130. ALDIZKARIA - 2010eko urriaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

297/2010 FORU AGINDUA, urriaren 4koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, desgaitasunak dituzten pertsonen arloan ari diren gizarte ekimeneko entitateei zaintzaile ez-profesionalendako prestakuntza programetarako diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluak ezartzen duenez, botere publikoen jarduketek, gizarte zerbitzuen arloan, funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste: pertsona guztien bizi kalitatea hobetu eta haien normalizazioa, partaidetza eta integrazioa sustatzea gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Xedatzen ere du gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezarriko dituen tresna Gizarte Zerbitzuen Zorroa izanen dela.

Agindu hori Nafarroako Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan duen eskumen esklusiboaren arabera eman zen. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.17 artikuluarekin lotu behar da, hark ematen baitio Foru Komunitateari desgaitasunak dituzten pertsonen arloko eskumen esklusiboa, baita Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluarekin ere, horren arabera, botere publikoek urritu fisiko, zentzumenezko eta psikikoak tratatu, bizkortu, integratu eta haien arazoei aurrea hartzeko politika egiten baitute.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen. Bermatu gabeko laguntzei buruzko II. eranskineko B atalaren 14. puntuan, desgaitasunak dituzten pertsonendako laguntzen gainekoa baita, desgaitasunak dituzten pertsonen arloko gizarte zerbitzuen entitateendako diru-laguntzak aurreikusten dira. Orobat, adierazten da desgaitasunak dituzten pertsonen autonomia sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak bultzatzea dela baliabidearen xedea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du, haiek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen direnean onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko. Arau horren 17. artikuluak norgehiagokako araubidea ezartzen du. Horren arabera, honakoa joko da norgehiagokatzat: diru-laguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian ezarri diren balorazio irizpideei jarraituz, eta irizpide horien arabera balorazio onena lortzen duten eskaerei diru-laguntza esleitzea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

Irailaren 10eko 184/2007 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Mendekotasun Agentziaren estatutuak onetsi ziren eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteari lotutako txosten teknikoak eta juridikoak ikusita, agerian daude deialdi hau onetsi izanaren egokitasuna eta onura publikoa, baita haren nahiz oinarri arautzaileen legezkotasuna ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. Desgaitasunak dituzten pertsonen arloan ari diren gizarte ekimeneko entitateei zaintzaile ez-profesionalendako prestakuntza programetarako diru-laguntzak emateko deialdia eta horien oinarrien arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean ageri direnak, onestea.

2. 71.687,56 euroko gastua baimentzea, 2010eko gastuen aurrekontuko "PFEZaren %0,7 Funtsa. Desgaitasuna duten pertsonen arloko entitateen programak" izeneko 920005-91810-4819-231314 kontu-sailaren kargura.

3. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Mendekotasun Agentziako Programen Atalari, baita Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen Kudeaketarako Atalari ere, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko urriaren 4an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

Desgaitasunak dituzten pertsonen arloan ari diren gizarte
ekimeneko entitateei zaintzaile ez-profesionalendako prestakuntza programetarako diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak

1.-Xedea.

Deialdi honen xedea da diru-laguntzak emateko araubide bat ezartzea desgaitasunak dituzten pertsonen arloko gizarte ekimeneko entitateentzat, irabazi asmorik ez badute eta Nafarroan kokaturik badaude, betiere mendekotasuna duten pertsonen zaindari ez-profesionalei zuzendutako prestakuntza programak gauzatzen badituzte, ezagutza teorikoak eta praktikoak emanez "zaindaria zaintzeari" buruz eta "mendekotasuna duen pertsonari laguntzeari" buruz.

2.-Betebeharrak.

2.1. Entitate eskatzaileen betebehar orokorrak.

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta dagozkion erregistroetan inskribatua egotea:

-Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren mendeko Elkarteen Erregistroa.

