128. ALDIZKARIA - 2010eko urriaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FALTZES

Faltzesko Pedro Iturralde gizarte etxeko erregelamendu orokorra. Behin betiko onespena

Faltzesko Udalak, 2010eko irailaren 30ean egin bilkuran, behin betiko onetsi zuen Faltzesko Pedro Iturralde gizarte etxeko erregelamendu orokorra. Hona hemen haren xedapen zatia:

1. Tere Martínez Cirizak herriko kultur taldeen izenean aurkeztutako erreklamazioa ebaztea erabaki honen xedapen zatian adierazi bezala, eta hura zati batean baietsita, behin betiko testutik kentzea 24. artikuluaren bigarren paragrafoa ("Irabazi asmoko ekitaldia"); orobat, behin betiko onestea Faltzesko Pedro Iturralde gizarte etxeko erregelamendu orokorraren proiektua.

2. Erabaki hau igortzea Faltzesko zenbait kultur elkarteren izenean aritu den Tere Martínez Ciriza erreklamaziogileari, eta haren testu osoa argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatua bete beharrez, behar diren ondorioak izan ditzan.

ATARIKO TITULUA

Pedro Iturralde gizarte etxea

Pedro Iturralde gizarte etxea Faltzesko Cruz plazako 2an dagoen udal ekipamendua da (Ramón y Cajal kaleko sarrera); irekitzeko lizentzia dauka, Faltzesko Alkatetzak 2008ko ekainaren 9an eman 40/2008 Ebazpenaren bidez emana, eta haren xedea da gizarte, kultura eta hezkuntza ekimena betetzea, hura zentzu zabalenean ulertuta, herritarrak lehen eskariak egiten dituen tokian.

Toki irekitzat jotzen da, herritar guztien informaziorako, heziketarako eta aisiarako sortua. Programa eta zerbitzu zenbaiten bitartez, dinamika bat piztu gogo da, sustatuko dituena erabiltzaileen arteko komunikazioa eta haien parte hartze bizia, baita aisialdiko ohitura osasungarriak ere.

Pedro Iturralde gizarte etxea Faltzesko Udalari atxiki zaio, Kultura Zinegotzigoari hain zuzen ere.

Pedro Iturralde gizarte etxearen ezaugarriek ondotik aipatuko diren xedeekin bat eginen dute. Beraz, araudi hau ondoko printzipioetan oinarritu beharko da:

-Kultur, hezkuntza, gizarte eta kirol arloko programa eta zerbitzuak bulkatzea, pertsonaren eskari eta beharrei erantzuna emanen dietenak eta haren garapen osoa helburu izanen dutenak.

-Udaleko gizarte politikaren xede guztiak bere baitan hartzeko unitate arauemailetako balio izatea.

-Herritarren ekimen eta jarduerak bideratzeko tresna egokia izatea, pertsona eta taldeen parte hartze bizia sustatuz, gizarte, kultur, hezkuntza nahiz kirol arloan Faltzesen gertatzen diren prozesuetan.

-Pedro Iturralde gizarte etxeak ez du irabazteko asmorik, baina, zerbitzu publikoa denez, autofinantzatzera jo beharko du.

Orobat, Pedro Iturralde gizarte etxearen egitekoa izanen da kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea, Udalaren premia, eskari eta interesei erantzunez heziketa, kultur, aisialdi, josteta, gizarte eta sozioekonomia arloko jarduketak bulkatzean.

ZERBITZU OROKORREN ERREGELAMENDUA

LEHEN TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da Pedro Iturralde gizarte etxeko instalazioak eta gainerako zerbitzuak erabiltzeko eskubideak, betebeharrak eta baldintzak arautzea.

2. artikulua. Aldaketak.

Udalak beretako gordeko du erregelamendu honetan ezartzen dena argitu, aldatu edo garatu beharrez xedapenak edo ebazpenak emateko eskubidea, instalazio eta zerbitzuak zuzen erabil daitezen, deusetan ukatu gabe haien zerbitzuko langileen ohar eta jarraibideak.

