13. ALDIZKARIA - 2010eko urtarrilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

8/2010 FORU AGINDUA, urtarrilaren 15ekoa, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak emana, udalek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek toki sustapeneko ekintzak egiteko laguntzen 2010eko deialdia egiten duena.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak araubide juridiko orokorra ezarri zuen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko ematen diren diru-laguntzetarako. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta deialdiaren xedeko egoeran daudenek aukera izan dezaten diru-laguntza eskuratzeko.

Deialdiaren helburua da araubidea ezartzea udalei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei 2010ean Nafarroako udalerrietako historia, tradizioak eta ohiturak sustatzeko diru-laguntzak emateko.

Deialdiak bide ematen die entitate interesdun guztiei baldintza berberetan parte hartzeko, eta bermatzen du, aldi berean, diru-laguntza irizpide objektiboei jarraikiz emanen dela.

Ikusirik espedienteko txosten tekniko eta juridikoak eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuaren txostenak, non adierazten baita, hurrenez hurren, diru-laguntzen egokitasuna eta onura publikoa eta deialdiaren eta haren oinarri arautzaileen legezkotasuna.

Horrenbestez, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 120/2007 Foru Dekretuan aitorturiko ahalmenak erabiliz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat,

AGINDU DUT:

1. Udalek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek toki sustapeneko ekintzak egiteko laguntzen 2010eko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinean daude.

3. Deialdiko konpromisoak betetzeko gastua baimentzea, ondoko zenbateko hauetan, eta 2010eko gastuen aurrekontuko kontu-sail hauen kontura:

a) "Udalek sustapen ekintzak egiteko laguntzak". Kontu-saila: B20000 B2100 4609 921100. Zenbatekoa: 120.000 euro.

b) "Elkarteek toki sustapeneko ekintzak egiteko laguntzak". Kontu-saila: B20000 B2100 4819 921100. Zenbatekoa: 30.000 euro.

"Udalek sustapen ekintzak egiteko laguntzak" modalitateko aurrekontuko kreditu osoa agortzen ez bada, aukera izanen da gerakina "Elkarteek toki sustapeneko ekintzak egiteko laguntzak" modalitatean aurkeztutako eskaeretarako erabiltzeko.

4. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Parlamentuarekiko eta beste Erakunde batzuekiko Harremanetarako Zerbitzuari, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari eta Ogasunak Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu honen aurka, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Halaber, aldez aurretik, Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epean.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 15ean.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarri arautzaileak

1. Xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea da diru-laguntzak emateko araubide bat ezartzea, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak laguntza bidez bultza ditzan udalek eta irabazi-asmorik gabeko entitateek nafarren ondarearen aberastasuna, aniztasuna eta komuneko ezaugarriak nabarmentzeko 2010ean sustatzen dituzten ekintzak edo jarduerak. Betiere, ekintza edo jarduera horien xedea da Nafarroako udalerrietako historia, tradizioak edo ohiturak, giza jarduera eta lana sustatzea.

Laguntzetatik kanpo gelditzen dira herriko festak, zaindariarenak edo antzekoak direla-eta sustatzen diren jarduerak, baita herri azokak, tradiziozko egunak edo asteak eta antzekoak direla-eta sustatzen direnak, salbu horien barnean antolatzen diren jarduketa espezifikoak, programan jarduketa berezitu gisa jasotzen direnak, betiere Nafarroako produktuak, gertaerak edo tradizioak balioesten badituzte, eta berariaz horietarako bakarrik eskatzen bada laguntza.

Halaber, ez dute laguntzarik jasoko Udaleko herrian errotu gabeko pertsonen urteurrenek edo oroitzapen ospakizunek, edo laguntza eskatzen duen elkartean errotu gabekoenek, ezta bestelako jarduerek ere, baldin eta gizarte interesik ez badute.

2. Finantzaketa.

Deialdiaren xede diren diru-laguntzak Nafarroako 2010eko Aurrekontu Orokorreko kontu-sail hauen kontura finantzatuko dira: "Udalek sustapen ekintzak egiteko laguntzak" (120.000 euro) eta "Elkarteek toki sustapeneko ekintzak egiteko laguntzak" (30.000 euro).

Eskaerak dagokien modalitatearen barnean baloratu eta ebatziko dira, bakoitza bere aldetik, kasuan kasuko finantzaketa kontu-saila kontuan hartuta.

3. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntzen onuradun izanen dira, alde batetik, Nafarroako Foru Komunitateko udalak eta, beste alde batetik, legez eratuta dauden eta berezko nortasun juridikoa duten Nafarroako irabazi-asmorik gabeko elkarteak, betiere Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Elkarteen Erregistro Orokorrean izena emanik badaude eta, haien estatutuen arabera, deialdiko jarduketako esparru materialean esku hartzerik badute.

Ezin izanen dituzte deialdian ezarritako laguntzak jaso udal ez diren partzuergoek eta bestelako toki entitateek, hala nola kontzejuek, mankomunitateek, elkarte tradizionalek edo udalen batasunek.

Edonola ere, ezin dira onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako kasuren batean dauden entitateak.