-Entitatearen izaera juridikoagatik dagozkion beste erregistro batzuk.

b) Sozietatearen helbidea Nafarroako Foru Komunitatean edukitzea. Hori oinarri honetan 2.1.a) puntuan aipatzen den erregistroko inskripzioaren bidez frogatuko da.

c) Irabazi asmorik ez izatea.

d) Erakundearen helburua desgaitasunen bat duten pertsonentzako jarduerak egitea dela agertzea estatutuetan.

e) Zergei buruzko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko itun bat lortu dela frogatzea.

f) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako gainerako debekuetatik kanpo egotea.

Aipatutako baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta diruz lagundutako jarduerak irauten duen bitartean bete beharko dira.

2.2. Diru-laguntza jasotzen duen prestakuntza programak bete behar dituen baldintzak:

Diru-laguntzaren xede izateko, prestakuntza programak honako baldintza hauek bete behar ditu:

a) Mendekotasuna duten pertsonen zaindari ez-profesionalendako da prestakuntza programa.

b) Prestakuntza programak ondoko edukia (modulutan antolatua) eta iraupena izanen ditu:

-Etxean laguntza emateko oinarrizko zainketen modulua. (4 ordu).

  • Norberaren higienerako eta garbiketarako zainketak.
  • Eguneroko jarduerak.
  • Mobilizazioak, jarrerak aldatzea.
  • Etxebizitzaren zainketa.
  • Elikadura.

-Osasun zainketen modulua. (4 ordu).

  • Ultzerak, eskarak, tratamendua eta prebentzioa.
  • Sendagaiak ematea.
  • Zundak.
  • Nola jokatu larrialdi medikoetan.
  • Lehen sorospenak.

-Zainketa psikosozialen modulua. (2 ordu).

  • Mendekotasuna duen pertsonaren zainketa eta ezaugarriak.
  • Aisia eta astialdia.

-Gizarte Baliabideei buruzko informazio modulua. (2 ordu).

  • Gizarte Zerbitzuen Zorroa.

-Estresa kudeatzeko modulua. (3 ordu).

-Modulu praktikoa. (5 ordu).

c) Praktikaldia gauzatzeko eta garatzeko beharrezkoa da baliabide tekniko egokiak erabiltzea.

d) Prestakuntza programa hasi aurretik, edukiarekin lotutako gida bat emanen zaie parte-hartzaileei.

e) Taldeek 5 lagun izanen dituzte gutxienez eta 20 gehienez.

f) Prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonek onuradun diren entitateen estaldura izanen dute jardueren ondoriozko arriskuari dagokionez. Horretarako, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatuko da, estaldura hau izanen duena, gutxienez:

-Laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa, mugarik gabeko zenbatekoan, parte hartzen duen programako ordutegian gertatutako edozein istripurengatik, barne dela partaideak bere ohiko bizilekutik programa egiten den tokira egiten duen joan-etorria.

-20.000 euroko gutxieneko kalte-ordaina heriotzagatik eta 30.000 euro baliaezintasun iraunkorragatik, biak ere prestakuntza jardueren eta "in itinere" egindako joan-etorrien ondorioz gertatu badira.

g) Prestakuntza programa 2010eko urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 artean gauzatu beharko da, eta abenduaren 31rako bukaturik beharko du.

h) Prestakuntza programa dohain izanen da parte-hartzaileentzat.

3.-Eskaerak aurkeztea.

3.1. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 20 egun balioduneko epean aurkeztu beharko da eskaera.

Eskaerak Nafarroako Mendekotasun Agentziaren Erregistroan (González Tablas, 7, 31005 Iruña) aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Jurudikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako tokietan.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta araudian aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi honetako oinarriak onartzea.