Erregelamendu hau, prezio publikoak eta zerbitzu guztiak erabiltzeko arau berariazkoak eskura izanen ditu jendeak, Pedro Iturralde gizarte etxeko argibide eta kontrol zerbitzuetan eta Herriko Etxean izan ere.

BIGARREN TITULUA

Kudeaketarako araubidea

3. artikulua. Ekipamenduak, programak edo jarduketak kudeatzeko araubidea ezartzeko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean araututako bideetako edozein erabiltzen ahalko da.

4. artikulua. Kudeaketaren modua eta garapena erabakitzeko ekimena Udalari dagokio, eta hark, betiere, eginkizun horretarako jendearen parte hartzea aurreikusi beharko du, erabakitzen diren bideen bitartez gauzatuko dena.

HIRUGARREN TITULUA

Funtzionamenduaren baldintza orokorrak

5. artikulua. Pedro Iturralde gizarte etxeko toki, baliabide eta zerbitzuen erabilera, besterik ez bada doaneko, libre eta irekia izanen da pertsona, entitate, talde eta irabazi asmorik gabeko elkarteentzat, salbu eta erregelamendu honen 24. artikuluan xedatua.

6. artikulua. Pertsona eta entitate erabiltzaile guztiek eskubide berak dituzte toki, baliabide eta zerbitzuak erabili eta baliatzeari dagokionez, unean uneko aukeren neurrian, betiere materialak eta instalazioak zaintzeko eta zuzen erabiltzeko oinarrizko arauak betetzen badituzte.

Hala ere, Udalak arau bereziak ezartzen ahalko ditu halako talde batzuek zerbitzuak erabili eta baliatzeko, betiere behar bezala arrazoiturik eta elkarte guztien jarduketen egutegiak ezarriz.

7. artikulua. Pertsona eta entitate erabiltzaile guztiek betebehar berdinak dituzte tokiak, baliabideak eta zerbitzuak erabiltzeko, arau honetako eta barne araubideko erregelamenduetako artikuluen arabera.

8. artikulua. Pedro Iturralde gizarte etxean funtzionatzeko baldintza orokor hauek beteko dira:

1.-Toki, baliabide eta zerbitzuak hainbat pertsona, talde edo elkarteren artean banatzeko dira. Beraz, norbanako, talde edo elkarte erabiltzaile batek ezin du toki, baliabide edo zerbitzurik hartu berak bakarrik erabiltzeko edo bere jabetzakoa balitz bezala. Udalak aitzinetik onesten badu, lehentasuna izaten ahal dute erabiltzaile batzuek, baina ez esklusibotasunik.

2.-Erabilera eta balio anitzekoak izateko sortu dira toki, zerbitzu eta baliabideak, eta pertsona eta entitate guztien eskura daude, Udalak aitzinetik baimenduz gero.

3.-Toki, baliabide eta zerbitzuen erabileran kontuan hartuko dira Gizarte Etxearen eginkizunak, egindako eskaera eta bertan dagoen ekipamendua.

4.-Ez da tokirik, zerbitzurik edo baliabiderik lagako irabazteko asmoko jarduketa eta entitateendako, aitzinetik arautu eta onetsi ez badira. Irabazteko asmoa duten entitateek sinatutako eskaeren kasuan, Udalari dagokio kontzesioa ematea, aitzinetik Kultura zinegotziak txostena emanda.

5.-Entitate, talde, elkarte edo pertsona erabiltzaile guztiek Udalak zerbitzuetarako onesten dituen ordu eta egunen arabera egokituko dituzte beren jarduerak, eta zehazten diren baldintzekin.

9. artikulua. Instalazioek legezko xedapenak beteko dituzte hirigintza, segurtasun, osasun eta higiene aldetik, bertako zerbitzu eta jarduerekin bat.

10. artikulua. Udalak izanen du higiezina mantentzeko ardura, eta bidea emanen die zerbitzu, programa edo emanaldien kudeaketari. Hori dena, batere ukatu gabe sinatzen diren kudeaketa kontratuen ondorioz etortzen diren betebehar eta eskubideak.

