dioena, diru-laguntzen onuradun izateko.

f) Diru-laguntza transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

Kontzeptu hori dela-eta 2009an laguntza eskuratuz gero, ez dira b), d) eta f) ataletan aipatutako dokumentuak aurkeztu beharko.

5.3. Eskabideko akatsak zuzentzea.

Eskabidearekin batera aginduzko dokumentuak aurkeztu ezean, instrukzio organoak interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala, eta adieraziko dio horrela egin ezik haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan ezarri bezala.

6.-Antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

6.1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioaren araubidean tramitatuko da. Programen Atalari dagokio prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak gauzatzea. Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileak du laguntzak eman edo ez eman ebazteko eskumena.

6.2. Eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditua dagoen bitartean, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

7.-Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Eri zeliako bakoitzari 250 euroko laguntza emanen zaio.

Laguntza hori ordainaldi bakar batean emanen da, horren aldeko ebazpena egiten denean.

8.-Ebazpena eta errekurtsoak.

Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileak eginen du laguntza emateko ebazpena, instrukzio organoaren proposamenari jarraikiz.

Ebazpena gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, interesdunak eskabidea aurkezten duen egunetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsitzat jo beharko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoarekin bat.

Laguntzaren xedea kontuan hartuz, ez da jendaurrean adieraziko nori eman zaion, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15.1 b) artikuluan xedaturikoarekin bat.

9.-Betebeharrak eta ez-betetzeak.

Onuradunak behartuak daude diru-laguntzak deialdian aurreikusitako helburua bete dadin erabiltzera, Nafarroako Mendekotasun Agentziak egiten ahal dituen egiaztapenak onartzera eta, hori dela eta, eskatzen ahal zaizkion dokumentazioa eta egiaztagiriak aurkeztera.

Betebehar horiek bete ezik edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, harturiko dirua osorik edo hein batean itzuli beharko da. Legeek aurreikusitako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutza interesak eskatzea, hau da, diru-laguntza pagatu zenetik hura itzultzeko ebazpena eman arte sorraraziak.

10.-Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira entitate publiko edo pribatuek xede bererako ematen duten beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin.

11.-Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoak diren administrazio errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

12.-Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaileotan ezarrita dagoenaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak ere aplikatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F1016413