3.2. Entitate eskatzaileak aurkeztu beharreko agiri orokorrak.

a) Elkartearen edo entitatearen estatutuak.

b) Kasuan kasuko inskripzioa bidezko erregistroetan egin dela frogatzen duten agiriak.

c) Diru-laguntzaren eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza egiaztatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.

d) Entitatearen identifikazio fiskaleko txartela.

e) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

f) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, adierazten duena entitatea, administratzaileak eta ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekuetatik kanpo daudela. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

g) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzaturiko ziurtagiria, gehienez ere hiru hilabeteko aldeaz egindakoa, frogatzen duena indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzarekiko ezartzen dizkion eginbeharrak eguneraturik dituela.

h) Diru-laguntzaren xede den prestakuntza programaren proiektua. Honako hauek izan beharko ditu:

-Prestakuntza programaren izena.

-Programaren deskribapena, hura osatzen duten prestakuntza ekintzak zerrendatuz, egutegia, parte-hartzaile kopurua, ekintza non eginen den.

-Proiektuaren kostu osoaren balorazio ekonomikoa.

-Zein lurralde eremutan esku-hartuko den.

-Programan zer neurri hartu diren laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko, bereziki aipatuz zer neurri proposatu dituen mendekotasuna duen pertsona zaintzeko entitateak prestakuntza ekintzak irauten duen denborarako.

-Prestakuntza ekintzaren modulu bakoitzerako erabiliko diren giza baliabideak, ondokoak identifikatuz: kontratatutako langileak, dedikazio portzentajea, kontratazio modalitatea, soldata, langileen eta parte-hartzaileen arteko ratioa, prestatzailearen profil akademikoa, etab.

-Metodologia, material didaktikoak eta prestakuntza ekintzan erabilitako baliabide teknikoak.

-Kalitate adierazleak.

-Eskatutako diru-laguntzaren zenbatekoa.

Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ez da beharrezkoa izanen a), b), c), d) eta e) letretan eskatutako dokumentuak aurkeztea, Administrazioak jadanik baldin baditu. Aldatu ez badira, horiek aurkeztu ordez aski izanen da entitateko ordezkariak egoera hori azaltzeko aitorpen bat luzatzea.

3.3. Adierazitako dokumentazioa jasotzen ez badu eskaerak, errekerimendua eginen zaio interesdunari, 5 egun naturaleko epean eskatutako agiriak zuzen ditzan; ohartaraziko zaio hala betetzen ez badu eskaerari uko egindakotzak hartuko dela, espedientea artxibatzeko ebatzi ondoren.

4.-Prozeduraren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Nafarroako Mendekotasun Agentziako Programen Atalari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaile hauetan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, atal horretaz ari da.

Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileak izanen du kontzesio prozedura ebazteko eskumena.

5.-Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidean tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

6.-Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak eta gehieneko zenbatekoak.

Entitate eskatzaile bakoitzeko prestakuntza programa bakarrak jaso dezake diru-laguntza.

Entitateak aurkeztutako aurrekontuaren %100 izanen da diru-laguntzaren zenbatekoa, salbu entitateak zenbateko txikiagoa eskatzen badu. Halakoetan, gehienez ere eskatutako zenbatekoa emanen da. Instrukzio organoak gehienez ere parte-hartzaile eta ordu bakoitzeko 10 euroko aurrekontua onetsiko du.

Entitatearen ondoko gastuak ordaintzeko erabiliko da diru-laguntza:

-Programatutako ekintzak egiteko behar diren langileen soldatak eta gizarte segurantzaren kostuak.

-Langile horien dieten eta joan-etorrien gastuak.

-Programatutako ekintzak egiteko kanpoko baliabideak kontratatzeak ekarritako gastuak.

-Parte-hartzaileentzat deialdi honen 2.2 oinarrian aurreikusitako aseguruak kontratatzeak ekarritako gastuak.

-Prestakuntza programak gauzatzean erabilitako material didaktikoaren gastuak.

-Programen publizitateak sortutako gastuak.

Ez da inola ere gasturik onartuko baldin eta jadanik erabili badira desgaitasunak dituzten pertsonen arloan ari diren gizarte ekimeneko entitateentzako elkartegintza sustatzeko diru-laguntzen deialdian edo 2010. urtean programak gauzatzeko diru-laguntzen deialdian.