11. artikulua. Behar diren neurriak hartuko dira, herritarren ekimenetik sortutako jarduerak sustatzeko eta horien eta udal proposamenen arteko koordinaziorako.

LAUGARREN TITULUA

Erabiltzaileak

12. artikulua. Erabiltzaile berariazkoak.

Halakotzat hartuko dira elkarte bateko kide direla behar bezala egiaztatzen dutenak, baldin eta delako elkartea elkarteen udal erregistroan inskribaturik badago eta entitate hauentzat indarra duen araudia betetzen badu eta Udalak onartu badu, horretarako eskaera aurkeztuz gero, Gizarte Etxeko erabiltzaile berariazko gisa.

Urtero egiaztatuko da baldintza hori.

13. artikulua. Norbanako erabiltzaileak.

Halakotzat hartuko dira, erabiltzaile berariazko edo kolektibo izan gabe, Pedro Iturralde gizarte etxeko lokalak, instalazioak, programak eta jarduerak erabiltzen dituzten gainerako pertsona guztiak.

Erregelamendu honetan ezarritakoa ez ezik, programa eta jarduera bakoitzeko barne funtzionamendu egokirako erabakitzen dena bete beharko dute.

14. artikulua. Erabiltzaile kolektiboak.

Pedro Iturralde gizarte etxeko erabiltzaile kolektibotzat hartuko dira ikastetxe guztiak, elkarteak, erabiltzaile berariazkotzat hartzen ez direnak, klubak eta taldeak, betiere aurkezten badute behar den eskaera, zeinari buruzko aldeko txostena eginen baitu aitzinetik Udaleko Kultura zinegotziak.

BORZGARREN TITULUA

Toki eta baliabideak lagatzea

15. artikulua. Toki eta baliabideak lagatzeko arauak ezarri badira, pertsona, talde eta elkarte erabiltzaileei beren jardunerako beharrezkoak dituzten tokiak eta baliabide oinarrizkoak eskaintzeagatik egin da.

16. artikulua. Antolamendu honek kontuan hartu beharko du Pedro Iturralde gizarte etxearen funtzionamendurako gutxieneko araudi hau:

1.-Ekitaldi aretoaren erabilpena lagatzeko, eskaera orriak aurkeztu beharko dira. Hartan Udalak eskatzaileen jarduerak eta ordutegiak koordinatzeko moduko datuak jasoko dira. Lagapena ez da irmotzat joko organo eskudunak eskatzaileari kontzesioa jakinarazi arte.

Urtero erabakitzen ahalko da lokal horren doaneko lagapena eta Udalak desegiten ahalko du, horretarako arrazoiak badaude. Lokal hori beste elkarte batzuekin partekatzen ahalko da.

2.-Pertsona, talde edo elkarte guztiek eskatzen ahalko dute aretoa; bazterturik geldituko dira, besterik gabe, epaile baten ebazpenez legez kanpo deklaratutako elkarteak.

3.-Egin litezkeen ikastaroetan materialak aretoetan uzteko eskubidea mugatua dago, eskura zer toki dagoen, materiala nolakoa den, eta zein den egin beharreko jarduera, horren guztiaren baldintzapean, izan ere ez da utzi behar higiezina biltegi bilakatzera. Nolanahi dela, material horiek prekarioan utziko dira, ez Udalak ezta kudeaketa taldeak ere ez baitute erantzukizunik izanen galdu, lapurtu, ebatsi, gaizki erabili edo hondatzen badira.

17. artikulua. Ekipamendua erabiltzeko eskubidea galduko da kasu hauetan:

1.-Instalazioak, altzariak eta baliabideak hondatu edo behar ez bezala erabiltzea. Hala gertatuz gero, espedientea irekiko da eta kalte eta galeren erantzukizuna hartu beharko da.

2.-Higiezina kudeatzen duten pertsonekin eta gainerako entitate eta pertsona erabiltzaileekin manera desegoki, txar edo erasokorrean jokatzea.