4. Laguntzak emateko prozedura.

Deialdian aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagoka bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

5. Sustapen ekintzen baldintzak.

Diru-laguntzen xede diren sustapen ekintzek, haien modalitate, jarduketa, jarduera, programa edo proiektuetan, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdiko xedearekin eta helburuarekin bat etortzea.

b) Nafarroako Foru Komunitatean egitea.

c) 2010eko urtarrilaren 1etik abenduaren 15era bitarte, biak barne, egitea.

6. Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

Deialdiaren lehenbiziko oinarrian adierazitako sustapen ekintzekin lotutako gastu arrunten eragiketak finantzatzeko bakarrik erabiliko dira laguntzak, betiere ekintzok Nafarroako Foru Komunitatean egiten badira, 2010eko urtarrilaren 1etik abenduaren 15era bitarte, biak barne.

Ez da inola ere diruz lagunduko gastu inbentariagarririk, publizitaterik, ikus-entzunezko materialik, web guneen diseinurik edo liburuen argitalpenik, ezta kultura, jostaketa nahiz kirol jarduketen programarik ere.

7. Eskaerak aurkeztea.

7.1. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Laguntza eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002, Iruña) aurkezten ahalko dira, 8:30etik 14:30era, baita ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipatzen diren Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko gainerako bulegoetan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren erregistro eta bulegoetan ere.

Eskaerak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, eskaerari eguna eta zigilua jar dakizkion, ziurtatu baino lehen. Gainera, entitate interesdunak eskaeraren bidalketaren berri eman beharko dio Nafarroako Parlamentuarekiko eta beste Erakunde batzuekiko Harremanetarako Zerbitzuari (Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusia), fax bidez (848 42 53 20).

Edonola ere, eskaerak hogei egun naturaleko epean aurkezten ahalko dira, oinarriok Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, eta Nafarroako Parlamentuarekiko eta beste Erakunde batzuekiko Harremanetarako Zerbitzura (Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusia) igorriko dira, eta bertan hauxe adierazi beharko da: "Udalek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek toki sustapeneko ekintzak egiteko laguntzen 2010eko deialdia".

7.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera, alkateak edo elkarteko ordezkariak sinatua, segun eta zein den eskatzailea, udala edo irabazi-asmorik gabeko elkarte bat, agiri hauekin batera aurkeztuko da:

a) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak sinatua (alkatea edo elkartearen ordezkaria), adierazten duena entitatea, administratzaileak eta ordezkariak ez daudela diru-laguntzen onuradun izateko debekuetan. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

b) Dirua transferentzia bidez jasotzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari diru-laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko urteetako diru-laguntzak jasotzeko bankuko kontua aldatu bada.

c) Datu hauen azalpen memoria edo proposamena:

-Eginen den jarduera. Zertan oinarritzen den.

-Zein biztanleria talderentzat edo herrigunerentzat den.

-Lortu nahi diren helburuak.

-Erabiliko den metodologia eta jarduera egutegia.

-Diruz lagunduko diren gastuen aurrekontuaren xehetasunak.

Gainera, irabazi-asmorik gabeko entitateek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, eskaerarekin batera:

a) Elkartearen estatutuak.

b) Helbidea Nafarroan duela frogatzen duen agiria.

c) Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Elkarteen Erregistro Orokorrean izena emanik dagoela frogatzen duen agiria.

d) Identifikazio fiskaleko txartela.

Aurreko lerroaldeei jarraikiz aurkezten diren eskaerak osatzeko, entitate interesdunak interesagarritzat jotzen dituen beste agiri batzuk aurkezten ahalko ditu, bere eskaeraren indargarri.

Nolanahi ere, aurkeztu beharreko agiriak jatorrizkoak izanen dira edo bestela notario batek edo administrazioak berak kautoturiko fotokopiak.

8. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaerak eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezten ez badira, organo instruktoreak akatsak zuzentzeko eskatuko dio entitate interesdunari, gehienez ere hamar egun balioduneko epe luzaezinean, eta ohartaraziko dio, horrela egin ezean, eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko agindu eta horren berri emanen da.

9. Tramitazio eta balorazio organoak.

Eskaera Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak eginen du, eta Autonomia Erkidegoetako eta Estatuko Erakundeekiko Harremanetarako Atala izendatuko da organo instruktore.

Eskaerak ondokoek osatutako batzordeak baloratu ditu: Erakundeekiko Harremanetarako zuzendari nagusia, Nafarroako Parlamentuarekiko eta beste Erakunde batzuekiko Harremanetarako Zerbitzuko zuzendaria eta Autonomia Erkidegoetako eta Estatuko Erakundeekiko Harremanetarako Ataleko burua. Batzorde horrek laguntzak emateko prozedura proposatuko du.

10. Balorazio irizpideak.

Irizpide hauei jarraikiz eginen da balorazioa:

a) Proiektuaren izaera: gehienez ere 40 puntu. Kontuan hartuko dira garatu beharreko ekintzaren kalitatea eta bideragarritasuna, eta programatutako jardueraren oinarriak, helburuak eta metodologia bat etorri eta koherenteak izatea, eta proposatutako helburuak betetzen direla bermatzeko baliabideen eskuragarritasuna.

b) Programatutako ekintzaren interesa: gehienez ere 40 puntu. Aintzat hartuko da zein herrigunerentzat den (zenbatespen kuantitatiboa, kualitatiboa) eta haren eragina udalerrian.

c) Sustapen ekintzaren berezitasuna: gehienez ere 20 puntu.