7.-Balorazio irizpideak.

Baloratzeko irizpideak hauek izanen dira:

a) Prestakuntza programa zenbait entitatek batera diseinatzea eta gauzatzea (10 puntu).

Zenbait entitatek prestakuntza programa bat batera antolatzen dutenean, eskabide bakarra aurkeztu beharko da denendako.

-Entitate bakar batek diseinatu eta gauzatutako programa: 0 puntu.

-Bi entitatek diseinatu eta gauzatutako programa: 5 puntu.

-Hiru entitatek edo gehiagok diseinatu eta gauzatutako programa: 10 puntu.

b) Prestakuntza programaren alderdi berritzaileak eta/edo erraztekoak (45 puntu).

-Jardueren deszentralizazioa: prestakuntza programa Nafarroako zenbait herritan egitea eskaintzea (10 puntu):

  • Prestakuntza ekintza herri bakar batean egitea: 0 puntu.
  • Prestakuntza ekintza bi herritan egitea: 5 puntu.
  • Prestakuntza ekintza hiru herritan edo gehiagotan egitea: 10 puntu.

-Parte-hartzaileei jarduketa protokoloak ematea (5 puntu).

-Teknologia berriak erabiltzea ekintzak egitean eta haien jarraipenean (puntu 1).

-Laneko eta familiako eginkizunak bateratzen laguntzen duten neurriak sartzea (10 puntu).

-Banakako arreta eta segimendua. Prestakuntza edukia handitzea, parte-hartzaile bakoitzari banakako orientaziorako orduak gehituz. (8 puntu).

-Aldi praktikoa gauzatzeko berritasunak (9 puntu).

-Kalitate adierazleak erabiltzea, jakiteko ea parte-hartzaileak zein neurritan gelditu diren pozik. (2 puntu).

c) Prestakuntza ekintzari esleitutako giza baliabideak (10 puntu):

Prestakuntza ekintza bakoitzerako baliatutako profil profesionalen kopurua eta motak baloratzen dira:

-Profil profesional bakarra (2 puntu).

-Bi profil profesional (5 puntu).

-Hiru profil profesional (10 puntu).

Honako profil profesional hauek hartzen dira aintzat:

-Gizarte eta osasun arlokoak (EUD, medikuak, psikiatrak, fisioterapeutak, terapeuta okupazionalak, psikologoak).

-Hezkuntza arlokoak (pedagogoak, psikopedagogoak).

-Gizarte arlokoak (gizarte langileak).

Dauden 65 puntuetatik gutxienez 33 lortzen dituzten programek baizik ez dute finantzaketa jasoko.

8.-Diru-laguntzaren zenbatekoa esleitzea.

Diru-laguntzaren zenbatekoa lortzen diren puntuen eta aurrekontuan dagoen diruaren arabera banatuko da.

9.-Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Instrukzio organoak egindako ebazpen proposamena ikusita, Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du diru-laguntzetarako.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta bertan hura emateko arrazoiak, diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ukatzeko arrazoiak adieraziko dira.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, ematen diren diru-laguntzen gaineko ebazpena Nafarroako Mendekotasun Agentziaren iragarki oholean argitaratuko da (González Tablas, 7; Iruña). Argitalpen horretan deialdia, programa, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, onuradunak eta emandako zenbatekoa adieraziko dira.

Ebatzi eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

10.-Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira xede bererako jasotzen den beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin. Hala ere, diru-laguntza horien zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

11.-Diru-laguntza ordaintzea.

Ordainaldi bakar batean emanen da diru-laguntza, entitate onuradunak aldez aurretik justifikatuta jarduera egin egin duela, deialdi honen 12. oinarrian ezarritakoaren arabera.

12.-Justifikazioa.

2011ko urtarrilaren 5a baino lehen, entitate onuradunak txosten bat aurkeztu beharko du jarduera nola gauzatu duen agertuz. Honako hauek adieraziko dira:

a) Gauzatutako prestakuntza ekintzen exekuzioari buruzko txosten teknikoa, atal hauek jasoko dituena:

-Programaren izena.