3.-Motzegi nahiz luzeegi, tokiak nahiz baliabideak erabiltzeko ordutegia ez betetzea , ezta eskaintzen diren jarduera eta programena ere.

4.-Arau edo barne araubide honen artikuluetako edozein urratzea.

SEIGARREN TITULUA

Erreklamazioak

18. artikulua. Erantzukizun zibileko asegurua.

Faltzesko Udalak erantzukizun zibileko asegurua du, eta haren barnean Pedro Iturralde gizarte etxea, bere instalazioek huts egiteagatik gerta daitezkeen istripuei erantzuteko. Horretaz gain, Pedro Iturralde gizarte etxean egiten diren jardueren sustatzaileek behar den asegurua sinatu beharko dute jarduera jakin bakoitzerako.

19. artikulua. Erreklamazio orriak eta gauza galduak.

Pedro Iturralde gizarte etxearen erabiltzaileen eskubideak bermatzeko, erreklamazio orriak eskura izanen dituzte hantxe berean. Erabiltzaile guztiek erabiltzen ahalko dituzte orri horiek, zerbitzuen funtzionamendu okerraz ohartuz gero; NANa, izen-deiturak, helbidea eta telefonoa jasoko ditu orriak.

Erreklamazioa egiten duen erabiltzaileak kopia bat gordeko du beretzat eta erantzuna jasoko du. Hori idatziz egiten ahalko da, Herriko Etxean, horretarako eskuratuko den inprimakian.

Galtzen diren gauzak Gizarte Etxean berean bilduko dira eta txartelen bidez emanen da haien berri.

Udalak ez du erantzukizunik izanen erabiltzaileen zeren bati kalte egiten bazaio edo ebasten badute Pedro Iturralde gizarte etxean.

ZAZPIGARREN TITULUA

Betebeharrak

20. artikulua. Betebeharrak betetzea.

Erabiltzaile guztiek bete beharko dituzte eginbehar hauek:

-Instalazio, zerbitzu eta ekipamenduak ongi tratatu eta egoki erabiltzea. Okerreko erabilerak eragindako kaltea egilearen kontura izanen da. Egintzaren erantzulea nor den jakin ezean, Gizarte Etxean egun horretan izan diren guztiak eginen dira erantzule.

-Okerreko funtzionamendua, hausturak, akatsak edo erregelamendu honetan xedatutakoa betetzen ez dela Udalari jakinaraztea.

-Gainerako abonatu edo erabiltzaileei behar den errespetua gordetzea, bizikidetasun egokirako behar den jokabidea erabiliz.

-Erabiltzaile mota guztien eskubideak errespetatzea: erabiltzaile berariazkoak, kolektiboak eta norbanakoak.

-Ezarritako prezioak garaiz eta zehaztu den bezala ordaintzea.

ZORTZIGARREN TITULUA

Zehapenen araubidea

21. artikulua. Betebeharrak ez betetzea.

Erregelamendu honetako arauak ez betetzea arau-haustea da eta zehapena merezi du. Udalari gertakarien berri emanen zaio, behar den zehapen espedientea ireki dezan H.A.A.J.ari eta A.P.E.ari buruzko 30/92 Legearen arabera. Organo eskudunak edo dagokionak zehapenak ezarrita emanen bide zaio bukaera espedienteari. Aurrekarien gaineko txostena egiten ahalko du eta gizarte arloko ekintzak koordinatu.

Faltzesko Udaleko alkate udalburua izanen da zehatzeko organo eskuduna.

Badaezpadako neurriak: alkateak behar den jokabidea ez duten pertsonei ohartarazteko ahalmena du, bai eta, are gehiago, instalazioetatik egoztekoa ere, badaezpadako neurri gisa, gertakariari buruzko txostenaren gaineko ebazpena ematen den arte.

Hutsegite horiengatik honako zehapen hauek ezarriko dira:

-Hutsegite arina. Ohartarazpena.

-Hutsegite larria. Erabiltzaile izateko eskubidea denbora baterako kentzea.

-Hutsegite oso larria. Erabiltzaile izateko eskubidea behin betikoz kentzea.

