130. ALDIZKARIA - 2010eko urriaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

467/2010 FORU AGIDUA, irailaren 30ekoa, Toki Administrazioko kontseilariak emana, Alexia Mauleón Goñi andrea Toki Administrazioko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Laguntza Juridikoaren Bulegoko buru izendatzen duena, bitarte baterako.

Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriko bigarren idatz-zatiak ezartzen du bulegoburutzak eta atalburutzak bitarte baterako bete daitezkeela, organo eskudunak egindako izendapenaren bidez; burutza horiek betetzen dituztenek nahitaez Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak edo hari atxikiak izan beharko dute.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen seigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, zein departamenturi atxikita dagoen unitate organikoa, haren titularrak eginen du izendapena bitarte baterako, funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuak aldeko txostena eman ondoren.

Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak 2010eko otsailaren 12an aldeko txostena eman zuen.

Hori horrela, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenekin bat,

AGINDU DUT:

1. Alexia Mauleón Goñi andrea Toki Administrazioko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Laguntza Juridikoaren Bulegoko buru izendatzea, bitarte baterako.

2. Foru agindu hau jakinaraztea interesdunari, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari eta Toki Administrazioko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2010eko irailaren 30ean.-Toki Administrazioko kontseilaria, Amelia Salanueva Murguialday.

Iragarkiaren kodea: F1016254