-Jardueren ordutegia.

-Prestakuntza ekintzak arrakastaz bukatu dituzten parte-hartzaileen zerrenda. Hartan adieraziko dira parte hartu duten zaintzaileen datu pertsonalak, baita mendekotasuna duten eta haien zaintzapean daudenen datuak ere, eta horien artean zer harreman duten.

-Programaren eraginkortasuna. Adierazitako helburu espezifikoen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa, eta egindakoaren eta pentsatutakoaren arteko aldea.

-Eragimena. Lortutako emaitzen ebaluazioa, erabilitako baliabide tekniko eta ekonomikoak eta giza baliabideak kontuan hartuz.

Txosten teknikoarekin bat, parte-hartzaileei emandako material didaktikoen kopia aurkeztu beharko da.

b) Programaren diru-sarreren zerrenda. Zehaztu behar dira zein diren entitatearen funts berekiak eta zein beste entitate publiko edo pribatu batzuek emanak. Halaber, programaren gastu guztien zerrenda jasoko da.

c) Hartutako diru-laguntzari aplikatutako gastuen zerrenda, non agiri zenbakia, kontzeptua, igorlea, data eta zenbatekoa zehaztuko baitira. Zerrenda horri dagozkion egiaztagiriak gehituko zaizkio. Horretarako, entitate onuradunak jatorrizko agiriak eta fotokopiak aurkeztuko ditu. Banku laburpenak, ordainagiriak eta fakturak bakarrik onartuko dira egiaztagiri gisa, haietan igorlearen datuak, hartzailea nor den, data, kontzeptua eta prezioa azalduta, legez xedatutakoari jarraituz. Jatorrizko fakturak Nafarroako Mendekotasun Agentzian zigilatuko dira, hartutako diru-laguntza justifikatzearren.

d) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako programaren gauzatze edo bilakaera onaren berri emateko.

13.-Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Programa entitateak eskaeran eta diru-laguntza emateko baldintzetan zehaztu bezala gauzatzea.

b) Deialdi honen 12. oinarrian aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Deialdi honen kargura finantzatutako programa edo jarduerei buruzko argibide, dibulgazio eta publizitate jarduketek uztailaren 2ko 212/2010 Foru Aginduan xedatutakoa bete beharko dute.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen ordenamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartzea.

e) Jasotako funtsen erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

f) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster jakinarazi behar da eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

g) Entitatearen izaera dela-eta, eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko betebeharrak betetzea.

h) Deialdian eta aplikatzekoak diren legeetan ezarritako kasuetan, hartutako funtsak itzultzea.

i) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

14.-Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

14.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da diru-laguntza jaso duen jardueraren %100 azpikontratatzea. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egin ahal izateko, idatzizko kontratua sinatu beharko da.

14.2. Hornitzaileen kontratazioa.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, diru-laguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoa, zerbitzuak aholkularitza edo laguntza enpresek ematen dituztenean, 12.000 euro baino handiagoa bada, onuradunak frogatu beharko du, organo emailearen aurrean, hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela.

Kasu horietan, entitate onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin gutxienez kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Kontsultatzeko izapidearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu entitate onuradunak. Kontu horiek agirien bidez frogatu beharko ditu diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua burutu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Zenbait enpresari kontsulta egitea ez da beharrezkoa izanen, diru-laguntzaren xedeko gastuen ezaugarrien berezitasunagatik merkatuan hornidura edo zerbitzua ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

15.-Dirua itzultzea.

Prestakuntza programa gauzatzen ez bada edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak betetzen ez badira, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren gainerako kausak gertatuz gero, hartutako diru kopurua itzuli egin beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza interesak pagatzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak aipatu artikuluan xedatutakoari jarraituko dio eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

16.-Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

17.-Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoak diren administrazio errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

18.-Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaileotan ezarrita dagoenaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak ere aplikatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F1016412