Hori dena, batere ukatu gabe izandako kalte eta galerak erreklamatzeko aukera.

-Hutsegite arina izanen da estatutu hauen 20. artikulura bildutako eginbeharretako edozein ez betetzea.

-Hutsegite larria izanen da bi hutsegite arin edo gehiago egitea.

-Hutsegite oso larria izanen da bi hutsegite larri edo gehiago egitea.

BEDERATZIGARREN TITULUA

Instalazioetan sartzeko eta haiek erabiltzeko arauak

22. artikulua. Arau orokorrak.

Aretoa Udalaren baimen espresua dutenek erabiltzekoa da, baita programazio eta ordutegi jakin baten barnean antolatzen diren jarduera eta ikastaroetan parte hartzen dutenek ere.

Aretoaren erabilera laga ahal izateko, kontuan hartu beharko da Faltzesko Udalak antolatu edo baimendutako ekitaldirik ba ote dagoen, eta ezin izanen da erreklamaziorik aurkeztu, gisa horretako ekitaldiren bat dela medio lagapenerako lehendik baimendutako ordutegia bertan behera utzi edo aldatu behar bada. Dena dela, ahal izanez gero, erabaki hori berrogeita zortzi ordu lehenago bederen jakinaraziko da.

Halaber, kontzesioa deuseztatzen ahalko da, premia izanez gero, instalazioa gaizki erabili bada edo, bestela, egindako jarduerek lagapenaren jatorrizko arrazoien aurka jotzen badute.

Halaber, Udalak badu aukera instalazioak erabiltzaileendako eta jende ororendako erabat edo partez ixteko, ustekabean erabilera arriskutsu gertatuz gero.

Toki bat laga edo erreserbatzen denean, programatutako ikastaro edo jardueretan, tokia manera egokian erabiltzeaz arduratuko den pertsona bat behar da, eta haren izena eskaeran agertu beharko da.

Nolako jarduera egin gogo den edo zer toki behar den, guraso edo tutoreen baimena erantsi beharko da, eskatzaileak adin txikikoak badira. Halakoetan behartzen ahalko da adin nagusiko arduradun bat izatera.

Instalazioetan, utzikeriagatik edo gaizki erabiltzeagatik, zerbait hondatzen bada, erreserba egin duten erabiltzaile berariazkoek, norbanakoek edo kolektiboek erantzun beharko dute. Hirugarrenei (kirol taldeak, klubak edo elkarte edo taldeak) zuzendutako jardueretarako erreserbak egiten dituzten federazio edo taldez goitiko entitateen kasuan, jardueretan parte hartzen duten kolektiboek zerbait hondatzen badute, berek erantzun beharko dute subsidiarioki.

Onuradunek beren baliabide teknikoak (pertsonalak eta materialak) eduki beharko dituzte beren jardueretarako, kasu jakinetarako bertzelako zehaztapenik eman ezean.

Kasu bakoitzeko lagapenean bete beharko dira Faltzesko Udalak ezartzen dituen baldintzak.

Pedro Iturralde gizarte etxean egiten diren jarduera guztietan material egokiak erabili beharko dira. Material horiek edo jarduerak ezin izanen dute ondasun higigarri edo higiezinen egoera aldatu. Horretaz gain, kontuan hartu beharko dira edozein instalazio eta/edo material erabiltzeari buruzko arau berariazkoak.

Jardueren arduradunek aurreko araua errespetatu eta errespetarazi beharko dute.

Biltegiratzeko aukera egoteagatik edo jarduketak hartara behartzen duelako erabiltzaileek materiala instalazioan utzi behar duten guztietan, armairuetan, tiraderetan edo horretarako ezarritako lekuetan bildurik egon beharko dute. Gizarte Etxeak ez du bere gain erantzukizunik hartuko hondatzen bada, galtzen bada edo ebasten badute.

Arau orokor gisa, zerbitzuak, bertzelako agindu espresurik ez bada, instalazioa ixteko ordua baino ordu erdi bat lehenago itxi edo amaituko dira.