Sustapen ekintzak kontuan hartuak izateko, gutxienez ere 55 puntu lortu beharko dituzte.

11. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntzaren zenbatekoa aurrekontuko diru-izendapenaren araberakoa izanen da, eta baremo eta aplikazio irizpide hauei jarraituko die:

a) Zenbatekoak ezin izanen du gainditu diru-laguntzaren xede den jardueraren aurrekontuaren 80%.

b) Mailarik txikienean, hamargarren oinarriari jarraikiz 55 punturekin baloratutako ekintza edo jarduerek diru-laguntzaren xede den jardueraren aurrekontuaren %35eko diru-laguntza jasoko dute.

c) 55 puntutik gorako ekintzei dagokienez, balorazio batzordeak ekintza zehatz bati ematen dion puntu bakoitzeko (gehienez ere 45 puntu), aurreko atalean ezarritako mailarik txikienari %1 gehituko zaio.

Emandako diru-laguntzaren zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publikoen laguntzekin batuta, egin beharreko sustapen ekintzaren kostua.

12. Ebazpena.

Aurkezten diren eskaerak baloratu eta gero, batzordeak Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunari proposamena eginen dio, foru agindu bidezko ebazpena eman dezan, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere hilabetean.

Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Edonola ere, interesdunei eskaeren ebazpena jakinaraziko zaie, deialdiaren emaitza Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuz.

13. Gastuen justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntza ordaintzeari dagokionez, diruz lagundutako ekintza edo jarduerarako gastua gastu justifikatutzat jotzeko beharrezkoa izanen da 2010eko urtarrilaren 1etik abenduaren 15era bitarte, biak barne, egitea eta ordaintzea.

Diru-laguntza jasotzeko, onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dizkiote instrukzio organoari, azkeneko eguna 2010eko abenduaren 15a izanik:

a) Diru-laguntzaren bidez finantzatutako ekintzen edo jardueren azalpen txosten laburra.

b) Diru-laguntzaren xede den proiekturako lortutako bestelako laguntzak eta diru-sarreren adierazpena. Horrelakoetan, zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueran funts horiek nola erabili diren justifikatu beharko da.

c) Gastua justifikatzeko kontua. Kontua I. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da, eta honako datu hauek agertuko ditu: egindako gastuak eta, horietako bakoitzerako, hartzekoduna, zenbateko osoa eta ordainketaren data.

d) Aurreko kontuarekin batera, horrekin lotutako gastuak justifikatzen dituzten fakturak edo bestelako frogagiriak, jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak, aurkeztuko dira, bai eta ordainketa egin dela frogatzen duten agiriak ere. Udalek, frogagiri horren ordez, kontu-hartzailearen ziurtagiri bat aurkezten ahalko dute ordainketa egin dela frogatzeko.

Laguntzak frogagiriak onartu ondoren ordainduko dira, horiek aurkeztu eta 30 eguneko epean.

14. Diru-laguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo pertsona partikularrenak. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Halakoetan, deialdiko laguntza murriztu eginen da.

15. Onuradunen betebeharrak.

a) Diru-laguntza ematearen oinarrian dauden jarduerak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

b) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiari.

c) Zenbatekoa osorik edo zati batean itzultzea baldin eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuak gertatzen badira, horietan ezartzen diren baldintzetan.

d) Jasotako laguntza aipatzea, diruz lagundutako ekintza zabaltzeko euskarrietan "Laguntzailea:" hitza eta horren ondoan Nafarroako Gobernuaren logotipoa jarriz. Aipamen hori Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiaren oharrei jarraikiz eginen da.

e) Organo emaileak egiten ahal dituen egiaztapenak onartzea.

f) Entitatearen ezaugarriak direla-eta eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko baldintzak betetzea.

g) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

h) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

Diru-laguntza jaso dezakeen kostua 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipamenduko ondasunen horniduraren kasuan edo aholkularitza eta laguntza enpresen zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela. Kontratazioak irizpide horiek betetzen dituela onartuko da baldin eta Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean zenbateko eta kalifikazio bereko kontratuetarako eskatzen diren publizitate irizpideak betetzen baditu kontratisten hautapen prozedurak.

Onuradunak diru-laguntzaren xede den gastuaren %100 erabiltzen ahalko du azpikontratazioetarako.

16. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

17. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa eta aplikatu beharreko gainerako arauak aplikatuko dira.

18. Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Halaber, aldez aurretik, Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epean.

I. ERANSKINA

Gastua justifikatzeko kontua

Diruz lagundutako ekintza:

DOKUMENTU

ZK.

HARTZEKODUNA

ZENBATEKOA

ORDAINKETA

DATA

1

2

3

4

5

6

...

Kostua, guztira

Iragarkiaren kodea: F1000712