Instalazioetan ez da zilegi:

-Kartel edo eskuorriak paratzea Udalaren baimenik gabe.

-Publizitatea paratzea baimena eta/edo kasuan kasuko araua bete gabe. (Kasu guztietan, debeku da edari alkoholdunak eta/edo tabakoa kontsumitzera bultza dezakeen publizitatea).

-Instalazioetan edari alkoholdunak edo bestelako drogak saltzea edo kontsumitzea erabat debekaturik dago, bai eta erretzea edo edozein janari edo gozoki jatea ere.

-Udal arduradunak ez direnek zentroko aparatuak eta instalazioak kontrolatzea eta erabiltzea, non ez daukaten haien berariazko baimena.

-Oro har, debekaturik dago animaliak instalazio guztietan sartzea, zakur gidariendako araudian ezarritakoa izan ezik.

HAMARGARREN TITULUA

Kurtsoak, tailerrak, antzerkiak eta gizarte,
kultura eta sustapen jarduerak

23. artikulua. Jarduera publikoen programazioa ohiko hedabide eta euskarrien bitartez emanen da aditzera, baina bereziki Gizarte Etxean berean kokatutakoak baliatuz.

24. artikulua. Ondotik ematen diren kuotak eskatuko dira herriko taldeen jardueretan, ezartzen diren espezialitate eta helburuen arabera, ondoko baldintzarekin:

Erabiltzaileei sarrera ordaintzeko eskatzea gizarte eta kultur jardueretan sartu edo parte hartzeagatik:

Kuotak: entseguak:

-Laneguna: 8 euro/ordua.

-Jaieguna edo jaiegunaren bezpera: 10 euro/ordua.

Ikuskizunak: 50 euro/saioa.

Erakusketak muntatzea edo desmuntatzea: entseguaren ordu baten parekoa.

Faltzesko Udalak egokia iritziz gero, berme bat dirutan ordaintzeko eskatzen ahal da, jardueraren arabera; jarduera bukatu ondoren sustatzaileari itzuliko zaio, baldin eta lokalean edo altzarietan kalterik ez badago.

HAMAIKAGARREN TITULUA

Ordenantzaren indarraldia eta aplikazio esparrua

25. artikulua. Faltzesko Udalak beretako gordeko du artikulu hauek interpretatzeko eta bertan aurreikusten den egoerak arautzeko ahalmena.

HAMABIGARREN TITULUA

Azken xedapenak

26. artikulua. Ebazpenak.

Erregelamendu orokor honetan, zerbitzu ezberdinei dagozkien arau erantsietan edo Pedro Iturralde gizarte etxean eragina duten administrazioaren xedapen orokor guztietan aipatzen ez diren kasuak, hasteko eta behin Gizarte Etxearen arduradunak ebatziko ditu bertako eskaletako edozeinetan, eta gero Udalari igortzen ahalko zaizkio, kasu bakoitzean eskumena duen organoak ebatz dezan.

PEDRO ITURRALDE GIZARTE ETXEKO GELAK ESKATZEKO FITXA

ESKATZAILEA

DATA

Izena

Deiturak

Harremanetarako tel.

Honako hau ordezkatuz

ESKATZEN DUT

JARDUERAREN DESKRIBAPENA

JARDUERAREN EGUNA:

HASTEKO ORDUA:

BUKATZEKO ORDUA:

BEHARRAK

ENTSEGUAK

Eguna:

Hasteko ordua:

Bukatzeko ordua:

MUNTAKETAK

Eguna:

Hasteko ordua:

Bukatzeko ordua:

DESMUNTAKETAK

Eguna:

Hasteko ordua:

Bukatzeko ordua:

TEKNIKARIAK:

Pedro Iturralde gizarte etxea erabili eta kudeatzeko erregelamendua onartzen dut

BAI

EZ

UDAL EBAZPENA: ALDEKOA:

BAI

EZ

Eguna:

ALKATE UDALBURUA,

Faltzesen, 2010eko urriaren 1ean.-Alkatea, José Carlos García García.

Iragarkiaren kodea: L1016279